Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2017ko ekainaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
HEZKUNTZA SAILA
2972

AGINDUA, 2017ko ekainaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Saileko kontratazio-mahaiko kideak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako sailetan berregituraketak egin ziren. Horren ondorioz, Hezkuntza Sailaren kontratazio-organoei laguntzen dieten kontratazio-mahaia edo -mahaiak berreratu behar dira, eta egun dauzkan eskumenen eremura egokitu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera –2016ko urriaren 1etik indarrean–, Administrazio Publiko gisa aintzat hartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek sei hileko epea dute, berau indarrean sartzen denetik, kontratazio-mahaien egitura aipatutako dekretuaren 8. artikulura egokitzeko.

Haren arabera, Kontratazio Publikoko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Hezkuntza Sailaren kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu mahai horrek, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaritza: Saileko Kontratazioaren Arloko arduraduna. Postua hutsik, titularra kanpoan edo gaixorik egonez gero edo legezko beste edozein gorabehera gertatuz gero, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Zerbitzuko buruak ordezkatuko du.

b) Mahaikideak:

– Kontratazioa eskatzen duen zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horretako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulego horretako titularrak izendatua, zeinak kontratazio-organoaren ekonomia-eta aurrekontu-kontrola egingo baitu.

– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horretako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua, Informazio-sistemen eta telekomunikazioen arloko planifikazioa, antolamendua, eginkizunen banaketa eta gestio-modalitatea arautzeko otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan aurreikusitako kasuetan.

– Aukeran, eta kontratazio-organoaren eskariz, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horretako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

c) Aholkularitza juridikoko idazkaritza-mahaikidetza: Zuzenbidean lizentziaduna den teknikari bat, Hezkuntza Saileko Kontratazio Arloari atxikia; mahaiko aholkularitza juridikoko eta idazkaritzako lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.

2. artikulua.– Kideak eta haien identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-baldintza partikularren orrietan sartuko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzaile-profilean argitaratuko.

3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, esleipen-prozeduretan esku hartzeko, baldin eta, kide anitzeko organo horien esku-hartzea derrigorrezkoa ez izanik ere, horrela erabakiko balu dagokion kontratazio-organoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Ogasun eta Finantzako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko uztailaren 16ko Agindua, zeinaren bidez sortu baitziren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) erakunde autonomoaren kontratazio-mahaiak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala