Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2017ko maiatzaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2316

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, baliabide digitalekin irakasteko eta ikasteko Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan parte har dezaten, 2017-2018 ikasturtean.

Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzera.

Horrenbestez, oinarrizko gaitasunak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako irteerako profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Oinarrizko zehar-konpetentzietako bat da komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala).

Aipatutako komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) eskuratzeko, Hezkuntza Saila proiektuak eta esperientziak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez zein zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak proposatuta, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak, eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.

Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Hainbat programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan; esaterako, Eskola 2.0.-ren bidez. Une honetan, sare eta gailu digitalak erabili nahi dira aldaketa pedagogikoa eta metodologikoa sustatzeko. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta Heziberri 2020-ren arabera ezartzen duen 236/2015 Dekretuak zuzeneko ehun bat erreferentzia egiten die eskumenei eta errealitate digitalari, sarreratik hasi «Oinarrizko Hezkuntza amaitu duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa izan behar du, konpetentzia digitalaren arloko esparru europarraren ildoan, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetatze eta gaikuntza funtzional osoa bermatzeko», komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) oinarrizko zehar-konpetentzietako bat bezala zehazten duen 7.2 artikulutik igaro, eta 30.4.h) artikuluraino, non zehazten baita «irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan prestakuntza sustatzea, baliabide digitalen bidez». 12. artikulua osorik eta 4 azpi-atalak bideratuak daude zehaztasunez definitzera «Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan».

Ikastetxeei bultzada eman nahi zaie zenbait proposamen pedagogiko esplora ditzaten eta garatzen jarrai dezaten, eta, alde horretatik, 174/2012 Dekretua da proposamen horien oinarrietako bat. Ikastetxeetako teknologia-heldutasuneko eredua zehazten du dekretu horrek, eta titulartasun publiko nahiz pribatuko zentroetan aplikatzen da.

Gaitasun digitalen esparrua oso dinamikoa da; beraz, beste ikastetxeentzako hezkuntza-praktika ona osatzen duten ikastetxe bokazio berritzailedunak bultzatu, lagundu eta ezagutzera emateko unea da orain, eta Sare_Hezkuntza izeneko lehendabiziko ikastetxe-sarea sortzeko, eta, horrela, sare horren bilakaera eredu bihurtzeko eta beste ikastetxe batzuei hobetzeko bideak erakutsi ahal izateko.

Ikasketarako eta jakintzarako teknologiak erabiltzeko, beharrezkoa da hezkuntza-baliabide digitalak bilatu, hautatu eta erabiltzea; dagokion ikasturteko programazio didaktikoa osatzen duten ikasketa-jarduerak aurrera eramatea erraztuko duten baliabide digitalak, hain zuzen. Proiektu honek eskatzen du ikasleekin egiten diren hezkuntza-prozesuak aldatzea. Horretarako, Ikasketarako eta Jakintzarako teknologiak jarriko dira ikastetxeen eskura, baliabide horiek erabil ditzaten. Eta horren osagarri, irakasleak prestatzeko zenbait jarduera egingo dira, banaka zein taldean, teknologia horiek erabiltzeko eta curriculumean ezartzeko beharrezkoak diren ezaguerak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Gailu digitalak erosteko laguntzen (laster iragarriko dira) onuradun izan ahal izango dira hautatutako ikastetxe hauetako ikasleak, betiere beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialetarako.

Hori dela-eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa–, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Agindu honen xedea da dei egitea itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, parte har dezaten «Sare_Hezkuntza Gelan» izeneko berrikuntzako proiektuan. Proiektu horren helburua da sustatzea irakaste-ikaste prozesuan material eta baliabide digitalak prestatu, horiek gelan erabili eta hori burutu ahal izateko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa erraztea.

2.– Helburu hori lortzeko, oro har, 305.000 euro bideratuko dira 2017-2018 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

3.– Lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da deialdi hau.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– «Sare_Hezkuntza Gelan» hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartu ahal izango dute Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa irakasten duten itunpeko sareko ikastetxeek, bakarka, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta maila horiek irakasten dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeek eta federazioek.

2.– Aurreko atalean aipatutako erakundeen eta federazioen kide diren ikastetxeek ezin izango dute bakarka «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartu, baldin eta diru-laguntzaren onuradun den erakundea edo federazioa deialdi honetara aurkezten bada.

3.– Ikastetxe bakoitzeko, banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute erakundeek edo federazioek.

4.– 50 ikastetxe hautatuko dira, gehienez.

3. artikulua.– Proiektuaren baldintzak eta edukia.

1.– «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuak bi ikasturteko iraupena du; hortaz, epealdi horretan parte hartuko dutelako konpromisoa hartu behar dute beren gain parte-hartzaileek. Hautatutako ikastetxe berriek eta «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuaren 2015-2016 ikasturteko eta ondorengoetako deialdietan hautatuak izan zirenek osatzen dute «Sare_Hezkuntza Gelan» Sarea, non eta Berrikuntzako Zuzendaritzak ez duen aurkako ebaluazioa ematen edo OOGk berak ez duen uko egiten.

2.– Heldutasun teknologiaren oinarrizko mailan hasten diren ikastetxeak mailaz igo beharko dira deialdian parte hartu bitartean, eta dagokien IKT heldutasunaren ebaluazioan parte hartuko dute.

3.– Hautatutako ikastetxeetan proiektuan diharduten irakasleek, bestalde, parte hartu beharko dute dagokien berritzeguneak antolatzen duen Sare_Hezkuntza izeneko prestakuntzan eta/edo koordinazioan.

4.– Eskatzaileek egiaztatu behar dute badituztela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko; horrez gain, ziurtatu behar dute azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diotela.

5.– Eskatzaileek egiaztatu behar dute ikastetxeko zein erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.

6.– Ikastetxe edo erakunde eskatzaileek «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan duten parte-hartzea zehaztuko dute proiektu baten bidez, edo hainbat proiektu bakarka, ikastetxez ikastetxe, Elkarteen eta Federazioen kasuan. Alderdi hauek jaso beharko dira:

a) Inplikazioa eta presentzia ikastetxearen hezkuntza-proiektuan.

b) Ikasketa digitaleko metodologia pedagogikoak, ikastetxearen, gelaren eta ikasleen eskalan.

c) Irakasleen trebakuntza teknologikorako zein pedagogikorako jardueren planifikazioa.

d) Proiektua koordinatzeko, haren jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko prozeduraren xehetasunak eta garapena.

e) Ikasketa digitaleko proiektuetan aurretik izandako esperientzia berritzaileak.

f) Proiektuan parte hartuko duten hezkuntza-taldeak edo -lerroak, irakatsiko diren arloak edo ikasgaiak eta esku hartuko duten irakasleak.

g) Hezkuntza-komunitatean planaren berri zabaltzeko eta familien parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako neurriak.

h) Proiektuaren edukiak beste talde eta irakasle batzuei transmititzeko aurreikuspena.

i) «Sare_Hezkuntza Gelan» esperientzian parte hartzearen ondorioz ikasitakoa hedatzeko eta hezkuntza-alorreko beste eragile batzuk edo ikastetxe batzuk trebatzeko aurreikuspena.

j) Aurkeztutako aurrekontuaren justifikazioa eta banakapena.

7.– Kanpoan geldituko dira 2015-2016 ikasturtetik hezkuntza-berrikuntzako «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartzen duten ikastetxeen proiektuak.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen helburua da bi ikasturteko proiektu bat egitea laguntza eskatzen duen ikastetxean ezartzeko, edo erakunde edo federazioen bidez parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan. Proiektu horretan, honako ildo hauetakoren bat edo gehiago landu beharko dira:

a) Teknologia zein material berrien eta baliabide digitalen erabilera ikasgelan, irakasteko eta ikasteko prozesuan.

b) Irakasleak teknologia eta pedagogia aldetik prestatzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan material eta baliabide digitalak erabil eta landu ditzaten.

c) Material digitalak sortzea ikasgelan erabiltzeko. Material hori, hezkuntza-sisteman erabiltzeko, eskura jartzea adostu ahal izango da Hezkuntza Sailarekin.

2.– Diru-laguntzaren xede izango dira proiektuaren lehen ikasturtean zehar egindako honako gastu hauek:

a) Proiektuaren zuzendaritza- koordinazio, jarraipen eta ebaluazio-kostuak oro har, eta prestakuntza-jarduerak eta material digitala prestatzeko lanen kostuak zehazki. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.

b) Prestakuntza-jarduera ematearen kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez ere 90 euroko muga orduko), eta ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu-hartzeak edo otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Prestakuntza-jarduera hori osorik azpikontratatu ahal izango da.

Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatzeetarako edo otorduetarako gastuak.

c) Lizentzien kostua eta tresna digitalak erabiltzeko behar diren material curricularrena.

5. artikulua.– Gutxieneko betekizunak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

2.– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

3.– Erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza batzuen esparruan horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek eman edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Badituela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko, eta, horrez gain, ziurtatu egiten duela azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diola.

b) Erakunde eskatzaileak adierazi behar du ea diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen helburu bererako, eta, hala badagokio, ea halakorik jaso duen beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

c) Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.

e) Ikastetxeak adierazi beharko du eskabide-orriko eta berarekin batera aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla, eta egiaztatu beharko du laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

f) Eskaera egin duen erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/sare-hezkuntza-gelan/y22-izapide/es

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak.

4.– Eskabideekin batera II. eta III. eranskinetan ageri den «Laburpen fitxa eta proiektua» aurkeztuko da, eskabidea ikastetxe bati bakarka dagokion ala Federazio edo Elkarte bati.

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

9. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria buru den edo hark izendatzen duen pertsona buru den batzorde batek aztertuko eta ebaluatuko ditu aurkeztutako proposamenak; batzorde horretan, gainera, honako hauek hartuko dute parte:

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburu batek. Zuzendariak izendatuko du.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako hiru lurraldeburuek.

– Berritzegune Nagusiko aholkulari batek. Berritzeguneko zuzendariak izendatuko du.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako bi teknikarik. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu, eta haietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

2.– Batzorde horrek eskumena izango du proiektuak modu egokian balioesteko beharrezko jotzen dituen txosten teknikoak eskatzeko.

3.– Batzordeak dagozkion proposamenak igorriko dizkio Hezkuntzako sailburuordeari.

10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko irizpideak.

«Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartuko duten proiektuak hautatzeko, I. eranskinean eskaerak balioesteko ezarritako baremoa hartuko da kontuan. Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira esleipen-prozeduratik.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Hautatutako 50 ikastetxeen proiektuen artean banatuko da deialdi honetako zuzkidura ekonomikoa, proiektuan lortzen duen puntuazioaren arabera.

2.– Hautatutako ikastetxeak, haien puntuazioaren arabera, 25 ikastetxeko bi taldetan banatuko dira. Puntuaziorik onena duten ikastetxeen erdiek 8.000 euro jasoko dituzte, baldin eta proiektua egiteak daukan kostua gainditzen ez bada. Gainontzeko 25 ikastetxeen artean geratzen den diruaren bidezko banaketa egingo da, 305.000 eurora arte (muga, 8.000 euro ikastetxeko), baldin eta kasu bakoitzean ez bada gainditzen proiektua egiteak daukan kostua. Azpitalde bien artean berdinduta dauden ikastetxeen kasuan, hogeita bosgarrenak daukan puntuazio bera daukaten ikastetxe horiek lehentasuna daukan lehen azpitalde horretan sartuko dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 4. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du ebazpena, balorazio-batzordeak egindako proposamenak kontuan hartuta, eta bertan zehaztuko da aurkeztutako parte-hartze proiektuetatik zein hautatu den eta zein ez, bai eta hautatutako proiektuetarako diru-laguntzen zenbatekoa ere.

2.– Hartutako ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie eskaera egin duten erakundeei, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik hasita sei hileko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, herritar guztiei jakinarazteko.

3.– Gehienezko epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal dute eskabidea ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren ondorioetarako.

4.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena bera jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan) ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

4.– Proiektua ikastetxeko urteko planean sartzea.

5.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

6.– Hezkuntza Ikuskaritzari helarazi egin behar zaio ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia.

7.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.

8.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 60; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi, eta, gehienez, bi hileko epean ordainduko da.

b) Bigarrenean, gainerako % 40a, hurrengo paragrafoan adierazitako justifikazio-dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren.

2.– 2018ko uztailaren 1a baino lehen, zentro onuradunek proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontua aurkeztu beharko dute http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunean. Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/sare-hezkuntza-gelan/y22-izapide/es

a) Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira, eraginaren adierazle gisa: landutako material digitalen kopurua eta edukia; baliabide digitalak ezarri dituzten taldeen kopurua; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa eta ea prestakuntzaren barruan ikasgelan prestakuntzaren bat ezarri den.

b) «Justifikazio-kontua» agirian jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, emate-data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

Onuradunek zaintzapean eduki beharko dituzte justifikazio-kontuan gastu eta inbertsio gisa egiaztatzen dituzten agiriak.

3.– Hezkuntza Sailak diru-laguntza egoki erabiltzen ari dela frogatzeko modua izateko iruditzen zaizkion justifikazio-kontuak egiaztatu ahal izango ditu, eta horretarako, gastu jakin batzuen justifikazio-agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.

4.– Programaren iraupena bi ikasturtekoa den arren, gastu guztiak artikulu honetako 2. zenbakian ezarritako epean aurkeztu behar den dokumentazioan justifikatu beharko dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa oro jakinarazi beharko da, eta hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak errespetatzen badira, betiere. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da, eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

17 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

b) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.

c) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.

d) Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, gehi dagozkien berandutze-interesak, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategiaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKAERAK BALORATZEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
IKASTETXE ESKATZAILEARENTZAKO LABURPEN-FITXA ETA PROIEKTUA
(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
FEDERAZIOARENTZAKO/ELKARTEARENTZAKO LABURPEN-FITXA ETA PROIEKTUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala