Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2017ko abuztuaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3993

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, unibertsitate-titulua duten bost lagunen matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka iragartzen dituena, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)» egiteko. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du aipatutako ikastaroa.

Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) –Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendekoa da– «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)» antolatu du.

Ikastaroaren garrantzia, egitura eta kostua kontuan hartuz, aurretik egin diren edizioetan izandako esperientziak agerian uzten du ikastaro hori egitea eskatzen duten ikasle batzuek laguntza ekonomikoa behar dutela hura garatzeko, eta, horregatik erabaki da beharrezkoa dela «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)» egiten duten 5 ikasleri laguntza hori ematea.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak indarrean duen Diru Laguntzen Plan Estrategikoko diru-laguntzen lerro bat da, eta hiri-antolamenduarekin eta hirigintzarekin zerikusia duten alorretan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea sustatzea du helburu.

Hori dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Unibertsitate-titulua duten bost lagunen matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka esleitzeko oinarriak iragartzea eta onartzea, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)» egiteko, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren oinarrien arabera. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du aipatutako ikastaroa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari eta, kontra egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-TITULUA DUTEN BOST LAGUNEN MATRIKULA-GASTUAK ORDAINTZEKO BOST BEKA IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA, «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLIII. (43) IKASTAROA (2017-2018)» EGITEKO. HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN (IVAP) MENDEKO LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK (LHIEE) ANTOLATU DU AIPATUTAKO IKASTAROA.
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da oinarri arautzaileak ezartzea, goi-mailako unibertsitate-titulua duten bost lagunen matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka norgehiagoka-araubidean esleitzeko, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)» egiteko. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du aipatutako ikastaroa.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak eta bekaren zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ildo horretan 2017rako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz, 13.900,00 euro bideratuko dira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroko (2017-2018)» matrikula ordaintzeko iragarritako bost diru-laguntzak finantzatzeko. Matrikula ordaintzeko bost beketako bakoitzaren zenbatekoa 2.780,00 € eurokoa da.

Hirugarrena.– Diru-laguntzaren kudeaketa.

Deialdi honetako laguntzen esleipena eta jarraipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) kudeatuko ditu.

Laugarrena.– Baldintzak.

Bost matrikula-bekaren deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroa (2017-2018)»n matrikulatzeko eskaera egin behar dute. Eskaera horri beti egin ahal izango diote uko, matrikularako beka lortzen ez badute.

b) Goi-mailako unibertsitate-titulu ofiziala eduki beharko dute, Hirigintza diziplina anitzarekin lotutako titulazioren batean.

c) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute, 2016ko abenduaren 31 baino lehenagotik.

d) Haien bizikidetza- edo familia-unitateak ezingo du gainditu deialdi honen bederatzigarren oinarrian zehaztutako gehieneko muga: 18.000 euro pertsona bakarreko familia- edo bizikidetza-unitateak badira, eta 54.000 euro pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitateak badira.

e) Gutxienez batez besteko nota hau eduki behar dute matrikulaziorako eskatzen den unibertsitateko titulazioaren ikasketa-espedientean: ingeniari eta arkitekto titulazioak eskuratzeko ikasketak egin dituzten ikasleek 5,75 puntu, eta gainerako tituludunek 6,75 puntu (litzentziatuak, graduatuak).

Bosgarrena.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitate mota.

Matrikula-beken deialdi honen ondorioetarako, familia- edo bizikidetza-unitatetzat joko da 2016ko abenduaren 31n eskatzailea dagoen errolda kolektiboan agertzen diren pertsonek osatzen dutena. Bi bizikidetza- edo familia-unitate mota bereiziko dira: pertsona bakarrekoa edo pertsona anitzekoa. Horrenbestez:

1.– Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak eta honakoren batek (edo batzuek) osatzen dutena:

a) Bere aurreko ahaideek eta haien bikotekideek.

b) Bere anai-arrebek eta amaren edo aitaren ondorengoek, baldin eta hogeita bost urtetik beherako ezkongabeak badira, edo nagusiagoak, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta eskatzailearekiko edo bere gurasoekiko menpekotasuna badute.

c) Bere ezkontideak edo izatezko bikotekideak.

d) 25 urtetik beherako bere seme-alabek (edo nagusiagoek, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta gurasoekiko menpekotasuna badute).

e) Eskatzailearen edo haren aurreko ahaideen erantzukizunpeko harrera-egoeraren batean dauden pertsonek, pertsona horiei aplikagarri zaien foru-arauen arabera.

f) Atal honetan aipatutako ahaidetasun-harremanik egon gabe eskatzailearekin bizi den pertsonak, ezin denean egiaztatu bien artean errentamendu-harremana dagoela edo pisua partekatzen dutela helbide horretan.

2.– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak bakar-bakarrik osatzen duena, eta bizikidetza-unitate hori pertsona bakarrekoa eta ekonomikoki independentea izango da.

Eskatzailearekin jende gehiago bizi bada, eskatzailea pertsona bakarreko bizikidetza-unitate ekonomikoki independentetzat jotzeko, egiaztatu beharko da beste pertsona horiek berarekin pisua partekatzen ari direla, alokairuan. Horretarako, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da.

Seigarrena.– Baztertzeko kausak.

Ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako matrikula-bekak eskatu honako hauek:

a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat duten pertsona fisikoek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Deialdi honekin bateraezina den beka edo laguntzaren bat jaso duten pertsonek.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak adierazitako beste edozein kausa aplika dakiekeen pertsonek.

Zazpigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Beka hauen onuradunek jatorrizko xederako erabili beharko dute beka; hau da, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIII. (43) Ikastaroko (2017-2018)» I-VI moduluak gainditzeko.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duenaren arabera, beka hauek jasotzen dituztenek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza emateko oinarritzat hartzen den egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak emanez gero, diru-laguntza eman dien erakundeari aditzera ematea.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

Zortzigarrena.– Eskabideak: aurkezteko modua, baldintzak, agiriak, aurkezteko epea eta zuzenketak.

1.– Eskabideak aurkezteko modua.

Eskabidea (II. eranskina) –datarekin eta sinatuta– IVAPeko zuzendariari zuzendu behar zaio, eskatutako agiriekin batera. Recalde zumarkalea 18, 1. – 48009, Bilbao helbidean aurkez daitezke edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten den edozein erregistro edo bulegotan.

Dokumentazioa Bilboko IVAPekoa ez den beste erregistro batean aurkeztu gero, eskatzaileak IVAP-EVETUri jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz (evetu@ivap.eus) edo 944031604 telefono-zenbakira deituz. Eskabidea noiz eta zer bitartekoren bidez aurkeztu duen adierazi beharko du.

2.– Eskabideari erantsi beharreko agiriak.

2.1.– Unibertsitate-titulu akademikoaren kopia edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren kopia.

2.2.– Ikasketa-espedientearen kopia, ikastaroa egiteko alegatu den unibertsitate-tituluan lortutako batez besteko nota jasotzen duena. Nota hori 1etik 10erako puntuazio bidez adieraziko da. Nolanahi ere, aurkeztutako ikasketa-espedientean ikasgaien notak ez badira puntuka agertzen, baliokidetzako taula hauen arabera aterako da batez besteko nota: ohorezko matrikula, 10 puntu; bikain, 9,00 puntu; oso ongi, 7,50 puntu; nahikoa, 5,50 puntu. Batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ikasketa-planen arabera «gai» kalifikazio hutsa duten ikasgaiak edo kredituak.

2.3.– Errolda-agiria edo -agiriak, egiaztatzen dutenak eskatzaileak administrazio-egoitza gutxienez 2016ko abenduaren 31n daukala Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean; errolda-agiri horiek, halaber, egiaztatu beharko dute eskatzailearekin bizi diren pertsona guztiak gutxienez 2016ko abenduaren 31n bizi direla etxe horretan eskatzailearekin.

2.4.– Eskatzailearen bizikidetza-unitatearen familiaren sostengatzaile nagusiaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpena (2016ko ekitaldikoa) edo, errenta-aitorpena egitetik salbuetsita egonez gero, egoera horren erantzukizunpeko adierazpena).

2.5.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena bizikidetza- edo familia-unitatean ez dagoela deialdi honetan parte hartzeko eskabidean adierazitako diru-sarreraz aparteko beste sarrerarik.

2.6.– Eskabidean eta aurkeztutako agirietan adierazitako datu guztiak egiazkoak direla eta deialdi honetan agertu behar den daturik ezkutatu ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

2.7.– Curriculum vitaea.

Era berean, eskatzaileak pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitate independentea osatzen duela adierazten badu, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu.

2.8.– PFEZaren aitorpena (2016ko ekitaldi fiskail) edo, hori aurkeztetik salbuetsita egonez gero, egoera horren berri ematen duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.9.– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea osatzen duela eta berarekin bizi diren pertsonak bere errentatzaileak direla edo berarekin pisua alokairuan partekatzen ari direla.

3.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 egun balioduneko epearen barnean falta hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

Bederatzigarrena.– Eskabideak baloratzea.

Aurkeztutako eskabideak baloratzeaz LHIEEko Kontseilu Errektorea ardurako da, eta hark proposatuko du matrikula-bekak nori esleitu. Bekak puntuazio akademiko altuena duten lagunei esleituko zaizkie, puntuazio altuenetik baxuenera, baldin eta ezarritako muga ekonomikoa eta ezarritako gutxieneko puntuazio akademikoa betetzen baldin badituzte. Bi eskatzaileren edo gehiagoren puntuazioen artean berdinketarik badago, berdinketa hausteko, baliabide ekonomiko gutxien duenari emango zaio lehentasuna.

1.– Balorazio akademikoa.

Jasotako eskabideak baloratzeko, ikasketa-espedienteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuta ezarriko da eskatzaileen lehentasun-ordena, beheranzko puntuazio-hurrenkeran, baldin eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Eskatutako gutxieneko puntuazio akademikora iristen ez diren eskabideak baztertu egingo dira.

2.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak.

Pertsona bakarreko edo pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzeko, unitate horren PFEZaren 2016ko aitorpenetako zerga-oinarriaren baturak hartuko dira kontuan.

Hala, matrikula-bekaren baten esleipendun izateko gehieneko baliabide ekonomikoen muga ezartze aldera, familia-aurrekontuen inkestako eta EINeko bizi-baldintzen inkestako datuak eta parametroak hartuko dira kontuan, 2015. urteari eta «ELGA aldatuko baliokidetasun-eskala»ri dagozkionak. Bizikidetza- edo familia-unitateko lehenengo heldua (edo bakarra) kontsumo-unitate bat izango da; 14 urtetik gorako gainerako kideek 0,5eko balioa izango dute, eta 14 urtetik beherakoek 0,3koa.

Hori guztia kontuan hartuta, deialdi honen xede diren beka baten esleipendun izan ahal izateko gehieneko muga ezarriko da bizikidetza- edo familia-unitate bakoitzerako, honela:

– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea: 18.000 euro, gehienez.

– Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea: 18.000 euro unitatea osatzen duen lehen helduagatik, gehi beste 9.000 euro familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik gorako pertsona bakoitzeko, unitateko lehen heldutzat jo den pertsonaz gain. Halaber, beste 5.400 euro ezarriko dira familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik beherako pertsona bakoitzeko. Edonola ere, gehieneko muga ezin izango da 54.000 eurotik gorakoa izan.

Eskatzaile baten bizikidetza- edo familia-unitateak berari dagokion gehieneko muga gainditzen badu, eskatzaile horren eskabidea baztertu egingo da.

Hamargarrena.– Balorazio Epaimahaia.

Aurkeztutako eskabideak LHIEEko Kontseilu Errektoreak baloratuko ditu.

1.– Eginkizunak.

Deialdi honen esparruan, Kontseilu Errektoreak eginkizun hauek izango ditu:

a) Deialdi honetan parte hartzeko eskatzaile onartuen eta baztertuen zerrenda proposatzea.

b) Aurkeztutako eskabideak baloratzea, matrikula-beken esleipen-proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari helarazteko.

2.– Osaera.

Balorazio Epaimahaia Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako (LHIEE) kontseilu errektoreak osatuko du, izan ere «Lurralde eta Hiri Antolaketarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» delakoaren Sortarazketa, Funtzionamendu eta Eraketari buruzko martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuaren arabera LHIEEren Kontseilu Errektoreari baitagokio eskola horren prestakuntza-beken esleipen-proposamena egitea.

LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea honako hauek osatzen dute gaur egun:

– Lehendakaria: Fulgencio Aledo Amorós (HAEEko idazkari nagusia).

– Lehendakariordea: Ignacio de la Puerta Rueda (Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendaria. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).

– Kideak:

Jesús María Erquicia Olaciregui (Lurraldearen Antolamendu eta Planeamendurako Zerbitzuaren Arduraduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).

Tomás Orallo Quiroga (Abokatua. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).

Federico Arruti Aldape (Arkitektoa).

– Idazkaria: M.Ş Teresa Tolosa Bernárdez (LHIEEko koordinatzailea. HAEE).

3.– Funtzionamendua.

Balorazio Epaimahaiak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Kontseilu Errektorea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan espresuki bildu gabeko edozein alderdi finkatzeko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-24 artikuluek osatuko dute.

Epaimahaiko lehendakaria edo idazkaria edo eginkizun horretarako eskuordetutako pertsona ez bada Balorazio Epaiamahaiaren bilerara bertaratzen, bertaratutako kideek gehiengo soil bidez erabakiko dute nork izango dituen lehendakari- edo idazkari-eginkizunak, betiere bilera egiteko nahikoa quorum badago.

Hamaikagarrena.– Beka esleitzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, ebatziko ditu iragarritako bekak, edo, hala badagokio, deialdia guztiz edo partzialki hutsik geratu dela deklaratuko du.

Kontseilu Errektoreak, Balorazio Epaimahai gisa eraturik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, eta han jasoko dira, batetik, bekaren esleipendunen zerrenda eta, bestetik, beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonen zerrenda, horiek ukatzeko arrazoiak zeintzuk diren adierazita. Hala badagokio, ordezko pertsonen zerrenda jasoko da ebazpenean, esleipendunen batek bekari uko egingo balio erabiltzeko.

Bekak esleitzeko edota deialdia hutsik deklaratzeko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sei hilabeteko epean.

Hamabigarrena.– Matrikula-beka onartzea.

Bekaren onarpena idatziz jakinarazi beharko diote IVAPeko zuzendariari esleipendunek, bost egun balioduneko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hamahirugarrena.– Matrikula-beka ordaintzea.

Beka onartu ondoren, esleipendunek matrikula-bekaren kopuru osoaren (2.780,00 euro) aurre-ordainketa bat jasoko dute, eta zenbateko horrekin ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikularen zenbateko osoa, 2017ko abenduaren 12a baino lehen.

Hamalaugarrena.– Kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.

1.– Esleipendunen batek deialdi honen zazpigarren oinarrian ezarritako betebeharrak urratzen baldin baditu, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, espedienteko interesdunari entzunaldi-izapidea eskaini ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak eskatu behar direla adieraziko du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Arau orokor gisa, jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da. Hala ere, Kontseilu Errektoreak, kasuan kasuko egoeren arabera, jasotako zenbatekoen zati bat itzultzeko proposatu ahalko du, gainditutako modulu-kopuruaren arabera eta uko egiteko arrazoiei erreparatuta.

2.– Izapidetutako espedientearen zioz jasotako zenbatekoak itzuli behar direla ondorioztatzen bada, eta, hala badagokio, baita zenbateko horri dagozkion legezko interesak ere, ebazpen bat emango da, itzulketa hori egiteko beharrezko informazioa jasoko duena. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, itzuli beharra adierazten duen jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita, eta, betiere, kontuan hartu beharko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

3.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.

Hamabosgarrena.– Bekari uko egitea.

Esleipendunak bekari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko dio IVAPeko zuzendariari eta esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da. Halakoetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak ebatziko du, Kontseilu Errektorearen proposamena ikusita, ea beka ordezkoen zerrendan hurrengo puntuazioa duten pertsonei esleitu behar zaien.

Hamaseigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

1.– Deialdi honetan araututako emakida-prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpenik jakinarazten ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte beka-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Hamazazpigarrena.– Datuak babestea.

Prozesu honetan bildutako datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta perfekzionamendu-ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatuan biltegiratuko dira, eta prozesu hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala