Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3848

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egiten duena 2017-2018 ikasturterako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri-agintarien zeregina da dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Horregatik, aintzat hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Unibertsitatez kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egitea, deialdi honen I. eranskineko 1. artikuluan jasotako ikasketetatik edozein egiteko 2017-2018 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozer ikastetxetan.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Xede horretarako 55.000.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura. horietatik, 14.000.000 euro 2017ko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin ordainduko dira, eta 41.000.000 euro 2018ko ekitaldiko konpromiso-kredituarekin.

Beharrezko izanez gero, diru-zenbateko horiek handitu egin daitezke, ebazteko dauden laguntza-ebazpenek eskatzen duten diru-zenbatekoak kontuan hartuta. Hori diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
LAGUNTZA JASO DEZAKETEN IKASKETAK

1. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen ikasketak.

Agindu honetan deitzen diren ikasketa-beka eta -laguntzak ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:

a) Haur Hezkuntza.

b) Lehen Hezkuntza.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

d) Batxilergoa.

e) Oinarrizko Lanbide Heziketa, erdi-mailakoa edota goi-mailakoa.

f) Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak.

g) Arte plastikoak eta diseinua, heziketa-zikloak.

h) Kirol-irakaskuntzak.

2. artikulua.– Ukapenak.

Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatu egingo da:

a) Homologatu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.

b) Onartu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.

c) Haurreskolak Partzuergoko neska-mutilak.

d) Diru-laguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izanda edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak bete ezean.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.

2.– Agindu honen 1. artikuluan ezarritako ikasketaren bat egin beharko dute ikasleek, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.

3.– Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, laguntza jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena izatea.

4.– Ikasleek ezingo dituzte 23 urte beteta eduki 2018ko urtarrilaren 1ean.

II. KAPITULUA
LAGUNTZA ETA BEKA MOTAK

4. artikulua.– Bekaren edo laguntzaren osagaiak.

Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago eduki ahal izango dute:

a) Kuota-osagaia, 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.

b) Irakaskuntza-osagaia.

c) Joan-etorrien osagaia.

d) Egoitza-osagaia.

e) Ikasmaterialaren osagaia.

f) Jantoki-osagaia.

5. artikulua.– Kuota-osagaia, 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 eta 1 urte bitarteko ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko.

6. artikulua.– Irakaskuntza-osagaia.

1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu ikasleak ikasten duen ikastetxean 2017-2018 ikasturtean gehienez ere ordaindu beharreko kuota.

2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:

a) Ikastetxe publikoak.

b) Hitzarmen osoko ikastetxe edo mailak.

c) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.

d) 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.

e) Toki-korporazioen ikastetxeetako 2 urteko ikasleak.

7. artikulua.– Joan-etorrietako osagaia.

1.– Osagai hau emateko orduan, kontuan izango da ikaslea bizi den udalerrian edo bertatik hurbilen dagoenean ba ote den maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik, eta ikastetxe horrek plaza librerik ba ote duen.

2.– Osagai hau emateko, udalerriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen arabera jokatuko da:

5 eta 10 km bitarteko distantzia.

10 eta 30 km bitarteko distantzia.

30 eta 50 km bitarteko distantzia.

50 km baino gehiago.

3.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailek eta urruneko araubideko mailek ez dute osagai hau jasotzeko eskubiderik izango.

4.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, osagai hau joan-etorrietarako diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen denean emango da, eta joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak direnean.

5.– Musika eta dantzako ikasketa oinarrizkoetan eta profesionaletan, osagai honen zenbatekoa jakiteko, kontuan hartuko da astean zenbat egunetan bertaratu behar den.

8. artikulua.– Egoitza-osagaia.

Osagai hau emateko orduan, asteko eskola-orduak ez dira 20 baino gutxiago izango, eta kontuan izango da ikaslea bizi den udalerrian edo bertatik hurbil ikasleak ikasi nahi dituen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik ba ote den ala ez, eta plaza librerik ba ote duen ala ez. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela diren garraiobideengatik.

Musika eta dantzako ikasketa profesionalak, diseinu eta arte plastikoetako ikasketak, kirol-ikasketak eta lanbide-heziketa egiten dituzten ikasleei emango zaie osagai hau.

Joan-etorrien osagaia eta egoitza-osagaia ez dira inoiz bateragarriak izango.

9. artikulua.– Eskola-materialen osagaia:

Ezingo dute osagai hau eskuratu baldin eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek «Curriculuma garatzeko material didaktikoaren eta bitartekoen programari» uko egiten badiote.

Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako (1. zikloko) mailari izan ezik.

10. artikulua.– Jantoki-osagaia.

1.– Osagai hau Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzakoei (2. ziklokoei), Lehen Hezkuntzakoei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta gainerako mailetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei emango zaie, baldin eta jantokia erabiltzen badute.

2.– Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egunez joan behar da gutxienez, baina, egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun kopuruaren arabera kalkulatuko da osagaia.

3.– Osagai hau baliatzeko eskubidea izateko, urtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, baldintza hauek egiaztatu beharko dira:

a) Ikasleak jantoki-zerbitzua baliatzen duela eguerdietan.

b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.

III. KAPITULUA
BEKEN ETA LAGUNTZEN ZENBATEKOA

11. artikulua.– Osagaien zenbatekoak.

Hauek izango dira osagaien gehienezko zenbatekoak:

1.– Kuota, 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak.

Haur Hezkuntzako 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak, hilean 90 euro.

2.– Irakaskuntza:

a) Haur Hezkuntzako 2 urteko gela, 200 euro.

b) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa, 590 euro.

c) Gainerako mailak, musikako udal-ikastetxeetan emandakoak barne, 295 euro.

3.– Joan-etorria:

a) 5 eta 10 km bitarteko distantzia, 192 euro.

b) 10 eta 30 km bitarteko distantzia, 385 euro.

c) 30 eta 50 km bitarteko distantzia, 762 euro.

d) 50 km-tik gorako distantzia, 993 euro.

4.– Egoitza:

a) Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa, ikasturte bat eta praktikak hartzen dituena, 2.969 euro.

b) Gainerako mailak, 2.531 euro.

5.– Eskolako materiala.

a) Haur Hezkuntza (2. zikloa), 78 euro.

b) Lehen Hezkuntza, 117 euro.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 159 euro.

d) Goi-mailako Lanbide Heziketa, 226 euro.

e) Gainerako mailak, 202 euro.

Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:

a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. halakoetan, 38 euro emango dira lehen eta bigarren mailetarako, eta 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetarako.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. halakoetan, 60 euro emango dira.

6.– Jangela.

Gehienez ere 712 euro izango dira. zenbateko hori honela kalkulatuko da: jantokiko egun kopurua bider 178 egun gehienez ere, eta eguneko prezioa, gehienez ere, 4 eurokoa izanik.

12. artikulua.– Beka edo laguntzaren zenbateko osoa.

1.– Ikasleak jaso ditzakeen osagai guztien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere Agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.

2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetako 1. artikuluan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.

13. artikulua.– Prezio publikoen salbuespena.

Musikako eta dantzako ikasketa oinarrizkoak eta profesionalak eta kirol-ikasketak egiteko bekak ematen badira, ez dira ordaindu beharko Hezkuntzako sailburuaren Aginduan zehaztutako irakaskuntzako prezio publikoak, hain zuzen, Hezkuntza Sailak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituenean ezarritakoak. hau da, beka edo laguntza eskuratu duen ikasketarako ez du ordaindu beharko.

IV. KAPITULUA
BALDINTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Errenta-mugak.

Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira hezkuntza-maila bakoitzean ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko:

– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.

– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

– Gainerako mailetan:

* Eskola-materialen osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.

* Irakaskuntzako, jantokiko, joan-etorrietako eta egoitzako osagaietarako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.

(Ikus .PDF)

– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.

15. artikulua.– Bizikidetza-unitateko kide konputagarriak.

1.– Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira bizikidetza-unitatearen kide konputagarriak: aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena, eskatzailea, 2016. urtean etxean bizi izan diren ikaslearen 26 urtetik beherako anai-arreba ezkongabeak edo adin horretatik gorakoak, baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute. baita etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak ere. betiere udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute.

Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak, harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, betiere bertan bizi direla behar bezala justifikatu eta egiaztatuta.

Eskatzaileek bizikidetza-unitate independenteak eratzen badituzte, kide konputagarritzat joko dira ezkontidea edota, halakorik balego, antzeko harremanarekin eskatzaileari lotuta dagoen laguna eta seme-alabak.

2.– Eskatzailearekin bizi ez den gurasoa ez da kide konputagarritzat joko, unitatearen diru-sarreretan horren ekonomia-laguntza kontuan hartu arren. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.

Kide konputagarritzat joko da eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena. horrenbestez, haren errenta eta ondarea konputatu egingo dira.

3.– Zaintza partekatua izanez gero, eskatzailea bi bizikidetza-unitatetako kidetzat hartuko da. hala, bi bizikidetza-unitateen errentaren eta ondarearen % 50 konputatuko da. Kasu horietan, kide konputagarriak % 50ean zenbatuko dira, eskatzailea eta haren neba-arrebak izan ezik. Kideen batura zenbaki osoa ez denean, gorantz biribilduko da.

Bizikidetza-unitateetan neba-arrebaordeak izanez gero zaintza partekatuan, eta, hortaz, aldian-aldian elkarrekin biziz gero, % 50ean zenbatuko dira. Kideen batura zenbaki osoa ez denean, gorantz biribilduko da.

4.– Eskatzaileak familiarekiko mendetasunik edo ekonomia-mendetasunik ez duela adierazten badu, egoera zibila gorabehera, egiaztatu beharko du badituela independentzia hori izateko behar beste bitarteko ekonomiko. era berean, etxebizitzaren titulartasuna edo alokairua ere egiaztatu beharko du. Osterantzean, independentzia ez-frogatutzat joko da. Beraz, bekaren ondorioetarako, familia-errenta eta -ondarea kalkulatzeko, bizikidetza-unitateko kide konputagarrien diru-sarrerak konputatuko dira. aurreko ataletan aipatzen direnak, alegia.

5.– Ikasle independenteen kasuan, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena. beraz, ez da egoitza-osagaia emango.

16. artikulua.– Errenta kalkulatzea.

1.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontuan hartzen ez diren diru-sarrerak eta zerga horretatik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:

a) 2016ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita –ohiko etxebizitza barik– hiri-izaerako ondasunen etekina ere, betiere 2016ko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.

b) Batura horretatik aplikatzeko diren gastu kengarriek eta konturako atxikipenek sortutako zenbatekoa kendu beharko da.

3.– Zenbatespen objektiboaren edo zuzeneko zenbatespenaren zerga-araubideari atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen zenbatespena. Era berean, aurreko atalean xedatutakoa enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaie, baldin eta merkataritza-sozietateak badira eta kide konputagarriak enpresa horietan bazkide, partaide, eta abar badira, eta, aldi berean, kide konputagarriak bertako langile badira.

4.– Administrazio publikoek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru-sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.

5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.

17. artikulua.– Kenkariak.

Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:

1.– Bizikidetza-unitateko kide konputagarrien errentaren % 20, kasu hauetan:

a) Eskatzailea guraso bakarreko bizikidetza-unitate bateko kidea denean, baldin eta diru-iturri bakarra badu: inoren konturako lana, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak.

Guraso bakartasuna familia-liburuarekin justifikatuko da guraso aitortu bakar baten kasuan, edo ebazpen judizialaren bidez bi guraso aitorturen kasuan.

b) Eskatzailea umezurtza denean, eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste bizikidetza-unitate baten mende badago.

2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.

3.– 500 euro, familia-egoitzan bizi den neba-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira. kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, familia osatzen duten seme-alaben arabera konputatuko dira zenbatekoak.

4.– 1.811 euro, legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kenkaria 2.881 eurokoa izango da, minusbaliotasuna % 65ekoa edo handiagoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna eta mugikortasun mugatuta badu, edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kenkaria 4.000 eurokoa izango da.

5.– 1.176 euro, unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren bizitokitik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiagoko neba-arrebako.

18. artikulua.– Ondare-mugak.

Kide konputagarrien errenta edozein delarik ere, eskatutako beka edo laguntza ukatu egingo da honako kasu honetan: 2016ko abenduaren 31n, kide konputagarrien ondarearen elementu adierazleen balioak muga hauetakoren bat gainditzen badu:

1.– Hiri-finkak.

a) Kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batura, gehienez ere, 42.900 eurokoa izango da.

b) Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.

c) Eskatutako laguntza ukatu egingo da kide konputagarriek, ohiko etxebizitzaz aparte, beste bi etxebizitzaren edo gehiagoren jabetza erabatekoa badute.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastroko balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Higiezina Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, katastroko balioa 1,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Arabako Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, Gasteizen izan ezik, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastroko balioa biderkatzeko, katastroko azken berrikuspenaren arabera:

– 1,15 koefizientea, 2000ko abenduaren 31 baino lehen berrikusi direnetarako.

– 0,70 koefizientea. 2001eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra artean berrikusi direnetarako.

– 0,50 koefizientea. 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera berrikusi direnetarako.

Higiezina Vitoria-Gasteiz udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, Donostian izan ezik, katastroko balioa 0,30 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Donostian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastroko balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastroko balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastro-balioak biderkatzeko:

0,43 koefizientea, 2003an berrikusi direnetarako.

0,37 koefizientea, 2004an berrikusi direnetarako.

0,30 koefizientea, 2005ean berrikusi direnetarako.

0,26 koefizientea, 2006an berrikusi direnetarako.

0,25 koefizientea, 2007an berrikusi direnetarako.

0,25 koefizientea, 2008an berrikusi direnetarako.

0,26 koefizientea, 2009an berrikusi direnetarako.

0,28 koefizientea, 2010ean berrikusi direnetarako.

0,30 koefizientea, 2011n berrikusi direnetarako.

0,32 koefizientea, 2012an berrikusi direnetarako.

0,34 koefizientea, 2013an berrikusi direnetarako.

0,36 koefizientea, 2014an berrikusi direnetarako.

0,36 koefizientea, 2015ean berrikusi direnetarako.

0,36 koefizientea, 2016an berrikusi direnetarako.

Nafarroako Foru Aldundiko higiezinen katastro-balioa 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.

Eskatzaileak higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den ziurtatu beharko du, katastro-balioaren koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko.

2.– Landa-finkak.

Kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, gehienez, 13.300 eurokoa izango da kide konputagarriko.

3.– Balio higigarriak.

Eskatutako laguntza ukatu egingo da, baldin eta bizikidetza-unitatearen aurrezkien zerga-oinarria 2.100 eurotik gorakoa bada, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batura.

Hortik kanpo geratuko dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.

4.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.

Kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2016n 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko fakturazio-mugan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.

5.– Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-balioak.

Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio. kasu horretan ez dira sartzen eusle nagusiak.

19. artikulua.– Datuak egiaztatzea.

1.– Eskatzaileak, eskaera aurkeztuta, baimena emango du organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan datu ekonomikoak kontsulta edo bila ditzan (PFEZren aitorpena, ondare-maila, ondasun higiezinak), baita nortasunari dagozkion datuak, prestazio sozial publikoetakoak, egoitza, erregistro zibila (jaiotzak) egiaztatzeko ere, guztia ere baldintzak betetzen direla bermatzeko. Horretarako baimenik eman ezean, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Halaber, interoperagarritasun-zerbitzuak funtzionatuko ez balu, baliteke administrazioak dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatzea.

2.– Kasu guztiak aztertu ondoren, gerta liteke beka edo laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, beka edo laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da eta dirua itzularaziko.

3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.

4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Departamentuetan eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan dauden datuak. Hezkuntza Sailak, laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko, aipatutako erakundeetan azaltzen diren kide konputagarrien datu guztiak erabili ahal izango ditu.

5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.

6.– Ikasleak ikasketa jakin batzuk egiteko laguntza eskatu bazuen eta ikasketa horiek uzten baditu edo matrikula ezeztatzen badu, beka edo laguntza ukatu egingo zaio, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da eta dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.

7.– Beka edo laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badute objetiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak dituztela, baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.

8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte, kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa-, lanbide- edo arte-jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera bere jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat eskatu ahal izango zaie.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira, kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada, eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.

V. KAPITULUA
BETEKIZUN AKADEMIKOAK

20. artikulua.– Baldintza orokorrak eta matrikulari dagozkionak.

1.– Kapitulu honen ondorioetarako, 2016-2017 ikasturteko baldintza akademikoak eskatuko dira.

2.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, ikaslea 2017-2018 ikasturterako matrikulatuta dagoela soilik egiaztatu beharko da.

3.– Gainerako ikasketetan, kurtsoa errepikatzen duten ikasleei ez zaie laguntzarik emango.

4.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren baldintzak.

5.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da bekarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko bakarrik baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela.

6.– Oso-osoan bekarik gabe egindako ikasketak aldatzen badira, ikasketa berrietan beka lortzeko eskatzaileak utzitako ikasketetako azken ikasturtean lortu beharreko errendimendua joko da eskakizuntzat.

7.– Ikaslearen betebeharra izango da, bereziki ikasketak aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela adieraztea.

8.– Lanbide Heziketako goi-mailako graduko ikasketetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2017-2018 ikasturtean. Ikasketa horien bigarren kurtsorako, beka-eskatzaileak 2016-2017 ikasturtean egindako ikasketen ehuneko laurogei eduki beharko du gaindituta, gutxienez.

9.– Derrigorrezkoaren ondoko gainontzeko ikasketetarako, 2017-2018 ikasturteko kurtso osorako matrikulatu beharko du eskatzaileak.

10.– Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako ikasketetan, heziketa-zikloak 2.000 ordu baino gutxiagokoak direnean, praktikako ikastarotzat joko dira, eta laguntzak behin eta lehen ikasturtean bakarrik emango dira.

Bi ikasturteko ziklotzat joko dira 2.000 orduko iraupena dutenean.

11.– Laguntzak Hezkuntza Sailak onartutako ikasturte osoak egiteko bakarrik emango dira, aurrez matrikulatuta zeuden urruneko batxilergoko ikasleen kasuan izan ezik (ondorioz, ikasgai solteetan matrikula egin ahal izango baitute). Ikasketa horietarako, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte baterako gehiagorako lortu ahal izango da beka.

12.– Musikako ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzeko, ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan, maila goikoa denean.

13.– Genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitatekoak badira ikasleak, eta aipatutako egoera justifikatzeko urruntzeko agindu judiziala, kondena-epai judiziala edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena aurkezten bada, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.

VI. KAPITULUA
PROZEDURA-ARAUAK

21. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaera ikasle adindunak edo adingabe emantzipatuak egingo du. adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.

2.– Eskabidea egiteko, inskripzio-orri telematikoa bete beharko da Sailaren egoitza elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus).

Deialdiaren II. eranskinean dago eskaeraren eredua.

Formularioan «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak betetzeko aukera ageri da. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari Agindu honetako 26. artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.

3.– 2016/2017 ikasturtean beka eskatu zuten ikasleei beteta emango zaie eskaera-formularioa. Formulario hori eskuratu ahal izango da:

– Paper formatuan, ikastetxean bertan. edo

– Bide telematikoz, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus helbidean. Formulario elektronikoa eskuratzeko, eskatzaileek aurreko ikasturteko pasahitzak baliatu ahal izango dituzte, hurrengo 4. puntuan zehaztutako prozedurari jarraikiz erregistratu beharko dute edota ikastetxean jasotzeko eskabide-formularioan ageri den URL helbidearen bidez.

Formularioan ageri diren datuak zuzenak direla egiaztatu ostean, edota egin beharreko aldaketak egin ondoren, eskabidea aurkeztuko da.

– Bide telematikoz, aplikazioan eskabide-formularioa elektronikoki sinatuta edota ikastetxean jasotako formularioan ageri den pasahitzaren bidez.

– Formularioa paperean sinatuta, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuta:

● Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.

● Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008) adierazitakoetan.

Eskabideak automatikoki betetzeko aukera 2016-2017 ikasturtean beka eskatu zuten ikasleek bakarrik izango dute, baldin eta matrikula kudeatzeko aplikazioan bildutako mailetan ikasten ari badira.

4.– Gainerako ikasleak:

a) Eskabide elektronikoa egiteko, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus atarira jo eta honako prozedura honi jarraitu beharko diote:

– Ziurtagiri digitala baliatuta sartu (NAN, Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa erabilita (B@kq). edo, halakorik izan ezean,

– Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetakoren bati jarraituta:

● HIA (hezkuntzako identifikazio-agiria), jaiotegunarekin batera.

● Nortasun Agiri Nazionala sartuta (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna sartu beharko ditu, eta, hala egokituz gero, bai eta atzerritarren identifikazio-txartela ere (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian dago jasota.

Eskatzaileak ez baldin badauka eskabide telematikoa egiteko bitartekorik, matrikulatuta dagoen ikastetxera joanda egin ahal izango du.

b) Eskabide elektronikoa erabat beteta dagoenean, izapidetze telematikoa egiten jarraitu edo paperean aurkeztu aukeratu beharko du.

c) Aurkezpen telematikoa egitea aukeratuz gero, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikoa izatea indarrean den ziurtagiri digitalarekin (NAN. Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa (b@kq), eta Agindu honetako I. eranskineko 23. artikuluan zerrendatutako dokumentuak aurkeztu beharko dira eskaneatuta, baita eskaera elektronikoki sinatu ere. Orduantxe geratuko da eskabidea erregistratuta.

d) Paperean aurkeztea erabakiz gero, aplikazioak sortuko duen eskabide-formularioa inprimatu beharko da. ondoren, sinatu eta honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko da, Agindu honetako I. eranskineko 23. artikuluan zerrendatutako dokumentuekin batera:

– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.

– Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008) adierazitakoetan.

22. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea 2017ko irailaren 18an hasiko da eta urte bereko urriaren 18an amaituko.

2.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:

a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera egiten bada eskabidea, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean.

b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren eusle nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.

c) Justifikatutako arrazoi larriren bat dela eta, ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte larriak izan baditu.

Nolanahi ere, 2018ko apirilaren 30a arte bakarrik onartuko dira eskabideak.

23. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Beka-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Guraso bakarreko familien kasuan, hitzarmen arautzailearen fotokopia. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, beharrezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena. (Diru-sarreraren fotokopia.) Familia-egoitzan bizi diren kideen errolda-agiria eta, beharrezkoa bada, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarrerak.

b) Laguntza sozialen jasotzaileen kasuan, dagokion erakundeak emandako ziurtagiria.

c) Salbuetsitako diru-sarreren kasuan: ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena eta abar.

d) Agindu honetako 17. artikuluan aurreikusitako kenkariak sorraraz ditzaketen kasuak egiaztatzeko agiriak.

e) Agindu honetako 21.2 artikuluan aurreikusitako dokumentazioa izan ezean, ikaslearen eta eskabidea egiten duenaren nortasuna egiaztatzeko dokumentua aurkeztu beharko da.

f) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak egiaztatu beharko du bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatua–. edota zurztasun-egiaztagiria eta bizitzeko zer baliabide dituen egiaztatu beharko du.

g) Familia-harreran diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak.

h) Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: kaleratze-kitapenak, enplegu-erregulazioko espedienteak, behar bezala erregistratutako dohaintzak eta abar.

i) Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzule. hala, legez behartuta egongo da bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera eta ondare guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.

2.– Errenta-aitorpena beste autonomia-erkidegoren batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek edota aurkeztutako aitorpenak diru-sarrera guztiak ez baditu, esandakoaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) 2016ko ekitaldiko eusle nagusiaren errenta-aitorpenaren fotokopia guztiak eta, behar izanez gero, zerga horren aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.

b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria. diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...

c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.

3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aurkezteko obligaziorik izan ezean, kide konputagarri guztiek eskuratutako diru-sarreren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira (gizarte-laguntzak jasotzeko dagokion erakundeak emandako ziurtagiria, salbuetsitako diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu korronteko interesak...). era berean, profesionalek eta enpresaburuek aurkeztutako zatitutako ordainketengatiko aitorpenen fotokopiak ere aurkeztu beharko dira, baita artikulu honetako lehen zenbakian jasotako informazioa ere.

24. artikulua.– Eskaerak aurkeztearekin lotutako ondorioak.

1.– Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:

a) Beka edo laguntzaren deialdiko oinarriak onartzen dituztela.

b) Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla.

c) Eskabidea aurkezteak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko, NANaren, AIZen edo AITren bidez.

d) Hezkuntza Sailari baimena ematen diola Zerga Administrazioen bitartez errentaren eta ondasunen gainean beharrezkoak diren datuak lortzeko, bekaren edo laguntzaren ondorioetarako.

e) Badakitela aitortutako inguruabarren zehaztugabetasunak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.

f) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen partetik bestelako beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.

g) Beka edo laguntza deialdian zehaztutako xederako erabili beharko duela, ez beste ezertarako. hau da, matrikula egiteko, eskolako joan-etorrietarako, azterketetara joateko eta, oro har, bekak edota laguntzak estaltzen dituen gastuak ordaintzeko.

h) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu beharko dutela, eta diru-laguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta ez daudela adierazi.

i) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatutako informazio guztia emango duela.

2.– Datu pertsonalak babesteko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999) eta datu pertsonalen fitxategi publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko Legean (otsailaren 25eko 2/2004) ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Unibertsitateaz Kanpoko Bekak eta Laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduaren bidez sortu zen (EHAA, 213. zenbakia), eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea da, bai eta parte-hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza da. Fitxategi hura eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurkaratzeko eskubidea erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

25. artikulua.– Eskaerak kudeatzea.

1.– Bekaren edo laguntzaren xede den ikasketa eskaintzen duen ikastetxeak honako funtzio hauek egingo ditu:

a) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei deialdiaren berri ematea. ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, jarraitu beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.

b) Prozesuaren jarraipena egitea, eskatzaileei behar beste informazio emateko.

c) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, ikastetxeko zuzendaritzak edota, hala dagokionean, idazkaritzak egiaztatuko du datuak egiazkoak direla (datu akademikoak, joan-etorriak, irakaskuntza, irakaskuntza-kuota, material digitalen programa eta curriculum-garapenerako eta jangelarako bitartekoak), hain zuzen ere, laguntza edo beka eskatzeko, aplikazioko konfigurazio-tauletan betetakoak.

d) Ikastetxeek eskabideak eta horiei erantsitako dokumentazioa bideratu eta prestatuko dituzte. hain zuzen, alfabetikoki antolatutako zerrendetan prestatuko dituzte, eta, ondoren, lurralde-ordezkaritzari dagokion Zuzenean zerbitzuan aurkeztuko dituzte, edo mezulariz bidali Hezkuntza Sailera.

2.– Aurkeztutako eskabide eta dokumentazio guztia jasoko du Hezkuntza Sailak, eta prozedura izapidetuko du, ebatzi arte.

3.– Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak kudeatuko ditu Agindu honetan araututako bekak eta laguntzak.

26. artikulua.– Ebazpen-prozedura.

1.– Eskabideak lurralde-ordezkaritzetan jaso ostean, beka edo laguntzaren behin-behineko ebazpena proposatuko du Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzara bidaliko du, laburpen ekonomikoarekin batera.

Behin-behineko ebazpena proposatzeko, kontuan izango da deialdi honen 28.2 artikuluan azaltzen den lehentasun-ordena eta, kasu guztietan, kreditua agortzen denean, ebazpena ukatzeko izango da.

2.– Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak onartu dituen behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.net. Horrez gain, Hezkuntza Sailaren web orrian ere argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus

Emandako diru-laguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala denetan, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.

Ukatutako eskaeretan, osagai guztiak adieraziko dira, arrazoi eta guzti.

Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da, jakinarazpenaren datatik aurrera.

3.– Alegazioak aztertu ondoren eta epea igarotakoan, aurretik egin beharreko egiaztapenak eta izapideak eginda, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena emango du.

Emandako diru-laguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala denetan, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.

Ukatutako eskaeretan, osagai guztiak adieraziko dira, ukatzeko arrazoi eta guzti. Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak onartu duen ebazpenaren jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Horrez gain, informazio soil gisa, Hezkuntza, Hizkuntza Sailaren web orrian ere argitaratuko da: www.hezkuntza.eus

4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen Legearen 25. artikuluan (urriaren 1eko 39/2015). Edonola ere, gerora ebatzi ahal izango da berariaz.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak izango du beste aukera bat: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

27. artikulua.– Egoera berriak neurtzea.

1.– Eskatzaileak argudiatzen duenean kide konputagarrien ekonomia-egoera 2016tik aurrera nabarmen aldatu dela, kasu horiek kontuan izango dira. Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.

2.– Halaber, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen ezaugarriak aztertuko dira, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.

3.– Bizikidetza-unitatearen pertsona euslea hiltzen edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte handiak izaten baditu –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira inguruabar horiek, baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.

28. artikulua.– Esleitzeko lehentasuna.

1.– Hezkuntza Sailak deialdi honetan xede horretarako esleituta dauden diru-atalen arabera emango ditu bekak eta diru-laguntzak.

2.– Ikasteko beka edo laguntza lortzeko lehentasun-hurrenkera hau izango da:

a) Derrigorrezko Hezkuntza.

b) Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.

Irakaskuntza bakoitzaren barnean, aurkeztutako eskabideen artetik lehentasuna izango dute errenta per capita txikienak dituztenek.

29. artikulua.– Beste erakunde batzuekin elkarlana.

Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuekin lankidetza kudeatuko du, baita administrazio publikoetako beste edozer erakunderekin ere, honako xede hauek lortzeko:

1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.

2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.

30. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.

2.– Eskatzaileak eskabide-inprimakian jartzen duen kontu korrontean edo aurrezki-libretan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da.

3.– Helegiteei aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.

31. artikulua.– Aldatzea, indargabetzea eta itzultzea.

1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo diru-laguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babestu behar dira.

Beka eman izana aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015) 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.

2.– Ezeztatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Ezeztatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.

Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

Itzulketa agintzen duen ebazpenean beharrezko informazioa jasoko da, obligaziozko itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ogasun eta Ekonomiako sailburuak baimendutako beste edozer bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.

Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak hala eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.

Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, indargabetzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.

32. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Eibarko Hezkuntza Esparruko ikasleek eskatzen dituzten laguntzak bateragarri izango dira bertako ikasle izateagatik jaso ditzaketen onurekin, baldin eta onura horiek hartzen ez dituzten gastuei aurre egiteko badira. Hortaz, bateraezina izango da gastu kontzeptu bererako bi laguntza jasotzea.

2.– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.

3.– Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.

33. artikulua.– Ikuskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta Agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko ere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala