Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2017ko ekainaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3209

AGINDUA, 2017ko ekainaren 7koa, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta horiek emateko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako, informazio geografikoa hobetu eta udal mapak egin eta zabal ditzaten.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emateko diru-laguntzak arautzea, indarra egin dezaten udal informazio geografikoaren kalitatea hobetzeko, eta, horretarako, denon intereseko datuak jaso, digitalizatu eta webgunean argitara ditzaten; nahiz eta gerora paperean mapa inprimatu, udalen aukera izango baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean jasotakoaren arabera, lurralde-informazio geografikoa da, besteak beste, lurraldea ordenatzeko programaren helburuetariko bat, eta, hori lortzeko, udalei emateko diru-laguntzetarako aurrekontu-partida bat dago aurreikusita, hain zuzen ere, «udalen informazio geografikoa» deritzon esparru-programaren barruan, udal informazio geografikoa lortu eta kalitatea hobetzeko diru-laguntzetarako. Laguntza-lerro honen bidez, jarraipena eman nahi zaio 2014an Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak hasitako programari, udal datuak geoatari batera migratzeko kanalak eratzeko, eta udalek gobernuaren webguneak ematen dituen datu geografikoak erabiltzeko aukera izan dezaten.

Bestetik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, 2016ko abenduaren 22an, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuak agindu bat eman zuen sailaren 2016ko ekitaldiko diru-laguntzen plan estrategikoa 2017ra luzatzeko, eta bertan dago sartuta laguntza-lerro hau.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak du eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan informazio geografikoaren ekoizpena koordinatzeko, datu geografiko bateratuak eta kalitatekoak edukitzeko, gaur egungo nahiz etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta Europar Batasuneko informazio espazialaren (INSPIRE) azpiegituraren inguruko Europako araudian xedatutakoa betetzen dela zaintzeko. Horretaz gain, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak; hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udaletarako diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta horiek emateko deialdia egitea, bai udal mugartearen mapa digitala egiteak eragindako gastuetarako, bai, aukerakoa den arren, paperean inprimatzeak eragindakoetarako horretarako, mapa topografikoan jarri ohi diren elementu guztiak bildu, berrikusi eta aurkitu behar dira, eta, nahitaez, hauek agertu behar dute: toponimia, kale-izendegia, eta interes publikoko zerbitzuak, instalazioak eta hiri-elementuak.

Informazio hori udalaren webgunean argitaratu behar da, bertako mapa-bisorea erabilita, edo, bestela, udalak halakorik ez badu, www.geo.euskadi.eus atariko mapa-bisorea baliatuta; Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak du atari horren ardura, eta udalen webgunean txertatu ahal izateko moduan dago eginda.

Gutxieneko eskakizun teknikoetan dago adierazita zein diren bildu beharreko elementuak, formatuak eta eskakizunak diru-laguntza jasotzeko moduko mapak egiteko (agindu honen eranskinean).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

200.100 euro jarri dira, 2017ko ekitaldi honetarako diru-laguntza hauek finantzatzeko, 17.0.1.05.12.0000.4.722.01.43130.002/J aurrekontu-partidaren kargura.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago araututa: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo egoitza elektroniko honetara (URL): https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/mapak-diru-laguntzak-2017/y22-izapide/eu

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektroniko bidez egin nahi badira, Nire kudeaketak atalaren bidez egingo dira (URL): http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan zehazturik dauden baldintzak, eskakizunak eta prozedurak betez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak izan daitezke diru-laguntza honen entitate onuradunak.

2.– Ezin dira onuradun izan lehengo hiru ekitaldietariko edozeinetan (2014an, 2015ean edo 2016an) diru-laguntza jaso duten entitate onuradunak, ez badiote berariaz uko egin.

5. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Entitate eta enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo diru-laguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da 38/2003 Legearen 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrari dagokio agindu honetan aurreikusitako prozedurak kudeatzea, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: tokia eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1016603&tipoPresentacion=1&language=eu)

3.– Eskaeran, berariaz aipatuko da lana paperean inprimatuko den ala ez.

4.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

5.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean, akatsen bat edo zehaztasun-eza atzemanez gero, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik, behar den ebazpena emango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Akatsen zuzenketak elektronikoki jakinaraziko dira. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoen «Nire kudeaketak» atalera jo behar da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak bera jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean, ez bada edukian sartu, jakinarazpena ukatutzat hartuko da eta izapidea egindakotzat joko; beraz, prozeduran aurrera egingo da baldin eta, ofizioz edo jasotzaileak eskatuta, egiaztatzen bada ezinezkoa izan dela teknikoki edo materialki sartu.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Nolanahi ere, abisu horiek ez dituzte izango benetan egindako jakinarazpenen ondorioak.

9. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Deialdi honen babespean ematen diren diru-laguntzen kargura finantzatu ahal izango dira diruz lagundutako mapa digitala egiteko zerbitzu-sariei dagozkien gastuak, barnean hartuta behar den informazio geografikoa biltzeko eta berrikusteko lanak eta udal webguneko mapa-bisorean zabaltzekoak. Ondorengo apartatuan adierazitakoa aplikatzeko orduan, emandako diru-laguntzak barnean hartu baditu, paperean gauzatzeko gastuak ez ezik, inprimatzeko lanei dagozkien gastuak ere, horretarako, entitate onuradunek diru-laguntzako lan guztiak kontratatu ahal izango dituzte.

Diruz laguntzeko moduko datu guztiei aplikatuko zaie Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua.

2.– Honako formula hau erabiliko da udal bakoitzari zenbateko gehieneko diru-laguntza emango zaion zehazteko:

«H» gehieneko diru-laguntza da eurotan, eta «P» udalerriko biztanleen kopurua da, Eustat–Euskal Estatistika Erakundeak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean emandako biztanleriari buruzko azken datuaren arabera.

H = 8.000 + (P/100)

Udalak maparen aleak paperean inprimatzea aukeratu badu, H zenbatekoari % 20 gehituko zaio.

Diru-laguntza ez da inola ere 12.000 euro baino gehiago izango.

3.– Agindu honetako 10.2 artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea dela-eta, baliteke, azkenean, artikulu honetako formulen bidez lortzen diren kopuruak baino txikiagoak izatea emango diren diru-laguntzen zenbatekoak.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Deialdiko diru-laguntza esleitzeko, 6. artikuluan aurreikusitako organo kudeatzaileak irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

– Epe barruan jaso eta 5. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiak hartuko dira kontuan.

– 9.2 artikuluan jasotakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoen bolumen osoa deialdiko zuzkidura ekonomikotik gorakoa bada, hainbanatze-irizpidea edo proportzio-araua erabiliko da eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko.

2.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendariak eta berak izendatutako bi kidek –bere zuzendaritzari atxikitako teknikariak– prozedurarako behar den ebazpen proposamena egingo dute, eta Lurralde Plangintzako sailburuordeari helaraziko diote.

11. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Organo kudeatzailearen proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

Ebazpen horretan zehaztuko da entitate eskatzaileei diru-laguntzak esleitu ala ukatu zaizkien, eta, ukatuz gero, ukatzeko arrazoiak ere azalduko dira.

Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, honako hauek jasoko dira:

a) Zein diren udal onuradunak.

b) Zer biztanleria-datu eman duen Eustat–Euskal Estatistika Erakundeak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

c) Udal onuradunek paperean inprimatzea aukeratu duten ala ez.

d) Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aipatutako ebazpena, jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

3.– Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, lehen aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

12. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Udal onuradunek jasotako diru-laguntza justifikatu behar dute, adierazitako epeetan; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu behar dute egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak):

a) Diru-laguntzako lanen hasieraren ziurtagiria eta, hala badagokio, kontratazioarena; beren-beregi azalduta lanak amaitzeko gehieneko epea bederatzi hilekoa dela. Gehienez, bi hileko epean aurkeztu beharko da ziurtagiri hori, diru-laguntza esleitzeko emandako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Lanak amaitzeko 9 hileko gehieneko epea luza daiteke Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horretarako, entitate onuradunak luzapena eskatu beharko du lanak atzeratzen ari direla antzematen duenean eta beti epea amaitu baino lehen. Eskaeran, horretarako zioak azaltzen dituen justifikazio-memoria bat aurkeztu behar du, eta kasuan kasuko agiria aurkezteko aurreikusitako epea proposatu.

c) Epea luzatzea erabakitzen bada, gehienez lau hilabetez luzatu ahal izango da, azaldutako zioen arabera.

2.– Baldin eta diru-laguntzako mapa paperean argitaratzekoa ere bada, diruz lagundutako lanak amaitzeko epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eta, edozein modutan ere, mapa paperean argitaratu baino lehen, entitate onuradunak informazio digitala igorriko dio Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari, txostena egin dezan diru-laguntzako mapak gutxieneko betekizun teknikoetara (agindu honen eranskinean) egokitzen diren ala ez adieraz dezan. Txosten hori hilabeteko epean emango da, eta, akatsen bat atzemanez gero, zuzendu egin beharko da txostenean adierazitako epean.

3.– Diruz lagundutako lanak benetan eginda daudela egiaztatzeko, entitate onuradunak zenbait entregagai bidali beharko ditu Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epera, eta denek ere bat etorri beharko dute agindu honi eranskin gisa gehitutako betekizun teknikoen agirian jasota dauden eskakizun eta formatuekin. Honako hauek dira entregagaiak:

a) Udalerrian dauden interes publikoko hiri-elementuei, zerbitzuei eta instalazioei buruzko informazioa.

b) Toponimiari buruzko informazioa.

c) Kale-izenei buruzko informazioa.

d) Oinarrizko kartografiari buruzko informazioa.

e) Maparen irudi-fitxategiak, PDF formatuko fitxategi konprimatu batean, mapa webgunearen bidez zabaltzeko, eta mapa digitalaren irudi geoerreferentziadunak, eranskinean deskribatutako formatuetan.

f) Paperean inprimatzeagatik % 20ko finantzaketa gehigarria eskuratzen bada, paperezko 50 ale entregatu beharko dira, eta inprimategirako prestatutako materiala duen azken fitxategi digitala.

g) Udal atariaren URL helbidea, non argitara emango baita mapatik eratorritako informazioa bisore kartografiko batean.

4.– Ondoren, eta modu elektronikoan, aurreko apartatuko dokumentazio-entregaren data eta erregistro-zenbakia adieraziko dira. Horretaz gain, modu presentzialean ekarritako dokumentuen zerrenda adieraziko da, eta diruz lagundutako lanen ondorioz eginiko gastua egiaztatzen duten fakturak erantsiko dira, banakatuta. Hala badagokio, xede bererako jasotako laguntza guztien ziurtagiriak ere erantsiko dira.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza behin eta dena batera ordainduko da, ordainketa bakarrean, diru-laguntza justifikatu ostean; horretarako, aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Diru-laguntzako gastuen zenbatekoa ezin da, inoiz ere, kostu garbiaren % 80 baino handiagoa izan (BEZa eta gainerako zergak kenduta), eta egiaztatu beharko da diruz lagundutako lanen faktura banakatuen bidez.

14. artikulua.– Informazioa zabaltzea.

Diru-laguntza honetatik eratorritako informazio orori zabalkunde egokia eman ahal izango diote bai Eusko Jaurlaritzak bai entitate onuradunek.

15. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen entitate onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Eman den xede horretarako erabiltzea diru-laguntza.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzei buruz.

d) 12. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, agindu horretan adierazitako epeetan.

e) Paperezko eta euskarri digitaleko mapetan, berariaz adierazi behar da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua, EHAA, 205. zk.).

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, bera emateko ebazpena alda daiteke, betiere, arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordeta. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo entitate publiko nahiz pribaturen batek emandako diru-laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste sarrera edo baliabide batzuk jasotzea.

Ondorio horietarako, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak behar den aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berrira egokitzeko.

17. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du entitate onuradunak baldin eta diru-laguntza eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzako jarduera egiten ez badu, diru-laguntza intereseko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak. Hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, sortutako legezko berandutze-interesekin batera, diru-laguntzen arloan aplikagarri denaren arabera, eta, dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

18. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetako deialdiko diru-laguntzak bateratu daitezke beste entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da deialdi honetan emandako diru-laguntzekin batera 13.2 artikuluan ezarritako ehunekoen muga (kostu garbiaren % 80) ez gainditzea. Muga hori gainditzen bada, emandako diru-laguntzaren benetako zenbatekoa adierazitako mugaraino gutxituko da.

19. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta haren araudia, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betearazteko behar diren instrukzioak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala