Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2017ko uztailaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3730

80/2017 EBAZPENA, uztailaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin euskararen sustapenerako sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, euskararen sustapenari buruzkoa; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 10EKO 80/2017 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAREN KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILAREN, NAFARROAKO GOBERNUAREN HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DEPARTAMENTUAREN ETA EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMEN ESPEZIFIKOA, EUSKARAREN SUSTAPENARI BURUZKOA

Iruñean, 2017ko uztailaren 3an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, 2017ko ekainaren 20ko Gobernu Kontseiluak emandako ahalmena erabiliz,

Beste alde batetik, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Foru Komunitateko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartutako Erabakiarekin bat,

Eta bestetik, Mathieu Bergé, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, 2017ko ekainaren 1eko Biltzar Nagusiak hartutako Erabakiarekin bat,

Hiru aldeek, beren erakundearen ordezkari moduan jarduten dute, egintza hori gauzatzeko ahalmena dute eta ondorio horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

– Espainiako Konstituzioak, Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Komunitateari aukera ematen diela euskararen arloan elkarlanean aritzeko.

– 2004an frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak, Euskararen Erakunde Publikoa sortu zutela, 6 urterako, honen eginkizuna izanik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea, definitzea eta obratzea; 2010ean, beste sei urterako berritu zutela; 2017an Euskararen Erakunde Publikoa berriztatu dela, berriz ere 6 urterako, 2017ko urtarrilaren 1ean sortu den Euskal Hirigune Elkargoa integratuz Ipar Euskal Herriko herrien ordezkari gisa, Euskal kulturaren aldeko herriarteko sindikatua eta Euskal Herriko hautetsien kontseiluaren ordez.

– Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdeak eskaintzen duen elkarlanareko markoaren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Gobernuak, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanaren bidea aukeratu dutela, beti abiatuz erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.

– Euskara sustatzeko eta garatzeko bidean komeni dela hiru erakundeak elkarlanean aritzea, beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eta gastuak saihesteko eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko.

– Hiru aldeek erabaki dutela Lankidetzarako Hitzarmen hau sinatzea eta honako

KLAUSULA HAUEK BETETZEA:

Lehenengoa.– Xedea.

Lankidetzarako Hitzarmen honen xedea da hiru sinatzaileen arteko lankidetza bultzatzea euskararen sustapenari dagozkion alderdi jakin batzuetan. Erakunde bakoitzak hitzarmen honetan bildutako programak egin edo garatuko ditu, nork bere ahal ekonomikoen heinean.

Bigarrena.– Ezarpen esparruak:

Ezarpen-esparruak ondoko hauek dira:

1.– Hezkuntza eta helduen euskalduntzea.

1.1.– Hezkuntza.

Hiru aldeak ados daude euskarazko irakaskuntzan garatzeko egiten dituzten ekintzetan lankidetza bultzatu behar dela. Horretarako honako esparru hauek lantzeko asmoa adierazten dute:

a) Irakasleen, gurasoen zein ikasleen mugikortasuna eta trukeak sustatzea; lurralde batetik bestera irakasleak zein ikasleak mugitzeko programak bultzatzea.

b) Goi-mailako ikasketak beste lurralde batean egin nahi dituzten ikasleek gainditu beharreko probak eta baliokidetzarako aukerak aztertzea.

c) Hezkuntza, aisialdi edo hizkuntza politikako beste edozein eremutan alde batek emandako agiri ofizialak beste aldeek baliokidetzeko edo aitortzeko bidea aztertzea.

1.2.– Helduen euskalduntzea.

Hiru aldeak ados daude helduentzako euskararen irakaskuntzan egiten dituzten ekintzetan lankidetza bultzatzeko. Hori dela-eta, adierazten dute ondoko arlo hauetan elkarlanean segitu beharra dagoela:

a) Helduei euskara irakasteko curriculuma garatzen eta materialak prestatzen eta hedatzen, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz.

b) Irakaskuntza horretan aritzen diren irakasleen berariazko prestakuntza bultzatzen. Hiru aldeek beren langileei eta helduen euskalduntzean ari diren profesionalei aukera emango diete helduentzako euskararen irakaskuntzan erakunde bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.

c) Helduen euskalduntzea garatzeko laguntza-dispositiboei buruzko diagnosia egiten.

HABE Liburutegia helduen euskalduntzea edo hizkuntza politikako beste edozein arloetan diharduten profesionalen dokumentu-hornitzaile izango da. Zentzu horretan eta dagokion bidetik eskatuta, HABE Liburutegiaren espezializazio-eremuetako hainbat dokumentu eta datu eskuragai jarriko dira:

– Euskaraz edo euskarari buruzko edozein alorretakoak direla,

– bigarren hizkuntzen didaktika, soziolinguistika, psikolinguistika edo hezkuntza elebiduneko alorretakoak direla.

1.3.– Hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena.

Elkarlanean arituko dira hiru aldeak euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri harturik, eta hiru aldeek luzatutako ziurtagiriek elkarrekiko onespena izan dezaten.

2.– Euskararen erabilpenaren sustatzea.

2.1.– Euskara aisialdian.

Eskolatik kanpo, aisialdiaren arloan bereziki haur eta gazteei zuzendutako egitasmoak sustatu eta garatuko dira (hizkuntza egonaldiak, udalekuak, ...) alde ezberdinetako haur eta gazteen arteko trukerako bideak aztertuz.

2.2.– Euskara ingurune digitalean.

Hiru aldeek ingurune digitalaren esparruan dauden euskarazko baliabideen inguruko informazioa partekatuko dute, horretan interesa duten erabiltzaileek errazago eskura ditzaten eta baliabide horiek euskaraz sortu edo egokitzeko ahaleginetan bikoiztasunik egin ez dadin.

Interneten euskarak duen presentzia handitzeko ekimenak sustatuko dira, besteak beste, euskarazko wikipediaren egitasmoaren bitartez.

2.3.– Euskara arlo-sozioekonomikoan.

Hiru aldeek arlo-sozioekonomikoan euskara sustatzeko diren praktikak eta esperientziak partekatuko dituzte. Era berean enpresetan euskara sustatzeko elkarlanean garatzeko egitasmoak bultzatuko dituzte.

Bestalde erakunde publiko zein pribatuetan euskararen erabilera plan ereduak aztertzea eta esperientziak partekatzeko modua sustatuko da.

3.– Euskarari buruzko gogoeta eta sustapena.

3.1.– Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta sustapena.

Hiru aldeak elkarlanean arituko dira euskararen aldeko sentsibilizazioa eta sustapeneko programak egiten edo haietan parte hartzen. Hiru aldeek antolaturiko ekitaldietan parte hartzea sustatuko da, eta, egokitzat jotzen denean, sortutako materialen hedapena bultzatuko da.

3.2.– Gogoeta guneak.

Gogoetarako alde batek sortutako gune, batzorde edo foroan beste alde biek parte hartzeko modua egingo da, beti ere hizkuntza politikaren arloan interes komuneko gaiak aztertzen direnean.

4.– Ikerketak eta hizkuntzaren corpusa.

4.1.– Ikerketa soziolinguistikoak.

Hiru aldeak elkarlanean arituko dira bakoitzak eskuratzen dituen datuak lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egokitzeko baliagarriak izan daitezen.

Hala, azterlan eta ikerketa soziolinguistikoen gaineko informazioa elkarri trukatuko diote eta esperientziak partekatuko dituzte, adierazle soziolinguistikoen sistemak eta hizkuntza politika prestatzeari eta garatzeari dagokionez.

Euskararen egoera eta bilakaera ezagutzeko interesgarri jotzen diren bestelako ikerketa bide berriak proposatu eta aztertuko dira.

4.2.– Hizkuntzaren corpusa.

Hiru aldeek egokia ikusten dute hizkuntzaren corpusaren alorrean elkarlana sustatzea, bereziki esparru hauetan:

a) Zinpeko itzultzaileen eta interpreteen egiaztapenei buruz, informazioa trukatzea eta lankidetzarako bideak ezartzea.

b) Itzulpen memorien banku publikoa elikatzeko eta garatzeko lankidetzan aritzea. Hiru aldeetako itzultzaileek beren lanean erabiliko dute eta hiru aldeek sortutako itzulpen corpusa banku horretara bilduko da.

c) Hiru aldeak terminologiaren arloan modu eraginkorrean elkarlanean arituko dira, terminoen onarpena, glosarioen trukea eta haien hedapena modu bateratuan egin dadin.

5.– Lankidetza Europako markoan.

Hiru aldeak lankidetzan arituko dira, Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriek (euskararen) hizkuntza politikaren erronkak kontuan har ditzaten.

Hirugarrena.– Indarraldia.

Lankidetzarako Hitzarmen honek sinatzen den unean hartuko du indarra, eta lau urteko indarraldia izango du. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmen hau sinatzen dutenek aho batez hitzartu ahal izango dute hitzarmenaren luzapena beste lau urterako, edo haren iraungitzea.

Laugarrena.– Lankidetza hitzarmenaren kudeaketa eta jarraipena.

a) Hitzarmenaren kudeaketa.

Lankidetzarako Hitzarmen honen kudeaketaren arduradunak, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira.

b) Jarraipenerako batzordea.

Lankidetzarako Hitzarmen honen betetze-mailari jarraipena egiteko, hiru aldeek adostu dute hiru aldeko Batzorde Mistoa eratzea. Batzorde horrek sei kide izanen ditu: bi, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatuak, beste bi, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamenduak izendatuak, eta beste biak Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak izendatuak.

Batzorde horretan parte har dezakete gorago adierazi diren HABEko ordezkariek, landu beharreko gaiak haiek egotea eskatzen duenean.

Bestalde Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ordezkariek batzordean parte har dezakete Euskara Hezkuntzaren eta Hizkuntza irakaskuntzaren eremuko gaiak aztertzen direnean, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntzari buruzko eskumenak baititu.

Halaber, gaiak horrela eskatzen duenean bestelako entitateak parte hartzeko bidea egingo da.

Batzordeak izango dituen egitekoak gauzatzeko alde bakoitzaren zerbitzu teknikoen laguntza izango du. Hala ere, jarduerak garatzeko, beharrezkoa denean, batzorde teknikoak eratuko dira, eta alde bakoitzak ordezkariak izendatuko ditu.

Batzordeak idazkari teknikoa izendatuko du urtero, urtearen hasieran eta idazkariak bilera bakoitzeko akta idatziko du.

c) Jarduteko modua.

Batzorde mistoa bilduko da, gutxienez urtean behin eta alde bakoitzak eskatzen duen guztietan.

Batzorde mistoari dagozkio ekitaldi bakoitzean egin beharreko jarduera zehatzen azterketa eta jarduera planaren proposamena egitea bai eta erabakien balorazioa egitea. Jarduera plan hori partaide bakoitzaren erabaki guneetan onartuko da.

Lankidetza Hitzarmenaren ildotik burutzen diren egitasmoak aurkezteko, garatzeko eta komunikatzeko unean, hiru aldeen parte hartzea, presentzia eta irudia bermatuko da, elkarlanaren eta lankidetzaren printzipioak azpimarratuko direlarik.

AZKEN XEDAPENA

Lankidetzarako Hitzarmen hau alda daiteke hiru aldeak aldaketarekin ados badaude; horretarako behar den eranskina gehitu zaio hitzarmenari.

Aurrekoarekin bat eginez, Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen hau izenpetu dute, euskaraz, gaztelaniaz, zein frantsesez, hiru aletan, gorago aipatutako lekuan eta egunean.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren izenean.

Bingen Zupiria Gorostid.i

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamenduaren izenean.

Ana Ollo Hualde.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria.

Euskararen Erakunde Publikoaren izenean.

Mathieu Bergé.

Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria.


Azterketa dokumentala