Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3582

AGINDUA, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuarena, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarriak onartzeko dena.

Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari buruzko Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez, Nekazaritzako Europako Berme Funtsa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa sortu ziren, hurrenez hurren, merkatuko neurriak eta beste neurri batzuk finantzatzeko eta landa-garapenerako programak finantzatzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamendua landa-garapenari Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez laguntzeari buruzkoa da eta erregelamendu horren bidez Kontseiluaren 1698/2005 Erregelamendua indargabetzen da. Europar Batasunak landa-garapenerako ematen dituen laguntzak –Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatuta– arautzen dituzten arau orokorrak ezartzen ditu erregelamendu horrek. Funts hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduaren bidez ezarri zen. Erregelamendu horrek erregelamendu hauek indargabetu ditu: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE). Erregelamendu honek arautzen du zer helburu lortzen lagundu behar duen landa-garapenerako politikak eta zein diren Europar Batasunaren lehentasunak landa-garapenaren alorrean. Landa-garapenerako politikaren testuinguru estrategikoa taxutzen du; eta landa-garapenerako politika aplikatzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 Landa Garapenerako Programa prestatu da, zeina Europako Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C(2015) 3479 Erabakiaren bidez onartu baitzen. Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak martxan jartzea da programa horren helburua.

Halaber, 2017ko otsailaren 17an argitaratu da otsailaren 14ko 43/2017 Dekretua, EAEko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen duena, zeinaren xedea baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan landa-garapenerako laguntzen esparru-araudia ezartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin eta 2015-2020ko aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programarekin bat etorriz.

2014 eta 2020 artean, Europako Itsas eta Arrantza Funtsa arautzeko eta Kontseiluaren 2328/2003 (EE), 861/2006 (EE), 1198/2006 (EE) eta 791/2007 (EE) erregelamenduak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1255/2011 (EB) Erregelamendua indargabetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduak eratzen du arrantzako eta akuikulturako produktuentzako laguntzen Erkidegoko erreferentziako arauzko esparrua. Arrantza Politika Erkidearen 2013ko erreformarekin bat finkatutako helburuak lortzeko finantza-tresna da aipatutako erregelamendua.

Haren bidez, Europako Arrantza Funtsa Europako Itsas eta Arrantza Funtsa bihurtu zen. Bada, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren helburua Arrantza Politika Erkidearen, Itsas Politika Bateratuaren eta Europa 2020 estrategiaren helburuak lortzen laguntzea da. Eta, horretarako, aipatutako erregelamenduko zioen azalpenak dioenez, honako hau du lehentasuntzat: arrantza- eta akuikultura-sektoreak ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak, baliabideen erabileraren ikuspegitik eraginkorrak, berritzaileak eta lehiakorrak izan daitezen bultzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Espainiako arrantza-sektorerako 2014/20 Arrantzarako Europako Funtsaren Programa Eragileak dagokio, Europako Batzordearen Egikaritze Erabakiaren bidez (CCI 2014ES14MFOP001).

Bestalde, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduak xedatzen dute zer baldintza eta eskakizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagundu ditzaten (Estatuek ematen dituzten laguntza izan daitezen) eta Europar Batasunak baimendu behar izan ez ditzan. Hau da, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez diote Europar Batasunaren baimena lortzeko Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar; hala, nahikoa da jakinarazpena egitea kasu bakoitzerako aurreikusitako epeetan.

Zehazki, agindu honetan laguntza hauen deialdia egiten da:

● Laguntzak nekazaritza-produktuak eraldatu, merkaturatu edo garatzeko inbertsioei eta laguntzak basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko; 2017ko otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan (2015-2020ko aldiko Euskadiko Landa Garapenerako Programan aurreikusitako laguntzen araudi-esparrua ezartzen du) ezarritakora biltzen diren laguntzak dira.

● Laguntzak arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko, eta 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 Erregelamenduaren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren barruko 2014-2020ko aldirako Espainiako Arrantza Sektorerako Programa Eragilearen barruan daude.

● Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrietan bestelako inbertsioak egiteko laguntzak, baldin eta aurreko ataletan ez badira sartzen.

Landa-garapenerako politikaren arabera, Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak bateragarriak dira. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia egon dadin bi politiken artean eta Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluek lehiakortasunaren alorrean xedatzen dituzten arauak hertsiki bete daitezen.

2017. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen 2017ko apirilaren 11ko 2/2017 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onesten duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean, eta diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

Gobernuari buruzko 1981eko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraiki, 26.4. artikuluaren arabera, Gobernuko kide gisa dagozkien eskumenak betetzeari kalterik egin gabe, kontseilariek beren Sailari dagozkion esparruetako ebazpenak eta administrazio-xedapen orokorrak emateko betebeharra izango baitute, besteak beste.

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarriak onartzea –agindu honen I. eranskinak dakartza–.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala