Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2017ko maiatzaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
2220

1/2017 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

Eusko Legebiltzarrak apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretua, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzeko apirilaren 21eko 5/2016 Legearen azken xedapenetako lehenengoak baimena ematen dio Jaurlaritzari lege hori indarrean jartzen denetik hamabi hilabeteko epean testu bategin bat onesteko, behar bezala araupetu, argitu eta harmonizatuta bilduz Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legea eta horri egindako aldaketak.

Gaikuntza hori baliatuz, testu bategin hau prestatu da, ondoren adieraziko diren irizpideei jarraituz.

Lehenik eta behin, testu bakarrean bildu dira Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen manuak eta lege horri egin zaizkion aldaketak. Horrekin bat etorriz, artikuluen zenbakiak egokitu dira eta, hortaz, baita haien arteko barne-igorpen eta konkordantziak ere.

Bigarrenik, erabilitako hiztegia eta gramatika-kontuak eguneratu eta berrikusi dira, testuan modu desberdinean erabiltzen ziren termino jakin batzuen erabilera bateratzeko eta testuari behar bezalako barne-kohesioa emateko. Hala gertatzen da, esate baterako, segurtasun publikoaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin edo Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari egiten zaizkion aipamenekin. Era berean, hizkuntza berraztertu da, ikuspegi ez-sexistatik erreparatuta.

Horrez gain, euskarazko bertsioko hizkuntza ere berraztertu da legegintza-eskuordetzaren mugen barruan, 1996az geroztik aurrerapen handiak egin baitira arlo honetako euskara teknikoan eta juridikoan eta, horrenbestez, beharrezkoa izan baitaiteke aldaketak egitea azken emaitzan inkoherentziarik egon ez dadin eta lortu nahi den segurtasun juridikoari kalterik egin ez dakion.

Legegintza-eskuordetzak testua argitu eta harmonizatzeko ahalmena ematen zuen arren, ez da beharrezkotzat jo adierazitakoa baino gehiago egitea.

Horiek horrela, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2017ko martxoaren 28an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzea.

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.

Beste xedapenetan Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bategineko dagokion manuari egindakotzat joko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legea, bai eta hura aldatu duten legeak ere.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Legegintzako Dekretu hau eta bertan onartzen den testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.

LARRIALDIAK KUDEATZEKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jarduketak antolatzea eta koordinatzea larrialdien prebentzio eta kudeaketaren arloan. Jarduketa horien helburua izango da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larri, hondamendi eta lazeria publikoko egoeren aurrean, eta, orobat, era bateko eta besteko zerbitzu eta operatiboen koordinazioa beharrezkoa den urgentziako edo larrialdiko beste kasu batzuetan.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako helburuak betetzeko, ekintza hauek egitera bideratzen dituzte zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan:

a) Pertsona eta ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasuna arriskuan jar dezaketen egoerak aztertzea eta ebaluatzea.

b) Arrisku-guneak identifikatzea, gune horien mapak egitea eta kalteberatasun-maila ebaluatzea.

c) Gerta daitezkeen arriskuek kalterik ez eragiteko edo kalte horiek txikiagoak izateko prebentzio-neurriak eta autobabes-neurriak hartzea, bai eta biztanleria arrisku horietaz informatu eta sentsibilizatzeko neurriak hartzea ere.

d) Gertatzen diren edo aurreikusten diren ezbeharrei aurre egiteko erantzuna prestatzea, babesa eta sorospena emateko esku-hartzeen jarduketa koordinatua programatzeko larrialdi-planen eta taktika operatiboen bidez.

e) Alerta- eta transmisio-sistemak eta esku-hartzeko eta sorospena emateko zerbitzuak bultzatzea, sortzea, mantentzea eta kudeatzea.

f) Hondamendia edo lazeria jasaten duten guneak birgaitzeko eta berreraikitzeko programak prestatzea, lehen zegoen ekonomia- eta gizarte-ehuna eta ingurumen-ehuna berreskuratzeko.

g) Herritarrak, enpresak eta erakundeak segurtasun egokiaren beharraz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko programak egitea eta gauzatzea.

3.– Herritarrek lege honen helburuetan parte hartzen dute, haien eginbeharrak betez eta lege honek eta aplikatu beharreko gainerako ordenamendu juridikoak aurreikusten dituzten modu eta tresnen bidez borondatezko lankidetza eskainiz.

2. artikulua.– Printzipioak.

Larrialdiak kudeatzeko sistema integratu eta bateragarri bat une oro erabilgarri egongo dela bermatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztiek, lege honen helburuak betetzeko eta bakoitzak bere eskumenen eremuan. Horretarako, koordinazioaren, lankidetzaren, elkartasunaren eta erakundeen arteko leialtasunaren printzipioak hartzen dituzte aintzat haien arteko harremanetan, bitarteko eta baliabide mugigarrien osagarritasun eta subsidiariotasunaren arabera egokitzen dituzte haien jarduketak eta integragarritasunari, gaitasunari eta egokitasunari begiratzen diote planak aplikatzerakoan.

II. KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA EGINBEHARRAK

3. artikulua.– Eskubideak.

Babes zibilari dagokionez, Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek eskubidea dute:

a) Informatuak izateko, eragin diezaieketen arrisku kolektibo larriei buruz eta arrisku horiei aurre egiteko aurreikusitako jarduketei buruz. Informazio horrek ezin izango du, inola ere, indarrean dagoen legeriak babestutako daturik izan.

b) Informazioa eta jarraibideak jasotzeko, hartu beharreko segurtasun-neurriei buruz eta izan beharreko jokabideari buruz.

c) Lankidetzan aritzeko, babes zibileko lanetan.

d) Zuzenean eragin diezaieketen babes zibileko eta larrialdietako planak egiteko prozesuan parte hartzeko, informazio publiko eta kontsultako eta herritarren parte-hartzeko izapideen bitartez.

e) Babes zibileko agintari eta zerbitzuetara jotzeko, arlo horrekin lotutako arrisku, aurreikuspen eta dispositiboen inguruko kexak, eskaerak eta proposamenak aurkezteko.

f) Zerbitzu publiko eskudunek larrialdietako biktimak ahalik eta lasterren identifikatzeko eta senitartekoei edo hurbilekoei informazio zehatza eskaintzeko. Horretarako, jarduketa-protokoloak ezarri beharko dira.

4. artikulua.– Eginbehar orokorrak.

Autonomia Erkidegoan bizi den pertsona orok babes zibileko zereginetan laguntzeko eginbeharra du lege honen eta lege hau garatzeko arauen arabera, eta, ildo horretan, betebehar hauek ditu:

a) Legez nahitaezkoak diren autobabes-plan eta -neurriak hartu, mantendu eta aplikatzea, bai eta, hala badagokio, horiek garatzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta giza bitartekoak mantentzea ere.

b) Agintaritza eskudunari informazioa ematea kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian aurreikusitako moduan eta dagokion edukiarekin, eta, oro har, arrisku-egoerak sortu edo larriagotu ditzaketen egoerei buruzko informazioa helaraztea.

c) Beharrezko ikuskaritzak egitea, indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituz, ikuskaritzari lokaletan edo establezimenduetan sartzen utziz.

d) Babes zibileko agintaritza eskudunari jakinaraztea larrialdi-egoerak sorraraz ditzaketen gorabeherak, edozein izanda ere gorabehera horiek ezagutzeko bidea.

e) Ariketak eta simulakroak egiten laguntzea, bai eta larrialdi-egoeretako esku-hartzeetan ere, bidezko arrazoiren batengatik eta proportzionaltasun-printzipioaren arabera hala eskatzen zaienean.

f) Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak emandako larrialdiko jarraibide eta neurriak jarraitzea, baita agintaritza horrek emandako agindu orokor eta bereziak betetzea ere.

5. artikulua.– Larrialdi kasuetako betebeharrak.

1.– Hondamendi, lazeria publiko edo arrisku kolektibo larriko egoeren aurrean, edozein pertsona dago behartuta babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak eskatutako prestazio pertsonalak ematera pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko asmoz, sortutako egoeraren eta pertsona bakoitzaren ahalbideen arabera. Zerbitzu horiek ematea nahitaezkoa da eta horregatik ez da inolako kalte-ordainik jasoko.

2.– Larrialdiaren izaerak hala eskatzen duenean, larrialdiari aurre egiteko behar diren ondasunak aldi baterako eta modu iragankorrean errekisatu, esku hartu edo okupatu ahal izango ditu babes zibileko agintaritzak. Jarduketa horiengatik kalte-galerak jasaten dituzten pertsona, erakunde edo enpresek legean ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute.

3.– Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak pertsona, erakunde edo enpresekin hitzarmenak sustatuko ditu, larrialdiren bat gertatuz gero haien bitarteko eta zerbitzuak modu eraginkorrean eskura izatea aurreikusteko.

4.– Hondamendi, lazeria publiko, hur-hurreko aurri edo arrisku kolektibo larriko kasuetan, eta, aldi berean, egoera muturrekoa bada eta premia larrikoa, zilegi izango da bizilekuan sartzea baldin eta pertsonek eta gauzek berehalako kalte larriak jasan ditzaten eragozteko bada.

6. artikulua.– Bereziki behartuta dauden subjektuak.

Babes zibileko agintaritzarekin lankidetzan jarduteko betebehar berezia dute babes zibilerako jarduera garrantzitsua duten pertsona eta erakundeek eta, bereziki, honako hauek:

a) Kalteberatasun edo arriskugarritasunagatik, indarrean dagoen araudiaren arabera autobabes-neurriak hartzeko betebeharra dakarten jarduerak burutzen dituztenek.

b) Enpresa publiko edo pribatuen arriskuen zaintza eta babeseko zerbitzuek.

c) Ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrek edo zerbitzu publiko edo interes orokorreko zerbitzuak kudeatzen dituztenek eta, bereziki, osasun-zerbitzuekin lotutako jarduerak edo oinarrizko zerbitzu eta hornidurak kudeatzen dituztenek, hala nola ur-, gas- eta elektrizitate-banaketa eta -hornidurako nahiz telefonia eta telekomunikazioetako zerbitzuak ematen dituztenek.

d) Gizarte-hedabideek.

7. artikulua.– Bereziki behartuta daudenen eginbeharrak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten pertsona eta erakundeak behartuta daude babes zibilaren arloko agintaritza eskudunari informazioa ematera, babes egokia ziurtatzeko egiten dituzten jardueren inguruan, bai eta babes zibileko arriskuen eta horien bilakaeraren inguruan antzematen duten informazioa ere.

2.– Enpresa publiko edo pribatuen arriskuen zaintza eta babeseko zerbitzuak babes zibileko laguntzailetzat hartzen dira ondorio guztietarako, eta misioak esleitu ahal izango zaizkie babes zibileko planetan. Gainera, hala badagokio, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak larrialdietan jarduteko errekeritu ahalko ditu.

3.– Ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrak edo zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak kudeatzen dituztenak bereziki behartuta daude administrazio eskudunari erraztasunak ematera, haien jardueretarako dituzten baliabide materialak eta pertsonalak erabil ditzan larrialdi-egoerei aurre egiteko behar den neurri zehatzean.

4.– Lege honetan araututako alertako eta larrialdiko egoeretan, telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen titular diren enpresek babes zibileko agintaritzaren eskura jarri beharko dituzte horiek, biztanleriari abisuak edo alertak iragartzeko.

5.– Lege honetan araututako alertako edo larrialdiko egoeretan, titulartasun publiko edo pribatuko gizarte-hedabideak behartuta daude babes zibileko agintaritzarekin lankidetzan jardutera. Alerta- edo larrialdi-egoerak hala eskatuz gero, hedabide horiek, lehentasun osoz eta berehala, doan iragarri edo argitaratu behar dituzte agintariek helarazitako abisu eta jarraibideak. Eta kasu guztietan, komunikatua egiten duen babes zibilaren arloko agintaritza eskuduna zein den adierazi beharko dute.

8. artikulua.– Agindu eta jarraibideak.

1.– Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak herritarren eskubideei eragiten dieten agindu eta jarraibideak eman ahal izango ditu legeetan ezarritakoaren arabera, bai eta hartzaileek derrigor bete beharko dituzten neurriak hartu ere aplikatu beharreko planean edo aktibatzen den babes zibileko planean ezarritakoaren arabera, hondamendia gertatzen denean edo larrialdiak edo babestu beharreko ondasunek eragiten dituzten beharrek hala eskatzen dutenean.

2.– Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu:

a) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.

b) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea.

c) Arrisku-guneetarako edo operazio-guneetarako sarbidea mugatzea.

d) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa murriztu edo baldintzatzea.

e) Leku jakin batzuetan jarduerak murriztu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea.

3.– Manu honetan aipatzen diren neurriak larrialdiari aurre egiteko behar den bitartean bakarrik egongo dira indarrean; halaber, neurriok arriskuaren araberakoak izango dira, eta ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

III. KAPITULUA
BABES ZIBILA
1. ATALA
ANTOLAKETA ETA ESKUMENAK

9. artikulua.– Eremua.

Arrisku larri, hondamendi edo lazeria publikoak prebenitzeko eta pertsonei, haien ondasunei eta ondare kolektiboari babesa eta sorospena emateko kontuetan, kapitulu honetan aurreikusitakoarekin bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jarduketa; eta autonomiaz gaindiko interesen bat egonez gero, Estatuko legeriak babes zibilari buruz xedatzen duena beteko da.

10. artikulua.– Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen eremuan. Hari dagokio:

a) Babes Zibileko Euskadiko Plana eta plan bereziak onartzea.

b) Babes zibilaren arloan prestatzen diren xedapen orokorrak onartzea.

c) Prebentzio- eta autobabes-politiken funtsezko ildoak finkatzea.

11. artikulua.– Segurtasun publikoaren arloko sail eskuduna.

Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saila da Autonomia Erkidegoko babes zibileko politikaz arduratu behar duen organoa eta, hala izanik, honako hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion babes zibilaren arloko xedapen orokorrak egitea, garatzea eta gauzatzea, hark onar ditzan.

b) Autonomia Erkidegoko arriskuen inbentarioa eta baliabide mugigarrien katalogoa egitea.

c) Babes Zibileko Euskadiko Plana eta horretan sartzen diren plan bereziak egitea, bai eta beste administrazioen eskumenekoak izan arren aplikazio-eremuak erkidegoaren lurraldea ukitzen duten larrialdietako planen idazketa sustatzen laguntzea ere.

d) Prebentzio eta autobabeseko politika eta programak garatzea eta koordinatzea, Jaurlaritzak emandako ildoei jarraituz.

e) Larrialdietan esku hartzeko zerbitzu propioak eta abisu- eta alerta-sistemak sortzea eta mantentzea.

f) Ertzaintzaren esku-hartzea xedatzea, oro har, eta organo eskudunei indar armatuen laguntza eskatzea.

g) Babes zibileko planetako ekintzen eta plan horiek gauzatzeko baliabideen zuzendaritza eta koordinazio gorena egikaritzea, planek hala xedatzen dutenean.

h) Babes Zibileko Euskadiko Planaren aplikazioa xedatzea eta, planaren titularraren bidez, horren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa egikaritzea, 35. artikuluan aurreikusitako egoeran izan ezik.

i) Hondamendiko larrialdi-egoera deklaratzeko proposamena egitea lehendakariari.

j) Babes zibilaren arloko lankidetza-bideak ezartzea Administrazio zentralarekin eta beste autonomia-erkidegoekin.

12. artikulua.– Lurralde historikoak.

Lurralde historikoek babes zibila ematen parte hartuko dute, haien eskumen-eremuan eta lege honen printzipioak errespetatuz. Honako hauek dagozkie:

a) Haien lurralde historikoko babes zibileko plana egin eta onartzea, Babes Zibileko Euskadiko Planak ezartzen duenarekin bat etorriz.

b) Lurralde historikoaren babes zibileko planeko baliabide mugigarrien katalogoa egitea.

c) Eusko Jaurlaritzako segurtasun arloko sail eskudunaren eskumeneko babes zibileko planak egiteko eta eguneratzeko interesgarriak diren datuak ematea sail horri.

d) Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak sortzea, antolatzea eta mantentzea, lege honetan eta aplika daitekeen gainerako legerian ezartzen denaren arabera.

e) Suteen aurkako defentsaren arloan erakunde komunetatik datorren legeria eta arau-garapena betearaztea.

13. artikulua.– Udalerriak.

1.– Udalerriek babes zibila ematen parte hartuko dute, haien eskumen-eremuan eta lege honen printzipioak errespetatuz. Honako hauek dagozkie:

a) Babes zibileko udal-egituraren eraketa bultzatzea.

b) Babes zibileko udal plana egin eta onartzea.

c) Babes zibilerako garrantzitsuak diren datuak biltzea eta jakitera ematea.

d) Babes zibileko udal planeko baliabide mugigarrien katalogoa egitea.

e) Aurreikuspen eta prebentzioko udal-programak egitea eta betearaztea, beste administrazioen programek adierazten dutenaren ildotik. Horretarako, biztanleria kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak, autobabes-neurrien hedapena eta babes zibileko praktikak eta simulakroak egingo dira.

f) Udal-mugartean boluntarioen erakundeen eraketa bultzatzea.

2.– Lege honetan eta toki-araubidearen legerian ezartzen denaren arabera, udalei dagokie suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak sortzea, antolatzea eta mantentzea.

3.– Alkatea da udaleko babes zibilaren agintari gorena. Kapitulu honetako 3. artikuluan tipifikatutako larrialdiren bat gertatzen denean udal-mugartean, udal-agintaritzak hartuko du bere gain sorospeneko eta laguntzako zerbitzuen zuzendaritza eta koordinazioa, eta egoeraren informazio zehatza emango dio berehala Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saileko organo eskudunari, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bitartez.

4.– Lurralde historikoek eta Eusko Jaurlaritzak babes zibileko udal-egituraren antolaketan lagundu eta egitura hori sustatuko dute, toki-autonomia errespetatuz.

14. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordea.

1.– Babes zibilaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordea da administrazio publikoen koordinaziorako eta lankidetzarako kide anitzeko organoa. Horretarako, eginkizun hauek gauzatuko ditu:

a) Babes Zibileko Euskadiko Planari eta bertan sartzen diren plan bereziei buruzko txostenak aurretiaz eta nahitaez egitea.

b) Autonomia Erkidegoarena baino eremu txikiagoa duten babes zibileko planak homologatzea.

c) Babes zibilari buruzko arau-proiektuen txostenak egitea.

d) Autonomia Erkidegoaren eremuko baliabide mugigarrien katalogoa egiteko irizpideak ezartzea.

e) Babes zibilaren arloan administrazio publiko guztien politika koordinatua ezartzera bideratutako neurriak proposatzea.

f) Babes zibilean erabil daitezkeen tekniken, bitartekoen eta baliabideen normalizazioa eta, hala egokituz gero, homologazioa aztertzea eta erakunde eskudunei proposatzea.

g) Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen antolaketari eta funtzionamenduari dagozkion erregelamendu-arauen proiektuak ezagutzea, bai eta zerbitzu horietako funtzionarioen estatutu-araubideari dagozkionak ere.

h) Lege- edo erregelamendu-xedapenen bidez ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

2.– Erregelamendu bidez ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordearen osaketa, antolaketa eta funtzionamendua. Bestalde, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek, Estatuko Administrazioak, lurralde historikoek eta udal Administrazioak izango dute ordezkaritza batzorde horretan.

3.– Batzordeak batzorde teknikoak edo lan-taldeak eratu ahal izango ditu barruan, eta batzorde tekniko edo lantalde horiek batzordeko kideez eta beharrezkotzat jotzen diren beste teknikari batzuez osatuta egongo dira, zer helburutarako sortzen diren kontuan hartuta.

4.– Ezartzen zaizkion eginkizunak bete ahal izateko, batzordeak informazioa eskatuko dio edozein erakunde edo pertsona fisiko edo juridikori, eta bereziki babes zibileko boluntarioen erakundeei.

2. ATALA
AURREIKUSPENA

15. artikulua.– Arriskuen inbentarioa eta mapa.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak egin eta zaintzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoari eragiten dioten arriskuen inbentarioa eta mapa. Horiek Babes Zibileko Euskadiko Planaren parte dira.

2.– Euskadiko arriskuen inbentarioan bilduko dira Euskadiko lurraldean pertsonen osotasunari, ondasunei, ondare kolektiboari eta ingurumen-ondareari arrisku larriak eragin diezazkieketen egoera edo jarduera natural, antropiko eta teknologiko guztiak. Era berean, berez erkidegorako interesgarritzat jotzen diren arrisku-egoerak zehaztuko dira inbentario horretan.

3.– Euskadiko arrisku-mapa da dokumentu kartografiko ofiziala non seinalatzen, deskribatzen, kalifikatzen eta kokatzen diren Autonomia Erkidegoari eragiten dioten arrisku garrantzitsuak, arrisku bakoitza agertzen den lurralde-esparrua zehaztuz.

4.– Euskadiko arriskuen inbentarioa eta mapa egoki iritzitako arriskuen analisien arabera egingo dira, bereziki kontuan hartuz udalek eta foru-aldundiek egindako babes zibileko planetatik ateratako informazioa eta hainbat administrazio publikotako organoek arrisku bakoitzarentzat egindako arrisku-ikerketatik eratorritako datuak, eta, hala badagokio, dagozkion hitzarmenak sinatu ahal izango dira.

Euskadiko arriskuen inbentarioa eta mapa aldiro berrikusi eta eguneratuko dira.

5.– Euskal administrazio publiko guztiei emango zaie Euskadiko arriskuen inbentarioaren eta maparen berri.

16. artikulua.– Babes zibileko informazio- eta alerta-sarea.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak babes zibileko informazio- eta alerta-sare bat eratu eta koordinatuko du; batetik, larrialdi-egoerak prebenitzeko, egoera horiek antzemateko eta horien jarraipena egiteko, eta, bestetik, pertsona, ondasun eta ondare kolektiboaren segurtasunarentzat mehatxu denari buruzko prebentzio-informazioa emateko babes zibileko agintaritzari, bereziki kalteberak diren zerbitzu publikoei eta biztanleriari.

2.– Informazio- eta alerta-sarea osatuko dute pertsona, ondasun eta ondare kolektiboarentzat arriskutsuak diren fenomenoak antzematen, horien jarraipena egiten eta horien prebentzioan lagundu dezaketen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko erakunde guztiek eta haren sektore publikoak.

Halaber, Autonomia Erkidegoko lurraldean egon daitezkeen beste kontrol- eta alerta-sistema publiko nahiz pribatu batzuk sare autonomikoan funtzionalki integratzeko ahalegina egingo da.

3.– Biztanleriarentzako prebentzio-informazioa modu eraginkorrean zabaldu behar da, hartzaile diren kolektiboak kontuan izanda; batez ere, haurren, adinekoen, desgaituen edo bereziki kalteberak diren beste kolektiboen kasuan.

4.– Alerta edo alarmako instalazioen kokalekua Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du. Kokalekua erabaki ondoren, alerta edo alarmako instalazioetarako beharrezko kokaleku-aurreikuspenak sartu beharko dituzte udal-plangintzako hirigintza-tresnek.

Onura publikokotzat jotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibileko informazio- eta alarma-instalazioak ezartzeko beharrezkoak diren lursail eta ondasunak, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

5.– Informazio eta alarma automatikoko sarea ezartzeko ondasun edo eskubideen nahitaezko desjabetzea edo zortasunak ezartzea desjabetzearen arloan indarrean dagoen legeria orokorraren arabera egingo dira.

17. artikulua.– Meteorologiako Euskal Zerbitzua.

1.– Meteorologiako Euskal Zerbitzuak parte hartzen du aurreko artikuluan aipatutako informazio- eta alerta-sarean.

2.– Jarduketa-programa bat prestatuko da meteorologia-fenomeno kaltegarriak iragartzen direnerako eta horien zaintzarako. Programa horrek kaltegarritasun-atalaseak definituko ditu, pertsonei edo ondasunei, zuzenean edo zeharka, kalteak eragiteko aukeraren arabera, bai eta atalase bakoitzean zerbitzu publikoei edo herritarrei jakinarazi beharreko abisu-buletinak ere.

18. artikulua.– Lurralde-antolamenduko tresnak eta hirigintza-planak.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 66. artikuluan jasotakoaren arabera, lurralde-antolamenduko tresnek eta hirigintza-planek kapitulu honetan araututako arriskuen inbentarioan eta mapan zehaztutakoa hartuko dute kontuan, eta gerta litezkeen hondamendien eta lazerien inpaktuak gutxitzeko eta arriskuak prebenitzeko neurriak hartuko dituzte. Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak administrazio eskudunaren eskura jarriko du plangintzaren xede den lurraldean dauden babes zibileko arriskuei buruzko informazioa.

2.– Lurralde-antolamenduko tresnek, behin hasierako onespena jasota, Jaurlaritzan larrialdien eta babes zibilaren arloko eskumena duen saileko zuzendaritzaren nahitaezko txostena jaso beharko dute, tresna horietan onetsitako lurralde-ereduak eragin ditzakeen arrisku kolektibo larriko egoerekin lotutako alderdiei buruz. Txosten horren ondorioak kontuan hartu beharko dira lurraldearen erabileraren edo aprobetxamenduaren legezko bateraezintasunik adierazten badute, pertsonen, ondasunen edo ondare kolektiboaren segurtasuna arriskuan jartzen dutelako. Txostena bideratzeko epea hilabetekoa izango da, eta epe horretan txostenik ematen ez bada, izapideak aurrera egin ahal izango du.

3.– Hiri-antolamenduko plan orokorrak formulatu eta izapidetzeari dagokionez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 90. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, udalek, plana egitea erabakitzen dutenean, Jaurlaritzan larrialdien eta babes zibilaren arloko eskumena duen saileko zuzendaritzari informazioa eskatuko diote dauden arriskuei buruz, antolamenduak zeintzuk errespetatu behar dituen jakiteko. Informazio hori emateko, gehienez ere bi hilabeteko epea egongo da, eta justifikazio tekniko eta juridikoarekin batera emango da.

4.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena duen sailak manu hau aplikatuz egindako txostenen berri emango dio aldian-aldian Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeari.

3. ATALA
PREBENTZIOA

19. artikulua.– Prebentzio-ekintzak.

Legeek arriskuen prebentzioaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei ematen dizkieten eskudantziei kalterik egin gabe, prebentzio-ekintza hauek dagozkie administrazio horietan babes zibilaz arduratzen diren organoei:

a) Babes zibileko praktikak eta simulakroak egitea.

b) Autobabesari bultzada eta zabalkundea ematea, eta istripu, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretan jokatzeko moduei buruzko informazioa ematea.

c) Autobabeseko tekniken ikaskuntza sustatzea eskola-eremuan.

d) Arriskuak prebenitzeari buruzko arauak betearazteaz arduratzea, haien eskumen-eremuan dauzkaten ikuskatze- eta zehatze-ahalak erabiliz.

e) Herritarrak babes zibilarekin lankidetzan aritu daitezela sustatzea, boluntarioen elkarteetan sar daitezela bultzatuz.

20. artikulua.– Autobabesaren arloko betebeharrak.

1.– Jardueren kalteberatasun edo arriskugarritasunagatik pertsonei, ondasunei edo ondare kolektiboari arriskuak eragin diezazkieketen jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek autobabes-neurri hauek hartu beharko dituzte, erregelamendu bidez ezartzen den moduan:

a) Autobabes-plan bat egitea, erregelamendu bidez ezarritako eduki eta prozedurak bilduko dituena, eta plan hori eta hartutako beste autobabes-neurriak, bai eta horien aldaketak ere, administrazio eskudunari jakinaraztea.

b) Berariazko araudiaren arabera erregistratzekoak diren datuak Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera bidaltzea, eta datu horiek eguneratuta izatea.

c) Autobabeseko arduradun bat izendatzea.

d) Babes zibileko agintari eta zerbitzuei azkar ematea edozein larrialdiren berri eta, orobat, beren jardueren ondoriozko arriskua nabarmen handitzea eragin dezakeen edozein gorabeheraren berri.

e) Dagokion autobabes-planean aurreikusten diren edo egoeraren arabera egokienak eta arrazoizkoenak diren neurriak aplikatzea.

f) Agintari publikoei laguntzea biztanleriarentzako autobabes-neurriei buruzko informazioa zabaltzen eta neurri horiek sustatzen, haien jardueren eragin-eremuan.

g) Babes zibileko agintariei eta horien agenteei jarduerari buruz eskatzen duten informazioa ematea eta, ikuskaritza-zereginetan dihardutenean, informaziora iristen uztea.

h) Arriskuko eta larrialdiko egoerei aurre egiteko beharrezko bitarteko pertsonalak eta materialak mantentzea.

i) Beren jarduera, instalazio, zentro, establezimendu edo bulegoek babes zibilaren arloan eragin ditzaketen kalteak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru bat edo beste finantza-berme baliokideren bat sinatzea.

2.– Erregelamendu bidez katalogatuko dira aurreko zenbakian aurreikusten diren autobabes-neurriak hartzera behartuta dauden jarduera, instalazio, zentro, establezimendu edo bulegoak.

21. artikulua.– Autobabes-planak.

1.– Autobabes-planak dira jarduera, zentro, establezimendu, espazio, instalazio edo bulego baterako aurreikusitako esparru organiko eta funtzionala, eta horien helburua da pertsonen eta ondasunen gaineko arriskuak prebenitzea eta kontrolatzea, eta izan daitezkeen larrialdi-egoerei erantzun egokia ematea titularraren ardurapean dagoen eremuan, jarduketa horiek babes zibileko sistema publikoan integratzen direla bermatuz. Plan horiek, halaber, dagokion agirian jasoko dira.

2.– Autobabes-planak honako alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Titularren identifikazioa eta jardueraren eta hura garatzen den instalazio edo eremuen deskribapena.

b) Toki edo establezimenduari eragin diezaioketen arriskuen identifikazio eta ebaluazioa.

c) Arriskuak murriztera edo ezabatzera bideratutako neurriak ezarriko dituen prebentzio-plan bat.

d) Larrialdietako plan bat, larrialdiko egoeretan garatu beharreko neurriak eta jarduketak biltzen dituena, hala nola, alarma, sorospena eta ebakuazioa; bai eta plan hori babes zibileko planetan sartzea ere.

e) Instalazioetan lan egiten duten pertsonentzako informazio, prestakuntza eta hornikuntza egokia. Erregelamendu bidez hala eskatzen den kasuetarako, sorospen- eta laguntza-lanetan espezializatuta dauden talde profesionalak antolatuko dira, baliabide propioekin.

f) Autobabes-planean dauden neurrien eraginkortasunaz eta babes zibilaren arloko eskumena duten agintariekin eduki beharreko harremanez arduratuko den pertsonaren izendapena.

3.– Autobabes-planen bat izateko betebeharra duten enpresa, erakunde eta zentroek babes zibilaren arloko agintaritza eskudunarekin lankidetzan jarduteko betebeharra dute, eta beren planari buruz eskatzen zaien informazio guztia eman behar dute, bai eta sortzen dituzten larrialdiei egoki erantzuteko beharrezko bitarteko tekniko eta materialei buruz eskatzen zaien informazio guztia ere, instalazioen kanpoko aldeari eragiten badiote.

4.– Behar bezala gaitutako teknikari adituek idatzi behar dituzte autobabes-planak, jardueraren titularra den enpresa edo erakundearen erantzukizunpean, eta plan bakoitzaren motaren arabera, txostena egin behar zaie, eta homologatu edo onartu egin behar dira erregelamendu bidez ezarritakoari jarraituz.

5.– Autobabes-planen arduradunek parte hartu behar dute babes zibileko zerbitzu publikoetako agintari eta arduradunek eskatutako prebentzioko zeregin edo zeregin operatibo guztietan; bileretarako deia egiten zaienean bertaratu behar dute, planak barne hartutako edozein arrisku-egoerari edo planaren eraginkortasunari eragiten dion edozein gorabeheraren berri eman behar diete agintariei, eta autobabes-plana aktibatu behar dute.

22. artikulua.– Autobabesa sustatzea.

Euskal administrazio publikoek autobabesaren kultura sustatuko dute eta, bereziki, arrisku bereziko jardueretan aritzen diren enpresa eta erakundeen artean autobabeseko erakundeak eratzea, aholkularitza eta laguntza emanez.

23. artikulua.– Autobabesa prestatzea.

1.– Euskal administrazioek biztanleria arrisku kolektibo larriei, hondamendiei eta lazeriei aurre egiteko prestatzeko beharrezkoak diren jarduerak egin behar dituzte, informazioko eta dibulgazioko kanpainen bitartez bereziki.

2.– Autobabesaren arloko betebeharrak dituzten jarduerak egiten dituen erakunde publiko eta pribatu orok administrazio publikoekin lankidetzan jarduteko betebeharra du biztanleria prestatzeko jardueretan.

3.– Babes zibileko agintaritzak ariketak eta simulakroak prestatu eta egin ditzake. Arrisku bereziek eragindako eremu, zentro, establezimendu eta instalazioetan, aldizka ariketak edo simulakroak egin behar dira, dagozkien planen xedapenei jarraituz.

Ariketa, simulakro edo informazio-kanpainen sustatzaileek larrialdietako agintaritza eskudunari jakinarazi beharko diote, aldez aurretik, jarduera horiek egingo dituztela, bai eta jarduerok kontrolatzeko beharrezkoak diren datuak ere.

24. artikulua.– Irakaskuntzako autobabesa.

Ikastetxeen hezkuntza-zikloetan nahitaezkoa izango da babes zibilaren inguruko informazioko, prebentzioko eta dibulgazioko jarduerak programatzea, eta aldizka ebakuazioko ariketa edo simulakro bat egin beharko da, dagokion autobabes-planaren aurreikuspenen arabera.

25. artikulua.– Autobabes-neurriak betetzea.

1.– Autobabes-plana aldatu, eguneratu edo berrikus dezatela errekeritu ahal izango die babes zibileko agintaritzak plana edukitzeko betebeharra daukatenei, baldin eta aldaketarik izan bada plana egitea eragin zuten inguruabarretan; eta ohartaraziko die emandako epean hala egin ezean hurrengo paragrafoan aurreikusitako nahitaezko betearazpen-neurriak hartu ahal izango direla.

2.– Autobabes-neurriak bete ezean, agintaritzak neurri hauetakoren bat edo batzuk hartu ahal izango ditu, hargatik zehatzeko ahalari kalterik egin gabe, aldez aurretik errekerimendua eginda eta modu arrazoituan, eta sor daitekeen arrisku-egoeraren probabilitatearen eta larritasunaren arabera:

a) Hertsapen-isunak jartzea.

b) Beharrezkotzat jotzen dituen babes-neurriak hartzea hartarako betebeharra daukanaren kontura, zeinari bere ondarearen gaineko premiamendu-bidez eskatuko zaion ordainketa, betearazpen-bidetik egin beharreko zerga-bilketako prozeduraren arabera.

c) Arriskua sortzen duen jarduera etetea edo establezimendu, instalazio edo eremua ixtea harik eta errekeritutako jarduketa bete arte.

3.– Esku-hartze publikoen gastuak ordain ditzatela eskatuko diete euskal administrazio publikoek dolo, erru edo arduragakeriaren erantzuleei edo autobabeseko legeak edo erregelamenduak hausten dituztenei, betiere legeria zibilean aurreikusitakoaren arabera.

26. artikulua.– Jardueren jarraipen-planak.

1.– Eusko Jaurlaritzak onartutako babes zibileko planek eskatu ahalko dute jardueraren jarraipen-planak prestatzea eta ezartzea, komunitaterako, haren egonkortasun ekonomiko eta sozialerako eta arrisku larri, hondamendi- edo lazeria-kasuetan azkar leheneratzeko ezinbestekoak diren azpiegitura kritikoetan eta funtsezko baliabideetan.

2.– Ezinbesteko zerbitzuen jarraipen-planen helburua da arrisku larri-, hondamendi- edo lazeria-kasuetan komunitaterako funtsezkoak diren zerbitzuak berehala berreskuratu, leheneratu edo jarraitzea ahalbidetzen duten neurri eta prozedurak aurreikustea, larrialdian zehar eta hura bukatu ondoren jardueraren ezinbesteko funtzioek iraungo dutela ziurtatuz.

3.– Jarraipen-planek honako hauen analisia eta ebaluazioa jaso beharko dute: arrisku eta elementu kalteberena, zerbitzuaren jarraipena eta leheneratzea oztopatzen duten inpaktu eta arlo kritikoena, prozesu kritikoetatik leheneratzeko neurriena eta horretara bideratutako baliabideena. Horiez gain, planak ezartzeko, mantentzeko eta eguneratzeko erabiliko diren neurri zehatzak ere bildu beharko dituzte planek.

4.– Jarraipen-planetan aurreikusitako neurriak autobabes-planetan eta azpiegitura kritikoak babesteko planetan aurreikusitako neurriekin koordinatu eta osatu beharko dira. Behar izanez gero, gainera, neurri horiek guztiak dokumentu bakarrean integratu ahal izango dira.

4. ATALA
PLANGINTZA

27. artikulua.– Babes zibileko planak.

1.– Babes zibileko planek esparru organiko eta funtzionala ezartzen dute, bai eta bitarteko eta baliabideak mugitzeko mekanismoak ere, arrisku larria, hondamendia edo lazeria publikoa gertatuz gero pertsonak eta ondasunak babesteko; horrekin batera, esku hartu behar duten administrazio guztien arteko koordinazio-eskema ere ezartzen dute.

2.– Babes zibileko oinarrizko arauetan, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa bete beharko dute planen egiturek eta edukiek.

3.– Prebentzioarekin, arretarekin, sorospenarekin eta pertsonen eta haien ondasunen segurtasunarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten jardueretan aritzen diren erakunde publiko nahiz pribatuek babes zibileko planak egiten lagundu beharko diete euskal administrazio publikoei.

28. artikulua.– Plan motak.

1.– Babes zibileko planak lurralde-mailakoak nahiz bereziak izan daitezke.

2.– Lurralde-planak egingo dira lurralde-eremu bakoitzean gerta daitezkeen larrialdi orokorrei aurre egiteko.

3.– Plan bereziak egingo dira, egon daitezkeen oinarrizko ildoei jarraituz, arrisku zehatzei aurre egiteko, arrisku horien izaerak metodologia tekniko-zientifiko berezia eskatzen duenean, jarduera-sektorearen, larrialdi-motaren nahiz ekintza zehatzaren arabera.

29. artikulua.– Babes Zibileko Euskadiko Plana.

Babes Zibileko Euskadiko Plana da arrisku larriei, hondamendiei edo lazeriei aurre egiteko antolaketa-tresna orokorra Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Zehatzago esanda:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko plangintza-prozesuaren funtsezko elementu iraunkorrak zehazten ditu.

b) Sektore, jarduera edo larrialdi-mota zehatzak ezartzen ditu, gorabehera faktikoek, oraingoek nahiz historian zehar izandakoek, plan bereziak egitea eskatzen dutenean.

c) Babes zibileko udal- edo foru-planak egiteko ildoak ezartzen ditu. Planak ildo horietara egokitu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak homologa ditzan.

d) Plan bereziak egiteko ildoak ezartzen ditu, plan horiek Babes Zibileko Euskadiko Planean sar daitezela ziurtatzeko.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibilaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren izaerak, hedadurak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean.

f) Babes Zibileko Euskadiko Planaren garapenaren eta ezarpenaren ondorioz egindako plan bereziak eta sektorekako jarduketa-programak hartzen ditu barruan.

30. artikulua.– Bestelako lurralde-planak.

1.– Autonomia Erkidegoaren eremuz azpiko lurralde-planak udal- edo foru-mailakoak izan daitezke, eta helburu hauek izango dituzte:

a) Plangintzaren xede den lurraldeko arriskuak eta elementu kalteberak identifikatzea.

b) Aplika daitezkeen prebentzio-neurriak zehaztea.

c) Biztanleria arriskuez eta prebentzio-neurriez informatzeko eta kontzientziatzeko plangintza egitea.

d) Plana egiten duen administrazioaren babes zibilaren antolaketa itxuratzea; horretarako, baliabide mugigarrien katalogoa edukiko du planak.

2.– Plan horien egitura eta edukia Babes Zibileko Euskadiko Planak ezartzen dituen ildoetara egokituko dira.

3.– Plan horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordera bidali beharko dira, homologatzeko. Hau egingo da homologazioan: planak Babes Zibileko Euskadiko Planera egokitzen diren egiaztatu. Gehienez hiru hilabete egongo dira homologatzeko.

4.– Homologatzen ez diren lurralde-planak aldatu egin beharko dira homologatzea eragozten duten arrazoiak kontuan harturik, eta, antzemandako akatsak zuzentzen ez diren bitartean, lurralde-plan zabalagoa izango da aplikagarri.

31. artikulua.– Plan bereziak.

1.– Lege honetan aurreikusitako organoek egin eta onartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren eremutik ateratzen ez diren plan bereziak, dagozkien oinarrizko ildoek xedatzen dutenaren arabera.

2.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren kalterik gabe, Babes Zibileko Euskadiko Planak edo plan bereziek aurreikusi ahal izango dute udalbatzek edo lurralde historikoetako organo eskudunek arrisku zehatzetarako jarduketa-plan espezifikoak egin eta onartu ahal izatea; betiere, plan bereziek ezarritako ildoak kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak homologatu beharko ditu jarduketa-plan horiek eta, horrez gain, dagozkien plan berezietan sartuko dira.

5. ATALA
SOROSPENA

32. artikulua.– Larrialdiaren zuzendaritza eta koordinazioa esleitzea.

1.– Kapitulu honetan jasotako larrialdi-egoeraren bat antzemanez gero, udal-agintaritzak izango du udal-mugarte bakoitzeko lehen ardura larrialdiari aurre egiteko beharrezko neurri egokiak hartzeko, lege honen 13.3 artikuluaren xedatutakoaren arabera.

2.– Arriskuaren izaera edo hedadura, larrialdi-egoeraren irismena edo mobilizatu beharreko zerbitzu eta baliabideak gehiago direnean dagokion planean aurreikusitakoak baino, lurralde-plan handiago bat aktibatuko da, larrialdiaren beharrizanak kontuan hartuta. Horrela, administrazio jardulea baliabide osagarriekin indartuko da eta jarduketen zuzendaritza eta koordinazioa lurralde-plan handiago horretan halako lanak egiten dituenak hartuko ditu bere gain.

3.– Nolanahi ere, kasu hauetan Autonomia Erkidegoko organo eskudunek hartuko dituzte beren gain jarduketen zuzendaritza eta koordinazioa:

a) Babes Zibileko Euskadiko Plana edo plan bereziren bat aplikatzeko agintzen denean.

b) Lege honen araberako hondamendiko larrialdi-egoera deklaratzen denean.

c) Erkidegoaz gaindiko interesa deklaratu ondoren, zuzendaritza eta koordinazioa Autonomia Erkidegoko organoei eskuordetzen zaizkienean.

33. artikulua.– Planaren zuzendaria.

1.– Lege honen 35. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, une bakoitzean aplikatu beharreko planaren zuzendariak zuzendu eta koordinatu beharko ditu larrialdiari aurre egiteko jarduketa guztiak, aholku-batzorde baten laguntzarekin.

2.– Planaren zuzendariak, edo eskuordetza duten agenteek, agindu orokorrak edo bereziak eman ahal izango dituzte premia larriko kasuetan, eta aginduok nahitaez bete beharko dituzte aginduen hartzaileek. Aipatutako agenteek agintaritzaren agente izaera izango dute.

3.– Bereziki honako hauek egitea agindu dezake: edozein motatako ondasunak suntsitzea, kaltetzea edo aldi baterako errekisatzea; beharrezkoak diren ondasunetan esku hartzea eta horiek aldi baterako okupatzea; prebentzio-arrazoiengatik herriak ebakuatu edo hustea; herritarrei ekintzak egiteko edo ez egiteko agintzea, edo prozedura arruntetik aldentzen diren bestelako bortxazko neurriak hartzea, legeen babesarekin eta beharrizan-egoera kontuan hartuta proportzionatuak badira.

34. artikulua.– Baliabideak mobilizatzea.

1.– Aplikatu beharreko planek xedatutakoaren arabera erabiliko dira baliabide mugigarriak, eta, halakorik ez badago, agintaritza edo agintari eskudunak emandako jarraibide eta aginduen arabera.

2.– Mugikortasunak printzipio hauei jarraituko die: erantzunaren azkartasunari, larrialdi-lekuarekiko gertutasunari, bitartekoen erabilgarritasunari, profesionalizazioari, esku-hartzaileen espezializazioari, bitarteko eta baliabideen osagarritasunari eta subsidiariotasunari.

35. artikulua.– Hondamendiko larrialdi-egoera deklaratzea.

1.– Arrisku-egoera edo izandako kalteak oso larriak direnean, handiak edo intentsitate handikoak direlako, lehendakariak hondamendiko larrialdi-egoera deklaratu ahal izango du, Estatuak autonomiaz gaindiko interesa edo Konstituzioaren 116. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat deklaratzen ez duen bitartean.

2.– Estatuak autonomiaz gaindiko interesa edo alarma-egoera deklaratzen badu, larrialdietako jarduketen zuzendaritza eta koordinazioa eskuordetzeko eskatu ahal izango dio lehendakariak Estatuko Gobernuari, Estatuko legeriak aurreikusten duenarekin bat etorriz.

3.– Hondamendiko larrialdi-egoera deklaratuz gero, lehendakariak hartuko du bere gain larrialdiko jarduera guztien zuzendaritza, eta zuzenean bere menpe geratuko da Babes Zibileko Euskadiko Planaren antolamendu-egitura. Horretarako, krisi-kabinete baten aholkularitza izango du. Gobernu Kontseiluko kide-kopuru murritz batek osatuko du kabinete hori, eta horren osaketa eta eskudantziak erregelamenduz ezarriko dira.

4.– Deklarazio hori egiteak berekin ekar dezake administrazio-zerbitzuen berrantolaketa organikoa eta funtzionala, larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa baldin bada.

5.– Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak urgentziako arauak eman ahal izango dituzte larrialdiak eragindako beharrei aurre egiteko. Arau horiek arrazoituak izan beharko dute eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuak. Asmo berarekin, Jaurlaritzak lege-proiektuak aurkeztu ahal izango dizkio Eusko Legebiltzarrari, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan aurreikusitako irakurraldi bakarreko prozeduraren bidez onartzeko.

6. ATALA
LEHENERATZEA

36. artikulua.– Ekonomia- eta gizarte-ehuna leheneratzea.

1.– Presazko operazioak bukatu eta ezinbesteko zerbitzuak berrezarri ondoren, administrazio eta zerbitzu eskudunen lana izango da ekonomia- eta gizarte-ehuna leheneratzea.

2.– Hondamendiko larrialdi-egoera deklaratutako kasuetan, edo beharrezkotzat jotzen denean, erakunde arteko batzorde bat osatuko da leheneratze-neurriak edo -planak aztertu eta proposatzeko.

3.– Hauek dira hondamendiaren ondorengo leheneratze-planen helburuak: batetik, ezbeharra izandako geografia-gunean ekonomia- eta gizarte-ehuna berreraikitzeko behar diren bitartekoak eta baliabideak identifikatzea eta ziurtatzea eta, bestetik, arriskua eragin duten arrazoiak desagerraraztea edo murriztea, etorkizunean galera gehiago egon ez dadin. Plan horiek administrazio publikoen arteko erabaki edo hitzarmenen bidez onartuko dira, eta bestelako pertsona publiko edo pribatuak ere atxiki ahal izango zaizkie erabaki edo hitzarmen horiei. Halaber, hartutako konpromisoak finkatzeko eta erabakitakoa kudeatzeko organoa aurreikusiko da erabaki edo hitzarmen horietan.

4.– Hondamendiko larrialdi-egoera deklaratutako kasuetan, edo egoki irizten den guztietan, Eusko Jaurlaritzaren menpeko bulego bat arituko da lanean kalte-galeren lehenengo balorazioa egiteko eta kaltedunei zer laguntza eta, egokituz gero, zer ordain jaso ditzaketen jakinarazteko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztien lana koordinatuko du bulego horrek.

IV. KAPITULUA
LAZERIA EZ DIREN LARRIALDIAK KUDEATZEA

37. artikulua.– Eremua.

1.– Lege honen 2. artikuluan eta kapitulu honetan adierazitako printzipioetara egokituko da arrisku larria, hondamendia edo lazeria publikoa eragiten ez duten istripuen edo bestelako gertaeren ondoriozko larrialdi-egoeretan pertsonei eta ondasunei sorospena eta babesa ematera bideratutako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen etengabeko ekintza.

2.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailari dagokio lankidetza eta koordinazio egokia ziurtatzea kapitulu honetan jasotako larrialdietan esku hartzen duten zerbitzuen artean. Lankidetza eta koordinazio hori funtsean Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez gauzatzen da, oinarrizko tresna gisa taktika operatiboak erabiliz, baina betiere kalterik egin gabe administrazio bakoitzak bere zerbitzu propioen barne-koordinaziorako dauzkan zentroei.

38. artikulua.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

1.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa euskarri teknologiko eta logistikoko oinarri-plataforma da, babes zibileko planek xedatutakoari eta dagozkion taktika operatiboei jarraituz edonolako larrialdietan esku hartu behar duten zerbitzuen jarduna jakinarazteko eta haien arteko koordinazioa errazteko.

2.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari dagokio:

a) Larrialdiko deien arreta-zerbitzua ematea, 1-1-2 telefono-zenbaki bakarren bidez.

b) Beharrezko zerbitzuak koordinatzeko eta bateragarri egiteko laguntza teknikoa ematea.

c) Larrialdiaren garapenari jarraipena egitea –horretarako, esku hartzen duten bitartekoei eta baliabideei buruzko informazioa jasoko dute–, eta bitarteko eta baliabide horien koordinazioan laguntzea.

d) Babes zibileko informazio- eta alerta-sareko transmisioak jakinarazi, kontrolatu eta koordinatzeko sisteman parte hartzea.

e) Ekintzak koordinatzeko zentro eta ekintza integratuak koordinatzeko zentro gisa jardutea larrialdi deklaratutako egoeretan, Autonomia Erkidegoaren babes zibileko plana aktibatu eta gero, plan hori aktibatzea formalki erabaki duen babes zibileko agintaritza eskudunaren zuzendaritzapean.

3.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailaren barruan, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko eskumena duen zuzendaritzari atxikita dago, eta sail horrek zehazten dituen lurralde-kokapenak izango ditu.

4.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak ezarriko ditu informatikaren eta telekomunikazioen arloko estandar teknikoak, zeinek ahalbidetuko baitute Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren eta Euskadiko larrialdietako eta segurtasuneko zerbitzuen zentral operatibo guztien arteko konexioa.

39. artikulua.– Larrialdiko deien arreta-zerbitzua.

1.– 1-1-2 telefono-zenbaki bakarraren bidezko larrialdiko deien arreta-zerbitzuaren xedea da Euskadiko lurraldean edozein herritarrek egindako deiak hartzea, larrialdia edo gertakaria identifikatzea eta deia edo alarma dagokion zerbitzu edo agintaritzari helaraztea, administrazio bakoitzaren barne-antolamenduaren arabera.

2.– Deien arreta-zerbitzuak ez du barne hartzen herritarrak eskatutako laguntza materiala ematea; hori administrazio eta erakunde eskudunei baitagokie, eskumenak esleitzeko, antolatzeko eta funtzionatzeko dauzkaten arauekin bat etorriz.

3.– Larrialdiko deien arreta-zerbitzurako sarbidea unibertsala, doakoa eta iraunkorra izango da Euskadiko lurraldean dagoen pertsona ororentzat.

Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan ematen da. Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak beharrezko bitartekoak jarriko ditu zerbitzurako sarbidea Europar Batasuneko estatuetako beste hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko, bai eta desgaituek zerbitzua baliatu ahal izango dutela ziurtatzen duten bitartekoak bermatzeko ere.

40. artikulua.– Datuen bilketa eta tratamendua.

1.– Biztanleriak edo erakundeek Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin izaten dituzten elkarrizketak, bai telefonozkoak eta bai irratizkoak, grabatu egingo dira.

2.– Larrialdi bat kudeatzeko prozesuarekin zerikusia duten jarduketa eta komunikazioak –telematikoak, telefonozkoak nahiz irrati bidezkoak– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren kudeaketa-sisteman erregistratuta geratuko dira, eta larrialdi-gertakariak kudeatzeko datuak biltzeko informazio ofizialeko elementu gisa erabili ahal izango dira.

3.– Indarrean dagoen datu pertsonalak babesteko legeriaren arabera bildu eta tratatuko dira larrialdi-gertakariei erantzuteko zerbitzua emateko, gertakari horiek kudeatzeko eta laguntza-jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalak eta informazioa.

Datu pertsonalak bildu ahal izango dira, datu horiek borondatez ematen direnean edo beharrezkoak direnean pertsonen osotasuna babesteko edo ukitutako pertsonaren edo hirugarrenen ondasunak babesteko edo ukitutako pertsonaren edo hirugarrenen hil edo biziko premia bati erantzuteko.

Era berean, indarrean dauden legeen arabera isilpekoak diren beste informazio batzuk ere bildu ahal izango dira, larrialdiari aurre egiteko moduari dagokionez edo beharrezko laguntza materiala emateari dagokionez erabakigarriak direnean.

4.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak inbolukratuta dauden ezinbesteko zerbitzu guztien eskura jarriko du larrialdi-gertaeren kudeaketari buruzko informazioa, soil-soilik gertakari hori kudeatze aldera. Eta pertsonen osotasuna babesteko edo pertsonen hil edo biziko beharrizan bati erantzuteko ezinbestekoa denean soilik emango dizkie izaera pertsonaleko datuak.

5.– Indarrean dagoen legerian eta lege honetan berariaz ezarritako kasuetatik kanpo, ezin izango dira laga deiak hartu eta kudeatzetik eta gertakariak garatzetik zein laguntza ematetik lortutako datu pertsonalak.

6.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak kudeatutako gertakarien grabazio eta erregistroak gutxienez sei hilabetez eta gehienez bi urtez gordeko dira, agintaritza judizialak besterik agintzen ez badu.

7.– Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren organo arduraduna izango da fitxategien erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko eta indarrean dagoen legeriak ukituei aitortzen dizkien eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak, kudeaketakoak eta antolamendukoak hartu beharko ditu.

41. artikulua.– Lankidetza.

1.– Larrialdi-egoeretako prebentzioarekin, arretarekin, sorospenarekin eta pertsona eta ondasunen segurtasunarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten jardueretan aritzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko nahiz erakunde publiko eta pribatu guztiek lankidetza eskaini beharko diete Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailean larrialdien arretaz eta koordinazioaz arduratzen diren organoei. Hau egin beharko dute:

a) Urgentziako edo larrialdiko egoeretan, jakinarazi halakoak non dauden, zer langile eta bitarteko tekniko jarri diren, zerbitzua emateko sistemak zein diren eta, oro har, zer baliabide dagoen erabilgarri.

b) Jakinarazi ezagutzen dituzten larrialdi-egoerak eta haien garapena, bilakaera eta bukaera.

2.– Zehazki, eginbehar hauek izango dituzte Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legeak larrialdien kudeaketako eta babes zibileko sistemarako ezinbesteko edo oinarrizkotzat jotzen dituen zerbitzuek:

a) Beren eskumenen arabera, azkar, eraginkortasunez eta efizientziaz erantzungo diete larrialdi-egoerak konpontzeko aktibazio-eskaerei, eta haiei dagokie zehaztea gertakari bakoitzeko esku-hartzeari esleitu beharreko baliabide- mota eta -kopurua.

b) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari informazioa emango diote mobilizatutako baliabideei buruz eta aktibaziorako, larrialdia dagoen lekura iristeko eta larrialdiaren bukaerarako denborei buruz.

c) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari informazioa emango diote ezagutzen dituzten gertakariei buruz, baldin eta gertakari horietarako, diziplina anitzekoak izateagatik, beharrezkoa bada administrazio baten baino gehiagoren zerbitzuek esku hartzea.

d) Itzulerako informazioa emango dute Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez aktibatuta lanean aritu diren larrialdi-gertakariei buruz: larrialdiaren bilakaerari buruzko datuak emango dituzte, gertakaria berriz tipifikatzeko edo ezinbesteko beste zerbitzu batzuek esku hartzeko datu esanguratsuak direnean.

42. artikulua.– Taktika operatiboak eta baliabideen mobilizazioa.

1.– Taktika operatiboek denbora errealean zehazten dituzte deia edo alarma identifikatzeko eta ebaluatzeko prozedurak, bai eta baliabideak mobilizatzeko hartu behar diren neurriak eta irizpideak ere, gertakaria zein motatakoa den eta larrialdia zein fasetan dagoen kontuan hartuta.

2.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak onartuko ditu taktika operatiboak, zerbitzu eta administrazio interesdunei entzun ondoren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak aldez aurretik egindako txostena kontuan hartuta.

3.– Taktika operatiboen prestaketa eta aplikazioa lege honen 34. artikuluak baliabideen mobilizaziorako aurreikusitako irizpideen arabera egingo da, eta, bereziki, arau hauei jarraituta:

a) Urgentziari edo larrialdiari erantzuteko eskumena administrazio edo administrazio-zerbitzu jakin batena denean eta kanpoko zerbitzuen lankidetzaren beharrik ez dagoenean, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak alarmaren berri emango dio dagokion administrazio edo zerbitzuari eta jarraipen-lanak egingo ditu. Besterik ez du egingo.

b) Hainbat bitarteko edo baliabideren lankidetza behar denean, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren laguntza teknikoa eskainiko du Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak, denen koordinazioa eraginkorra izan dadin. Beharrezkoa bada, sail horretako larrialdiei aurre egiteko teknikariak joango dira gertakarien lekura, esku hartzen duten guztien adostasunarekin operazioetako ekintzak bateratuak izaten laguntzeko.

c) Pertsonen bizitza arrisku eta premia larrian dagoenean eta esku hartzen dutenen ekintza-batasunari eutsi beharragatik ezinbestekoa denean, Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saileko agintaritza eskudunak ildo puntual zehatzak ezarri ahal izango ditu larrialdiari aurre egiteko edo, bestela, operazioetako zuzendari bat izendatu ahal izango du esku-hartzaileen artetik, haren trebetasuna kontuan hartua.

43. artikulua.– Antolamendua, parte-hartzea eta erantzuteko lankidetza.

1.– Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu kapitulu honetan adierazitako larrialdiei erantzuteko interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eta baliabideak dituzten administrazio eta erakundeek Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko moduak.

2.– Laguntza-eskaera edo larrialdi-dei baten aurrean azkar, modu integratuan eta eraginkortasunez jardungo dela bermatzeko, larrialdiei erantzuteko zerbitzu eta baliabide interesgarriak dituzten administrazio publikoekin hitzarmenak egitea sustatuko du Eusko Jaurlaritzak. Hitzarmen horietan, honako hauek zehaztuko dira gutxienez:

a) Deia inplikatutako zerbitzura bideratzea edo zerbitzuaren bitarteko eta baliabideek esku-hartzea eragin dezaketen urgentziako egoeren definizioa.

b) Laguntza-eskaerak jakinarazteko protokolo eta prozedurak, eta gertakari edo larrialdian parte hartzen duten zerbitzuei itzulerako informazioa emateko mekanismoak.

c) Hala badagokio, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan zuzenean edo telematikoki parte hartzeko moduak.

d) Laguntza edo gertakari bakoitzari jarraipena egiteko eta bukaera emateko modua.

e) Erabilgarri dauden bitarteko pertsonal eta materialei, horien kokalekuari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa aldizka jakinarazteko mekanismoa.

f) Laguntza jakin bat egoki koordinatzen eta modu onenean ematen lagundu dezakeen beste edozein alderdi.

3.– Eusko Jaurlaritzak larrialdiei aurre egiteko antolaketa-egitura publikoa ezarriko du –egitura hori egokiena izango da Jaurlaritzari eta arloko eskumena duen sailari lege honek emandako eskudantziak gauzatzeko euskarria eta laguntza emateko–, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema osatzen duten agenteen koordinazioa eta zerbitzu-ematea errazteko helburuarekin, kontuan hartuta lege honen 2. artikuluaren eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan jasotako printzipioak.

V. KAPITULUA
SUTEEN PREBENTZIO ETA ITZALKETAKO ETA SALBAMENDUKO ZERBITZUAK
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

44. artikulua.– Eremua.

Kapitulu honek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen jarduera suteei aurrea hartzeari eta su-itzalketari dagokienez, baita suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileen estatutu-erregimena ere.

45. artikulua.– Udal- eta foru-eskudantziak.

1.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak sortzea eta mantentzea toki-araubideari buruzko legeriaren arabera zerbitzu hori ematera behartuta dauden udalerriei dagokie. Udal bakoitzak bere kasa edo beste batzuekin elkartuta eskaini ahal izango du zerbitzu hori.

2.– Foru-aldundiek bermatzen dute, subsidiarioki, zerbitzu horiek lurralde historikoaren eremu osora iristea. Zeregin hauek dituzte bereziki:

a) Suhiltzaileen zerbitzu edo etxea behar duten geografia-eremuak ezartzea, arriskuak, kokapenaren egokitasuna eta bitarteko erabilgarriak kontuan hartuta, udalei entzun ondoren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak aldez aurretik egindako txostena ikusi ondoren. Eremu horietan lurralde historiko bateko baino gehiagoko udalak elkartu ahal izango dira; horretarako, dagokien foru-aldundiek akordioa egingo dute aldez aurretik.

b) Zerbitzu propiorik ez duten udaletan –behartuta ez daudelako edo dispentsa lortu dutelako– zerbitzua emango dela bermatzea.

c) Zerbitzua ematetik dispentsatzea hala eskatzen duten udalak, eta dispentsa-erabakian jasota uztea foru-aldundiak hatuko duela bere gain zerbitzua eta udalak bere ekarpena egingo duela zerbitzuaren kostuaren finantzaketan.

3.– Aurreko zenbakiko a) letran aurreikusitakoaren arabera ezarritako geografia-eremuekin bat etorriz, suhiltzaileen zerbitzuaren edo etxearen jarduketa-eremuak udal-mugarte bat baino gehiago hartzen dituenean, zerbitzua ematera behartuta dauden udalerriek edo, hala badagokio dagokion foru-aldundiak, haien artean hitzartu ahal izango dute ordenamendu juridikoak onartzen dituen lankidetza-moten artetik zein aukeratzen duten zerbitzua emateko.

4.– Foru-aldundiek beren kasa eman ahal izango dituzte zerbitzuak edo, bestela, zerbitzu propioak dituzten udalerriekin hitzarmenak egin ahal izango dituzte, mugapen edo barruti jakin batean haiei emateko foru-zerbitzuen jarduera materialak kudeatzeko mandatua, hala egitea komenigarriagoa denean zerbitzuaren eraginkortasuna optimizatzeko.

5.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak dituzten administrazioek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte suhiltzaileak eta/edo autobabeseko taldeak dituzten enpresekin.

46. artikulua.– Erakunde komunen eskudantziak.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokie, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei dagokienez:

a) Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetarako sarbide-erregimenaren zehaztasun komunak arautzea.

b) Langileen prestakuntzan eta hobekuntzan lagunduz parte hartzea.

c) Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak dituzten administrazioei haien lurralde-eremutik kanpo jarduteko lankidetza eskatzea, beharrezkoa denean.

d) Ekipamenduen eta materialen normalizazioa eta homologazioa lortzea.

e) Suteen prebentzio eta itzalketarako udal-araudia sustatzea.

47. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei eginkizun hauek dagozkie, besteak beste:

a) Ezbeharra edo bestelako larrialdi-egoera gertatzean, suaren aurka borrokatzea, arriskuan dauden giza bizitzei sorospena emanez.

b) Zerbitzuak kasu bakoitzean jarduteko programak egitea.

c) Suteen aurka babesteko teknikak, instalazioak eta sistemak aztertu eta ikertzea.

d) Zabalkunde-kanpainak antolatzea eta horietan parte hartzea, biztanleriak hobeto ezagutu ditzan suteen prebentzioari buruzko arauak.

2.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko udal-zerbitzuek suteen aurkako autobabeseko arauak betetzeko lanak egin ahal izango dituzte hala eskatzen zaienean, betiere kontuan hartuta udaleko beste zerbitzu teknikoei dagozkien ikuskapen arloko eginkizunak eta lizentziak eman aurretik txostena egin behar dela. Foru-zerbitzuek edo udalaz gaindiko zerbitzuek horretarako eskatzen zaien lankidetza eta aholkularitza eman ahal izango dute, interesa duen udalak aurretik hala eskatuta.

3.– Babes zibileko planetan eta taktika operatiboetan aurreikusitakoaren arabera, eginkizun hau ere badute: beste batzuekin batera babes zibileko eta segurtasun publikoko lanetan parte hartzea eta laguntzea; eta, batez ere:

a) Babes zibileko planak eta taktika operatiboak ezartzeko planetan parte hartzea.

b) Edozein larrialdi-egoeratan esku hartzea, arrisku-guneei aurre egiteko eta arriskuan dauden pertsonei eta ondasunei sorospena emateko, zerbitzuotako kideen gaitasun berezia eta eskura dauden baliabide materialak egokiak izateagatik hala eskatzen zaienean; batez ere, industriaren, zirkulazioaren eta salgai eta bidaiarien garraioaren ondorioz sortzen diren arriskuetan.

c) Agintaritza eskudunak eskatzen dien guztietan, ezbeharren arrazoiak, ondorioak eta kalteak ikertzea, haiei aurre egiteko lanetan zuzenean esku hartu badute bai eta hala izan ez bada ere.

d) Administrazio publikoek sustatutako babes zibilaren zabalkunde eta sentsibilizaziorako kanpainetan parte hartzea.

e) Indarrean dagoen legeriaren arabera dagozkien gainerako eginkizunak.

48. artikulua.– Egitura profesionala.

1.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzu bakoitzeko langileak azpieskala eta kategoria hauetan egituratzen dira:

a) Azpieskala teknikoa; bertan sartzen dira inspektore eta inspektoreorde kategoriak.

b) Azpieskala operatiboa; bertan sartzen dira ofizial, ofizialorde, sarjentu, kabu eta suhiltzaile kategoriak.

2.– Lan-kontratuko langileak kontratatu ahal izango dira, halaber, laguntzako edo zerbitzu teknikoko unitateak osatzeko edo denboraldi batzuetarako egiten diren kanpainak gauzatzeko.

49.– Artikulua. Suhiltzaile boluntarioak.

1.– Zerbitzu bakoitzaren erregelamendu propioak xedatu ahal izango du suhiltzaile-etxeetan suhiltzaile profesionalak eta boluntarioak, biak batera, egon daitezkeela.

2.– Suhiltzaile boluntarioak dira suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan laguntza ematen duten pertsonak modu altruistan, ongintza-bokazioz eta gizarteari mesede egiteko borondatearekin. Hierarkiari eutsiz sartzen dira zerbitzu horietan, baina inola ere ez dute izaten funtzionario edo lan-kontratuko harremanik zerbitzuarekin.

3.– Suhiltzaile boluntarioek zerbitzu bakoitzean ezarrita dauden arauak bete behar dituzte, eta eskubidea dute zerbitzuaren kontura prestakuntza, hobekuntza eta gaikuntza jasotzeko, zerbitzu-egintzan gertatzen diren istripuak estaltzen dituen asegurua edukitzeko, eginkizunak betetzean egindako jarduketen ondorioz bideratzen diren auzien aurrean legezko defentsa izateko eta zerbitzu bakoitzaren erregelamenduak ezartzen dituen kasuetan sariak eta ordainak eskuratzeko.

50. artikulua.– Agintaritzaren agenteak.

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako kideak, haien eginkizunak betetzen ari direla, agintaritzaren agentetzat joko dira lanean ari direnean edo, lanean ez egonda ere edozein motatako ezbeharretan esku hartzen dutenean, betiere aldez aurretik haien izaera egiaztatzen badute.

51. artikulua.– Oinarrizko jarduketa-printzipioak.

Hauek dira suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen oinarrizko jarduketa-printzipioak:

1.– Herritarrekin dituzten harremanetan:

a) Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzea.

b) Eginkizunak betetzerakoan, beharrezko erabakitasunez eta atzerapenik gabe jokatzea, beren esku dauden baliabideak erabiltzeko orduan kongruentzia, egokitasun eta proportzionaltasunaren printzipioak aintzat hartzen dituztelarik.

c) Egoerak behartuta edo eskatu zaielako herritarrei laguntza eta babesa eman behar dietenean, herritar horiekin errespetuz eta begirunez jokatzea.

2.– Beste administrazioekin dituzten harremanetan:

Lege honen 2. artikuluan bildutako printzipioak betetzea, informazioa azkar eta aginduak argi emanez ezbeharrak segituan eta bizitza eta ondasunetan ahalik eta kostu gutxiena eraginez buka daitezen.

3.– Zerbitzu barruko harremanetan:

a) Hierarkiaren eta mendekotasunaren printzipioak betez jardutea, agintariei eta hierarkian gorago daudenei obedituz eta haiek errespetatuz.

b) Hierarkia-egituraren arabera esleituta dituzten zerbitzuak betetzea. Hala ere, obeditu beharrak ezingo ditu babestu nabarmen legez kanpokoak diren egintzak gauzatzea dakarten aginduak.

2. ATALA
ESTATUTU ARAUBIDEA

52. artikulua.– Aplikatu beharreko araubidea.

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako langileei, lege honek eta lege hau garatzen duten arauek espresuki aurreikusten ez duten guztian, mendeko diren euskal administrazio publikoko gainerako langileei aplikatzen zaien estatutu-araubide berbera aplikatuko zaie.

53. artikulua.– Azpieskalak eta kategoriak.

Sailkapen-talde hauek dagozkie 48. artikuluan adierazitako azpieskala eta kategoriei:

a) Inspektore eta ofizial kategoriei, A taldea.

b) Inspektoreorde kategoriari, B taldea.

c) Ofizialorde eta sarjentu kategoriei, C taldea.

d) Kabu eta suhiltzaile kategoriei, D taldea.

54. artikulua.– Sartzea.

1.– Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetan sartzeko, oposizio, lehiaketa edo oposizio-lehiaketaren sistemak erabiliko dira, eta, horien osagarri, prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak egin beharko dira hautaketa-prozesuko beste fase gisa. Bi horiek ezingo dira aldi berean egin, eta bakoitzaren iraupenak eta bien arteko batuketak ezingo du izan hogeita hamar hilabete baino gehiagokoa.

2.– Suhiltzaileen kategorian sartzeko, oposizio edo oposizio-lehiaketa askea erabiliko da.

3.– Sarjentu, ofizial, inspektore eta inspektoreorde kategorietara barne-igoeraz eta txanda irekian sartu ahal izango da, oposizio, lehiaketa edo oposizio-lehiaketaren sistemen bidez. Hutsik dauden lanpostuen ehuneko berrogeita hamar gorde ahal izango dira, gehienez ere, txanda irekian betetzeko.

4.– Kabu eta ofizialorde kategorietara barne-igoeraz sartuko da, oposizio, lehiaketa edo oposizio-lehiaketaren sistemen bidez.

55. artikulua.– Barne-igoera.

1.– Barne-igoeran parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira, kategoria bakoitzean sartzeko eskatzen diren baldintza orokorrez gain: jarduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezietan egotea beheragoko hurrengo kategorian, kategoria horretan hiru urte osatuak izatea jarduneko zerbitzuan, eta zehapenik ez edukitzea falta astuna edo oso astuna egiteagatik edo, eduki izatekotan, ezereztea lortu izatea.

2.– Barne-igoeran lehiatzen diren funtzionarioak salbuetsita gera daitezke ezagutzak egiaztatzeko prestakuntza-jarduera edo proba teoriko-praktikoak egitetik, ezagutza horiek eskatu baldin bazitzaizkien betetzen ari diren kategorian sartzeko edo lanean aritu diren denboran egiaztatu baldin badituzte; baina, betiere, deialdiaren oinarrietan hala zehazten bada.

56. artikulua.– Bigarren jarduera.

1.– Mediku-irizpenaren arabera ohiko zerbitzua behar bezala emateko gaitasuna murriztuta daukaten suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako funtzionarioak kendu egingo dira eginkizun operatiboetatik eta bigarren jardueraren egoerara pasako dira, betiere baliaezintasun absolutua edo handia ematen ez zaien kasuan.

2.– Oro har, kidego berean gauzatuko dute bigarren jarduera eta, hain zuzen ere, ikuskaritzako lanak, prebentziokoak, prestakuntzakoak edo kategoria horri dagozkion beste lan batzuk egingo dituzte. Lanposturik ez egoteagatik edo norberaren ezintasunagatik hori ezinezkoa bada, bakoitzaren kategoriari edo titulazioari dagozkion zerbitzu osagarriak ematen lan egiteko aukera izango dute haien administrazioko bestelako lanpostuetan.

3.– Bigarren jardueraren egoerara pasatzeak ez dakar berarekin oinarrizko ordainsariak murriztea, ez eta ukitutako pertsonaren maila pertsonala jaistea ere.

4.– Artikulu honetako lehenengo zenbakian aipatzen den mediku-irizpena epaimahai batek emango du. Medikuntzako hiru profesionalek osatuko dute epaimahai hori; bat Administrazioak izendatuko du, bestea interesdunak eta, hirugarrena, Euskal Osasun Zerbitzuko fakultatiboen artean egindako zozketa bidez aukeratuko da. Hirurek ere ezagutza egokiak izango dituzte interesdunaren gaitz edo gaixotasunari buruz.

57. artikulua.– Diziplina-araubidea.

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako kideen diziplina-araubidea haiei dagokien administrazioko gainerako funtzionarioek duten berbera da, zerbitzu-motaren ondorio diren tipifikazio berezi batzuk gehituta. Ondorengo artikuluetan zehazten dira horiek.

58. artikulua.– Falta oso astunak.

Funtzionarioen legeria orokorrean tipifikatuta daudenez gain, hauek dira falta oso astunak:

a) Zerbitzuan dihardutela, ezbehar-deietara ez joatea.

b) Agintariei edo goikoei men ez egitea, banaka edo taldean; eta agintariek edo goikoek emandako bidezko jarraibideei ez obeditzea.

c) Aldian-aldian edo zerbitzuan eragina daukanean edo izan dezakeenean mozkortzea edo droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak hartzea; eta egoki diren egiaztapen-proba teknikoak egiteari uko egitea.

d) Zerbitzuaren zaintzapean dauden agiriak faltsutzea, ostea, aldatzea edo suntsitzea.

e) Zerbitzuko materiala edo langileen ekipamenduko gauzak ostea.

f) Edozein zerbitzu-mota emateagatik, haborokinak eskatzea edo jasotzea.

59. artikulua.– Falta astunak.

Funtzionarioen legeria orokorrean tipifikatuta daudenez gain, hauek dira falta astunak:

a) Funtzionarioaren duintasunaren eta kidegoaren irudi eta izen onaren aurkako egintzak eta jokabideak.

b) Goikoek jakin beharreko edozein gairi buruzko informazioa haiei emateko derrigortasuna ez betetzea.

c) Eman zaizkien eskudantziak gehiegikeriaz erabiltzea, herritarren kaltetarako; betiere, gertakaria oso falta astuna ez denean.

d) Uniformea edo zerbitzuko materiala erabiltzea lan-jardunean ez daudenean.

e) Eginkizunak betetzen egonda, edari alkoholdunak hartzea edo egoki diren egiaztapen-proba teknikoak egiteari uko egitea.

f) Zerbitzuz kanpo egon arren, ez agertzea sutea edo bestelako ezbeharren bat izan delako laguntzera joateko eskatzen zaienean; betiere, agindua jaso badute.

g) Azterketa fisikoak eta prebentzio-medikuntzako azterketak egiteari uko egitea.

60. artikulua.– Falta arinak.

Funtzionarioen legeria orokorrean tipifikatuta daudenez gain, hauek dira falta arinak:

a) Itxura txukuna ez izatea.

b) Norberari dagokion lan-txandara behar bezala uniformatuta ez azaltzea, arrazoi justifikaturik gabe.

c) Oinarrizko edozein eginkizun ez betetzea, hori falta astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez denean.

VI. KAPITULUA
BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOAK

61. artikulua.– Herritarrek laguntzeko eta parte hartzeko sareak.

Euskal administrazio publikoek sustatuko dute Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman sortzea herritarrek laguntzeko eta parte hartzeko sareak, langile profesionalen lana osatzeko, baina ez ordezkatzeko, boluntariotza gisa; horretarako, hauek baliatuko dira:

a) Babes zibileko udal-egiturari lotutako Euskadiko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak.

b) Hurrengo artikuluak aipatzen dituen Euskadiko babes zibileko erakunde laguntzaileak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena badute.

Babes zibileko eta larrialdietako organo autonomikoan propio sortutako erregistroan inskribatuko dira aurreko letretan aipatutako erakunde eta entitateak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistema osatzen duen sarearen barruan jarduteko beharrezko baldintza gisa, eta kasuan-kasuan dagokion bulegoaren mende egongo dira.

62. artikulua.– Babes zibileko erakunde laguntzaileak.

Helburuen artean larrialdi-egoeran dauden pertsonei eta ondasunei laguntzea duten eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzen duten izaera altruistako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak babes zibileko erakunde laguntzailetzat jo ahal izango dira. Erregelamendu bidez zehaztuko da hitzarmen horien edukia, eta, gutxienez, eduki hauek sartu beharko dira: erakundeek beren bitarteko eta baliabideak eskueran jartzea, lankidetzan aritzeko eta parte hartzeko moduak eta kasu horietan legozkiekeen konpentsazioak, bai eta erakunde horietako giza baliabideen prestakuntza egiaztatua ere.

63. artikulua.– Aplikatu beharreko araubidea.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaie euskal administrazio publikoek egindako babes zibileko planen, programen eta jardueren garapenean parte hartzen duten boluntarioen entitate eta erakundeei.

2.– Lege honen xedeetarako, irabazi asmorik gabeko entitate eta erakunde publiko edo pribatuetan libreki eta modu desinteresatuan sartzen diren herritarrak izango dira babes zibileko boluntarioak, eta boluntario horien helburua izango da pertsonei eta ondasunei babesa eta segurtasuna ematea, giza elkartasunaren adierazpen antolatu moduan eta bizitza komunitarioan herritarrek parte hartzeko duten baliabide esanguratsu gisa.

3.– Administrazio publikoek babes zibileko boluntarioen erakundeen garapena eta hornikuntza sustatuko dute, eta, horretarako, haien prestakuntza eta gaikuntza bultzatuko dute eta erakunde horiek beren kideen arrisku pertsonalak segurtatzea bermatuko dute, komenigarrien deritzen formularen bidez, lege honen 64. artikuluan aurreikusten den eran.

4.– Babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko prebentzioko zeregin eta zeregin operatiboetan boluntarioen erakunde bateko eskubide osoko kide boluntario gisa parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzan babes zibilaren eta larrialdien arloan eskumena duen agintaritzak akreditatuta egon beharko da; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak txostena egin ondoren Eusko Jaurlaritzak, erregelamendu bidez, zeregin horiek gauzatzeko ezartzen dituen curriculum-gaitasunak eduki beharko dira.

Beharrezko curriculum-gaitasunak egiaztatu ahal izango dira prestakuntza-jarduera espezifikoak zein hezkuntza arautuko jarduerak gaindituta, edo lortutako lanbide-esperientziaren bidez.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bere urteko prestakuntza-planean sartuko du aipatu berri diren curriculum-gaitasunak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ikastaroak, aldez aurretik babes zibileko boluntarioen erakundeei galdetuta, haren eskaintza erakundeok egiten duten programazioarekin bateragarri egite aldera.

64. artikulua.– Larrialdietan jardutea.

Istripu, hondamendi edo lazeria publikoetan, dagokion agintaritzaren mendekotasun funtzionalarekin jardungo dute babes zibileko boluntarioek. Arau orokor gisa, errefortzua edo laguntza ematera mugatuko dira, eta, hala badagokio, profesionalez eta funtzionarioez osatutako zerbitzu publikoen ordezko subsidiarioak izango dira.

65. artikulua.– Boluntario egitea.

1.– Babes zibileko boluntarioek pertsonalki, borondatez, modu altruistan eta doan jardungo dute, norberak aukeratzen duen erakundearen bidez.

Boluntarioek haien erakundearekin duten harremanak ez du inolaz ere sortuko kontratu- edo funtzionario-izaerako loturarik, eta borondatez sartzen diren erakundeko barne-araudia onartzean hartutako betebeharrak bete beharko dituzte.

2.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, boluntarioen erakunde edo entitateek ordaindu ahal izango dituzte boluntarioek benetan ordaindutako gastuak, bai eta ohiko lanpostua uzteagatik galtzen dituzten zenbatekoak ere. Bestelako haborokin edo konpentsazioak ere ezarri ahal izango dira, betiere aldizkakotasunik eta soldata-izaerarik gabe.

3.– Babes zibileko boluntarioen erakundeek besteren konturako langileak kontratatu ahal izango dituzte edo aldi baterako lan-prestazioak baliatu ahal izango dituzte, ohiko funtzionamenduak hala eskatzen duen neurrian.

4.– Euskal administrazio publikoek sustatuko dute haien barruan eta enpresa pribatuen eremuan ahalbidetuko dela neurriak hartzea, negoziazio kolektiboan adostutakoa erabat errespetatuz, besteren konturako langileek edo enplegatu publikoek babes zibileko boluntariotza-zereginak gauzatzeko aukera izan dezaten.

Agintaritza eskudunak babes zibileko larrialdiei eta hondamendiei aurre egiteko dagokion plana aktibatzen duenean, lan-araudian edo enplegu publikoari buruzkoan xedatutakoaren helburuetarako, babes zibileko boluntarioek agintaritza eskudunak emandako mobilizazio-aginduei jarraitzeko nahitaezko eginbehar publiko pertsonala dute, arrazoi justifikatu bat tarteko denean izan ezik.

66. artikulua.– Boluntarioen eskubideak eta eginbeharrak.

1.– Erakunde bakoitzaren estatutuek zehaztuko dute boluntarioek erakundearekiko zer eskubide eta eginbehar dituzten, lege honetako printzipioak eta arauak nahiz lege hau garatzen duten erregelamenduak errespetatuz. Nolanahi ere, hierarkia-egituraren barruan funtzionamendua demokratikoa izatea bermatuko dute.

2.– Babes zibileko boluntarioen erakundeek asegurua izan beharko dute, beren eginkizunak betetzen sor dakizkiekeen arriskuei aurre egiteko, hala nola istripuei, elbarritasunei edo heriotzei, bai eta hirugarrenei eragindako kalteen erantzukizunari ere.

VII. KAPITULUA
SARIAK ETA AINTZATESPENAK

67. artikulua.– Sariak eta aintzatespenak.

1.– Larrialdietan esku hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak jendaurrean aintzat hartzeko sariak sortuko ditu Eusko Jaurlaritzak, bai eta arrisku kolektibo larriko, hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretan pertsonak, haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko funtsezko lanean herritarren inplikazioa eta aipatutako zerbitzuei emandako laguntza aintzatesteko sariak ere.

2.– Sari horiek jaso ahal izango dituzte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako zerbitzuek, zerbitzu horietako langileek, bai eta larrialdi-egoeren ondorioak gutxiagotzen eta arintzen laguntzen duten prebentzio-lanengatik nabarmentzen diren pertsona eta erakundeek ere.

3.– Sariak banakoei eta taldeei eman ahal izango zaizkie.

VIII. KAPITULUA
ZEHAPEN ARAUBIDEA

68. artikulua.– Aplikatu beharreko araubidea.

1.– Lege honetan tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste administratiboak dira, kasuan kasu izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalei kalterik egin gabe.

2.– Arau-hauste horiek oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalari buruz indarrean dauden arauetan edo horien ordezkoetan xedatutakoak eta lege honetan eta lege honen garapen-araudian ezarritakoak arautzen dute lege honen eremuan administrazio publikoek duten zehatzeko ahala.

4.– Enplegatu publikoei haien eginkizunak betetzean erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkie, aplikagarri zaien funtzio publikoko araudian xedatutakoaren arabera.

69. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.

1.– Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste oso astunak dira:

a) Nahitaezko autobabes-planak ez prestatzea edo ez ezartzea, edo haietan aurreikusitako neurriak aplikatu behar direnean ez aplikatzea.

b) Berariazko araudiaren arabera erregistroan jasotzekoak diren datuak ez bidaltzea Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera, edo, datuak homologatu beharreko kasuetan ez homologatzea.

c) Nahitaezko autobabes-planak ez aldatzea, eguneratzea edo berrikustea, hala egin behar den kasuetan.

d) Establezimendu, zentro edo jarduerak babes zibilaren eremuan eragin ditzakeen kalteak estaltzeko erantzukizun zibileko asegururik edo bestelako finantza-berme baliokiderik ez edukitzea.

e) Babes zibileko agintaritza eskudunari eragoztea babes zibileko planei atxikitako baliabide eta zerbitzuen ikuskapena egitea, eta orobat, eragoztea indarrean dagoen araudian aurreikusitako autobabeseko eskakizunak betetzen direla ikuskatzea.

f) Katalogatutako jarduera arriskutsuak kudeatzen dituzten erakundeek ez betetzea babes zibileko plan bat aktibatzea eskatzen duen larrialdia eragin dezakeen edozein egoera ezagutzen dutenean berehala horren berri emateko betebeharra, eta, autobabes-planak aktibatzen dituztenean, ez jakinaraztea.

g) Administrazioek dauzkaten babes zibileko baliabideen esku-hartzea eragiten duten larrialdi-abisu faltsuak komunikatu edo eragitea, urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideen bitartez.

h) Arrisku larri, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretan babes zibilaren arloko agintaritza eskudunek eta haien agenteek ematen dituzten aginduak edo jarraibideak ez betetzea.

i) Arrazoi justifikaturik gabe, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak edo haren agenteek lege honen arabera agindutako prestazio pertsonalak egiteari uko egitea, plan baten aktibazioko edo larrialdi deklaratutako egoeretan.

j) Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak larrialdiari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dituen ondasunak aldi baterako errekisatu, horietan esku hartu edo aldi baterako eta modu iragankorrean okupa ditzan galaraztea.

k) Behin eta berriz uko egitea ondasun publikoen gaineko eskubideen titularrei edo zerbitzu publiko edo interes orokorreko zerbitzuak, osasun-zerbitzuekin lotutako jarduerak edo oinarrizko zerbitzu eta hornidurak kudeatzen dituztenei ezartzen zaizkien lankidetza-eginbehar bereziak betetzeari.

l) Gizarte-hedabideek uko egitea agintaritza eskudunak biztanleriari zuzendutako informazioa, abisuak, aginduak eta jarraibideak berehala, lehentasunez eta modu nabarmenean argitaratzeari, helarazteari edo zabaltzeari.

m) Telekomunikazio-sare eta -zerbitzuen titular diren enpresek uko egitea sare eta zerbitzu horiek babes zibileko agintaritzaren eskura jartzeari, agintaritza horrek hala eskatzen dienean biztanleriari abisuak edo alertak iragartzeko.

2.– Era berean, oso astuntzat kalifikatuko dira larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste astun batengatik edo gehiagorengatik aurreko bi urteetan ebazpen irmo baten bidez zehatua izan den pertsona edo erakunde batek egindako arau-hauste astunak.

70. artikulua.– Arau-hauste astunak.

1.– Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste astunak dira:

a) Urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideetara dei gehiegizkoak, iraingarriak, mehatxuzkoak edo txantxetakoak eginez lineak okupatu eta zerbitzuaren eraginkortasuna kaltetzea, edo behin eta berriz dei hutsalak egitea.

b) Linearen edo telefono mugikorraren titularrak egiazki ez identifikatzea 69.1.g), 70.1.a) eta 71.a) artikuluetan aipatzen diren deiak egiten dituen pertsona, hala egin dezala eskatzen zaionean.

c) Babes zibileko planei atxikitako baliabide eta zerbitzuen egoera ikuskatzeko oztopoak jartzea, erabat eragotzi gabe, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunari, eta orobat, indarrean dagoen araudian aurreikusitako autobabeseko eskakizunak betetzen direla ikuskatzeko oztopoak jartzea.

d) Larrialdi-egoerak eragin ditzaketen gorabehera edo gertakariak babes zibileko agintaritza eskudunari ez jakinaraztea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

e) Boluntarioak mobilizazio-agindura ez joatea agintaritza eskudunak plan bat aktibatzean edo larrialdi bat deklaratzean, arrazoi justifikaturen bat izan ezean.

f) Larrialdi bati aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunak eta bitartekoak aldi baterako eta iragankortasunez errekisatu, horietan esku hartu edo okupatzeko oztopoak jartzea, erabat eragotzi gabe, neurri horiek babes zibileko agintaritza eskudunak agintzen dituenean.

g) Babes zibileko agintaritza eskudunak edo haren agenteek alerta- edo larrialdi-egoeretan ematen dituzten agindu eta jarraibideak ez betetzea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

h) Autobabes-planen arduradunek ez jakinaraztea planak estalitako arrisku-egoerari eragiten dion edozein gorabehera edo gertaera, eta orobat, arrisku-egoera horri aurre egiteko ezarritako baliabide eta zerbitzuen operatibitatea ez jakinaraztea.

i) Babes zibileko plan baten aktibazio-egoeran egiten diren 71. artikuluko jokabideak, pertsonen bizia edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen badute edo hondamendiaren edo lazeria publikoaren arrisku-egoera edo ondorioak areagotzen badituzte.

j) Babes zibileko planen zerbitzura jarritako ekipamendu edo instalazioen funtzionamendu egokia larriki kaltetzea edo aldaraztea.

2.– Era berean, astuntzat kalifikatuko dira larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste arin batengatik edo gehiagorengatik aurreko bi urteetan ebazpen irmo baten bidez zehatua izan den pertsona edo erakunde batek egindako arau-hauste arinak.

71. artikulua.– Arau-hauste arinak.

Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko arau-hauste arinak dira:

a) Urgentziako edo larrialdiko abisuak emateko telefono edo bestelako baliabideetara dei gehiegizkoak, iraingarriak, mehatxuzkoak, maltzurrak edo txantxetakoak egitea.

b) Babes zibilaren arloko agintaritzak edo haren agenteek ezartzen dituzten neurriak edo jarraibideak ez betetzea edo ez errespetatzea, ariketak edo simulakroak egiten direnean.

c) Babes zibileko boluntarioek boluntario-izaera erakusten duten intsignia eta bereizgarriak eramatea edo erakustea, beren eginkizunak betetzen ari ez direnean.

d) Babes zibileko planen zerbitzura jarritako ekipamendu edo instalazioen funtzionamendu egokia kaltetzea edo asaldatzea, hori arau-hauste astuna ez denean.

e) Babes zibileko agintaritza eskudunak ariketa edo simulakroetarako egindako mobilizazio-deira ez joatea horretarako betebeharra badute, arrazoi justifikaturen bat izan ezean.

72. artikulua.– Zehapen motak.

1.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteei aplika dakizkiekeen zehapenak isunak izango dira.

2.– Arau-hauste astun eta oso astunengatiko zehapenekin batera, zehapen osagarri hauek ere aplikatu ahal izango dira:

a) Lokal, zentro edo instalazioa aldi baterako ixtea.

b) Arriskuko jarduerak aldi baterako etetea.

c) Dagokien taldean nahitaezko baja ematea babes zibileko boluntarioen talde eta elkarteetako kideei.

d) Babes zibileko boluntarioen talde eta elkarteetako kideak beste edozein taldetako kide izateko desgaitzea.

73. artikulua.– Zehapen aplikagarriak.

1.– Arau-hauste oso astunak 30.001 eurotik 600.000 eurora arteko isunarekin zehatzen dira. Horrez gain, lokala, zentroa edo instalazioa aldi baterako ixteko edo jarduera arriskutsuak aldi baterako eteteko agindua eman ahal izango da, gehienez urtebeterako, betiere zehapena eragin zuen arrazoia konpondu bada.

2.– Arau-hauste astunak 1.501 eurotik 30.000 eurora arteko isunarekin zehatzen dira.

3.– Arau-hauste arinak 150 eurotik 1.500 eurora arteko isunarekin zehatzen dira.

4.– Babes zibileko boluntarioen erakunde, talde edo elkarteetako kideek egiten dituzten arau-hauste astunek eta oso astunek berekin dakarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman boluntario gisa parte hartzeko desgaituta geratzea. Arau-haustea oso astuna izanez gero, bost urtekoa izango da desgaikuntza, eta arau-haustea astuna izan bada, hiru urtekoa. Gainera, arau-hausleari baja emango zaio babes zibileko laguntzaileak diren boluntario-elkarteen erregistroan, eta kendu egingo zaio babes zibileko boluntario izatearen egiaztagiria.

74. artikulua.– Mailakatzeko irizpideak.

1.– Lege honetan tipifikatutako arau-hausteei zehapenak jartzerakoan, egitateen garrantziarekiko eta arau-hausleen inguruabar pertsonalekiko proportzioan jardungo da.

Nolanahi ere, kontuan izango dira irizpide hauek:

a) Arau-hausteari dagokion egitatearen larritasuna, kontuan izanik segurtasunean duen eragina eta sortutako kalte-galerak.

b) Ondasun eta pertsonei eragindako arrisku objektiboa.

c) Jokabide arau-hauslearen kanpoko garrantzia.

d) Zabarkeria edo intentzionalitatea egotea.

e) Kaltearen erantzuleak kaltea konpontzeko erakusten duen jarrera, galera handiagoa izan ez dadin.

f) Ukitutako pertsonen kopurua.

g) Lortutako onura.

h) Berrerortzea egotea. Berrerortzetzat jotzen da urtebeteko epean administrazio-bidean ebazpen irmoz zehatutako izaera edo larritasun bereko edo ezberdineko arau-hauste bat edo gehiago egitea.

2.– Egindako arau-haustea prebentzio-neurriak ez betetzea denean, eta pertsonei, ondasunei edo ingurumenari kalterik eragiten ez zaienean, prozedura abiaraztea ekarri zuten irregulartasunak konpontzea aringarritzat hartuko da, betiere jokabide arau-hauslean berrerortzerik gertatzen ez bada.

3.– Irizpide horiek arau-haustearen larritasuna areagotzeko erabiltzen direnean, ez dira aplikatuko.

75. artikulua.– Erantzuleak.

1.– Lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzule izango dira egitate arau-hauslea zuzenean edo zeharka gauzatzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, bai eta jarraibideak edo aginduak ematen dituztenak edo arau-haustea gauzatzeko ezinbestekoak diren bitartekoak jartzen dituztenak ere.

2.– Establezimendu eta industrien titularrak eta jardueren sustatzaile eta antolatzaileak izango dira erantzuleak jarduera horietan parte hartzen duten pertsonek lege honetan araututako arau-hauste administratiboak leku horietan egiten dituztenean, baldin eta titular, sustatzaile eta antolatzaile horiek ez badute betetzen arau-haustea prebenitzeko betebeharra eta urratu egiten badute lege- edo erregelamendu-arautegia.

3.– Aipatutako titular eta antolatzaile edo sustatzaile horiek, era berean, erantzule izango dira, egitez edo ez-egitez, ikusle edo erabiltzaileek arau-hauste horiek egitea onartzen edo toleratzen dutenean. Permisibitatea edo tolerantzia izan dela ulertuko da, norberarentzako edo besteentzako arriskurik egon gabe eta egoeraren beharretara egokitutako bitartekoak edukita, erantzuleak arau-haustea ekidin ahal izan duenean.

4.– 69.1.g), 70.1.a) eta 71.a) artikuluetan aurreikusitako arau-hausteengatiko erantzukizuna deiaren egileari dagokio zuzenean.

Deiaren egilea edo eragilea adingabekoa edo ezgaia denean, gurasoak, tutoreak edo egitatezko edo zuzenbidezko zaintza dutenak izango dira egindako kalte-galeren eta, hala dagokionean, asaldatutako egoera bere onera ekartzearen erantzule solidarioak, adingabeek edo ezgaiek arau-hauste administratiboak egitea prebenitzeko dagokien betebeharra ez betetzeagatik.

Deiaren egilea linearen edo terminal mugikorraren titularra ez den hirugarren pertsona bat denean, titularrak egiazki identifikatu beharko du hirugarren hori horretarako errekerimendua egiten zaionean, deia egindako eguna baino lehen telefonoa lapurtu diotenean izan ezik. Dagokion prozedura-izapidean betebehar hori betetzen ez badu, 70.1.b) artikuluan aurreikusitako falta astunaren egile moduan zehatua izango da.

Modu berean erantzungo du linearen edo terminal mugikorraren titularrak, hark identifikatzen duen arau-hausleari salaketa jakinaraztea ezinezkoa denean titular horri egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

76. artikulua.– Zehatzeko eskumena.

1.– Zehatzeko ahala Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, udalerriei eta Foru Administrazioari dagokie, artikulu honetan ezarritako eran, dagozkien eskumenenen arabera eta arau-haustea eragiten duen jokabideak ukitutako planaren eremuarekin bat etorriz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zehatzeko ahala Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak egikarituko du, honako eskudantzia hauekin bat etorrita:

a) Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularrari dagokio arau-hauste arinengatiko zehapenak ezartzea.

b) Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloko zuzendaritza eskuduna menpe duen sailburuordetzako titularrari dagokio arau-hauste astunengatiko zehapenak ezartzea.

c) Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saileko titularrari dagokio arau-hauste oso astunengatiko zehapenak jartzea.

3.– Zehapen-espediente bat izapidetzen ari den bitartean gertatzen bada espedientea izapidetu eta ebazteko eskumena beste administrazio batena izatea, espedienteari hasiera eman zion organoak artxibatu egingo du espediente hori, eta egindako jarduketak administrazio eskudunari bidaliko dizkio, hark, hala badagokio, zehapen-prozedurari hasiera ematea erabaki dezan.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta toki- eta foru-administrazioetako organo eskudunek elkarri emango diote izapidetzen dituzten espedienteen berri, espedienteari hasiera ematen diotenetik hamar eguneko epean.

77. artikulua.– Preskribatzea.

1.– Arau-hauste oso astunek bost urtera preskribatzen dute, arau-hauste astunek hiru urtera, eta arau-hauste arinek urtebetera.

2.– Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek bost urtera preskribatzen dute, arau-hauste astunengatik ezarritakoek hiru urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebetera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera balioetsiko da arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

78. artikulua.– Kautelazko neurriak.

1.– Pertsona edo ondasunen segurtasunari eragiten dion gorabehera larriren bat gertatzen denean, babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak erabaki ahal izango du kautelaz establezimendua berehala ixtea, instalazioak zigilatzea edo jarduerak etetea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.

2.– Salbuespen gisa, pertsona edo ondasunentzako arrisku larria edo arrisku hur-hurrekoa dagoen kasuetan, neurri horiek babes zibileko agintariek edo haien agenteek hartu ahal izango dituzte, prozedurari hasiera eman aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zehatzeko ahalaren inguruan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

Neurri horiek eraginik gabe geldituko dira, baldin eta hartzen direnetik hamar egun igarota zehapen-prozedura hasten ez bada edo prozedurari hasiera emateko akordioak ez badauka neurri horiei buruzko berariazko erabakirik.

79. artikulua.– Arau-hausteak eragindako galerak konpontzea.

1.– Lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteei dagozkien zehapenak ezarri behar dira, alde batera utzita ondasun eta instalazioei eragindako kalte-galeren ordaina emateko betebeharra.

2.– Era berean, zehapen-prozeduratik eratorritako erantzukizun administratiboaz gain, erantzuleei eskatu ahal izango zaie asaldatutako egoera berrezarri eta jatorrizko egoerara eramateko, betiere hori posible denean.

3.– Berrezartzea posible izango ez balitz, hauxe izango da kalte-ordainaren zenbatekoa: egoera berrezarri gabearen balioa gehi eragindako kalte-galerena.

4.– Arau-hausleak berrezartzeko edo leheneratzeko betebeharra betetzen ez duenean, administrazioak betearazte subsidiarioa gauzatu ahal izango du, haren kontura.

5.– Dolozko edo zabarkeria larriko portaera bat tarteko delarik, lege honetan aurreikusitako arau-hausteetako bat egiten duenak, horrekin larrialdi-egoera bat sortuz edo larriagotuz, egoera hori konpontzeko egindako kostuak ordaindu beharko dizkio ogasun publikoari. Kalte-ordainezko ondorioen zehaztapena zehatzeko ebazpenean egingo da.

69.1.g) artikuluan adierazitako kasuan, bereziki, eta kasu bakoitzean bidezko diren zehapenei kalterik egin gabe, baliabideen mobilizazioak eragiten dituen kalte-galerak ordaindu beharko dituzte arau-hausleek.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Itsas salbamendua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunei dagokie giza bizitzen sorospeneko eta salbamenduko zerbitzuen koordinazioa eta haien jurisdikziopeko uretan bilaketako, erreskateko eta salbamenduko zerbitzuak ematea, itsas salbamenduaren arloko Estatuko legeriaren arabera.

Xede horretarako, eta bitartekoak eta zerbitzuak eskualdatzen direnetik zehazten den maiztasunarekin, Eusko Jaurlaritzak itsas salbamendurako eta itsas kutsaduraren aurkako zerbitzuen plana onartuko du, haien jarduketa koordinatzeko, sustatzeko eta pertsona espezializatuak prestatzeko. Era berean, itsasertza kutsaduratik babesteko lurralde-plana onartuko du.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gauzatzeko, itsas salbamenduaren eta itsas kutsaduraren aurkako borrokaren arloetan indarrean dagoen araudiak ezarritakoari jarraituko zaio.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Boluntarioen lana aintzatestea.

Babes zibileko boluntarioen erakundeetan edo suhiltzaile boluntario gisa lankidetza aktiboan emandako denbora, arau-hauste astun edo oso astunagatik boluntarioa erakunde horietatik baztertua izan ez bada, merezimendutzat jo ahal izango da euskal administrazio publikoetan sartzeko edo horietan lan-kontratua izateko, baldin eta lanpostu horien eginkizunak boluntario moduan egindako zerbitzuei edo lortutako gaitasun edo prestakuntzari lotuta badaude, lege edo erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Larrialdiei Aurre Egiteko eskala.

1.– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eskalako langileei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat legez ezarritako araubide juridikoa aplikatzen zaie, honako berezitasun hauekin:

a) Haien eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritzaren agenteak dira.

b) Arduraldi, prestasun eta lan-ordutegiko araubide berezia izango dute, haien ardurapeko zerbitzuen etengabeko funtzionamendua bermatze aldera, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan.

c) Hautaketa-prozesuan exijituko da, prozesuaren zati gisa, dagozkion kategoria eta eginkizunetara egokitutako ikastaro bat gainditzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatu eta emandakoa, edo Euskal Herriko Unibertsitateko Segurtasun eta Emergentzien Kudeaketako gradudun titulua edukitzea. Ikastaro horiek egitea eskatuko zaie, halaber, babes zibileko langile espezializatuen lanpostuak betetzen dituzten bitarteko langileei.

2.– Eusko Jaurlaritzak, funtzio publikoaren eta babes zibilaren arloan eskumena duten sailek batera proposatuta, Larrialdiei Aurre Egiteko eskalako langileei aplikagarria zaien araubidea garatuko du erregelamendu bidez, aurreko zenbakian ezarritako betekizunak garatuz helburu horretarako.

3.– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eskalako langileei dagokie:

a) Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren etengabeko funtzionamendurako beharrezkoa den laguntza profesionala ematea.

b) Eusko Jaurlaritzako babes zibileko eta larrialdietako agintaritzari laguntza profesionala ematea, babes zibileko planak eta taktika operatiboak egitean, horietan aurreikusitako neurriak aktibatu eta aplikatzean eta, oro har, larrialdi-egoeretan.

c) Larrialdiko eta babes zibileko egoeretan dagozkien esku-hartzeko eginkizunak betetzea. Hor sartzen dira honako hauek ere: talde logistikoetan eta aginte-postu aurreratuetan zerbitzua emateko eginkizunak betetzea eta larrialdiaren kudeaketan inplikatutako zerbitzuen jarduketa koordinatzea, legean ezarritako eran.

d) Aurreikuspen-, prebentzio-, plangintza-, analisi- eta ebaluazio-eginkizunak betetzea Autonomia Erkidegoaren babes zibilaren arloko eskumenak betetzeari dagokionez.

e) Lege honetan arautzen diren ikuskatze-eginkizunak betetzea eta zehapen-espedienteak bideratzea, Autonomia Erkidegoaren babes zibileko eskumenen eremuan.

f) Indarrean dauden arauek ezartzen dizkieten gainerako eginkizunak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hondamendiei Aurre Egiteko Laguntza Unitatea.

1.– Erregelamendu bidez eratuko da Hondamendiei Aurre Egiteko Laguntza Unitatea, Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailaren mende egongo dena, larrialdi-egoeretan pertsonak eta ondasunak babesteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, edo, lurralde horretatik kanpo, haren laguntza eskatzen denean. Era berean, nazioarteko lankidetzako misioak ere egin ahal izango ditu.

2.– Hondamendiei Aurre Egiteko Laguntza Unitatean parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko enplegatu publikoek eta, haiez gain, beste administrazio publiko batzuen edo erakunde pribatuen zerbitzuko langileek, dagokion hitzarmenaren bitartez, eta babes zibileko boluntarioek.

3.– Hondamendiei Aurre Egiteko Laguntza Unitatea ez da izango Autonomia Erkidegoko administrazioaren egitura organikoaren barruko administrazio-organo edo -unitate iraunkorra, eta ez du eragingo lanpostuen zerrendetan kide gehiago sartzea.

4.– Hondamendiei Aurre Egiteko Laguntza Unitateko kideek egiten dituzten jarduerak borondatez eta doan egiten dira; hala ere, euskal administrazioaren edo xede horretarako hitzarmenez administrazio horrekin lotutako beste administrazio batzuen giza baliabideekin osatzen denean unitate hori, langile horiek guztiek beren ohiko lanpostuei dagozkien ordainsariak jasotzen jarraituko dute, atxikita dauden administrazio-unitatearen kontura, prestakuntzari eta praktikaldiari eskaintzen dieten denboran zehar, bai eta larrialdietako misioetan aritzen diren aldietan ere.

5.– Erregelamenduak ezarriko du unitatearen jarduketa- eta funtzionamendu-araubidea.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zehapenak eguneratzea.

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honetan ezartzen diren zehapenen zenbatekoa eguneratzeko, kontsumoko prezioen indize orokorrean izaten diren gorabeherak kontuan hartuta.

Beraz, Legegintzako Dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 27a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala