Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2017ko abuztuaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4103

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Agindu hau, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomia osatzen duten entitateen elkarteen funtzionamendua arautzeko behar den gastuaren zati bat ordaintzeko laguntzak emateko betekizunak eta prozedura ezartzen eta arautzen dituen erregelamenduzko araua da, eta lurralde horretako gizarte-ekonomia sustatzeko politika publikoaren ardatzetako bat mantentzea eta exekutatzea du helburu.

Izan ere, euskal gizarte-ekonomia sendo bat, etorkizunekoa eta etorkizuna izango duena, garatzeko politika publiko koherente, efektibo eta efizienteak diseinatzeko eta inplementatzeko, ezinbestekoa da elkarte-egiturei sostengua ematea, legez esleituta baitituzte era horretako sozietateen ordezkaritza instituzionala bermatzeko eta interesak defendatzeko zerbitzuak, eta, horretaz gain, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete kideei.

Elkarte-egituraren potentzialtasunak garantizatzen du, zuzenean edo zeharka, sorrera, mantentzea eta elkartekideen jarraipena, bai enpresen aldetik eta bai sozietateen aldetik.

Gizarte-ekonomiako enpresen kontzeptuan –5/2011 Legeak, Gizarte-ekonomiari buruzkoak, 5. artikuluan tipifikatuan lege beraren 4. artikuluan zehaztutako printzipioen arabera, interes kolektibo eta sozialak lortzeko xedearekin– sartzen diren sozietate-moten heterogeneotasunak eskatzen du Administrazio Publiko eskudunak sostengatzea familia bakoitza osatzen duten elkarte-egiturak; kontuan izanda egitura horiek ez daudela elkarrekin lehian laguntza publikoa lortzeko eta ez zaiela elkarren artean alderatu ondoren lehentasun-irizpiderik aplikatuko, baizik eta, ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza horiek lortu ahal izango dituztela, arauan ezarritako parametroak aplikatuta bakoitzari dagokion muntan.

Agindu honek irizpide horri eusten dio eta, ondorioz, era guztietako elkarteak sortzeko eta finkatzeko erraztasunak ematen ditu sektore ekonomiko desberdinetan edo jarduera-arlo espezifikoetan.

Edonola ere, laguntza honen erregulazioaren oinarri diren ildo nagusiak berberak izan dira bertsio guztietan; laguntzaren gaineko ardurakidetasun publiko-pribatua, alegia.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2017ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da agindu honen xedea. Entitate horiek berezko nortasun juridikoa izan behar dute, interes komunak ordezkatu eta babesteko elkartu behar dira, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrukoak izan behar dute. Honelako entitateek jaso dezakete laguntza:

a) Lan-sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibek eta elkarte konfederalek.

c) Ekonomia solidarioko elkarteek eta enplegu-zentro berezien elkarteek.

d) Langile autonomoen sektore arteko erakundeek, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenek.

Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 144. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

2.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 4/1993 Legearen 143.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba-mota bat baino gehiago eta beste sozietate-mota batzuk biltzen badituzte, diru-laguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako egitura-gastuak:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko entitate ordezkariei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Entitatearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzazioa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak entitate eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen plangintza baliozkotu eta onartuko du. Gastu horiek entitate bakoitzaren 2017ko ekitaldirako Kudeaketa Planean sartutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan jasoko dira, agindu honetako 1. eranskineko gastu-egiturari jarraikiz.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogei mila (680.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hogeita zazpi mila eta bostehun (527.500) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako, eta ehun eta berrogeita hamabi mila eta bostehun (152.500) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.

2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:

a) II. kapituluari dagokienez, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: berrehun eta laurogei mila (280.000) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta hirurogeita hamar mila (70.000) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokienez, ehun mila (100.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.

d) V. kapituluari dagokienez, laurogei mila (80.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogei mila (60.000) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta hogei mila (20.000) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.

3.– Aurreko paragrafoetan adierazitako zenbateko globalak handitu ahal izango dira, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta honako hauen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Lan eta Justizia Sailaren beste programak betetzetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren bestelako aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

4.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura hau izango da:

– Aurreko paragrafoan aipatutako kapituluetako bakoitzerako dauden baliabide ekonomikoak nahikoak badira baietsi beharreko ebazpenei erantzuteko, entitate eskatzaile guztiei onartuko zaie diru-laguntzarako eskubidea.

– Kapituluren batean, kapitulu horri dagozkion eskaera ebatzi ondoren, dauden baliabide ekonomikoetan soberakina badago, eta besteren batean edo batzuetan defizitik badago, soberakin horiek defizita duten kapituluak osatzeko erabiliko dira.

– Kapituluren batetik eratorritako soberakinak nahikoak ez badira defizita duten kapituluen beharrizan guztiak asetzeko, soberakin horiek proportzionalki banatuko zaizkie defizita duen kapitulu bakoitzeko kopuruei; eta, hala eta guztiz ere, laguntzen eskaerak estaliko ez badira, hainbanaketa bakarra eta independentea aplikatuko da kapitulu bakoitzaren barruan.

– II Kapituluan hainbanaketa egin beharko balitz, 16.3 artikuluan jasotako irizpideari jarraituko litzaioke, eta, ondorioz, kide gehien dituen erakundeari esleituko zaio kide gutxien dituenari eman behar zaion diru-kopuruaren bikoitza, 16.1 artikuluan ezarritako parametroen arabera.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskaerak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira:

– II. kap.: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/es2_2017/y22-izapide/eu

– III. kap.: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/es3_2017/y22-izapide/eu

– IV. kap.: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/es4_2017/y22-izapide/eu

– V. kap.: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/es5_2017/y22-izapide/eu

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1.– Diru-laguntzen eskaerak agindu honetako eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Inprimaki hori aurreko artikuluan zehaztutako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Erakunde onuradunek eskaera aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Eskaera aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Entitate onuradunek, eskaera-orrian jasota dagoen erantzukizunpeko aitorpen bidez, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Halaber, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.

– Erakunde eskatzaileak eguneratuta izan behar ditu diru-itzulketaren betebeharrak, baldin eta enpresari diru-laguntzen lehengoratze prozeduraren bat ezarri baldin bazaio

– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adieraztekoa.

Ondoren, Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak egiaztatuko du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa.

4.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

5.– Eskatzaileari diru-laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, diru-laguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke honako helbide hauetan:

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak oso-osorik bete behar dira, eta, eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2017. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2017ko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.

– Ordezkatutako bazkide langileen kopurua.

8. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste herri-administrazio edo entitate batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako diru-laguntzak pilatzen badira, eta diru-laguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo erakunde publikoek emandako diru-laguntzak.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Aipatutako ebazpena bakarra izango da Aginduak aurreikusten duen hainbanaketa egin behar izanez gero.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Erakunde onuradunei Agindu honek aurreikusten dituen diru-laguntzak emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak modu adierazian ebazteko obligaziorik ez duenik.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betekizun aplikagarriak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2017ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hiru hilabeteko epean.

b) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

c) Diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari, eta Lan eta Justizia Sailarekin lankidetzan jardutea konprobazio-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Beharrezko zabalkunde-neurriak hartzea, jardueren finantzaketaren izaera publikoa (agindu honen kargurakoa) argitara emateko. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasota dauden onuradunen gainerako betebeharrak ere bete beharko ditu. Justifikazio-memorian, zeina diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa eskatzeko nahitaezkoa baita, berariaz jaso beharko dira betebehar hau betetzeko hartu diren neurriak.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira: diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita 15 egun igarotakoan, % 75 ordainduko da, esanbidezko ukorik ematen ez bada. Gainontzeko % 25, berriz, entitate onuradunaren jardueren urteko memoria aurkezterakoan ordainduko da. Organo eskudunak onartu beharko du memoria hori, eta, memoriarekin batera, egindako egitura-gastuak egiaztatzen dituzten kontabilitate-agiriak aurkeztuko dira. II. kapituluko kopuruei dagokienez, lehen ordainketa % 80koa izango da, eta bigarrena % 20koa, beti ere beste kapituluei dagozkien baldintza beretan.

Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, onartzen denetik zenbatzen hasita, 2018ko urriaren 31 baino lehen betiere.

13. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada –betiere diru-laguntzaren xedea betetzat joz gero–, edo laguntza horiekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publikok emandako laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da agindu honetan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

14. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bategina.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokian EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretako epe bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik hara. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz premiamendu-bidetik ekin diezaion.

II. KAPITULUA
LAN SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Lan eta Justizia Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu; hau da, 50.000 euro emango ditu entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000 bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001 bazkide langiletik 10.000 bazkide langilera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001 bazkide langiletik aurrera, lau (4) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen enpresen kopurua:

1) Ordezkatutako lehenengo enpresatik 250 enpresara, laurogei (80) euro emango dira enpresa bakoitzeko.

2) Ordezkatutako 251 enpresatik Aurrera, hirurogeita hamar euro (70) emango dira enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Erakunde onuradun batek, gehienez ere, artikulu honen arabera gutxien dagokion erakundeak jasotzen duenaren bikoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita.

III. KAPITULUA
LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBA ELKARTEENTZAKO ETA ELKARTE KONFEDERALENTZAKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEAK ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEAK

18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

V. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOEN SEKTORE ARTEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112 eta hurrengo artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legak, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala