Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2017ko maiatzaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
2323

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 95/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: 95/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Demandatzailea: Cinta Frida Soria Moya.

Abokatua: Jesus Maria Agote Aizpurua.

Prokuradorea: Amets Maider Ruiz de Arbulo Aizpuru.

Demandatua: Martin Cruz Pacheco.

Gaia: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Aipatutako judizioan, epaia eman da 2017-03-22an, eta honako hauek dira xedapenak:

XEDAPENAK

Partez baiesten dut auzitegietako Ruiz de Arbulo prokuradoreak, Cintia Frida Soria Moya-ren izenean eta bera ordezkatuz, Martin Cruz Pacheco-ren aurka aurkeztu duen demanda, eta, horrenbestez, harremana desegitearen ondoriozko neurri hauek hartzen ditut, XXXXX alaba adingabeari dagokionez:

1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak hau dakar: seme-alaba adingabeei dagozkien erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartzeko beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta, hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

• Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

• Ikastetxea aukeratzea edo ikastetxez aldatzea.

• Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

• Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

• Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Guraso biei aitortzen zaie adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, alabaren tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango dituzte biek.

Alabarekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.

2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Amari izendatzen zaio alaba adingabearen zaintza eta jagoletza.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da bidezkoa aitaren aldeko bisita-araubide bat ezartzea. Aitak alabarekin harremana berriro hasteko nahia adierazten badu, gurasoen artean adostu beharko dute hori, eta, desadostasunik bada, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako dagoen legezko prozeduraren bidez.

4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX alabarentzako mantenua ordaintzeko, aitak pentsio bat ordaindu beharko du, 180 euro hilean; eta hala egin beharko du adinez nagusi izan arte, ekonomikoki independente izan arte, edo izateko moduan dagoen arte, fede oneko eskakizunen arabera. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordainduko zaio kopuru horiek amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizeak aurreko urtean –abendutik abendura– izandako aldaketen arabera; 2018. urtean eta urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak eguneraketak.

Aitak bere aldetik zuzenean ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

5.– Aparteko gastuak. Alaba burujabe ez delarik, haren bizimoduan jazotzen diren aparteko gastuak gurasoek erdibana ordaindu beharko dituzte. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (urtero errepikatzen badira); baina beste batzuk berriz sartuko dira, eta katalogo posiblea osorik adierazteko asmorik gabe, honako hauek dira horietakoak: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundetan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta –prestakuntza-arloan– eskolan atzeratuta egonez gero derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta seme-alabentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Guraso biek erabakita, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarri horretan, beharrezkoa edo komenigarria dela aparteko gastu hori egitea; ulertu egingo da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela egiaztatzen badu), eta berariaz adierazi beharko du horren kontra dagoela jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.

Gainera, gurasoek, ados jarrita, beste edozein gastu adostu ahal izango dute alabarentzat (alde batera utzita ebazpen honetan aparteko gastutzat hartutakoak), eta ebazpen honetan adierazitako proportzioan ordaindu ahal izango dute, erdibana, edo eurek adostutako moduan.

Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaituko da seme-alabak, adin nagusikoak izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independenteak direnean, hartara eragotzi gabe Kode Zibilaren 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Berariaz ez da kosturik ezartzen.

Martin Cruz Pacheco demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.

Interesdunak eskuragarri dauka jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2017ko martxoaren 23a.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala