Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2017ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2895

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 31koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol etengabea gauzatzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionalaren egituraketa, zeina beharrezkoa baita haren jarduera hobetzeko, antolakuntza Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako xedeak lortzeko bide bat bezala ulertzean oinarritzen da, eta horretarako, kasu batzuetan zuzenbide pribatua erabiltzen da bitarteko gisa, zuzenbide publikoa eta zuzenbide pribatua batzea bitarteko aproposa izan dadin efikazia handiagoa lortzeko.

Zentzu horretan, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko izaera publikoko erakunde instituzionalak dira, eta zuzenbide pribatuaz araututa daude gehienbat. Haien helburua erkidegoaren eskumeneko jarduerak deszentralizazio-erregimenean gauzatzea da.

Bederatzi dira gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten zuzenbide pribatuko erakunde publikoak. Hona hemen erakundeok: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua; Finantzen Euskal Institutua; Etxepare Euskal Institutua; Euskal Trenbide Sarea; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; Uraren Euskal Agentzia; Energiaren Euskal Erakundea; Euskal Irrati Telebista (EITB) eta Unibasq / Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua; Finantzen Euskal Institutua; Etxepare Euskal Institutua; Euskal Trenbide Sarea; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; eta Uraren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoen antolakuntza eta funtzionamendua eratzen eta erregulatzen duten arauetan, ezarrita dago horien kontrol ekonomikoa ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrola egitea izango dela, betiere Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomi Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta lege hori garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera. Gainera, lehenengo lau erakundeen kasuan berariaz ezartzen da kontrola etengabea izango dela. Bestalde, Unibasq/Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia sortzeko legeak xedatzen du haren funtzionamendu ekonomiko eta finantzarioa eta kontuen kontrola Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion araudiaren araberakoak izango direla.

Energiaren Euskal Erakundeari eta EITB Euskal Irrati Telebistari dagokienez, erakunde horiek sortzeko eta erregulatzeko arauak Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomi Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea indarrean sartu aurrekoak dira, eta horregatik ez dute horren aipamenik egiten.

Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomi Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluko 2 idatzi-zatiaren 1. paragrafoak ezartzen duenez, ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrola kontrolaren menpekoarentzat denboraren edo ekonomiaren aldetik esanguratsua den epealdia amaitu ondoren egingo da, izaeraren arabera. Halere, hala erabakitzen denean, ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrola etengabe egin ahal izango da, baita administrazioaren zerbitzu edo ataletan ere.

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen du, ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluko 2. idatzi-zatiaren 1. paragrafoan jasotzen den etengabeko finantza-kontrola, euren aurrekontu-bolumena, iharduera ekonomikoak edo kudeaketa-ereduak bidezkotzat jotzen duteneko sail, erakunde, zerbitzu, baltzu eta izaiki publikoetan ezar daitezkeela eta egintza horretarako prozedura eta eragina Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak finkatuko dituela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoen izaera eta xedeak, burutzen dituzten jarduerak eta haien aurrekontu-bolumenak aintzat hartuta, komeni da erakunde horietan ekonomia- eta finantza-kontrol etengabea ezartzea.

Agindu honen bidez, zehaztu nahi dira zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomi Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluan eta lege hori garatzeko arauetan ezarritako ekonomia- eta finantza-kontrola etengabe egitearen norainokoa eta baldintzak.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 12. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliaturik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol etengabea ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publiko hauetan: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua; Finantzen Euskal Institutua; Etxepare Euskal Institutua; Euskal Trenbide Sarea; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; Uraren Euskal Agentzia; Energiaren Euskal Erakundea; Euskal Irrati Telebista (EITB) eta Unibasq / Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia; hori guztia, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta lege hori garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera, betiere agindu honetan zehaztutako moduan eta norainokoaren arabera.

2. artikulua.– Ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol etengabea egiteko modua.

1.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol etengabea burutzeko jarduketak modu jarraian egingo dira ekitaldietan zehar, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak horiei hasiera ematea erabaki ondoren. Jarduketa horiek, kontrolatu nahi diren jarduera edo ekintzei dagokienez, denbora-hurbiltasunaren printzipioari jarraituz egingo dira.

2.– Lan-programak definitzea eta horiek gauzatzeko aintzat hartu behar diren alderdiak zehaztea Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak horretarako ematen dituen jarraibideen arabera egingo da.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kontrol mota hori egin behar zaion jardueraren gaineko informazio eguneratua eta zehatza jaso beharko du, bulegoak berak ezarritako moduan eta aldizkakotasunez. Era berean, kontrol hori egoki gauzatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edozein unetan eskatu ahalko die kontrolpean dauden erakundeei eta pertsonei behar duen informazioa eta, hala badagokio, behar dituen adina egiaztapen material egin ahalko ditu.

4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegora atxikitako etengabeko finantza-kontroleko arduradunek eta teknikariek burutuko dute kontrola.

5.– Kontrol-lanak kontrolatu beharreko erakundeen bulegoetan egin ahalko dira, baldin eta jardueraren izaera eta baldintzen arabera horrela egitea komeni bada.

3. artikulua.– Kontrol-txostenak.

1.– Ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 19.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, behin betiko txostenak egin aurretik, behin behineko txostena bidaliko zaie erakundeko gobernu-organoei, erakundeak, txostena jasotzen duenetik hamabost eguneko epea igaro baino lehen, egoki deritzen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Behin behineko txostenak Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariari ere jakinarazi beharko zaizkio.

3.– Ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, kontroleko behin betiko txostenak erakunde publikoaren gobernu-organoei eta atxikita dagoen saileko titularrari bidaliko zaizkie.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Jarduketak hastea.

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuko 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariari dagokio zehaztea noiz hasiko diren ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontroleko jarduketak agindu honetan aipatzen diren erakundeetan, eta une horretatik aurrera kontrola etengabean gauzatuko da, agindu honetan ezarritako moduan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Garapena.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariari ematen zaio ahalmena agindu honen eraginkortasunerako beharrezko liratekeen alderdi osagarriak garatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2008ko maiatzaren 23ko Aginduaren eraginkortasunik eza.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera ez du eraginik izango Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2008ko maiatzaren 23ko Aginduak, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoan ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra betetzeari buruzkoak.

Vitoria-Gasteiz, 2017 maiatzaren 31.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala