Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2017ko irailaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4392

AGINDUA, 2017ko irailaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioaren likidazioa onartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena eta lehengo erregistro-orria ezeztatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko abenduaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan sartu zen «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioa likidatzeko eskritura publikoaren kopia baimendua, 2016ko urriaren 19an egiletsia Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko kide Ramón Múgica Alcorta jaunaren aurrean (Protokolo-zenbakia: 1609). 1609).

Bigarrena.– Eskritura publikoarekin batera dator honako hau ere: fundazio horren patronatuko idazkari likidatzaile José María Villate Blancok, 2016ko martxoaren 15ean emandako ziurtagiria, Alejandro Bengoa Gorosabel presidentearen oniritzia duena, zeina egun horretan bertan patronatuak egindako batzarraren aktari buruzkoa baita; batzar horretan honako erabakiak hartu ziren, aho batez:

1.– Aztertzea eta onartzea fundazioa azkentzeko eta likidatzeko urteko kontuak, 2016ko martxoaren 15ean itxitako ekitaldiari dagozkionak. Horrekin batera dago Gutierrez Bureau D`Auditeurs SLk egindako auditoria.

2.– Onartzea fundazioa azkentzea eta likidatzea, bai eta fundazioaren likidaziotik geratzen den likidoaren destinoa ere, patronatuaren kargu-uztearekin eta batzorde likidatzailearen izendapenarekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak berretsi zuen azkentze hori, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2016ko abuztuaren 31ko ebazpenarekin batera.

3.– Fundazioaren likidazio-balantzea onartzea, bai eta egindako likidazio-eragiketen txostena ere.

4.– Fundazioaren likidazio-eragiketak onartzea, onartutako likidazio-programa gauzatu ostean; behin Asociación Innobasque-Agencia Vasca de la Innovación-Berrikuntzaren Euskal Agentzia erakundeari zenbateko bat ordainduta; berarekin hitzarmen bat sinatu da 2016ko otsailaren 3an, hartutako funtsen destinorako oinarrizko printzipioak ezartzeko.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeko 42. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 31. eta 47. artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluan, eta fundazioaren estatutuetan.

Hirugarrena.– 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, iraungitzeko erabakiak edo, hala badagokio, hori erabakitzen duen ebazpen judizialak fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat emango ditu eta hasiera emango die likidazio-eragiketei.

Artikulu horretan bertan adierazten denez, fundazioko gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, Babeslaritzaren kontrolpean, betiere. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

100/2007 Dekretuaren 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar dituen fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.

Laugarrena.– Bete egin dira fundazioak likidatzeko ezarritako izapideak. Horrez gain, egiaztatu da ezarritako helbururako erabili direla fundazioaren ondasunak.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da aurkeztutako likidazioaren egiaztagiriak kontuan hartzea eta likidazio-prozesua bukatutzat jotzea, eta fundazioari dagozkion idazpenak deuseztatzea.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zamudioko (Bizkaia) «Fundación Centros Tecnológicos Iñaki Goenaga» fundazioaren likidazioa –bigarren aurrekarian zehaztu eskritura publikoan aurreikusitako zehaztapenekin bat datorrena– onartzea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea likidazio-erabakia; eta fundazioaren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala