Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2017ko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2133

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 12koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak garatzen dituzten erakundeei eta gizarte-mugimenduei laguntzak emateko deialdia egiten baita 2017. urterako.

Gizarte demokratiko guztiek dute giza eskubideen eta bakearen ezagutza eta errespetu sakona herritarren artean sustatzeko betebeharra.

Giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferentea dira justiziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren oinarrien gainean eraiki nahi den edozein gizarte- eta politika-antolamendutarako. Pertsona guzti-guztien giza duintasunaren balio gorena da abiapuntua, norbanakoak gizartean dituen eskubide eta betebehar guztiak iruteko abiapuntua, hain zuzen ere. Horri dagokionez, ezin da zalantzan jarri, azken batean, pertsonaren gailentasuna, eta gizarte- eta erakunde-arkitektura pertsonaren garapenera eta sustapenera bideratu behar dela.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizaki izatea izanik.

Eusko Jaurlaritzaren jardueraren helburuetariko bat da, hain zuzen, euskal gizartean Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntza bultzatzea, dauden baliabideak optimizatuz, sektore estrategikoen arteko beharrezko sinergiak sortuz, eta jardun-programa koordinatua garatuz.

Hori dela-eta, aurreko ekitaldietan bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoen deialdi bat sustatzen du, bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan sustapen, zabalkunde eta gaikuntza proiektuak diruz laguntzeko asmoz.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan ezartzen du diru-laguntza horietarako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horrenbestez, 2017ko laguntzetarako deialdia egiten da.

Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatu dekretuak).

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta gizarte-mugimenduek bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan sustapen, zabalkunde eta gaikuntza proiektuak diruz laguntzeko bideratutako laguntzen 2017rako deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen arabera.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloarekin lotutako sustapen, zabalkunde eta gaikuntza proiektuak, 1. artikuluan adierazi gisan; honako hauek, besteak beste: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzunezko produktuak, argitalpenak, hezkuntza-proiektuak, ikerketak eta dibulgazio-kanpainak.

4. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Diru-laguntzen programa honetara seiehun mila (600.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Gehienez ere, hirurogei mila (60.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

3.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako pertsona juridiko hauek eska ditzakete agindu honetako laguntzak: legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoak, baldin eta beren estatutuetan jasotakoaren arabera, haien helburua bakea eta giza eskubideak erdiestea bada.

6. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2017/erakundeak-bake-bizikidetza-giza-eskubideak/y22-izapide/eu

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri baitago.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako agiri hauekin:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira –halakorik badago–, eta, bestela, zinpeko aitorpena egin beharko da, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela ziurtatzeko.

c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

e) Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

10. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:

– Mónica Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburua.

– Lucía Torrealday Berrueco andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.

– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.

– Emilio Germán Sola Vallojera jauna, Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, bokala.

– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.

– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.

– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.

11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta honako balorazio- eta hautaketa-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. 20 puntu gehienez.

b) Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 10 puntu gehienez.

c) Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. 10 puntu gehienez.

d) Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. 20 puntu gehienez.

e) Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu gehienez.

f) Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu gehienez.

g) Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan sartuta egotea. 10 puntu gehienez.

h) Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 10 puntu gehienez.

2.– Guztira, gehienez 100 puntu emango dira.

3.– Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak 45 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

Bigarren ordainketa 2018an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko martxoaren 31n amaituko da, eta hauek barne hartu beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.

b) Soldata-ordainagiri originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 – 190 inprimakia).

d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak, eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta.

e) Gauzatutako proiektua justifikatzen duen memoria, non jasotzen baitira onuradunak –sexuaren arabera bereizita– eta genero-ikuspegia txertatzeko modua.

2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Prozeduraren gainean ebazpen honetan berariaz arautu gabeko guztiari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2105 Legean; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuta); Diru-Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala