Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2017ko ekainaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3275

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita honako plan honetarako: Vitoria-Gasteizko «Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko sektoreko 15. plan partzialaren bosgarren aldaketa puntuala.

AURREKARIAK

2017ko urtarrilaren 24an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskatu zuen has zedila izapidetzen «Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko sektoreko 15. plan partzialaren bosgarren aldaketa puntualari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko otsailaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Ingurune Natural eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza eta Arabako Foru Aldundiaren Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia. Ekologistak Martxan elkarteari jakinarazpena egin zaio 2017ko apirilaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jarritako iragarkiaren bidez eta 2017ko apirilaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofizialean jarritako iragarkiaren bidez. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurune Natural eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren txostena jaso dira (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak jasotzen du, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien planen aldaketa txikiei ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaiela –horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua– V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta «Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko sektoreko 15. plan partzialaren bosgarren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– «Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko sektoreko 15. plan partzialaren bosgarren aldaketa puntualerako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea jarraian dauden baldintzetan:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketa honen helburua da Sektoreko E4 Kokagunerako ezarritako erabilera-araubidea aldatzea. Erabilera horiek eraikinaren erabilerarekin bateragarriak izango dira (kasu honetan erabilera kirol-ekipamenduarena da) eta ez da beste hirigintza-parametrorik aldatuko.

Kirol-ekipamenduaren erabilera nagusia mantendu nahi da, baina ekipamendu hau beste erabilera batzuekin bateragarri bihurtu nahi da, zehazki, hezkuntza, osasun, kultura eta ikuskizunetarako erabilerekin, erabiltzaileei eta bezeroei eskaintza eta zerbitzua hobetuz, hiriko gainerako zentro zibikoetan bezala.

Plan Partzialeko hirigintza-arauetako puntu honetako: «5.7.2.4 Kokapenaren fitxa irabazizko aprotxamenduarekin, E4» erabileren araubidea besterik ez du aldatuko aldaketa honek. Indarrean dagoen araudiko gainerako puntuei eta Plan Partziala osatzen duten dokumentuei ez die eragingo aldaketa honek.

Aipatutako atalak testua letra lodiz jarriko luke eta honela geldituko litzateke:

«ERABILERA-ARAUBIDEA

Erabilera bateragarriak izango dira Vitoria-Gasteizko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorreko 3. sekzioan dauden erabileren, erabilera tertziarioa, arau partikularretan zehaztutako guztiak.

Eraikin berdinaren barnean, erabilera nagusia kirol-ekipamenduarena denean, erabilera bateragarriak izango dira hezkuntza, osasuna, kultura eta ikuskizunetarako erabilerak.

Gainerako erabilerak debekatu egiten dira».

E4 kokapen tertziario/komertziala (Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko 15. sektorekoa) Vitoria-Gasteizko ipar-ekialdean dago, Salburuko hezeguneen eta Buesa Arena pabiloiaren artean.

Kokagune honek 38.290,40 m˛-ko hedadura du eta gaur egun urbanizatuta eta eraikia dago. Bertan, Baskoniaren kirol-hiria dago, BAKH. Bertan dagoen eraikinaren azalera eraikiak guztira 12.826 m2 ditu eta partzelan 9.061 m2 hartzen ditu. Kirolerako erabiltzen da nagusiki dagoen eraikina, nahiz eta, halaber, bestelako erabilera tertziarioak dauden, esaterako, otordu-zerbitzuak. Ibilgailuak iparraldean dagoen bide batetik sartzen dira kokagunera.

B.– Plana aldatzeko ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer-nolako esparrua ezartzen duen proiektuentzat eta beste jarduera batzuentzat: proposatutako aldaketak ez du eskatzen beste plan eta proiektuetan ondoren garatzerik eta ez du ezartzen esparrurik etorkizuneko proiektu eta jardueretarako.

b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: Plan Partzialaren aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.

c) Planaren pertinentzia, zehazki, garapen jasangarria sustatzeko xederako ingurumen-kontsiderazioak integra daitezen: planteatutako erabilera berriei dagokienez, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan efizientzia energetiko, baliabideen kontsumo eta hondakinen kudeaketari buruzko hainbat neurri ezartzen dira.

d) Planarekin edo programarekin erlazionatutako ingurumen-arazo nabarmenak: kontuan izanik aldaketa honekin onartu nahi diren erabilera osagarri berriak (hezkuntza, osasun, kultura eta ikuskizunetarako ekipamendua) gaur egun existitzen den eraikin itxi baten barnean egingo direla, soilik espero daiteke habitataren kalitatea murriztuko dela, eremu horretan izango den balizko ibilgailu-ugaritzeak sortuta (zarata, emisioak, etab. areagotuko dira).

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak.

Salburuko 15. zenbakiko E-4 kokaguneak mugakide du hegoaldean Salburua Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (BBE); hala, babesgune periferikoak eragiten dio. Natura 2000 Sareko gune honen kudeaketa-planaren arabera, gune periferikoaren xedea da hezegunetik hurbilen dagoen ingurunetik etor daitezkeen afekzio negatiboak eta baliabide hidrikoaren kantitate- eta kalitate-alterazioak prebenitzea, bere mende dauden habitat, espezie eta prozesu ekologikoen kontserbazioa berma dadin. Babestu beharreko Gune Periferikoan Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6.3 artikuluaren araubide prebentiboa aplikatuko da.

Gainera, Salburua nazioartean garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan dago eta Euskadiko Hezeguneen LPSren II. taldekoa da (antolamendu xehatua egiten da). Era berean, Salburua Interes Bereziko Gunea da bisoi europarrarentzat eta bertako erreken sarea Interes Bereziko Gunea da uhalde-enararentzat.

Aurrez aipatutakoaren arabera, proposatutako aldaketak soilik baimenduko ditu kirol-ekipamenduarekiko osagarriak diren bestelako erabilerak, partzela urbanizatu batean gaur egun dagoen eraikin baten barnean. Eraikin horrek zerbitzuak ditu eta partzelan ez da egin behar ez beste eraikitze-obrarik ezta birmoldatze-obrarik ere.

Ez dira aldatuko eremuko ezaugarri fisikoak; beraz, ez da espero afekziorik sortzea ingurune hidrikoan, floran, ezta zuzeneko afekziorik egitea ere habitatetan eta espezieetan.

Bestalde, espero diren erabilera berriak eraikin itxiaren barnean egingo dira; beraz, ez da espero kanpoan zarata asko areagotuko denik eta, hortaz, faunarako (bisoi europarra, abifauna. etab.) habitataren kalitatea murriztuko denik, erabileren araubidea gehitzeak zuzenean sor baititzake.

Edozein kasutan, kokagune honetara erabiltzaile gehiago joatea espero daiteke. Eraikinaren iparraldeko aldetik sartzen da bertara, aparkalekuak ere iparraldean daude, hau da, babestutako eremutik urrutien dagoen gunean (KBEren mugatik 232 m ingurura). Gainera, espero daiteke eraikinek sortuko den zaratari pantaila-efektua egitea. Horregatik guztiagatik, ez dirudi eraikin honetara jende gehiago joateak eta bertara ibilgailu bidez gerturatzeak faunan molestia nabarmenak eta habitataren kalitatearen degradazioa sor ditzakeenik, zarata areagotzearen eta emisio atmosferikoen ondorioz.

Aurreko guztia kontuan izanda, ez da espero azterketa honen xede den aldaketak afekzio nabarmenik sortuko duenik Salburua KBE / BBEko habitatetan eta espezieetan. Ramsar hezeguneari dagokionez, bere mugaketa KBE / BBE baino are eta urrunago dago eraikinetik eta bere sarbideetatik; hortaz, ez da espero afekzio nabarmenik izango denik bertan.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela izango ondorio nabarmenik «Hedapena, ekialdea-3, Salburuko parkea» izeneko sektoreko 15. plan partzialaren bosgarren aldaketa puntualaren ingurumenean, betiere proposatutako erabilera bateragarrien araubidea eraikinaren barnean aplikatzen bada soilik; beraz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala