Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2017ko irailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4535

AGINDUA, 2017ko irailaren 8koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación Bizitzen / Bizitzen Fundazioaren estatutuetako 3. artikuluan (fundazioaren helburuak) egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko martxoaren 17an, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan, Fundación Bizitzen/Bizitzen Fundazioaren estatutuetako 3. artikuluan egindako aldaketaren eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua sartu zen. Eskritura hori fundazioak egiletsi zuen 2017ko martxoaren 17an, Bilboko notario Carlos Ramos Villanuevaren aurrean (protokolo-zenbakia: 889).

Eskritura publiko horretan sartu zen Zaloa Arnedo Urutxurtu andreak –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2017ko otsailaren 23an Durangon emandako ziurtagiria, 2016ko abenduaren 15ean Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 3. artikulua aldatzea (fundazioaren helburuak).

Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak, 2017ko irailaren 6ko Ebazpenaren bidez, onartu egin du fundazioaren estatutuen aldaketa hori, eta espedientearen ebazpen-proposamena egin du, honako hauek kontuan hartuta:

Ikusirik aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Bizitzen/Bizitzen Fundazioaren estatutuetako 3. artikuluan (fundazioaren helburuak) egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, fundazioaren patronatuak 2015eko abenduaren 15ean erabakitakoa, agindu honen data duela, fundazioak 2017ko martxoaren 3an Bilboko notario Carlos Ramos Villanuevaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 889).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Estatutuen 3. artikulua (helburuak eta jarduera) aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«3. artikulua.– Fundazioaren helburuak.

Fundación Bizitzen/Bizitzen Fundazioak helburu hauek izango ditu:

– Hurbileko komunitate-zerbitzuen arloko ekintzak burutzea, pertsonen enplegua sustatzeko, gizarteratze- eta laneratze-egoera zailean dauden emakumeena lehentasunez, eta zerbitzu horien erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea.

– Gizarteratze-enpresen sorrera sustatzea, gizarte-ekonomiakoak edo solidarioak nagusiki, zeinetan pertsonek parte hartzen baitute, baztertze-egoeran dauden emakumeek lehentasunez.

– Lan-praktikak eta pertsona nagusientzako, mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako eta haien senideentzako zerbitzuen kalitatea hobetzera daramaten ikerketak sustatzea.

– Merkatu-azterketak egitea, lehenengo puntuan aipatutako pertsonen gizarteratzea edo laneratzea xede duten enpresak sortzea ahalbidetzen duten erakunde publikoentzat eta/edo pribatuentzat.

– Hurbileko komunitate-zerbitzuekin eta zahartzaroarekin lotutako etengabeko eta lan-munduko prestakuntza ematea.

– Herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak eta informazio-kanpainak sustatzea, emakumeen eta hurbileko komunitate-zerbitzuen ekarpen historikoaren eta egungoaren balioa eta kalitatea azpimarratzeko eta sozialki zabaltzeko, baita pertsona helduen –emakume helduak bereziki– diskriminazioaren inguruan sentsibilizatzeko kanpainak ere.

– Pertsona helduekin, mendetasun-egoeran dauden pertsonekin eta haien senideekin laneko praktika berritzaileak egitea sustatzea.

– Emakume helduak, zaintzaileak eta/edo baztertze-arriskuan daudenak sustatzera eta ahalduntzera eta izate- eta eskubide-betetasuna eragozten duten oztopoak kentzera bideratutako ekintzak burutzea, horrela, komunitate inklusiboagoak eta kohesionatuagoak sortzen lagunduz.

– Zaintzaren eta erantzukidetasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak sustatzea, sexuen arteko berdintasuna errazteko baldintzak sortzeko, ekonomia- eta gizarte-garapenaren arloan emakumeek gure komunitateetan egiten duten ekarpena azpimarratuz.»

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 8a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala