Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2017ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2818

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 10ekoa, Lan eta Justiziako sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea Erakunde Autonomoaren Kontratazio-mahaien osaera.

Eusko Jaurlaritzako sailak berregituratu dira lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan ezarritakoari jarraituz –dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–. Berregituratze horren ondorioz, beharrezkoa da Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde autonomoaren kontratazio-organoei laguntzen dieten organoak berriro osatzea.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatzen denez –zeina indarrean baita 2016ko urriaren 1etik–, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek, baldin eta administrazio publikoen izaera badute, kontratazio-mahaien egitura egokitu beharko dute dekretu horren 8. artikuluan ezarritakora, eta, horretarako, sei hilabeteko epea izango dute, dekretua indarrean jartzen denetik aurrera.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Lan eta Justizia Sailaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu mahai horrek, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: Saileko Kabineteko zuzendaria. Zenbait kasutan (lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste arrazoiren bat), Justizia Zuzendaritzako titularrak ordezkatuko du.

b) Batzordekideak:

– Kontratazioa eskatzen duen zuzendaritzaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua; aholkularitza teknikoa emango dio organo horri.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua; kontratazio-organoaren kontrol ekonomikoa eta aurrekontu kontrola egingo du.

– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatua; informatikako eta telematikako material eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria - batzordekide aholkulari juridikoa: teknikari bat izango da, Zuzenbidean lizentziaduna, eta Zerbitzu Zuzendaritzaren Kontratazio Zerbitzuari atxikia. Kontratazio-organoak izendatuko du, organo horren aholkulari juridikoa izango da, eta kontratazio-mahaiaren idazkaria, hitza eta botoa duela.

2. artikulua.– Osalan­Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea Lan eta Justizia Sailari atxikitako erakunde autonomoa da, eta haren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du, prozedura irekietan, mugatuetan eta publikotasunez egindako prozedura negoziatuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu mahai horrek, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: Erakunde autonomoaren Antolamendu, Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariordea. Zenbait kasutan (lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste arrazoiren bat), zuzendariorde teknikoak ordezkatuko du.

b) Batzordekideak:

– Kontratazioa eskatzen duen zuzendariordetzaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua.; aholkularitza teknikoa emango dio organo horri.

– Zuzenbideko lizentziadun bat, erakunde autonomoaren Aholkularitza Juridikoari atxikia, eta kontratazio-organoak izendatua; aholkularitza juridikoa emango dio organo horri.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, erakunde horren titularrak izendatua; kontratazio-organoaren kontrol ekonomikoa eta aurrekontu kontrola egingo du.

– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatua; informatikako eta telematikako material eta zerbitzuak kontratatzeko espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaritza: Erakunde Autonomoaren Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako teknikaria, hitzarekin eta botorik gabe. Zenbait kasutan (lanpostua hutsik egotea, absentzia, gaixotasuna edo legezko beste arrazoiren bat), ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketako arduradunak ordezkatuko du.

3. artikulua.– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat ere izan daiteke 1. eta 2. artikuluetan eratutako kontratazio-mahaietako partaide, haren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

4. artikulua.– Kontratu bakoitzaren administrazio-klausula zehatzen agirietan jasoko da kontratazio-mahai bakoitzaren osaera eta haren kideen nortasuna, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzaile-profilean argitaratuko da.

5. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiek eskumena izango dute, halaber, beste zenbait esleipen-prozeduratan esku hartzeko, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea beharrezkoa ez izan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko maiatzaren 19ko Aginduaren 2. artikulua. Agindu horren bidez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Kontratazio Mahaia sortzen da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 10a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala