Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2017ko uztailaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3629

AGINDUA, 2017ko uztailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017. urtean, ikus-entzunezkoen arloan proiektuen garapenaren aldeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Aipatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proiektuen garapenerako diru-laguntza berariazko lerro bat ezartzeari egoki irizten dio. Deialdi horren bidez ikus-entzunezko produkzioaren aurreko jarduerak sustatuko dira eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da gidoiaren garapena, ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obren kalitate eta bideragarritasun handiagoa bultzatuz.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2017rako urteko diru-laguntzen plan estrategikoaren barruan dago sartuta, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/2017ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. Artikuluaren 3. Atalean agertzen diren eta notifikazio beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako diru-laguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak.

Beraz, Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea 2017ko ekitaldian zehar zinemarako, telebistarako eta multimediarako proiektuen garapenaren alde diru-laguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea da. Hau joko da «proiektuen garapentzat»: ikus-entzunezko edota multimedia ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua eta 2017 eta 2018 urteetan zehar egingo direnak.

2.– Hautatuak izateko, proiektuek honako generoetako batean sailkatuta egon behar dute eta horien guztizko iraupenak ezingo du adierazten dena baino gutxiago izan.

– Zinema edota telebistarako lanak:

a) Fikziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 50 minutu.

b) Animaziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 50 minutu banakako proiektuetan eta 25 minutu sailetan.

c) Sortze-dokumentalak (banakako proiektuak eta sailak): 50 minutu banakako proiektuetan eta 25 minutu sailetan.

– Multimedia-lanak: eduki artistiko eta kulturaleko proiektuak. Proiektu mota honek ez du gutxieneko iraupenik.

3.– Film laburrak deialdi honetatik kanpo geratuko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira 300.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiagoa ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Produkziorako laguntzak eskuratzeko honako baldintzak bete behar dira: pertsona fisiko edota juridiko pribatu independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea eta laguntza jasoz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.

2.– Hauek joko dira pertsona pribatu independentetzat: ikus-entzunezkoen komunikazio/zabalkunde zerbitzuak ematen dituen entitate baten edo telebista-kanal pribatu baten titular baten eragin menderatzailearen agindupean ez dauden pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta, aldi berean, beraiek eragin menderatzaile hori inongo kasutan erabiltzen ez badute: ez jabetza arrazoiengatik, ez finantza-partaidetzagatik, ez eta, aldez edo moldez, kasuan kasuko administrazio- edo kudeaketa-organoen erabakimena baldintzatzeko ahala edukitzeagatik ere.

3.– Pertsona fisiko edota juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

4.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatutako da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

5.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

7.– Nolanahi ere, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

8.– Halaber, pertsona onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango.

10.– Proiektu bera diru-laguntza agindu honetara gehienez bi deialditan aurkeztu ahal izango da.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den diru-laguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek bide elektronikoak erabili ahal dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero -presentziala edo elektronikoa-, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta 21/2012 Dekretuak, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Eskabideak, halaber, bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dira, Euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez, artikulu honen 4. paragrafoan adierazitako helbideei jarraituz.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak Administrazio-bulegoan eta euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ikusentzunezkoa-garapena/y22-izapide/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskaerarekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa- edonolakoa dela ere ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira kontsultatu ahal izateko, dagokion agirian.

7.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak aukera izango du baimena emateko laguntzak kudeatzen dituen organoari dokumentazioaren zati bat ofizioz eskuratu edo egiaztatu dezan (identitate eta bizilekuari buruzko datuak), bai bide presentziala erabiltzen bada, bai bide telematikoa aukeratzen bada, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

8.– Dena den, diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ez aurkezteko eskubidea izango du eskatzaileak. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena.

9.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.– Identitateari buruzko datuak: eskaera sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.

Administrazio publikoak esleitua dituen egiztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, pertsona edo entitate eskatzaileak, espresuki eman dezake baimena organo kudeatzaileak datu horiek lortu edo egiaztatzeko.

1.2.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Nolanahi ere, eskatzaileak egiaztapena egiteko baimena berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

1.3.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan dagoen inskribaturik azalduz gero, ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpen eta haien zenbatekoa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Proiektuaren argibide-memoria. Bertan jaso behar da garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza.

c) Gidoiaren sinopsia.

d) Gidoia, eta ez badago, gidoiaren trataera (gehienez 35 orri). Telesailen kasuan kapitulu baten gidoi osoa eta gainontzeko kapituluen gidoien sinopsia.

e) Jatorrizko gidoiaren edota lanaren jabego intelektualaren eskubideen ziurtagiria; ziurtagiririk ez bada aurkezten, eskubideak lagatzeko kontratua egiteko baldintzak hitzartuta daudela ziurtatu.

f) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

g) Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzazio plana.

h) Zuzendariaren eta gidoilariaren historial artistiko profesionala.

i) Zuzendariak ez badu inoiz luzerik egin, baina bai aldiz film laburrik, aurretik egindako film labur horien guztien kopia bat.

j) Gidoilariarekin edota zuzendariarekin sinatutako akordioa garapen lanak egiteko.

k) Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako ardurapeko aitorpenak edo intereseko itunak.

l) Produkzio-etxearen azken bost urteotako historial profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

8. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar eguneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Bitarteko elektronikoak erabiltzera behartua dagoen norbaitek bide presentziala erabiliz aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:

2.– Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta falta denean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

– Lau aditu-profesional, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitateekin zerikusia dutenak.

– Batzordeetako idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legalitate formalaz eta materialaz arduratzea.

Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

3.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bitartez EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legearen 3.7 kapituluan xedatutakoa beteko da.

5.– Batzorde horrek ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dio diru-laguntzak emateko proposamena.

6.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei

7.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu-profesionalek ardurapeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, Balorazio-batzordeek aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gora-jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

2.– Ebazteko epea igarota interesatuari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntzari eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost egun balioduneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako lanen hasierako kredituei dagozkien informazio, publizitate, sustapen eta izenburu guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

f) Laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

g) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

h) Laguntza emateko ebazpenaren berri izaten duenetik, onuradunak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 15 artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, beti ere 2018ko abenduaren 31 baino lehenago.

i) Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.

2.– Halaber, onuradunek, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

12. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

Diruz lagunduko diren gastuak honako hauek dira:

– Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.

– Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, kanpoko aholkularitza, itzulpena. Gidoiaren garapenari zuzendua egongo da diru-laguntzaren % 45 gutxienez.

– Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.

– Marketing- eta banaketa-plana garatzea.

– Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak.

– Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.

– Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.

– Garapena kudeatzeko pertsonal gastua (gehienez aurrekontuaren % 15).

– Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak.

– Gastu orokorrak (gehienez % 5).

– Programa diseinatzea (tratamendua), oinarrizko elementu grafikoak sortzea, programak behar bezala funtziona dezan beharrezko materiala programatu eta integratzea, nabigazio-mapa eta demoa egitea (azken hau multimediako proiektuei dagokienez).

13. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek diru-laguntza jasoko dute, ondoko puntuetan ezarritako mugak errespetatuta, puntuazio-hurrenkeraren arabera eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.

2.– Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera.

3.– Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.

4.– Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako kopuruak ezingo ditu jarraian aipatzen diren mugetako bat bera ere gainditu:

a) Hogeita bost mila (25.000,00) euro.

b) Proiektua garatzeko aurrekontuan dauden gastuen % 50 (gastuok ez dute produkzioari dagokion aurrekontu osoaren % 20 gaindituko).

5.– Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da.

6.– Laguntza koprodukzioa egiteko eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez % 20ko partaidetza izan beharko du ikus-entzunezko produkzioan eta, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza ez da produktore eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 50 baino gehiago izango.

7.– Beste laguntza publiko batzuk lortzen badira, laguntza guztien zenbatekoak, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezin du izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 50 baino gehiago.

8.– Produkzio-etxe bakoitzak modalitate honetarako eskabide bat baino gehiago aurkezteko duen aukerari kalterik egin gabe, pertsona onuradun bakoitzeko laguntza bakar bat eman ahal izango da. Hala bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa lortu duten.

14. artikulua.– Balorazio eta hautapen irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10).

– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 10).

– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa).

– Egitura eta garapena.

c) Produktoraren, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 15): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Proiektuaren interesa (% 10), bereziki ekimen artistiko berriak eskaintzeko ematen dituen aukerak eta Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial edo linguistikoarekin, nahiz beste arlo batekoarekin, duen erlazioa baloratuz.

e) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 10).

f) Proiektuaren ibilbidea (% 2), kontuan hartuz emango da ikus-entzunezko proiektuak Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen deialdietan laguntza jaso izana. Ibilbidea kontuan hartzeko, aipatu laguntza amaitua eta deialdi horren araudiaren arabera behar bezala justifikatua egon behar da.

g) Emakumearen parte-hartzea zuzendaritza, gidoilaritza edo ekoizle exekutibo lanetan, eta generoen arteko proiekzio orekatua eta ez estereotipoaren aldeko obraren ekarpena (% 3).

15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:

a) Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.

b) Gainerako % 50, honako agiriak jasotzean eta agindu honetan laguntzaren erabilera eta kopuruen inguruan ezartzen denaren egokitzen dela egiaztatzean. Edonola ere, ordainketa 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da:

– Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.

– Proiektuaren jarduera eta lortutako emaitzen txostena.

– Behin-betiko aurrekontua, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Garapenaren gastuen zerrenda sailkatu bat, BEZik gabe. Zerrendak honako datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Egin diren gastuak behar bezala frogatzea jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.

– Gidoia osorik eta zuzenduta.

– Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua, gutxienez bi urterako, edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua, gutxienez bi urterako.

– Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.

– Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.

– Casting-ak egiteko behin-behineko proposamenak.

– Finantzaketa-plan zehatza.

– Marketing- eta banaketa-plan zehatza.

– Proiektuaren sustapen-materialaren ale bat.

Agiri horiek bide presentziala edo bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira https:// www.euskadi.eus/niregestioak gunean pertsona fisikoak direnean. Pertsona juridikoak direnean bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztu ahalko da aipatutako helbide elektronikaren bidez.

16. artikulua.– Kitapen-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –baina helburua beteta–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako diru-laguntza jasotzea izan badu, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b, c, d, e, f edota g ataletan aurreikusitakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako dirua eta horrek sortutako ikus-entzunezkoen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzak Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan jaso diren zenbatekoak gehitu egin litezke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kulturako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Laguntzak eta diru-laguntzak. Kultura Sailaren kultura-sorkuntza» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen basari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzu Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala