Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2017ko ekainaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3213

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 7koa, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko idazkariarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatzeko prozesuaren ondorioz Donostiako ataleko titulazioko dekanordeari zenbait administrazio-egintzatarako eskumenak eskuordetzeko dena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 27an egindako bileran, UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko proposamena onartu zuen.

Bigarrena.– 2015eko uztailaren 3an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako aginduaren bidez (2015eko uztailaren 9ko EHAA), Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzea onartu zen. Aginduan bertan zehaztutakoaren arabera, berrantolaketa eta ikastegi berriak indarrean sartuko dira unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartutako Ikastegien Oinarrizko Arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Hirugarrena.– 2016ko urtarrilaren 4an argitaratu zen Ikastegien Oinarrizko Arautegia EHAAn, eta, beraz, berrantolaketa eta uztailaren 3ko aginduaren eranskinean jasotako ikastegi berriak 2016ko urtarrilaren 5ean sartu ziren indarrean.

Laugarrena.– UPV/EHUren Estatutuetako 207. artikuluak dioenez, idazkari akademikoak ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta gertakari guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak. Bestalde, Ikastegien Oinarrizko Arautegiak 7. artikuluan, bat etorrita UPV/EHUko Estatutuetako 131. artikuluarekin, xedatzen du ikastegiko atalak sortu ahal izango direla irakaslanaren antolaketak hala eskatzen duenean. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko kasuan, Donostiako campusean atal bat dago, eta, Bizkaiko Campusean, egoitza.

Bosgarrena.– Zerbitzuak ahalik eta ondoen ematen jarraitu ahal izateko, beharrezkoa da Bizkaiko zentroko idazkari akademikoak zentro horri atxikita dagoen Donostiako ataleko titulazioko dekanordeari eskuordetzea dokumentu eta ziurtagiri batzuk egiteko eskumena.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 9. artikuluan jasotzen du administrazio organoek beste organo batzuei eskuordetu diezazkieketela beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan (...).

40/2015 Legearen 9. artikuluak 3. puntuan jasotzen duenez, eskuordetutako eskumenak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira, eta hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria da. Bestalde, artikulu bereko 4. puntuak xedatzen du administrazio erabakiak eskumenez ematen direnean espresuki adierazi behar dela hala eman direla, eta eskumenak eskuordetu dituen organoak emandakotzat joko direla

Aipatutakoagatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskuordetzea Donostiako ataleko titulazioko dekanordeari idazkari akademikoaren eskumena, dokumentu eta ziurtagiri hauek egiteko:

I.– Ikasleen kasuan, espediente akademikoari eta egoitzan ematen den titulazioari dagozkionak.

II.– Irakasle eta ikertzaileen kasuan, egoitzan egiten den jarduerari eta egoitzari atxikitako langileei buruzko txostenei dagozkien ziurtagiriak, idazkari akademikoak egin beharrekoak direnean.

Eskumenak eskuordetzeko erabaki honen babesean dekanordeak igorriko dituen dokumentuetan eskumenak eskuordetu egin direla adierazi beharko da.

Bigarrena.– Ebazpen honen berri ematea eraginpeko atalari eta egoitzari, bai eta UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari ere.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Ebazpena aipatutako aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2017ko ekainaren 7a.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko idazkaria,

ISABEL LÓPEZ ABADÍA.


Azterketa dokumentala