Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
3579

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 26koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Intendente, Komisario eta Komisariorde kategorietako lanpostuak izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozeduraren (C140) eta Ertzaintzako Intendenteburu, Intendente, Komisario eta Komisariorde kategorietako lanpostuen zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren (C141) deialdia egiten baita.

Segurtasuneko sailburuaren 2017ko martxoaren 30eko Aginduaren bidez onartutako Ertzaintzako lanpostuen zerrenda ikusita (EHAA, 69. zk., apirilaren 7koa), eskala goren eta exekutiboko aginte-funtzioei dagozkien lanpostuak direla-eta, zeinak izendapen askez betetzen baitira, beharrezkoa da hutsik dauden lanpostuak behin betiko betetzea.

Hala ere, kontuan hartu behar da orain arte ez dela erabat garatu Ertzaintzaren egitura, eta ez dagoela lanpostuen zerrendan eskatzen den kategoria-betekizuna betetzen duen langile nahikorik; horrela, bada, lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura bukatu ondoren, segurtasun publikoaren zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko operatibitatea eskatzen duenez, beharrezkoa izango da goragoko kategoriako funtzioak esleitzea, kategoriako betekizuna bete ez arren, eskatzen den eskala bereko edo beheragoko hurrengoan dauden langileei (Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakiak), berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideekin bat etorriz eta prozedura publiko baten bidez, Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudiaren 25. eta 26. artikuluen arabera.

Lanpostuak legez ezarritako sistemaren bidez ahalik eta lasterren betetzeko beharrizana kontuan hartuta, zerbitzu publikoari behar bezalako arreta eskaintzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan eta efizientzia printzipioak kontuan hartuta, komenigarria da lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren deialdia batera egitea, organizazioan behar den kategoriadun karrerako behar besteko funtzionario ez egotearren hutsik geratu diren lanpostuei dagokienez.

Indarrean dagoen lanpostuen zerrendan, deialdi honetako lanpostuetarako, aintzat hartuta zuzendaritzakoak eta erantzukizun berezikoak direla, izendapen askez betetzeko direla ezarri da, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zeinen araubide juridikoa Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 17.etik 22.era bitarteko artikuluetan aurreikusten baita; beraz, lanpostuak behin betiko esleitzeko, aldez aurretik egokitasun-txostena behar da, proposamena arrazoitzeko, merezimendu- eta gaitasun-printzipioek eskatuta eta Espainiako Konstituzioaren 9.3, 23 eta 103.3 artikuluetan agindutakoak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaien arabera, besteak beste.

Prozeduran aurkeztuko den hautagai-kopurua eta eskainitako lanpostuak kontuak izanda, komenigarritzat jotzen da ahalik eta gehien luzatzea egokitasun-txostenak emateko epeak eta hura bukatzeko ebazpena ematea, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. eta 20. artikuluekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin lotuta.

Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuko 14.2.d) artikuluak Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenen babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako egiturako lanpostuak izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozedura, eta ondorengo zerbitzu-eginkizunen esleipena, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– 1.– Deialdi honetan behin betiko betetzeko diren lanpostuak 2. eranskinean zerrendatutakoak dira.

2.– Ebazpen honen 2. eranskinean azaltzen da bete beharreko dotazio-kopurua.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan emandako egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hartara eragotzi gabe hurrengo zenbakian eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoa.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenen eta zerbitzu-eginkizunen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko dira inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak kontatzen.

Laugarrena.– 1.– Prozeduraren kudeaketan, lehiakideak beren zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategian egingo da. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari (fitxategiaren ardura duen administrazio-organoa, haren mendeko administrazio-zerbitzuak, Larrauri Mendotxe bidea 18, 48950 – Erandio, Bizkaia).

2.– Prozedura honen ondorioz ateratzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautaketa-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta ebazpenaren eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 26a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

1. ERANSKINA.
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Behin betiko betetzeko prozeduran parte hartzeko betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuak bete ahal izateko lanpostuen zerrendan eskatzen eta xedatzen diren baldintza orokorrak eta betekizunak (2. eranskinean zehazten direnak) biltzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak eta familiakoak zaintzeko eszedentzian edo Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan jasotako eszedentzian badaude. Jarduneko zerbitzuko egoerara aipatutako Legearen 89.2 artikuluan jasotako moduan bueltatzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Halaber, jarduneko zerbitzura deialdi honetan jasotako prozeduraren bidez bueltatuz gero, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute: derrigorrezko eszedentziako egoeran dauden edo bestelako Administrazio Publikoetan zerbitzu ematen duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoa betez birgaitutako pertsonek, baita sei hilabete baino gehiago zigortuta egon direnek ere, eta borondatezko eszedentzian dauden gainerakoek, betiere halako egoeretarako xedatutako egonaldi-epea bete baldin badute.

3.– Ebazpen hau ematen den egunean lanpostu batean behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, deialdiko lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute, eta izendapen askearen bidez betetzeko diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera bete ahal badituzte. Hori egin ezean, derrigorrez atxikiko dira horietako edozein lanpostutara.

4.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Arautegiaren 15. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketarekin zigortu direnak.

c) Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian daudenak, baldin eta egoera horretan ez badute indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko epea eman.

Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen prozeduran parte hartzeko betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute jarduneko zerbitzuan dauden eta Ertzaintzako eskala goreneko, eskala exekutiboko eta ikuskapen-eskalako kategorietakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostuen zerrendan ezarritako gainontzeko betekizunak eta baldintza orokorrak betetzen badituzte.

Hirugarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Hautaketa-prozedura hauetan parte hartu nahi dutenek epearen barruan aurkeztu beharko dute eskaera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da prozedura hauetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea, eta 2017ko abuztuaren 16an bukatuko da.

2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera eskaera-eredu normalizatua erabilita egingo da. Eskaera hori ebazpen honen 3. eranskinean dator, eta behin betiko edo zerbitzu-eginkizunetan eskatutako lanpostuak zehaztuko dira bertan; lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, horien lehentasun-hurrenkera zehaztu beharko da.

3.– Eskaerak aurkezteko aldia igarotakoan, egindako eskariak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Parte hartzeko betekizunak betetzen diren eta, hala badagokio, deialdiko beste zehaztapen batzuen balorazioa, ofizioz egiaztatuko dira eskabideak aurkezteko epearen azken eguna kontuan hartuta, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuak baliatuta.

Laugarrena.– Izendapen askez lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura.

1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoen funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapena egiteko beharrezkoa izango da hornitu beharreko lanpostua atxikita daukan organoaren edo administrazio unitatearen titularraren txostena izatea aldez aurretik. Txosten horretan, prozeduran onartuen egokitasun-proposamena egingo da, edo deialdia hutsik geratzea proposatuko da.

2.– Egokitasun-txostena ematean honako hauek hartuko dira kontuan gutxienez: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzen dituen, bete nahi den lanpostuaren betekizunak betetzen dituen, goragoko kategorietara izandako igoeren eta betetako lanpostuen historiala, azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

3.– Egokitasun-txostenak emateko ezarri den epea (Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. artikuluan zehaztu dira txosten horiek) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritako eran luzatuko da.

Bosgarrena.– Behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko beteko diren lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, eta prozedura honetan ezarritakoaren arabera erakutsiko da jendaurrean.

2.– Izendapenaren ebazpena arrazoitzeko orduan, aukeratutako hautagaiak deialdiko betekizunak eta gainontzeko zehaztasunak betetzen dituela aipatuko da, bai eta izendapena egiteko eskumena ere; dena dela, hartutako ebazpenaren funtsezko oinarria izango da prozedura behar bezala bideratzea.

3.– Behin betiko atxikipenek zein egunetatik aurrera izango dituzten ondorioak Segurtasuneko sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez zehaztuko da.

4.– Behin betiko esleipenak borondatezkoak izango dira, eta ez dute kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortuko lantokia aldatzeagatik.

Seigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetako lanpostutik kentzea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko diren lanpostuak behin betiko atxikipenez esleitu zaizkien funtzionarioak haietatik kendu ahal izango dira nahierara Euskal Herriko Poliziaren Legearen 70.6 artikuluan ezarritako eran.

2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langilea, behin-behinean, lanpostutik kendu eta hurrengo egunetik aurrerako ondorioekin, dagokion eskalako eta kategoriako beste lanpostu huts batera atxikiko da, herri berean. Ez badago, kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batera atxikiko da, hartara eragotzi gabe abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24.5 artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia onartzen baitu.

Zazpigarrena.– Zerbitzu-eginkizunak esleitzea.

1.– Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz, zerbitzu-eginkizunetan bete ahalko dira norberaren kategoriari ez dagozkion lanpostuak edo zereginak, baldin eta lanpostu edo zeregin horiek interesdunaren eskala berekoak edo horren gainetik hurrengo dagoen eskalakoak badira.

2.– Deialdi honetako lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebatzi ondoren, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira, egindako eskaerak kontuan hartuta eta bete beharreko lanpostua atxikita daukan organoaren edo administrazio unitatearen titularraren txostena izan ondoren. Txosten horretan hautagaien egokitasun-proposamena egingo da edo deialdia hutsik geratzea proposatuko da.

3.– Aurreko puntuan adierazitako txostenak deialdia egiten duen organoak eskatuta emango dira, eta hark eskatutako epean, betiere deialdi hau ebazteko epe orokorraren barruan.

4.– Egokitasun-txostena ematean honako hauek hartuko dira kontuan gutxienez: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzen dituen, goragoko kategorietara izandako igoeren eta betetako lanpostuen historiala, azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

5.– Zerbitzu-eginkizuna esleitzen zaion funtzionarioari gorde egingo zaio behin betiko atxikita daukan lanpostua.

6.– Zerbitzu-eginkizunen esleipendunek dagokien kategoriako ordainsariak jasoko dituzte, eta betetako lanpostuaren ordainsari osagarriak.

7.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira, eta esleitzean ez da zerbitzuagatik kalte-ordainik sortuko lanpostua aldatzeagatik.

8.– Zerbitzu-eginkizunak nahierara ezeztatu ahal izango ditu horiek ematen dituen organoak berak, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 72.6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Zortzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

1.– Deialdi hau ebazteko epea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz zabalduko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bederatzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honetako xede diren behin betiko betetzeko eta zerbitzu-eginkizunen bidez betetzeko destinoez jabetzea deialdi hori ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da, eta ez du ez baimenik ez lizentziarik sortuko.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala