Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2017ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3975

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 31koa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua prestatu du.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legean ezarritakoaren arabera izapidetu da proiektua, eta aldez aurreko onarpena jaso du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez.

Lege horren 8.1 artikuluan xedatzen denez, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Halaber, xedapenen izaera aintzat hartuta komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira. Eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 132.2 artikuluak ezartzen duenez, ekimenaren testua idatzi aurreko kontsulta eragotzi gabe, arauak pertsonen eskubide eta bidezko interesei eragiten badie, eskumena duen zuzendaritza-zentroak dagokion web-atarian argitaratuko du testua, eragindako herritarrei entzunaldia emateko xedez eta beste pertsona edo erakunde batzuek egin ditzaketen ekarpenak jasotzeko xedez. Era berean, legez aitortutako talde edo elkarteen iritzia ere eskatu ahal izango da zuzenean, baldin eta arauaren eraginpean diren eskubide edo bidezko interesak dituzten pertsonak bildu edo ordezkatzen badituzte eta baldin eta haien helburuak arauaren xedearekin zuzenean lotuta badaude.

Argi dago, etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen xedapen bat izanik, komenigarria ez ezik, ia saihestezina dela entzunaldi publikoaren izapidea.

Hori guztia dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 7.c), 16.1.a) eta 16.2.f) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 2017ko irailaren 29ra arte, bi egun horiek barne.

Bigarrena.– Dekretu-proiektuaren edukia Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean, euskadi.eus atarian, egongo da eskuragarri.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 31.

Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria,

MARIO JOSE YOLDI DOMINGUEZ.


Azterketa dokumentala