Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2017ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2912

161/2017 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, zeinarekin baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2017ko apirilaren 28an egindako bilkuran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 16.510.000 euro gehitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren helburu soziala hau da:

a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan aholkularitza-zerbitzua emanez eta ikerketak eginez.

b) Enpresa berrien sorrera eta jada martxan daudenen zabalkunde sustatzea, arreta berezia eskainiz garapen teknologikoari eta esportazioari.

c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, horrek lehiakortasuna indartzera eramaten duenean.

d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutakoen ahaleginei era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun-baldintza objektiboak biltzen badituzte.

e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.

f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.

Horietaz gainera, sozietateak beste hau ere egin dezake bere helburuak betetzeko:

1.– Diru-laguntzak eta epe luzeko eta ertaineko kredituak ematea, are interes-tasa bereziko baldintzetan, bai eta abalak ematea ere Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauekin bat etorriz.

2.– Parte hartzea interes bereziko enpresen kapital sozialean, eta haien helburu sozialaren parte diren jarduerak garatzea, zeharka, zati batean edo osotasunean, beste sozietate batzuen akzioen edo partizipazioen titulartasunaren bidez, baldin eta sozietate horiek helburu bera badute edo haien helburua sozietatearen helburuaren parte edo antzekoa bada. Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena eman behar du jarduketa horiek guztiak egiteko, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan egin beharko dira.

3.– Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzea, erakundeek aurreztutako funts publikoen koefizientearekin konputagarriak izan daitezkeenak.

4.– Maileguak jasotzea finantza-entitate publiko eta pribatuetatik. Aurrezki-kutxek ematen dituzten maileguak araubide berezikoak izango dira, indarreko legeetatik eratorritako forman eta baldintzetan.

5.– Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorretik eta beste instituzio eta erakunde publiko batzuetatik, bai eta sektore publiko estataletik ere.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko –harpidetza hamasei milioi bostehun eta hamar (16.510.000) eurokoa izango da–. Baimena ematen da, halaber, batzar horretan adierazitako baldintza eta epeekin bat etorriz zenbateko hori ordaintzeko, eta horren ondorioz sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn izango duen partaidetza zuzena % 99,13koa izango da.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala