Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2017ko ekainaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2998

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 30ekoa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena. Honen bidez, argitara ematen da merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programan ezarritako diru-laguntzak 2017ko ekitaldian emateko deialdia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2014ko ekainaren 25ean emandako Aginduaren bitartez (2014ko uztailaren 2ko EHAA, 124. zk.) –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduaren bidez aldatua (2015eko ekainaren 26ko EHAA, 119. zk.)–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen diru-laguntzen nondik-norakoak ezartzen dira, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten merkataritza-establezimenduek modernizatzeko inbertsio-proiektuak gara ditzaten.

Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, programan iragarritako laguntzak emateko 2017ko ekitaldiko deialdia egin behar da, eta horretarako eman beharreko arauak eman.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritako ahalmena dela bide,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak 2014ko ekainaren 25ean emandako Aginduaren bitartez (2014ko uztailaren 2ko EHAA, 124. zk.) –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduaren bidez aldatua (2015eko ekainaren 26ko EHAA, 119. zk.)– arautu zen merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa, eta, hain zuzen ere, laguntza horien 2017ko ekitaldiko deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deitutako laguntzak finantzatzeko, 3.750.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren kontura.

Deialdi honen barruan guztira emango diren laguntzek ezingo dute gainditu artikulu honetan ezarritako kopurua. Horrenbestez, aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Egoera hori izanez gero, haren berri jakinaraziko da Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko baldintzak, lekua eta epea.

1.– Enpresa eskatzaileek, laguntzak eskuratzeko, programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduak aldatu du).

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 24ko Aginduak zuzendu zuen), eskabideak eta gainerako agiri osagarriak aurkezteko, bide telematikoak erabili daitezke, edo aurrez aurre aurkeztu Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-bulegoan –proiektua non egingo den, lurralde historiko hartan–, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan (Zuzenean), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan.

Eskabidea lortzeko eta hori betetzeko, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:

http://www.euskadi.eus/web01-a2merka/es (gaztelania)

http://www.euskadi.eus/web01-a2merka/eu (euskara)

Eskabidearen edukia eta erantzukizunpeko adierazpenen edukiak eransten dira, herritar oro jakitun izan dadin.

3.– Pertsona fisikoek, izapidetze elektronikoa erabili nahi ez badute, eskabidea informatikoki bete eta grabatu ostean, inprimatu eta behar bezala sinatuta bidali beharko dute, aurreko artikuluan ezarritako tokietan.

4.– Pertsona juridikoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, behartuta daude izapideak bitarteko elektronikoen bidez egitera, eta, horretarako, identifikazio elektronikoko bitartekoren bat izan beharko dute.

5.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko 09:00etan, eta 2017ko uztailaren 17an bukatuko da, eguerdiko 12:00etan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 30a.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,

ISABEL MUELA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala