Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2017ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2657

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 31koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko eta Arabako Probintzia Auzitegiko bulego judizial berriaren antolamendu zehatza xedatzen duena, baita Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren oinarrizko funtzionamendu-arauak ere.

Eusko Jaurlaritzako Bulego Judizial eta Fiskaleko zuzendariaren 2012ko urriaren 29ko Ebazpenaren xedea da Vitoria-Gasteizko eta Arabako Probintzia Auzitegiko bulego judizial berriaren antolamendu zehatza xedatzea, baita Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren oinarrizko funtzionamendu-arauak ere.

Maiatzaren 23ko 160/2017 Dekretuaren bidez aldatzen da Vitoria-Gasteizko barruti judizialari dagozkion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostuen zerrendak onartzen dituen dekretua. Aldaketa-dekretu horren bidez Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorreko destino-zentroari adskribatzen zaizkio Laguntza Judizialeko kidegoko langileak, salbu erregistro zibileko egitekoak dituen Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalaren laguntza judizialekoak. Horregatik da beharrezkoa aldaketa-dekretu honek eragiten dien 2012ko urriaren 29ko Ebazpenaren artikuluak egokitzea.

Beraz, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 12. artikuluarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Aldatzea Eusko Jaurlaritzako Bulego Judizial eta Fiskaleko zuzendariaren 2012ko urriaren 29ko Ebazpena, Vitoria-Gasteizko eta Arabako Probintzia Auzitegiko bulego judizial berriaren antolamendu zehatza xedatzen duena, baita Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren oinarrizko funtzionamendu-arauak ere.

Bat.– Idazkera berria ematen zaio 14. artikuluaren 11. paragrafoari, eta, aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«11.– Laguntza-zerbitzua Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalei eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalei.

Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak laguntza emango die Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalei eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalei, egiteko hauetan: aurrez aurreko eta telefono bidezko informazioa, zerrendak egitea eta artxiboaren egiteko propioak, baita organo judizialen jarduerari laguntzeko zereginak egitea ere. Zerbitzuaren letradu zuzendariak barne-funtzionamenduko arauetan ezarriko du zerbitzu hori nola eman.

Horretarako, Laguntza Judizialeko kidegoko funtzionarioaren presentzia fisikoa bermatuko da Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesaleko eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesaleko harreraguneetan, entzunaldi publikoko orduetan.

Aurretik aipatutako pertsonak ez badaude edo ez badira aski lan guztiak egiteko, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako kidegoko edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko langileek hartu beharko dituzte lan horiek euren gain, destinoa Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalean eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalean duten Justizia Administrazioko letraduek ezarritako irizpideekin bat.»

Bi.– Idazkera berria ematen zaio 31. artikuluaren 2. paragrafoaren c) hizkiari, eta, aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«c) Destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean duen Laguntza Judizialeko kidegoko pertsona bat, lanpostu-zerrendan guardiaren erreferentzia duten dotazioen artean aukeratua, eta horien artean txandakatuta.»

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 31.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

MARÍA ISABEL GABRIEL BELLIDO.


Azterketa dokumentala