Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3589

AGINDUA, 2017ko ekainaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan 2017an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak (LANHITZ) emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak administrazio publikoen diru-laguntzen erregimen juridiko orokorra arautzen du.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 82/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2 artikuluan (EHAA, apirilaren 21ekoa, 76. zk.): Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Euskararen Aholku Batzordeak, 2012ko uztailaren 18an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean arlo sozio-ekonomikoaren alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du:

Enpresen eguneroko lanean euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da (edo garrantzitsuagoa) bezeroarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera bermatu eta sustatzea, kontsumitzaileek euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzat hartuz. Herri-administrazioek ematen dituzten diru-laguntzetan enpresen jardueren alderdi horrek lehentasuna izan behar du.

Era berean, emakumeek lan-esparruan duten egiturazko desberdintasuna, soldata arraila, sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak, bereizkeria horizontala eta bertikala eta lanaldi partziala, besteak beste, egiaztaturik, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean 3.4 artikuluan xedatzen den moduan. Hau da, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratuko da, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatuko dira.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Era berean, bidera ditzakeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe, 2017ko deialdia egitea erabaki du.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan 2017an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea (LANHITZ).

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Lanhitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 1.650.000 euro dira.

Diru-kopuru hori lehen euskara-planaren diseinua eta 2017ko kudeaketa-plana garatzeko eskabidea egin duten entitate guztien artean banatuko da, Agindu honetako 17. eta 18. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Europar Batasuneko naziotasuna edo helbide soziala edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legeriaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira.

2.– Deialdi honetatik bazter geratuko direnak:

a) Herri administrazio batek edo gehiagok jarritako kapitala denetara entitatearen kapital sozial osoaren erdia baino gehiago duten entitateak.

b) Euskara-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak: euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza-kudeaketaren inguruko aholkularitza, itzulpenak, trebakuntza, besteak beste.

c) EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak eta haien fundazioak.

d) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.

e) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.

f) Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2017an edo 2017rako beste bideren batetik diruz lagundutako jarduerak. Era berean, kanpoan utziko dira 2015ean EUSLAN deialdiaren bidez lagundutako enpresak.

4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betekizunak.

1.– Eskatzaileak berrehun eta berrogeita hamar (250) langile baino gehiago baditu, berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko du, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako denak, bere 45.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– EAEko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan alta emanda izan beharko dute. Betekizun hau ezinbestekoa da baiezko ebazpena izanez gero ordainketak egiteko.

5.– Halaber, eskatzaileari diru-laguntza esleitzeko eta ordaintzeko, onuradunak egunean egon beharko du zerga-zorren ordainketan eta Gizarte Segurantzarekikoan.

6.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda egon behar du.

5. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.

6. artikulua.– Denbora-barrutia eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-deialdi honek 2017an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2017ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita aukera izango du eskaera egiteko. Horretarako azken eguna irailaren 11 izango da.

7. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetzea.

1.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, bere 14.2. artikuluan dioenari jarraituz.

Pertsona fisikoen kasuan aplikatuko zaie BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duen ekainaren 5eko 162/2017 Dekretuak bere 13.1 artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/lanhitz/eu/ helbidean daude eskuragarri

Eskaeraren ondorengo izapideak, honako gunearen bitartez egin beharko dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

8. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztuko dira aipatutako euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

9. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzaileen zenbait betekizunen egiaztapena.

1.– 250 langiletik gorako entitateen kasuan, enpresak Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eskatzen den Berdintasun Plana baduela eta indarrean dagoela ziurtatzen duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Diru-laguntzaren entitate/pertsona eskatzailea zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean dagoela behar bestetan egiaztatuko du automatikoki organo kudeatzaileak eskatzaileari baimenik eskatu gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritakoari jarraituz.

3.– Pertsona fisikoa den eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe. Hauek dira automatikoki kontsulta daitezkeen datuak, betiere eskatzaileek aldez aurretik beren baimena ematen badute: Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren epigrafeen datuak.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide normalizatuan ondorengo betekizunak egiaztatuko dira:

● Administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik jaso edota jasoko duen edo ez.

● Entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez. Halaber, itzulketa-prozedura batetik eratorritako diru-laguntzarik itzultzeko betebeharrik duen ala ez.

● Pertsona edo entitate eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

● Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion Erregistroan izena emanda.

5.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.eus-en dago (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html).

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.

11. artikulua.– Deialdira bil daitezkeen jarduerak.

EAEn lantokiak dituzten pertsona edo entitate pribatuen lehen euskara-planaren diseinua eta urteko kudeaketa-plana edo urteko kudeaketa-plana.

Interesa duen pertsonak edo entitateak lehen euskara-planaren diseinurako laguntza eska dezake lehendik laguntzarik jaso ez badu, ez diseinurako, ez kudeaketa-planerako.

Lehen euskara-planaren diseinua aurkeztuz gero, urteko kudeaketa-plana ere aurkeztu beharko du pertsona edo entitate eskatzaileak. Kudeaketa-plana garatzeko ekintzek 2017ko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan behar dute.

12. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerek bete beharreko gutxienekoak.

1.– Eskatzaileek, Erreferentzia Marko Estandarrari jarraiki (EME aurrerantzean), aplikagarri zaizkien 3. mailako osagai guztien hizkuntza-egoera zehaztu beharko dute eta urteko planerako helburuak (epe labur eta ertainera) ere zehaztu beharko dituzte, Planhitz aplikazio informatikoa modu egokian betez.

EMEri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan aurki daitezke: http://www.euskara.euskadi.eus/r59-14154/eu/contenidos/informacion/planes_euskera/eu_00121/sarrera.html. Planhitz aplikazioari buruzkoen berri izateko, aldiz, honako Agindu honen 15.2 artikulura jo behar da.

2.– Pertsona/entitate eskatzaileek, aipatutako aplikazioaren bidez, EME ereduaren arabera aurkeztuko dute kudeaketa-plana (urteko planaren barruko «Ekintzak» atala behar bezala betez). Plan guztiek EMEren ardatzetatik bi jorratu behar dituzte, gutxienez. Halaber, euskara-koordinatzailea edota euskara-batzordea izan behar dute.

3.– Entitate eskatzailearen aginte exekutibo gorena duen organoak onartu behar du urteko kudeaketa-plana «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioan dagokion erantzukizunpeko adierazpena betez.

13. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Proiektuaren auto-finantzazioa gutxienez % 40koa izatea.

2.– Eskatzaileak bere jarduerak 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu.

3.– Eskatzaileak adierazle-sistema era egokian aurkeztu beharko du: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finkatutako adierazle-sorta («Adierazle-sorta» izeneko formularioa) ahalik eta zehatzen beteta eta datuak beti sexuaren arabera emanda. Egindako neurketaren emaitzak 2016ko azken hiru hilabeteetakoak edo 2017ko hasierakoak izan beharko dira.

14. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.

1.– Eskatzaileak berrehun eta berrogeita hamar (250) langile baino gehiago baditu, 4. artikuluan aipatutako berdintasun-plana aurkeztu beharko du.

Tamaina horretatik beherako erakundeek honako hauek aurkeztu ahalko dituzte, izanez gero: entitatearen berdintasun-plana, kontziliazio-neurriak, lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak edota amatasuna eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak.

2.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, ondorengo hauek egiaztatu beharko ditu:

● Eskatzailearen nortasuna.

● Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela.

● Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela.

Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe.

3.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:

Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

4.– Artikulu honetako 2 eta 3 ataletan aipatutako dokumentazioa EAEko Administrazio Orokorrean aurkeztu izan bada eta eskaera egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.

5.– Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da Eskabide-orrian hau adieraztea.

6.– Laguntza-deialdian parte hartu nahi duen orok agindu honi lotutako «Eskabide-orria» eta «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioak bete beharko ditu. Azken honetan, zein jardueratarako aurkeztu nahi duten zehaztuko dute eskatzaileek (bi jarduerak markatzea posible da, betiere aurreko urteetan xede hauetako baterako ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzarik jaso ez badu eskatzaileak).

15. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueraren ingurukoa.

Entitateak dokumentazioan Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.

1.– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua («Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioa).

2.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prestatutako aplikazio informatikoa era egokian beteta. Erabiltzaile berriek Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute Planhitz aplikazioan (http://www.euskara.euskadi.eus/planhitz) alta emateko. Erabiltzaile-aldaketa guztiak Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio, Lanhitz web gunean (http://www.euskara.euskadi.eus/lanhitz) dagoen alta emateko fitxaren bidez.

3.– Beharrezkotzat joz gero, EMEren 4. ardatza lantzeko egingo dituzten ekintzen inguruko informazio osagarria ere aurkez dezakete eskatzaileek eta aintzat hartuko da planaren balioespenean.

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio batzordea osatzeari dagokionez, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 artikuluan dioena kontuan hartuko da, eta kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du.

2.– 2017ko deialdian onartutako eskabideak baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:

a) Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Estibaliz Alkorta Barragan andrea, Euskara Sustatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

c) Koro Urkizu Miner andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.

d) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Itziar Gallastegi Arregi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.–Balorazio-batzorde honek, agindu honen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio. Behin Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen-proposamenak sinatuta, pertsona eta entitate onuradunei jakinaraziko zaie eta EHAAn argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.

4.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, 40/2015 Legearen 23 eta 24 artikuluetan ezarritako moduan.

17. artikulua.– Diru-laguntza ebazteko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau; hots, onartutako eskabideen arteko konparaketa egingo da eta finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, egitasmo bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.

2.– Egitasmo bakoitzak jasotako puntuazioaren eta araztutako aurrekontuaren arabera, eta kontuan izanik 18.5 artikuluak ezartzen dituen gastuak eta mugak, zehaztuko da proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Emango diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa aurrekontu araztuaren gaineko % 60koa izango da. Halaber, ezingo zaie eskatu baino gehiago esleitu.

Nolanahi ere, hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko diru-laguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.

3.– Egitasmoen balorazioari dagokionez: Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatutako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 17.4 eta 17.5. artikuluetan finkatutako irizpideen arabera. Egitasmoek aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 40 edo gehiago lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko. Lortutako puntuek onartutako gastu-aurrekontu araztuaren estalpen-indizea zehaztuko dute.

4.– Lehen euskara-planaren diseinua baloratzeko irizpideak:

a) Euskara-planaren balioespena, EMEri jarraiki egindako diagnostikoaren, aukeratutako helburuen eta planteatutako aurrerapen-mailaren arabera: 10 (hamar) puntu, gehienez.

b) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

c) Bezeroen zein kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez bermatzeari begira, euskara-planak EMEren 1. eta 2. ardatzetako elementu hauek lantzea: hizkuntza-paisaia, irudi korporatiboa eta harrera, bezeroak, produktua eta zerbitzua. 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

d) Entitatearen jardueran euskara ere lan-hizkuntza gero eta gehiago izatea eraginkortasunez sustatzeari begira, euskara-planak EMEren 3. ardatzeko elementu hauek lantzea: pertsonen kudeaketa, laneko prestakuntza, baliabide informatikoak, komunikazio horizontala eta bertikala eta kudeaketa-sistemak. 20 (hogei) puntu, gehienez.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du. 3 (hiru) puntu.

f) Entitateak berdintasun-plana, edota kontziliazio-neurriak,edota lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak, edota amatasuna eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak edukitzea. 2 (bi) puntu.

g) Entitatearen hizkuntza-kudeaketa: Entitateak hizkuntza bere jardueran integratzeko lantzen dituen barne mekanismo edo irizpideak baloratuko dira, EMEren 4. ardatzean oinarrituta. 10 (hamar) puntu, gehienez.

h) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua, gehienez 5 (bost) puntu.

5.– 2017ko kudeaketa-plana baloratzeko oinarrizko irizpideak:

a) Kudeaketa-planaren balioespena, EMEri jarraiki egindako diagnostikoaren, aukeratutako helburuen eta planteatutako aurrerapen-mailaren arabera: 5 (bost) puntu, gehienez.

b) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 10 (hamar) puntu, gehienez.

c) Bezeroen zein kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez bermatzeari begira, kudeaketa-planak EMEren 1. eta 2. ardatzetako elementu hauek lantzea: hizkuntza-paisaia, irudi korporatiboa eta harrera, bezeroak, produktua eta zerbitzua. 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

d) Entitatearen jardueran euskara ere lan-hizkuntza gero eta gehiago izatea eraginkortasunez sustatzeari begira, kudeaketa-planak EMEren 3. ardatzeko elementu hauek lantzea: pertsonen kudeaketa, laneko prestakuntza, baliabide informatikoak, komunikazio horizontala eta bertikala eta kudeaketa-sistemak. 20 (hogei) puntu, gehienez.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du. 3 (hiru) puntu.

f) Entitateak berdintasun-plana, edota kontziliazio-neurriak, edota lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak, edota amatasuna eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak edukitzea. 2 (bi) puntu.

g) Entitatearen hizkuntza-kudeaketa: Entitateak hizkuntza bere jardueran integratzeko lantzen dituen barne mekanismo edo irizpideak baloratuko dira, EMEren 4. ardatzean oinarrituta. 10 (hamar) puntu, gehienez.

h) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua, gehienez 5 (bost) puntu.

i) Bikain ziurtagiria aurreko deialdietan eskuratuta izatea, gehienez 10 (hamar) puntu. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.

i1) Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.

i2) Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.

i3) Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.

i4) Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.

6.– Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.

1.– Esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edota balorazio-batzordeak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira mila (1.000) euro baino gutxiagokoa balitz.

2.– Edozein modutan ere, 17.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 60ko diru-laguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere.

3.– Halaber, pertsona edo entitate bakoitzak gehienez 35.000 euro jasoko ditu deialdiaren multzo bietara aurkeztuta ere.

4.– Agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion diru-laguntzara arte.

5.– Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:

a) Lehen euskara-planaren diseinua.

b) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Kontuan hartuko den tarifa Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak gaztelaniatik euskarara itzultzeko testu errazetan edo estandarretan aplikatzen duena izango da, 0,0823 euro hitzeko.

c) Batzarretako aldibereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.

d) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 5,21 euro ikasle/orduko.

e) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz.

f) Softwarea. Kontzeptu honetan, gehienez ere, 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Edozein eratara, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat joko balu.

g) Plangintzaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:

1.– Euskara Batzordearen jarduera; hots, euskara batzordekideen lan-bileren orduak.

2.– Euskara-koordinatzailearen dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua.

h) Bestelako gastuetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 20 hartuko da kontuan, betiere, 10.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Bestelako gastuetan ez dira aintzat hartuko ohiko euskalduntze- edo/eta alfabetatze-gastuak.

i) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo bestelako euskararen kalitate-ziurtagiririk eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.

19. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdiaren ebazpena eman aurretik, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiaztatu egingo du eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituztela. Nolanahi ere, egiaztapenaren ondorioz ikusten bada eskatzaileren batek zerga-betebeharren bat ez duela betetzen, eskaera egingo zaio egoera zuzentzeko eta horretarako 10 eguneko epea emango zaio. Hala egin ezean, eskabidea ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari.

2.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

4.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) eguneko epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Esleitutako diru-laguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, diru-laguntza onartutzat ematen den egunean hasi eta bi (2) hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabosta (% 35) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2018ko aurrekontuen kontura egingo da.

22. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.

2.– Diru-laguntza justifikatzeko, gastuak 2017ko urtarrilaren 1a eta 2017ko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.

3.– Diru-laguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2018ko martxoaren 31 izango da.

4.– Justifikatzeko era:

Bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dira, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web gunean sartuta.

23. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Jasotako diru-laguntza justifikatzeko, pertsona edo entitate onuradunak gastuen fakturak eta bestelako justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu. Gastu horiek, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioan finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta, bat etorri beharko dute balantzean azaldutakoarekin. Edozein modutan ere, pertsona/entitate onuradunak gutxienez aurrekontu araztua justifikatzeko/estaltzeko beste justifikazio-agiri aurkeztuko ditu.

2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera ere egin ahal izango da, eskabidea egiterakoan «Entitate eta proiektuaren inguruko beste datu batzuk» izeneko formularioan aukera hori hautatuz gero. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko formularioa):

2.a) Agindu honetako 25. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

2.b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta.

3.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa sinatua, 2017ko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste diru-laguntzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako diru-laguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan.

4.– 2017ko kudeaketa-plana garatzeko diru-laguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte:

a) Lanhitz deialdirako sortutako aplikazio informatikoaren Ekintzak eta Ebaluazioa atalak beteta.

b) Itzuli edo egokitutako testuen ale bana eta jatorrizkoen ale bana euskarri informatikoan eta horren zerrenda («Exceleko formularioa»). Eredu-agiri, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntzako curriculum-materiala ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.

c) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua, sexuaren arabera berezita («Exceleko formularioa»).

Entitateak dokumentazioan Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.

d) Hala dagokionean, Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan, besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak (sexuaren arabera berezita), iraupena, jorratutako gaiak.

e) «Bestelako gastuak» kontzeptupean burututako ekintzen zerrenda («Exceleko formularioa»).

5.– Diru-laguntza jaso duten pertsonek edo entitateek % 100ean justifikatu behar dute 17.2 artikuluan jasotako aurrekontu araztua.

6.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak berak egoki iritzitako laginketa-teknikak aplikatuko ditu frogagiriok egiaztatzerakoan, diru-laguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuzko ebidentziak lortu ahal izateko. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

7.– Justifikazio garaian, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, agindu honetako 24. eta 26. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio zuzenean.

24. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da.

2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetakoren bat emanez gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan (1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak onartua) edo Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak esandakoaren arabera egingo da.

25. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute urtean bertan.

c) Eusko Jaurlaritzak deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmoren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izango du, eta horretarako egokien irizten dituen neurriak hartuko ditu. Diru-laguntzaren onuradunak behar beste erraztasun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, honek jarraipen hori egin ahal izan dezan.

d) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

e) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta duen pertsona bat izendatuko dute.

f) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

g) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

h) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

j) Diru-laguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako agindu honen 25. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Diru-laguntzen araudiaren beste xedapen batean nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinarazten dizu deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira.

Horrekin lotuta, 2015eko abenduaren 22an, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen duen 2015eko abenduaren 2ko Agindua argitaratu zen, hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arlokoak, hain zuzen ere. Agindu horren I. eranskinean, fitxategiak sortzea izenekoan jasotzen da «Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko izaera pertsonaleko datuen fitxategia sortu dela.

Fitxategi honen helburua euskara sustatzeko laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileen erregistroa kudeatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da. 2/2004 Legeak ezarritakoari jarraituz, sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Deialdi honetan parte hartu duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak alderatzeko eta aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko (dela Administrazio honetan, dela beste Administrazio Publiko batean), deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Laguntza programa hau Europako Batzordeak zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala