Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2017ko irailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4297

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua, eta laguntza horien deialdia iragartzen.

Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu batzuetarako.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horiekin bat etorriz, udal liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.

Agindu hau, halaber, sailaren 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean.

Diru-laguntza programa honetan, aplikatzekoak dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arautzea, 2017ko ekitaldirako, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen gehieneko zenbateko globala 350.000 eurokoa izango da, eta laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango dira.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura honetan eskaerak, kontsultak eta izapideak egiteko.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/teknologia_berriak/eu

3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, tokiko erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.

Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badaude, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.

3.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

4.– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, oro har, eta, zehazki, 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren arabera eta Diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdia egin duen erakunde kudeatzaileari baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko betekizunak zuzenean egiaztatzeko. Halere, baimen hori berariaz uka daiteke. Kasu horretan, ogasun-agintaritzako eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantzia eskudunek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

5.– Ezingo dira onuradun izan EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe –borondatezko aldian ordaindu gabeak– dituzten erakundeak. Ondorio horietarako, onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak beteta dituztela ulertuko da zorrak geroratuta daudenean, zatikatuta daudenean edo etetea adostu denean dagokion itzultze-ebazpenaren inpugnazioa dela-eta.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta baldintzak egiaztatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Erakunde eskatzaileek egiaztatu behar dute ez dutela zehapen administratibo edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dienik, edo ez daukatela horretarako legezko debekurik.

– Sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik ez izatea, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondoriozko debekurik ere

– Erakunde eskatzaileek adierazi behar dute egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela.

2.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute, ziurtagiri bidez.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina adierazi beharko du noiz eta zer organori aurkeztu zion.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2017ko ekitaldian egiten diren jarduerak.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, 2017ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati bat diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2017. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu ahal bada.

3.– Zehazki, honako hauek eskuratzeko eta/edo instalatzeko emango dira laguntzak:

a) Hardware edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta bere osagaiak sartzen dira bertan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezkoa den beste edozein elementu material ere, dela ordenagailua modu autonomoan lanean diharduelarik, dela sarean diharduelarik (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar).

b) Software edo informatika sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.

c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.

4.– Honako hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota daudenak, diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua dutenak; bai erosketatik eratortzen direnak, bai errentamendutik edo laguntzeko moduko elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako edozein sistematik eratortzen direnak.

5.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Ikus-entzunezko edo bestelako ekipamenduak, beren ezaugarriak direla-eta 3. puntuko ezein ataletan sartzen ez badira.

b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.

c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.

d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten software eta gainerako elementuak.

e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.

6.– Betiere, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan. Eskatzaileek, halaber, dagokion administrazioaren erregistro elektronikoan nahiz 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako erregistro elektronikoetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta ziurtagiriak. Gainera, 39/2015 Legearen 66.4 artikuluaren arabera, interesdunek eskuragarri izango dute eskabide-eredu bat, egoitza elektronikoetan eta administrazio publikoen erregistro-arloko asistentzia-bulegoetan.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Memoria bat, erakunde eskatzaileko teknikariek sinatua, honako zehaztasun hauek jasoko dituena: diruz laguntzekoak izan eta 2017ko ekitaldian egindako edo egin beharreko jarduerak, erosketa edota instalazioarekin lortu nahi diren helburuak eta haien beharraren justifikazioa.

b) Egiaztatu beharko da, 2017ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai baldin badira jarduerak, batetik banakatu daitezkeela eta, bestetik, erabilera independentea dutela, eta zehaztu beharko da, halaber, jarduera horiek banaka duten kostua. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.

c) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.

5.– Baldin eta eskabidea egiten badute legez eratutako udal erakundeek edota udal liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal erakundeek, egiaztatu beharko dute, ziurtagiri bidez, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela. Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka dokumentazio hori, ez da agiri hori aurkeztu beharko.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

Halaber, erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak bitarteko elektronikoz egiteko eskatuko zaio, betiere 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraituz. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek egingo du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Han, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren erakundeen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua, laguntza ukatzea proposatzen den eskabideen zerrenda eta ezezkoaren arrazoia, eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan diru-laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.

2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo atalean finkatutako irizpideak eta aginduaren hurrengo atalean jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.

3.– Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

A) Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan.

Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezarriko dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie; zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

B) Formulak eta koefizienteak:

Koefizienteak

Biztanleria irizpidea.

a) Populazioa homologatzea (P). Biztanle-kopuruaren arabera sailkatu ditugu erakunde onuradunen herriak, eta populazioaren P balore homologatua lortzeko, eskala hau aplikatuko da:

Populazioa P

0tik 1.000ra 1.000

1.001etik 2.000ra 2.000

2.001etik 3.000ra 3.000

3.001etik 5.000ra 5.000

5.001etik 10.000ra 10.000

10.001etik 15.000ra 15.000

15.001etik 20.000ra 20.000

20.001etik 25.000ra 25.000

25.001etik 50.000ra 50.000

50.001etik 100.000ra 100.000

100.001etik 150.000ra 150.000

150.001etik 200.000ra 200.000

200.001etik 250.000ra 250.000

50.000naka jarraitzen du.

Adibideak: 3.248 biztanle dituen udalerri bat 5.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanle dituen beste bat 100.000 dituenarekin.

b) Biztanleria-irizpidea. Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).

Honela ezarriko da koefiziente zuzentzaile:

Biztanleria IZ

0tik 1.000ra 1,8

1.001etik 2.000ra 1,6

2.001etik 3.000ra 1,4

3.001etik 5.000ra 1,2

5.001etik 10.000ra 1

10.001etik 25.000ra 0,8

25.001etik 50.000ra 0,6

50.001etik 150.000ra 0,4

150.001etik 200.000ra 0,3

200.001etik 250.000ra 0,25

250.001etik aurrera 0,2

Formula

P: biztanle-tarteentzako homologatutako biztanle-kopurua.

IZ: indize zuzentzailea.

B: onuradunak jasotako puntuazioa.

BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.

DK: diru-baliabideak. 350.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.

DL: Onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta onuradun guztiek lortutako puntuazioen artean betetzen duen lekua hartuko dira kontuan.

Hauek dira eman beharreko pausuak:

1. P eta IZ baloreak esleituko zaizkio onuradun bakoitzari.

2. P eta IZ baloreak elkarrekin biderkatuko dira, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.

3. Ondoren, onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egingo da, BB balorea eskuratzeko.

4. Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egingo da: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenbizi, eta horko emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB

5. Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez du inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako muga.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak, mugak, ordainketa eta bateragarritasunak.

1.– Jasotako diru-laguntzak ez du gaindituko onartutako aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango erakunde onuradun bakoitzeko.

Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.

2.– Diru-laguntza ordainketa bakar batean emango da. Diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da. Epea hori amaitu ondoren egingo da ordainketa.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, deialdi honetan liburu-funtsak eskuratu eta berritzeko eskatutako diru-laguntzei buruzko ebazpenak ematea. Ebazpen horietan honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.

2.– Ebazpen horiek bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak jartzeko, ebazpena EHAAn argitaratutako eguna hartuko da erreferentziatzat.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

c) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako beste edozein betebehar.

15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

2018ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar da diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa.

Justifikazioak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, egoitza elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak

Laguntzak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baita informazio hau: egindako gastuak eta helburu berarako jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.

– Erantzukizunpeko adierazpena, alkateak izenpetua; han, adierazi beharko da eskuratutako ondasunen destinoa liburutegia dela eta ondasunok han daudela.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertuta, edo horretarako epea igarota, Kultura Ondarearen zuzendariak aginduko du diru-laguntza ordaintzeko, eta, minorazio bat egin behar den kasuetan, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

1.– Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

2.– Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

3.– Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.

4.– Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste edozein xedapenek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Diru Laguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta legezko interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, betiere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez (2015eko abenduaren 22ko EHAA) araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, salbu eta legeak gaitutako kasuetan.

Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta daitezen (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aurrez aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala