Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3588

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 4koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Merkataritzako bulego teknikoetarako laguntzak emateko deialdia 2017ko ekitaldirako.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko urriaren 20ko Aginduan daude ezarrita eta araututa Merkataritzako bulego teknikoetarako laguntzak –EAEko Administrazio Orokorrak ematekoak– (2010eko urriaren 25eko EHAA, 205. zk.). Agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren beste zenbait aginduren bidez aldatu da partez: 2014ko ekainaren 26koa (2014ko uztailaren 11ko EHAA, 131. zk.), 2015eko uztailaren 28koa (2015eko abuztuaren 12ko EHAA, 151. zk.), eta 2016ko uztailaren 1ekoa.

Aipatutako agindu arautzailearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia egin behar da araututako diru-laguntzak emateko, 2017ko ekitaldirako, eta, horretarako, behar diren arauak eman.

Horiek horrela, aipatutako aginduan ezarritako eskumenen indarrez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da 2017ko ekitaldirako deialdia egitea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko urriaren 20ko Aginduan Merkataritzako bulego-teknikoetarako aurreikusitako laguntzak emateko.

2. artikulua.– Bulego-kopurua.

Gehien jota, Merkataritzako 38 bulego teknikok jasoko dute laguntza, honelaxe banatuta:

– Agindu arautzailearen I. eranskinean ezarritako eremuetariko bakoitzari bulego 1 dagokio, 4., 5. eta 15. eremuei izan ezik; izan ere, azken eremu horietariko bakoitzari 2 bulego dagozkio, eta, 26. eta 27. eremuetariko bakoitzari 3 bulego.

3. artikulua.– Aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa.

Helburu hori betetzeko, 1.463.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera.

Zenbateko hori aldatu ahalko da, betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusi ondoren, eta, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada.

4. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Euskadi.net/comercio egoitza elektronikoaren bidez bakarrik eskuratu eta bete ahal izango da eskabidea. Eskabide-eredua egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko jarduteko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala Administrazioak eska litzakeen guztiak ere aurkeztu beharko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2017ko irailaren 20ko 12:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 4a.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,

ISABEL MUELA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala