Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2017ko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
2147

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko (SPRI) erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko apirilaren 12ko Ebazpenari buruzkoa, Innobideak-Kudeabide 2017 Programa gidatuko duen araudia onartzen duena.

2017ko apirilaren 12an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI)ren zuzendari nagusiak, «Innobideak-Kudeabide 2017» laguntza-programa argitaratzeari buruzko ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatzerakoan helburu nagusitzat hartu da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzea, kudeaketa aurreratuko metodologiak, tresnak eta printzipioak inplementatuz eta aplikatuz.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2017ko martxoaren 29ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:

1.– «Innobideak Kudeabide 2017» laguntza-programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

2.– «Innobideak Kudeabide 2017» laguntza-programaren araudia onartzen duen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bilbao, 2017ko apirilaren 12a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

Innobideak Kudeabide programa

Enpresen lehiakortasuna alderdi askotan egon daiteke, berrikuntza delarik oinarrizko zutabeetako bat. Enpresa lehiakorrenek duten ezaugarrietako bat da ongi kudeatzen dituztela beren aktibo ukigarriak eta ez-ukigarriak.

Hala, 2013an Innobideak Estrategia sortu zen, premia ikusi zelako euskal enpresen, batik bat ETEen, lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortu nahian, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta kudeaketaren hobekuntza bultzatuko dira, egungo krisi egoerak dakartzan erronkei aurre egiteko, eta oinarri sendo batzuk ezartzeko, euskal enpresak lehiakorrak izan daitezen globalizazioaren barruan.

Innobideak Estrategia hiru programaren bitartez hedatzen da: Innobideak-Lehiabide (produktua, zerbitzua edota merkatua dibertsifikatzeko estrategiak definitzeko edo lehiakortasun-dimentsio handiagoa lortzeko proiektuak) Innobideak- Pertsonak programa (enpresako langileek bertan parte-hartzea sustatzen duena) eta Innobideak-Kudeabide programa (enpresaren kudeaketa hobetzea helburu duena).

Innobideak-Kudeabide programa

Innobideak-Kudeabide programaren helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea, laguntza emanez kudeaketa aurreratuko printzipio, tresna eta metodologiak aplikatu eta ezartzeko.

Innobideak-Kudeabide programa (aurrerantzean Kudeabide) hiru fasetan garatuko den prozesu batekin hedatzen da: kontrastea eta ekintza plana (1. fasea), proiektu pilotuak (2A fasea) eta sendotze-proiektuak (2B fasea).

Lehen fasean (kontrastea eta ekintza plana) enpresek kontraste bat egin behar dute Kudeaketa Aurreratuko Ereduarekiko zein puntutan dauden jakiteko. Txosten hori Euskalit enpresaren laguntzarekin egiten da. Kontrastearen ondoren enpresak epe ertaineko Ekintza Plan bat diseinatu behar du, non identifikatuko baitu zein ekintza/proiektu garrantzitsu gauzatuko dituen bere kudeaketa-mailetan hobekuntza nabarmenak lortzeko.

Kudeabide programak 2 A eta 2 B faseetarako eskaintzen dituen laguntzak eskuratu nahi dituzten eta gutxienez 50 langile dituzten enpresek hasierako kontrastea egin beharko dute Euskaliten laguntzaz, edo alternatiba gisa, hasierako kontrastearen baliokide den kudeaketako diagnostiko bat egin beharko du, non behar bezala sailkatu eta justifikatuko baitu programaren laguntzarekin garatuko duen proiektua.

2A fasean «proiektu pilotuak» garatzen dira, hau da, kudeaketa aurreratuko metodologiak praktikan aplikatzeko proiektuak egiten dira, hasierako kontrastean antzemandako kudeaketa-esparru batean edo gehiagotan trebatu ondoren. Programak kudeaketa arloko gai desberdinei buruzko hogeita hamar modulu inguru eskaintzen ditu proiektu pilotuak egiteko. Horietako bakoitzean Euskaliten Knowinn metodologia aplikatzen da, eta metodologia horren bidez elkarrekin konbinatzen dira prestakuntza, saio presentzialak eta aplikazio praktikoko proiektu bat.

2B fasean sendotze-proiektuak egiten dira, hau da, arau honek esklusiboki lantzen dituenak eta 6. artikuluan jasota daudenak. Kudeaketa aurreratuko metodoak eta tresnak ezartzeko eta barneratzeko proiektuak garatzen dira, helburutzat harturik metodo eta tresna horiek sistematikoki erabiltzea, enpresaren kudeaketa nabarmen hobetzeko eta lehiakortasun posizionamendu hobea lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak lideraturik eta SPRIk eta hiru Foru Aldundiek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) koordinaturik, Kudeabide programak bere baitan biltzen ditu aipatu erakunde horien ahaleginak eta esperientzia, eta kudeaketa partekatua proposatzen du enpresa parte-hartzaileen tamainaren eta lurraldearen arabera. Hala, 5-49 langile dituzten enpresetako eskaerak kasuan kasuko Foru Aldundiak kudeatuko ditu lurraldearen arabera eta 50 langile baino gehiago dituzten enpresetako eskaerak SPRIk kudeatuko ditu. Gainera, programa hau Euskaliten laguntzarekin garatuko da, zeinak euskarria emango baitie parte-hartzaileei hasierako kontrastea (1 fasea) egiteko eta 2A faseko kudeaketa aurreratuko proiektu pilotuak martxan jartzeko.

Halaber, Innobideak-Kudeabide programa lagungarri izan daiteke euskal enpresentzat kudeaketa aurreratuaren babes- eta aitorpen-eskema batean sartzeko. Eskema horren bidez kudeaketan aurrerapen handiena erakusten duten enpresek laguntza eta aitortza jasoko dituzte, Kudeabide programaren oinarria den kudeaketa aurreratuko ereduaren arabera.

Kudeabide programan parte hartzeko eskaera prozesua.

Kudeabide programan parte hartzeko laguntza eskaera honela egingo da:

i.– Erregistroa Kudeabide programaren www.kudeabide.com web gunean.

Erregistratzean, enpresak login bat eta pasahitz bat jasoko ditu, eta horiek eskatuko zaizkio programan parte hartzeko eskabideak izapidetzean.

Ii.– Hasierako kontrastea eskatzea Kudeabide programaren www.kudeabide.com web-gunean (edo, hala badagokio, haren baliokide den kudeaketa diagnostikoa gutxienez 50 langile dituzten enpresetan).

Behin hasierako kontrastea egin eta Euskalitek dagokion txostena idatzi ondoren, enpresak 2A edota 2B faseetan egingo diren ekintza/proiektuetarako laguntza eskaerak egin ahal izango ditu.

Iii.– Kudeaketa aurreratuko proiektu pilotu bat egiteko eskaera (2A fasea), Kudeabide programaren www.kudeabide.com web gunearen bidez.

Eta/edo,

iv.– Kudeaketa aurreratuko proiektu pilotu bat egiteko eskaera (2B fasea), Kudeabide programaren www.kudeabide.com web gunearen bidez.

Hasierako kontrastearen baliokide den kudeaketako diagnostiko bat duten -behar bezala sailkatu eta justifikatuko delarik aurkeztutako proiektua- eta gutxienez 50 langile dituzten enpresek ez dute zertan bete ii ataleko urratsa laguntza eskaeran.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Araudi honek Kudeabide programan sartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, gutxienez 50 langile dituzten eta kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak (2B) egin nahi dituzten EAEko enpresentzat, baldin eta jarduera hauetakoren bat egiten badute: erauzketa, eraldaketa, produkzioa edo aurrekoen produkzio prozesuarekin lotutako zerbitzu teknikoak eta informazio eta komunikazio gizartearen esparrukoak (IKT).

Bakar-bakarrik onartuko dira Euskaliten laguntzarekin eginiko hasierako kontrastearen txostenaren emaitzekin bat datozen edota enpresak aurkeztutako hasierako kontrastearen baliokide den kudeaketako diagnostiko batean behar bezala sailkatu eta justifikatuta dauden kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak (2B).

2.– Laguntzen izaera:

a.– Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez daukate norgehiagoka-prozedura bete beharrik.

c.– Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

d.– Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa (1/1997 Legegintza Dekretua).

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) diru-laguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI», Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako sozietate publikoa).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa. Horren barruan doaz Eusko Jaurlaritza eta haren mendeko organismoak eta erakundeak.

3.– Kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena. Euskalitek egindako txostena, enpresa kudeaketa aurreratuaren arloan non kokatzen den adierazten duena, betiere, kudeaketa aurreratuko eredua erreferentziatzat hartuta. Kontrastearen txosten horrek zehazten du halaber zein diren enpresak hobetu beharreko arloak, eta jarraibide batzuk ematen ditu enpresak Kudeabide programan jarrai dezan, proiektu pilotu bat (2A) edo sendotze-proiektu bat (2B) eskatuta. Txosten horrek bi urterako balioko du ematen denetik aurrera.

4.– Ekintza plana. Enpresak eginiko txosten honetan azaltzen dira zeintzuk diren kudeaketa aurreraturantz abiatzeko aurreikusi dituen ekintzak, betiere bat etorriz hasierako kontrasteari buruzko txostenean emandako ondorioekin.

5.– Kudeaketa Aurreratuko Eredua. Organismo eta erakunde anitzen adostasunetik sortutako erreferentziazko eredua da, eta kudeaketaren hobekuntza lantzen du sei ardatz edo elementutan oinarrituta: 1) Estrategia; 2) Bezeroak; 3) Pertsonak; 4) Gizartea; 5) Berrikuntza; 6) Emaitzak.

6.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak programaren formatuari jarraiki eginiko txostena, non behar adina informazio emango baitu ondokoak baloratzeko:

a.– Programaren helburuekin bat etortzea.

b.– Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko.

c.– Emaitzetatik espero den eragina.

d.– Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza).

e.– Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia.

f.– Esleitutako baliabideen egokitasuna.

7.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.

8.– Kanpoko kontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

9.– Erantzukizunezko aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauen berri eman behar du, eskaerari atxikitako ereduaren arabera:

a.– Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b.– Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c.– Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo delarik diruz lagundu daitekeen jarduera.

d.– Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e.– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.

f.– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

g.– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h.– Araudi honen 5. artikuluko 1.f) atalean aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

j.– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

10.– Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

Baimena ematea SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edo ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 500.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Diru-laguntza eskuratzeko baldintzak beteko dituzte ezaugarri hauek dituzten erakundeek:

a.– Jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, b.– atalean azaldu bezala, eta aurkeztutako proiektuak bertan eragina izatea.

b.– Jarduera hauetako bat egitea jarduera nagusi gisa: industria, erauzketa edota eraldaketa, ekoizpena, produkzio prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak. Faktore hori Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren arabera baloratuko da.

c.– Gutxienez 50 langile izatea plantillan diru-laguntza eskaera egin aurreko 12 hilabeteko epean. Langile-kopurua kalkulatuko da urteka eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

d.– Kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena edo eskatutako proiektua behar bezala sailkatu eta justifikatuta jasotzen duen kudeaketari buruzko diagnostikoa edukitzea.

e.– Egunean egotea Ogasunarekiko, bere kolaboratzaileekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.

f.– Egoera hauetakoren batean ez egotea (erantzukizunezko aitorpenak aurkeztu beharko dira):

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta,

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1(c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

2.– Ezin dira onuradun izan honako hauek: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak –horretarako akreditazioa dutenak– eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ).

3.– Enpresa onuradunek ezingo dituzte oraindik bete gabe izan edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

4.– Erakunde onuradunek ezin dute eskaturik izan borondatezko konkurtsorik, ezin dute kaudimengabetzat joak izan prozedura batean, ez eta konkurtsoan egon (ez bada hitzarmen bat indarrean sartu dela konkurtsoaren barruan), esku-hartze judizial batean egon edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

5.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren arteko denbora osoan laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagungarriak diren proiektuek enpresa-kudeaketaren hobekuntzara bideratuta egon behar dute, betiere, kudeaketa aurreratuko erreferentziazko ereduan adierazitako jardueren garapenean oinarrituta. Aurkezten diren proiektuak hasierako kontrastearen txostenean zehaztutako hobekuntza-arloetan zentratu behar dira, betiere, txosten horretan ezarritako gomendioei jarraikiz.

1.– Diruz lagungarriak diren jarduerak izango dira kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostenari edo kudeaketa diagnostikoari erantzuten dioten sendotze-proiektuak (2B fasea), enpresari jarraian adierazten diren eremu hauetan aurrera egiten eta hobetzen lagunduko dioten metodologia eta tresnak aplikatzera eta ezartzera bideratuta daudenak:

a.– Estrategia. Beharrezko informazio estrategikoa izatera eta hausnarketa-prozesu parte-hartzaileak egitera bideratutako proiektuak izango dira. Gerora behar bezala hedatua eta jakinarazia izango den estrategia bat ezarriko da, zeinaren zerbitzura kudeatuko baitira baliabide ekonomiko-finantzarioak, teknologia eta informazioa.

b.– Bezeroak. Bezeroekiko harremanak eta balio katearen elementu guztien efizientzia (hasi produktuen eta zerbitzuen garapen eta merkaturatzetik, horien ekoizpen, banaketa eta mantenimenduraino) sustatzen duten proiektuak izango dira, enpresa-estrategian garrantzia handia izango dutenak.

c.– Pertsonak. Hautaketa- eta ordainketa-prozesuak, ezagutzaren garapena, eskumenak eta lidergo-gaitasuna –enpresa-estrategiarekin bateratuta– hobetzera bideratutako proiektuak izango dira.

d.– Gizartea. Konpainiaren gizarte-zereginera bideratutako proiektuak izango dira (betiere haren gaitasunekin bat etorriz), eta, horretaz gain, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko neurriak sustatzera bideratutakoak.

e.– Berrikuntza. Arlo honetako proiektuen xedea da berritzeko helburu eta estrategiak definitzea eta barne-testuinguru bat sortzea; testuinguru horretan pertsonek arriskuak hartu, ekintzailetzan jardun eta berritu egingo dute eta inguruko potentzial berritzailea baliatuko dute, betiere, berrikuntzarako ideia eta proiektuak modu eraginkor eta efiziente batean kudeatuta.

f.– Emaitzak. Bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan dauden emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzea ahalbidetuko duten proiektuak izango dira.

2.– Enpresa bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak (2B) egiteko programa honen deialdi bakoitzera.

3.– Proiektuak laguntza eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero hasiko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan, eta gehienez hamabi hilabetean gauzatu beharko dira, hasierako laguntza eskaeran adierazitako proiektuaren hasiera egunetik kontatzen hasita; nolanahi ere, 2018ko urriaren 15a baino lehen amaituko dira.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

4.– Ez dira diruz lagunduko SPRIk edo Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze, inbertsio, I+G, Informazio Gizarte, eta abarretan ekintzak egiteko eskaintzen dituzten beste programa batzuetara bil daitezkeen ekintzak (esaterako Global Lehian, Gauzatu, Gaitek, Basque Industry 4.0, Industria Digitala, Innobideak-Kudeabide, Innobideak Pertsonak) (adibidez: Global Lehian, Gauzatu, Hazitek, Basque Industry 4.0, Industria Digitala, Innobideak-Lehiabide, Innobideak Pertsonak).

5.– Proiektuak Euskadiko jarduera zentroetan gauzatu eta gutxienez inplementatu beharko dira.

6.– Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste Estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, Programa honen esparruan emandako diru-laguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

7.– Programa honen esparruan emandako diru-laguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Gastu hautagarriak izango dira aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak kontratatzeagatiko lan eskuaren gastuak.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a.– Ezin dira izan Herri Administrazioekin lotutako edo haien menpe dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak.

b.– Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

c.– Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRIren edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien deshomologazio-prozeduretan.

d.– Ez dira izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide.

e.– Erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka diru-laguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (eskaerari atxikitako ereduaren arabera).

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a.– Gastu hautagarriek zuzenean lotuta egon behar dute kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak definitzeko eta garatzeko lanekin (2B proiektuak), eta proiektu horiek barne hartu behar dituzte Kudeabide programan definitutako gai bat edo batzuk eta bat etorriko dira hasierako kontrastearen txostenean (Euskalitek egingo du txosten hori) edo enpresak aurkeztutako kudeaketa diagnostikoan adierazitako hobekuntza-arloekin.

b.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c.– Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta murriztu ahal izango dira Programako Batzorde Exekutiboak hala erabakitzen badu.

d.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

f.– Inoiz ez dira gastu hautagarriak izango: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak, ekipoak, lizentziak, software garapenak, altzariak eta abar erostea, eta, laburbilduz, proiektuaren exekuziorako ordu dedikazioari ez dagokion beste edozein gastu. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honetako laguntzak diru-laguntza moduan emango dira, eta egiaztatutako gastu hautagarrien % 60 emango da. Nolanahi ere, enpresako emango den gehienezko diru-laguntza 25.000 eurokoa izango da.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea Programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2017ko irailaren 28ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

12. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Araudi honetan arautzen diren kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak egiteko laguntzak (2B fasea) bakar-bakarrik jaso ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten enpresek:

.– Kudeabide Programaren esparruan hasierako kontrastea Euskalitekin egina duten enpresek, baldin eta Euskalitek egindako txostenak lehentasun gisa jasotzen badu kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektua egingo dela identifikatutako hobekuntza-arlo batean edo batzuetan.

.– Hasierako kontrastea Euskalitekin egin ez duten baina kudeaketako diagnostiko bat aurkezten duten enpresek; kudeaketako diagnostiko horretan behar bezala sailkatuta eta justifikatuta egongo da aurkeztutako proiektua.

Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten entitateek kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektu bat (2B) egiteko eskabidea bete behar dute, www.kudeabide.com programaren web gunearen bidez. Gune horretara sartuko dira, hain zuzen ere, programan erregistratzean emandako login eta pasahitzaren bidez.

2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du enpresa ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren eta enpresa barneko harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin (zeinak barne hartzen baititu erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena eta aurrerakina jasotzeko konpromisoaren dokumentua) batera aurkeztu beharko dira dokumentu hauek:

a.– Enpresa aholkularien erantzukizunezko aitorpena.

b.– Laguntza eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

c.– Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

d.– Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana. Bertan adieraziko da Jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta hartuta dagoela gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.

e.– Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak, edo hala badagokio, zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearazteko baimena SPRIrentzat.

f.– Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

g.– Kudeaketa aurreratuari buruzko hasierako kontrastearen txostena (hasierako kontrastea Euskalitekin egingo duten enpresentzat) edo kudeaketa diagnostikoa, non behar bezala sailkatu eta justifikatuta geratuko baita aurkeztutako proiektua.

h.– Enpresak landutako ekintza-plana.

i.– Sendotze-proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

j.– Kontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia. Eskaintza horiek osorik aurkeztu beharko dira, eta zehatz-mehatz azaldu beharko dute lankidetzaren irismena, aholkularitza taldeko kide bakoitzak proiektuari eskainiko dion ordu kopurua, eta enpresa eskatzaileak eskaintza onartu duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da.

5.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin (SPRI) izango dituzten harreman guztietan.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Sociedad para la transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Administrazio Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 24an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Kudeabide Programako Batzorde Exekutiboa, Alexander Arriola Lizarriturri Jn., Aitor Urzelai Inza Jn., Aitor Cobanera Rodríguez Jn. eta Josu Ocariz Gaubeca Jn. osatuta, zeina Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIk 10 laneguneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek eginiko eskaintzetan ezingo da zuzenketarik egin. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.

3.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

4.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.

Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

5.– Proiektuen ebaluazioa egingo da honako irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz:

a.– Programaren helburuekin bat etortzea: 20 puntu. Gutxienekoa 10 puntu.

b.– Ekintza planaren kalitatea: 15 puntu. Gutxienekoa 10 puntu.

c.– Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko: 35 puntu. Gutxienekoa 20 puntu.

d.– Emaitzetatik espero den eragina: 10 puntu.

e.– Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 10 puntu.

f.– Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea: 10 puntu.

Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskabideak: 10 puntu, a) irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea), eta/edo 10 puntu, b) irizpidean (Ekintza-planaren kalitatea) eta/edo 20 puntu c) irizpidean (Proiektuko eginbeharrak ezarritako helburuak lortzeko egokiak izatea).

Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza eskaerak.

6.– Diru-laguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

7.– Ebazpen epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

8.– Erakunde eskatzaileari 15 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio ebazpena.

9.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.

10.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Enpresa Onuradunen Betebeharrak.

1.– Enpresa onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a.– Emandako diru-laguntza onartu behar da. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b.– Emandako diru-laguntza erabiltzea, zehazki, laguntza eman den proiekturako.

c.– SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f.– Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g.– Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio berehala SPRIri.

h.– Eman programa honetan onartutako diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.

i.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatu behar da, diruz lagundutako proiektua burutu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, SPRIk luzapen bat onartu dezake jarduerak burutzeko, betiere, erakunde onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza zatiaren ordainketan. Atzerapen hori SPRIri eskatu beharko zaio, hasierako laguntza eskaeran proiektuarentzat adierazitako amaiera data baino lehen. Eskatutako atzerapena dela medio, proiektuaren exekuzioak ezin du iraun araudi honen 6.3 artikuluan gehienezkotzat ezarritako hamabi hilabeteko epea baino gehiago, eta halaber, ezingo du gainditu 2018ko urriaren 15eko epemuga.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta aldaketa horiek erakunde onuradunak eskatu eta aldez aurretik justifikatu baditu, ahal bada proiektuan aplikatu aurretik, eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

Proiektuaren exekuzioari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, www.spri.eus/kudeabide web-gunean horretarako ezarritako likidazio-eskabidearen inprimakiak betez. Eskabide hori aurkezteko epea hilabetekoa izango da, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako amaiera datatik kontatzen hasita.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a.– Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektua exekutatu den egunetik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta onartu gabeko gastuei dagozkienak ere.

b.– Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu behar da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera data baino lehenagoko ordainketa egiaztagiririk.

c.– Likidazio-eskabidea aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Gainera, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d.– Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak, edo hala badagokio, zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearazteko baimena SPRIrentzat.

e.– Memoria teknikoa eta ekonomikoa. Likidazio-eskabide telematikoaren atal guztiak bete behar dira. Proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira, beti ere laguntza eskaeraren arabera.

5.– Likidazio-eskabidea ez badago behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko da horrela egin ezean ukatutzat joko dela eginiko eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

6.– Enpresa eskatzaileak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Eskatzaile gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 40 laguntza eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk 60 laneguneko epean egingo du ordainketa, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaera eta frogagiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Egun horiek zenbatzean ez dira kontuan hartuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea -14. artikuluko 1 c atalean eta 16. artikuluko 5. puntuan aipatzen dena-, ez eta abuztua, ez baita hartzen hilabete balioduntzat.

3.– Baldin eta gastu hautagarria diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, diru-laguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako araudi orokorretan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a.– Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

b.– Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

c.– Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

d.– Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

e.– Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

f.– Diru-laguntzei buruzko 37. artikuluan azaltzen diren arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea eta izapidetzea. Programaren Batzorde Exekutiboak ebatzi beharko du ez betetzeren bat gertatu den ala ez.

4.– Bidegabeki jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Enpresa onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36 – 4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Bilbao, 2017ko apirilaren 12a,

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala