Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2017ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
HEZKUNTZA SAILA
2667

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, Eskolako Agenda 21 programak garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena (2017-2018 ikasturtea).

Lurrari buruzko Gailurra egin zenetik (Río de Janeiro-1992), garapen iraunkorra ingurumenaren aldetik lurraren etorkizunaren giltzatzat jotzen da. Heziketa ere funtsezko eragiletzat hartzen da, jendearen jarrera aldarazteko, ingurumenaren arazoei eraginkortasunez heltzeko eta, aldi berean, oraingo eta geroko belaunaldien beharrak egoki asetzeko.

Gailur horretan sinatu zen agiri nagusienetako bat Agenda 21 da. Horrela deritzo Nazio Batuek garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko gomendatzen duten ekintza-planari. Bada, 1994an, eta Agenda 21 horrek toki-erakundeentzat ezarritako ildoei jarraituz, Aalborgeko gutuna sinatu zen, eta horrela hasi zen Europan kanpaina berezi bat, hain zuzen ere, euren lurraldeen garapen iraunkorraren alde egin nahi duten hiriena.

1998an argitaratutako Ingurumena Babesteari buruzko Lege Orokorra izan zen jasangarritasunaren helburuei erreferentzia zehatza egiten dien EAEko lehen dokumentu ofizialetako bat. Izan ere, zehatz-mehatz honako hau aldarrikatu zuen: «EAEn garapen-eredu jasangarri ezartzeko konpromiso sendoa hartu zuen, hain zuzen ere, gaur egungo beharrak asetzeko gai den garapena eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarriko ez duena».

Bestalde, EAEko Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategiak, 2002-2020 aldian (2002ko ekaina), garapen iraunkorraren bidean aurrera egiteko beharrezko baldintzatzat jotzen ditu, besteak beste, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa.

Garapen Iraunkorrari buruzko Munduko Goi Bileran (Johannesburg-2002), 2005-2014 bitarteko urteak heziketako lehentasunezko paper zentrala errealitate lokal eta osoaren transformazio prozesuan onartuz «Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkada» izendatzea onetsi zen.

Eskola Agenda 21 programa ikastetxearen kalitaterako eta iraunkortasunerako hezkuntza-programa bat da. Hezkuntza-komunitatearen partaidetzan dago oinarrituta, ikasleriari aparteko protagonismoa emanaz eta udalerriaren garapen iraunkorrean lagunduz. Gainera, Eskolako Agenda 21ek proposatzen duen hezkuntza-praktikak ikasleari lagunduko dio, batetik, inguruan dituen ingurumen-arazoak ezagutzen eta horietaz jabetzen, eta, bestetik, modu arduratsuan gizarte justuago eta ekologikoki iraunkorrago baten alde egiten.

Gainera, azpimarratu behar da, 2010. urtean, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadak jardunbide egokitzat hartu zuela «Euskal Autonomia Erkidegoko Eskolako 21 Agenda» programa, iraunkortasuna euskal hezkuntza-sistema formalaren ardatzetako bat izatea lortzeagatik. Aitorpen horrek asko lagundu zion ordura arte egindako bideari, eta egiteko dagoen biderako eragingarria izan zen.

Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (Rio de Janeiro, 2012), garapen iraunkorrerako hezkuntza sustatzea eta garapen iraunkorra modu aktiboagoan hezkuntzan sartzea ebatzi zen, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadatik harago. Konferentzia horretan, bi eskaera egin zitzaien hezkuntza-instituzioei: batetik, aintzat har zezatela iraunkortasuna kudeatzeko jarduera ona aurrera eraman zitekeela euren ikastetxe eta komunitateetan, betiere, ikasle, irakasle, tokiko kolaboratzaile eta abarren partaidetza aktiboarekin, eta, bestetik, garapen iraunkorrari buruzko hezkuntza eman zezatela, irakasgai gisa.

Eskolako Agenda 21 programa «Gaur ikasi, etorkizun jasangarria lortzeko» goiburua izan duen Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari buruzko Munduko Biltzarrean (Aichi-Nagoya 2014) izan da. Bertan, «Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Hamarkada» izenekoaren 25 esperientzia onenetarikoen artean dagoela adierazi da. Hamarkadaren amaierako mugarri gisa egin den biltzarrak berretsi egin du garapen jasangarria gauzatu ahal izateko funtsezko baliabidea dela hezkuntza.

Gaur egun, EAEko IV. Ingurumeneko Esparru Programa 2020 izenekoak (2014ko abendua) zehazten ditu ingurumenaren arloko EAEko politika eta jarduera. Era berean, 2030erako EAEko Jasangarritasunerako Hezkuntzako Estrategia berria garatzen ari da. Horren jatorria aipatutako laugarren Ingurumeneko Esparru Programaren 5.4 jarduera-ildoa da; horren helburua da jasangarritasunerako hezkuntza eta kontzientziazioa sustatzea EAEko gizarte osoan.

Azaltzen diren erronketako bat da hezkuntza etorkizuneko belaunaldientzako konpromisoa izatea. Hezkuntza honela aurkezten da: «ingurumenerako beharrezkoak diren aldaketa transformatzionalak bideratzeko tresna boteretsuenetako bat da; horrela, oraingo belaunaldien konpromiso etikorako oinarriak ezarriko ditugu, etorkizuneko belaunaldientzat. Erronka hori gure gazteak ingurumenaren arloko erabakiak hartzerakoan benetan kontuan hartzean aurrera egitean datza; horri esker, belaunaldien arteko parte-hartze eta erantzunkidetasunaren maila altua ahalbidetzen da.»

Horregatik guztiagatik, hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazio eremuan lehentasuneko helburua da eskola-esparruko esku-hartzea bultzatzea, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eta gaikuntza emateko eta, horrela, garapen iraunkorreraino heltzeko beharrezkoa den aldaketa eragiteko balioetan, jarreretan eta jokabideetan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, hezkuntza-sistema formalaren Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Planean oinarrituta, ezinbesteko jotzen du erakundeei diru-laguntzak ematea, ikastetxeetan iraunkortasunerako hezkuntzako berariazko proiektuei ekiteko; izan ere, proiektu horiek, batetik, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan nahiz geletako programazioan ikuspegi hori sendotuko dute, eta, bestetik, ikasleak edo hezkuntza-komunitateak garapen iraunkorrean konprometitzeko gaituko dituzten kontzientzia, gaitasuna, ezagupena eta balioak garatzen lagunduko dute. Gainera, laguntza hau Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2015eko abenduaren 29an emandako Aginduaren bidez onartutako diru-laguntzei buruzko plan estrategikoan dago jasota, eta Ingumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren abenduaren 29ko agiriaren bidez luzatuta; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.1 artikuluak eta arau horrek ezarritako edukiarekin bat.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, iraunkortasunerako hezkuntza eskola-egitarauetan sartu beharra dagoela iritzita, egoki deritzo ikastetxeek eta irakasleek ingurumen-arloan garatzen duten lana aintzat hartzeari.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko Lehendakariaren 24/2016 Dekretuak, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak, eta apirilaren 11koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko 79/2017 Dekretuak, ematen diguten eskumena baliatuz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, norgehiagokako prozeduraren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2017-2018 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programa garatzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

Itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, eskabide-orriak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bide elektronikoan nola izapidetu behar diren jakiteko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/eskolako-agenda-21-2017/y22-izapide/eu

EAEko ikastetxe publikoen kasuan, berriz, deialdi hau elektronikoki izapidetzeko Hezkuntza Sailaren «Herri ikastetxeak» izeneko atariaz baliatu beharko da: https://www.educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/agenda21-2017

Eskaera egin ondorengo izapideak egiteko, itunpeko ikastetxe pribatuek «Nire kudeaketak» atala erabili beharko dute (https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak), eta ikastetxe publikoek, berriz, esandako atariaren «Nire eskaerak» atala.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

Xede horretarako, gehienez ere, seiehun eta berrogei mila (640.000) euro bideratuko dira hurrengo aurrekontuzko abiatzerako karguarekin 17.0.1.05.12.0100.4.454.99.44210.008.M

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoek zein itunpeko pribatuek jaso ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren laguntzak.

5. artikulua.– Betekizunak.

1.– Erakunde onuradunak egunean egon beharko du tributuekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

2.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko beste diru-laguntza batzuk eman ondoren, haiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, aurrena prozesu hori amaitu egin beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileak ezingo du egon diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten pean, ezta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean ezarritakoan ere.

4.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

5.– Deialdi honi dagokionez, jasangarritasunerako hezkuntza-proiektu bakar bat prestatuko da. Ikastetxeetan egiten diren jarduera guztiak bilduko ditu proiektu horrek.

6.– Proiektuak ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatua izan behar du.

7.– Oinarrizko Hezkuntza irakasten den ikastetxeetan (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), proiektuan gutxienez etapetako batek parte hartuko du, eta etapa horretako ikasle guztiek inplikatuta egon beharko dute.

8.– Irakasle bat izendatuko da proiektuaren koordinatzaile. Koordinatzaile horrek ikastetxeko beste irakasle batzuk izango ditu laguntzaile (laguntza-taldea). Ikastetxeak, halaber, beharrezko baliabideak bermatuko dizkio koordinatzaileari, a) EA21 proiektuen koordinatzaileei berariaz zuzendutako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko. b) Proiektua koordinatzeko denbora eta bitarteko informatikoak eskura izateko. c) Beste ikastetxe batzuekin batera, Ingurugelak bidezko jotzen dituen koordinazio-bileretan parte hartzeko.

9.– Ikastetxeak, bere antolamendu-autonomiaren barruan, bermatu egingo du proiektuaren koordinatzailearen eta proiektuaren lagutnza-taldearen ordutegiak egokituko direla, proiektuan dituzten egitekoekin bateratu ahal izateko. Ikastetxe publikoetan, beti beteko dira Hezkuntza sailak irakaskuntzako etapa eta modalitate guztietarako ikasturte-hasieran ematen dituen zirkularretan jasotako arauak.

10.– Ingurumen Batzordea eratuko da, eta horretan emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izango da. Estamentu guztiek osatuko dute (irakasle, ikasle, guraso, irakaskuntzaz kanpoko pertsonal eta abarrek). Batzorde horren eginkizun nagusia izango da proiektuaren jarraibideak zehatzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, hartutako konpromisoei eta egindako hobekuntza-proposamenei dagokienez.

Orekatutzat jotzen da sexuetariko bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluari jarraiki.

11.– Proiektuak gutxienez fase hauek izango ditu:

a) Ikastetxearen inguruan hautatutako gaiaren inguruko diagnostikoa, curriculumaren berrikuntza-proiektuetarako, kudeaketarako eta partaidetzarako, baita udalerrirako ere.

b) Ekintza-plana.

c) Aukeratutako adierazleen araberako ebaluazioa.

12.– Era berean, proiektua garatu bitartean antolatzen diren udal-foroetan parte hartuko du ikastetxeak.

13.– Ingurumen-hezkuntzako eskolaz kanpoko ikastegiak eta ingurumen-ondarea ezagutaraztera zuzendutako bisitak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egin beharko dira, diru-laguntza jasoko badute.

14.– Diru-laguntza honen xede diren ekintzak 2017-2018 ikasturtean garatuko dira.

15.– Eskabidearekin batera, diruz laguntzea nahi duten proiektuaren aurrekontu orokorra aurkeztu beharko dute ikastetxeek. Aurkezten den aurrekontua proposatzen diren jardueren eta jasangarritasunarekiko konpromisoaren neurrikoa izango da.

Ezin izango da diruz lagundu, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, irakasleek proiektua prestatzen eta gauzatzen ematen dituzten orduen kostua.

16.– Proiektuak garatzeko, ikastetxeek Ingurugelaren lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa izango dituzte. Deialdi honen ondorioetarako, proiektu bakoitzari esleituko zaio, gutxienez, dagokion ingurugelako aholkulari bat.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Parte hartzeko eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek jaulkitako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Eskaeretan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak gauzatzea.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek betetzen direla frogatu beharko da eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Pertsona edo erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galtzeko zigorrik jaso ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

c) Erakunde eskatzaileak adierazten du ikastetxeko klaustroa eta ordezkatze-organo gorena, biak ala biak jakinaren gainean daudela, ados daudela eta Eskolako Agenda 21 proiektuak zentroaren barne-antolamenduari eragin diezazkiokeen ondorioak onartzen dituztela.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz laguntzeko moduko gastuak jotzen diren Eskolako Agenda 21 proiektuaren garapenarekin zuzenean lotutakoak.

8. artikulua.– Diru-laguntza ezin jaso duten jarduerak.

Ez dira diruz lagunduko aurreko artikuluan agertzen ez diren gastuak, ezta hauek ere:

a) Eskolako Agenda 21 proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

b) Irakasleek proiektuaren garapenean erabiltzen dituzten orduen kostua, itunpeko ikastetxe pribatuetan.

c) Erosi behar izan diren material, lanabes edo altzariak, nahiz eta proiektua azkenean ez den garatu.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/agenda-21-escolar-2017/y22-izapide/eu helbidean itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, eta https://www.educacion.hezkuntza.eus/group/deialdiak/agenda21-2017 helbidean, berriz, ikastetxe publikoen kasuan.

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak jaso nahi dituzten erakunde eskatzaileek, edozein erakunde publiko edo pribatutatik xede beragatik bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, eskaerarekin batera «finantzatzeko beste iturri batzuk » eredua aurkeztu beharko dute. Bestalde, diruz laguntzeko proiektuaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, «EA21 Proiektuaren Edukia.xls» excel formatuko fitxategia bete eta aurkeztu beharko dute.

5.– Eskabide bat baino ez da onartuko ikastetxe bakoitzeko.

6.– Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideaz sail bereko Zerbitzu Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak konpontzea.

Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eskabidean akatsen edo zehaztugabetasunen bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean, adierazi egingo da erakundeak zuzenketa egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoari jarraituz.

11. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

12. artikulua.– Balioespen Epaimahaia.

1.– Eskabideak balioespen-epaimahaiak aztertuko ditu. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

– Ingurumen Hezkuntza, Informazio eta Partaidetzaren arduradunak edo haren ordezkoak egingo ditu presidente-lanak.

– Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak Ingurumen Sailburuordetzako bi teknikari izendatuko ditu eta sailburuordetza horretan antzinatasun handiena duenak egingo ditu idazkari-lanak.

2.– Balioespen-epaimahai horrek egingo duen balioespen-aktan honakoa jasoko da: onartutako eskabideak, baztertutako eskaerak, eman beharreko gehieneko kopurua eta eskabide bakoitzari eman beharrekoaren gaineko proposamena.

13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Programa garatzeko diru-laguntza eskatzen duten ikastetxe publiko eta pribatu itunpeko guztiek jasoko dute diru-laguntza, baldin eta agindu honetan jarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2.– Diru-laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du erakundeak eskatutakoa gainditu, ezta ondorengo gehieneko kopuruak ere:

– 5.000 euro, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeentzat.

– 3.000 euro, gainerako ikastetxeentzat.

3.– Ezarritako gehieneko zenbatekoak kontuan harturik, ondorengo irizpideen arabera egingo da diru-laguntzaren kalkulua:

a) Ikastetxe bakoitzak Eskola Agenda 21 proiektua garatzeko bostehun (500) euroko gutxieneko kopurua jasoko du.

b) Horretaz gain, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeek mila (1.000) euro jasoko dituzte. Puntu hori ofizioz egiaztatuko da.

c) Aurreko bi idatzi-zatietan adierazitako zenbatekoak deialdiaren guztizko zenbatekoari kendu ondoren lortzen den zenbatekoa proportzionalki banatuko da, jarraian adierazten den formulari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera:

– Ikastetxe bakoitzari 2017-2018 ikasturtean Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten 2 urtetik gora jotzeko ikasleen kopurua bezainbeste puntu emango zaizkio. Adierazten den zenbatekoa eskaera epea amaitzen den uneko estatistika-dokumentazio ofizialaren arabera zuzenduko da.

– Aurreko puntuazio horri batu egingo zaio ikastetxeak duen bekadun kopurua bi aldiz biderkatu ondoren lortzen den zenbatekoa, estatistika-dokumentu ofizialaren arabera, eskabide-epea amaitzen den unean.

– Ikastetxe bakoitzari emandako puntuazioa faktore konstante batez biderkatuko da, eta faktore hori lortzeko, banatzeko gelditzen den guztizkoa zatituko da ikastetxe guztiei emandako puntuen baturarekin.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak beste diru-laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere jasotako kopuru osoak jarduerarako finkatutako aurrekontuaren % 100 gainditzen ez badu. Bestela, gehieneko mugaraino gutxituko litzateke diru-laguntza.

15. artikulua.– Kontzesio ebazpena.

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak, horretarako bildutako balioespen-epaimahaiak egindako proposamena kontuan izanik, eta epaimahaiaren balioespen-aktaren bidez, gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko du diru-laguntza ematea ala ez, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko die ikastetxeei diru-laguntza eman izana. Ebazpena, EHAAen argitaratuko da, eta ebazpen honek diru-laguntza lortzearekin proiektu sentiberak eta beraren kopurua zehaztuko ditu, baita esango ditu proposatzen dituen proiektuak uko egin dezatela eta halako proposamenaren arrazoia. Epea amaitu eta gero, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, eskatutako diru-laguntza ezetsi egin dela uler daiteke, urriaren 1eko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko ezartzen dion betebeharraren kalterik gabe.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumeneko sailburuordeari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Diru-laguntza onartzea, 15. artikuluan aipatutako argitalpena, nork diru-laguntza eman dela jakinarazten duen agiria argitaratu eta 10 eguneko epea igaro ondoren, ikastetxe esleipendunek diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, hura onartu dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak betez– eskatutako informazio guztia ematea.

c) Zabalkunde-karteletan eta -materialetan, eta egiten den publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintze eta Etxebizitza Saila eta Hezkuntza Sailaren logotipoak sartzea.

d) Genero-ikuspegia sartzea egiten diren dokumentu eta ekintzetan, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran egon daitezkeen diskriminazio-elementuak ekiditea.

e) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta Hezkuntza Sailari lagatzea doan eta ez modu esklusiboan aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta pedagogikoa erabiltzeko eskubidea, dokumentazio hori Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Hezkuntza Sailaren informazio-sistemetan txertatzeko, eta edozein baliabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan, nahiz teknikaren erabilerak ahalbidetzen dituen bestelakoetan hedatzeko eta/edo argitaratzeko. Jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira beti.

f) Diru-laguntza justifikatzea ondorengo artikuluan arautzen den moduan.

17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek 2018ko ekainaren 20a baino lehenagoa justifikatu beharko dute jasotako diru-laguntzaren erabilera, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web helbidearen bitartez itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan eta https://www.educacion.hezkuntza.eus/group/deialdiak/agenda21-2017 web helbidearen bitartez ikastetxe publikoen kasuan.

Justifikazioko kontu sinplifikatuaren administrazio-prozeduraren bidez egingo da justifikazioa. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria. Ingurugelak memoria-eredua emango du. Memoria hori egitean, honako hau hartu beharko da kontuan:

– Eskolako Agenda 21 ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatzea.

– Ingurumen-batzordearen osaera eta proiektua aurrera eramateko bestelako antolamendu-neurriak.

– Diagnostikoa egiteko erabilitako prozeduren deskribapena eta haren ondorioak, proiektuaren hiru ardatz nagusietan oinarrituta, hots: Parte-hartzea, Kudeaketa eta Curriculum-berrikuntza.

– Diagnostikoaren ondorioak.

– Hobetzeko helburuak, ebaluazio-adierazleak eta Ekintza-Planaren deskribapena.

– Ekintza-plana abian ipintzea.

– Udal-foroetan parte hartzea.

– Proiektua hautatutako adierazleen bitartez ebaluatzea.

b) «EA21 Proiektuaren Justifikazioa.xls» inprimakiak ikastetxearen parte-hartzeari buruzko honako datu hauek jasotzen ditu: ikasleak, irakasleak eta proiektuaren gastu eta inbertsioei buruzko zerrenda banakatua.

c) «Kontu zurigarria.pdf» formularioa, non hartzekoduna eta dokumentua identifikatuko baitira eta zenbatekoa, jaulkipen-data, ordaintze-eguna (halakorik bada), eta, bestalde, jarduera finantzatzen lagundu duten beste diru-sarrerei nahiz diru-laguntzei buruzko xehetasunak ere azalduko diren, horien zenbatekoa eta jatorria aipatuta betiere. Diru-laguntza gutxi-gorabeherako aurrekontu baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

Formulario hori bera erabilita, halaber jakinaraziko dira zer aldaketa egin zaizkion proiektuari, aipatuz aurreikusitako jarduera, horrek pairatutako aldaketak eta horien motiboak.

2.– Diru-laguntza ematen duen organoak, % 10eko ausazko laginketaren bidez, bere aukerako egiaztagiri oro egiaztatuko ditu, diru-laguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako hautatutako gastuen zurigarriak eskatu ahal izango dizkio onuradunari.

3.– Memoriaren eta sortutako materialen kopia bana bidaliko zaio, halaber, kasuan kasuko Ingurugelari.

4.– Justifikaziorako epea amaitu bada, eta erakundeak ez baditu aurkeztu kasuan kasuko agiriak, hogei eguneko epea du agiriok aurkezteko, eta jakinaraziko zaio epe hori amaituta aurkezten ez baditu, justifikatzako beharra ez duela bete ulertuko dela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53 artikuluan ezarritako ondorioak pairatuko dituela eta oinarri arautzaile hauetako 21 artikuluko baldintzetan.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Onartutako diru-laguntzaren ordainketa bi aldi hauetan egingo da:

– Agindu honen 16.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, diru-laguntza onartuta, emandako kopuruaren % 80a ordainduko da.

– Gainerako % 20a, berriz, justifikazioko izapidea behar den bezala bete ondoren ordainduko da.

19. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko proiektuan irakasleek izandako partaidetzaren ziurtagiria.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ofizioz ziurtatuko du irakasle koordinatzaile eta talde sustatzaileak Eskolako Agenda 21 proiektuetan izandako partaidetza. Proiektu horiek balioespen positiboa jaso behar dute, eta haietan gutxienez 30 ordu eman direla ziurtatu beharko da.

2.– Ziurtapena ikastetxeko Zuzendaritzak bermatutako datuetan oinarrituko da. Datu horiek agindu honen 17. artikuluan aipatzen den justifikazio-izapideko inprimakian jasoko dira. Inprimaki horretan, proiektuaren irakasle koordinatzailea eta talde sustatzaileko kideak jasoaraziko dira («EA21 Proiektuaren Justifikazioa.xls» formularioan).

3.– Pertsona bati, ikasturte berean, ezin izango zaio 90 ordu baino gehiago egiaztatu, honako kontzeptu hauetan: prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berrikuntzako proiektu edo ekintzak, EA21eko programak, edo osasun-sustapena eta -hezkuntza.

20. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen denean, eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk aldi berean beste diru-laguntza batzuk lortu izateak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren kopurua doitzeko, eta, hala dagokionean, lortutako gehiegizko zenbatekoa itzultzeko.

21. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzeko jardunbidea.

Onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarengandik jasotako diru-laguntza eskatu eta eman zen xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza zertarako eman zen helburu horrexetarako izan dela justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan, agindu honetan edo emakida-erabakian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak bai haiei legez ezar dakizkiekeen interesak, betiere arau horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako prozedurari jarraituz.

22. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari eta/edo Hezkuntza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barruan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jasotzen ez den guztirako, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotako oharpenak dira ezartzekoak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala