Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2017ko abuztuaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4138

AGINDUA, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira EAEko untxi-ustiategientzako 2017rako minimis araubideko laguntzak.

2016an, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez iragarri ziren esnetarako behi-azienden ustiategientzako eta untxi-ustiategientzako minimis araubideko laguntzak; laguntza horien helburua zen ustiategi horiei laguntzea eta azken aldi honetan ustiategiek dituzten zailtasunak arintzea.

Esnetarako behi-azienden sektoreari dagokionez, aurreikuspenak, egun, nahiko baikorrak dira, esnekien prezioen azken aldiko bilakaera ikusirik. Azken datuen arabera, esnekien handizkako prezioak gora ari dira. Horregatik guztiagatik, uste da ez dela justifikatua esnetarako behi-sektorea 2017ko gutxieneko laguntzetan sartzea.

Untxi-ustiategiei dagokienez, aldiz, azpimarratu behar da 2014tik errentagarritasun-krisi latza jasaten ari direla, eta, ondorioz, haien biziraupena arriskuan dagoela. Ekoizleen marjinak drastikoki jaitsi dira, edo haien jardueran galerak izaten ari dira zuzenean. Deskapitalizazio-egoera baten aurrean gaude: prezioak apalak dira, eta, zenbaitetan, ekoizpen-kostuen azpitik daude. 2016ko azken hileetan hobekuntza txiki bat nabaritu bazuten ere, 2017ko lehen hiru hileetan, aurretik zuten egoerara itzuli dira berriz.

Euskal Autonomia Erkidegoan egoera larria da, zeren prezioen beherakadari egiturazko arazoa gehitu behar zaio, ustiategien tamaina txikiak eragina; ondorioz, ez dira gai gutxieneko errentagarritasunera iristeko. Horregatik, beharrezko irizten zaio sektore honi laguntzeari.

Agindu honen xedea da untxi-ustiategiei laguntzea, azken aldi honetan ustiategi horiek dituzten zailtasunak arintzeko eta haiei errekuperatzen laguntzeko helburuarekin.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak nekazaritzako-sektoreari aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearen babespean ematen dira laguntza hauek.

Agindu hau egiteko, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta nekazaritza-arloko lanbideko eta sektoreko erakundeei. Horregatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2017rako laguntzen deialdia egitea, untxi-hazkuntzaren sektorean abeltzaintza-jarduerari eusteko, ustiategi horiei laguntzeko eta azken aldi honetan ustiategiek dituzten zailtasunak arintzeko helburuarekin.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak nekazaritzako-sektoreari aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearen babespean ematen dira laguntza hauek.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte, eskabidea egiten dutenean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan kokaturiko ustiategi baten titular izatea.

b) Ustiategia inskribatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean eta Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan, behar den sailkapenean.

c) Lanbidez Nekazariak izatea, abenduaren 23ko 7/2008 Legearen 4. artikuluan emandako definizioaren arabera.

d) Animalien trazabilitatearen, ongizatearen, higienearen eta osasunaren arloetako indarreko arautegia betetzea, eta ez izatea arlo horietako arau-hausteengatik bete gabeko zehapenik.

e) Egunean izatea Foru Ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Minimis araubideko laguntzetan 15.000 euro jaso gabea izatea, kontzeptua edozein dela ere, deialdi honen aurretiko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.

g) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutakoak barne hartuz; sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Aurreko atalean xedatutakoa betetzeaz gain, laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, eskatzaileek berariazko eskakizun hau ere bete beharko dute: untxi-hazkuntzara bideratutako ustiategi baten titular izatea, zeinak gutxienez 100 eme ugaltzaile baititu 2017ko urtarrilaren 1ean.

Hirugarrena.– Diru-laguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– 5 euroko laguntza emango da lehenengo 750 ugaltzaileentzako, ehungarren abelburutik aurrera.

Kobratzeko eskubidea eragiten duten abereak zehazteko, 2017ko urtarrilaren 1ean eskatzailearen ustiategian zenbat abere dagoen egiaztatuko da.

2.– Beste herri-administrazio batzuek helburu bererako emandako laguntzekin bateragarriak dira laguntza hauek. Hala ere, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 15.000 eurotik gorakoa hiru urteko epealdi baten; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen administrazio-organoa. Era berean, ez da diru-laguntzarik emango jaso beharreko zenbatekoa ez bada gutxienez 100 eurokoa.

Laugarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– 73.100 eurokoa da agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2017ko ekitaldian eman beharreko laguntzen zenbatekoa.

2.– Laguntzok emateko prozedura hainbanaketa izango da. Beraz, emateko laguntzen guztizko zenbatekoa laguntzotarako izendatu den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, gehieneko kopuru hori hainbanatu egingo da agindu honen arabera laguntzarako eskubidea dutenen artean, eta, ondorioz, dagozkion kopuru-murrizketak egingo dira.

Bosgarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio, eta, agindu honen eranskineko eredua erabilita, eskualdeko nekazaritza-bulegoetan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

a) Ustiategiaren titularraren edo titularkidearen NANaren kopia. Ustiategi asoziatiboa bada, erakundearen IFK. Datu hori automatikoki egiaztatu ahal izango du programa honen organo kudeatzaileak, baldin eta eskatzaileak hala baimentzen badu.

b) Nekazaritza-ustiategiaren txartel-zenbakia.

c) Gizarte Segurantzako afiliazio-araubidearen egiaztagiria.

d) Programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzen diren eta kasuko foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean dauden, eskatzaileak horretarako baimena emanez gero.

e) Abere-errolda edo -edukierak, agindu honen 2.2 artikuluan adierazten den egunean. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ditzakete datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

f) Eskabide-formularioan, eskabidea egiten duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bi sinatu beharko ditu.

1) erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere, minimis araubideko laguntzei buruzkoa.

2) erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izateari edo prozedura hori amaiturik izatea akreditatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea akreditatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ikusiz gero aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela, eskabidea egin duenari horren berri emango dio zuzendaritza horrek, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere ebazpena eman auretik.

4.– Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez dute aurkeztu beharko eskatzaileek, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.

Seigarrena.– Organo kudeatzailea, ebazpena eta ordainketa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.

2.– Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, eta behin eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bidez, eskatutako diru-laguntza onartu edo ukatuko du, hiru hileko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

3.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ukatutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Hiru hileko gehieneko epean ordainduko dira laguntzak, laguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera, edo aurreko artikuluaren 3. zenbakiarekin bat eskatutako agiriak aurkezten direnetik aurrera

5.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

6.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez, nekazaritza arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako diru-laguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adieraziz, publizitate modura balio izan dezan.

Zazpigarrena.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte obligazio hauek: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan xedatutakoak, eta, edonola ere, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea, diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak konplitzen direla, eta bai jarduera burutu dela ere.

b) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatuz gero agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei– men egin.

c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barrukoetan.

2.– Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek, agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko idatzizko zein ahozko harremanetan, euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

Zortzigarrena.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, aplika daitezkeen legezko interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen den azaroaren 1ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamargarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala