Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2017ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3974

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 19koa, Gizarte Zerbitzuen zuzendarirena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako diru-laguntzetarako zuzkidura argitara emateko dena. Urriaren 29ko agindu horren bitartez, honako prozedura hau ezarri zen: Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduaren bitartez (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).

Lehenengo xedapen gehigarriak, finantzaketa eta aurrekontu-egozpenari buruzkoak, hauxe adierazten du: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».

2017ko martxoaren 8an, Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren Ebazpena argitaratu zen (EHAA, 47. zk.), zeinaren bidez jakitera eman baitzen genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko ezarritako zuzkidura 700.000 eurokoa zela, aurreko urteko aurrekontuaren luzapenaren unean. Gero, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean (EHAA, 74. zk., 2017ko apirilaren 19koa), 2017rako, laguntza horretarako, 1.100.000 euroko zuzkidura esleitu zuen; argitaratutako zuzkidura baino 400.000 euro gehiago.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 13.l artikuluan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio honako funtzio hauek baliatzea: «Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua, ordainketa bakarreko diru-laguntzak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua».

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetzeko xedez, jakitera ematen da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017rako Aurrekontua onartu ondoren, 2014ko urriaren 29ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzeko partidak 400.000 euro gehiago izango dituela, hau da, 1.100.000 erabiliko direla xede horretarako.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala agintzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 19a.

Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,

EMILIO GERMÁN SOLA VALLOJERA.


Azterketa dokumentala