Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2017ko apirilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1950

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita UA 10A, Lerun Txiki-Morterika-ren itun-batzarrak sustatu UA 10.A, Lerun Txiki-Morterika eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Elgoibarko udalerrian.

AURREKARIAK

Elgoibarko Udalaren tokiko gobernu-batzarraren 2016ko azaroaren 14ko Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri zen, 30 egun balioduneko epean, UA 10A, Lerun Txiki-Morterika eremuko urbanizazio-proiektua (aurrerantzean, urbanizazio-proiektua), UA 10A, Lerun Txiki-Morterika-ren itun-batzarrak sustatua. Horrekin batera, ingurumen-inpaktuko azterketa ere jarri zuen jendaurrean, egokitzat jotako alegazioak aurkez zitezen. Horretarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2016ko azaroaren 21ean.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, organo substantiboak egiaztatu du alegaziorik ez dela jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatua aplikatzeko, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien Elgoibarko Udalak.

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren eta URA-Uraren Euskal Agentziaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostenak txertatu ditu organo substantiboak espedientean, baita txosten horiek aintzat hartzearen ondorioz urbanizazio-proiektuan sartutako aldaketak ere.

2017ko otsailaren 15ean, Elgoibarko Udalak urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatuari jarraituz.

Eskaerak dokumentazio hau hartzen zuen barne:

• Proiektuaren dokumentu teknikoa.

• Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2016ko urrikoa.

• Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

• Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatuaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute plangintzaren hasierako faseetan sartzea ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Arau horren I.B) eranskinaren 20 epigrafean sartuta dago ebazpen honen xede den jarduera. Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da aipatu otsailaren 27ko 3/1998 Legean jasotzen den ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– UA 10A, Lerun Txiki-Morterika eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea; adierazpen hori UA 10A, Lerun Txiki-Morterika-ren itun-batzarrak sustatu du, Elgoibarko udalerrian.

Urbanizazio-proiektuaren eremua, 28.812 m2-koa, Elgoibar herriaren ipar-ekialdean dago, N-634 errepidearen ertzean, eta mugakide ditu, iparraldean, aipatu errepidea eta, mendebaldean, Deba ibaiaren ibilgua, zeinak eremu horretan meandro zabal bat deskribatzen baitu.

Indarreko plan partzialak hitzartuarekin bat aipatu eremua urbanizatzeko beharrezko elementuak definitzen ditu proiektuak. Hiri-lurzoru finkatu legez sailkatua dago lurzorua; erabilera industriala izango da, eta erabilera tertziariorako edo hainbat merkataritza-erabileratarako utziko da. Bi jarduketa planteatzen dira urbanizazio-proiektuaren barnean: bata urbanizazio-eremuan bertan eta bestea ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea N-634 errepidetik. Bigarren horrek dakar poligonorako sarbideak birmoldatzea, 160 m-ko zatian, N-634 errepidean egingo den biribilgune berri baten bidez.

Eremuan bertan, partzelak eta bideak soilki berrordenatzen dira, partzeletarako irisgarritasun hobea ahalbidetuz, horrela. Hauek dira ditugun urbanizazioaren diseinuko oinarrizko bost elementuak:

– Eremurako sarbide nagusia N-634 errepidean definitutako biribilgune berri baten eta urbanizazioaren hiribide nagusian zehar luzatzen den noranzko biko bide baten bidez egiten da. Lurzoru partzelatuak bitan banatzen du erdiko bide horrek: batak bi partzela ditu bidearen eta N-634 errepidearen artean, partzelan eraikin bakartu batekin (I. mota), eta besteak, beste bi partzela bide nagusiaren eta zuzkidura-espazioaren artean (II. mota). Azken horiek, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako bide batez inguratuak daude eraztun perimetral gisa, eta bide horrek ahalbidetzen du eraikinaren goiko solairura sartzea bertatik.

– Bide-sistema osatzeko, Deba ibaiaren ondotik doan bidegorri bat sortzen da, zeina, N-634 errepidearen azpitik igarotzen den lurpeko pasabide baten bidez, herrigunetik datozen txirrindulari-ibilbideekin lotzen baita.

– Hormak eta euste-elementuak, eremuaren hego-ekialdean eta mendebaldean, Deba ibaiaren aldamenean, non egingo baita lurren material betegarri bat, 141 metro luze izango den euste-horma baten bidez eutsiko dena.

– Urbanizazio berrirako behar diren zerbitzuen sareen diseinua eta betearazpena (gasa, argia, telefonia, saneamenduak, hornidurak eta drainadura).

Gainera, proposatutako ordenamenduak bideratzen du eremu bat gune berdeentzat, 4.203,05 m2-koa, Deba ibaiaren ertzean, eta 1.772,07 m2-ko partzela bat ekipamendu komunitariorako, eremuaren hegoaldean, erabilera oraindik zehazteke duena.

Belar-sastrakak garbituko dira, gehienbat belardietan eta laborantza atlantikoan. Gainera, azalera txiki batzuei eragingo zaie: landare erruderalak, txilardi lehor europarrak eta harizti azidofiloak eta gaztaroko baso mistoak, baita Deba ibaiari atxikitako landarediaren parte bat ere.

Biodibertsitatearen gaineko eraginei dagokienez, nabarmendu behar da urbanizazio-proiektuak lehentasunik gabeko komunitate-intereseko bi habitat motari eragiten diola. 4030 txilardi lehor europar eta altitude txikiko 6510 belardi pobre.

Fauna herpetologikoari dagokionez, azpimarratu behar da eskulapioren sugea egon daitekeela (interes berezikoa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoaren arabera), basoak eta landazabalak baitira suge horren habitat nagusiak. Hegazti-faunaren artean, azpimarratu behar da arrano sugezalea eta pizidoak (okil txikia eta lepitxulia, kasu) bezalako harrapakariak egon daitezkeela. Ugaztunei dagokienez, Deba ibaia lehentasunezko banaketa eremu da bisoi europarrarentzat.

Hondeatu beharreko materialen bolumena 31.400 m3 izango da. Zenbateko horretatik, zati bat erabiliko da obran, eta bestea, 11.617 m3, hondakindegira edo betelan baimendura bidaliko da.

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatua aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C.– Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

C.1.– Deba ibaiaren eta obra-gunearen arteko hurbiltasunari dagokionez, eta hargatik eragotzi gabe 2004ko maiatzaren 12ko Foru Dekretuan xedatua betetzea –zeinaren bidez onartzen baita Mustela Lutreola europar bisoia (Linnaeus, 1761) kudeatzeko plana Gipuzkoako Lurralde Historikoan– eta hurrengo ataletan jasotzen diren neurriak betetzea, garrantzitsutzat jo da une oro irizpideak aplikatzea, Deba ibaiaren ibilgutik urruntzeko makineria eta material- eta hondakin-bilketako guneak.

C.2.– Industrialdean ezartzen diren instalazioen baimen-prozedurek kontuan izango dute esparrua oso kaltebera dela uren kutsadurarekiko. Beraz, saihestuko da industrialdean hartzea uretara irits daitezkeen kutsagarri asko isurtzen dituzten jarduerak.

D.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Elgoibarko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile-kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketa finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

D.1.- Ondare naturala babesteko neurriak.

Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatua betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren partzelaren barruan egingo dira. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.10 bigarren atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Tokiko bertako landaredia ebakitzea saihestuko da zuzenean okupatuko diren eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatuko eta balizatuko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen bigarren D.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 atalean aipatutako lan-programan jasoko dira.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen bigarren D.10. atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak. Ebazpen honen D.11. ataleko lan-programan jaso beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olioa aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

Ebazpen honen D.11. atalean aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

C.2.1.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Ebazpen honen D.11. atalean aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen D.6. atalean ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.3.– Alde batetik, kutsatu gabeko euri-urak jasotzeko sare banatzaile bat izango du industrialdeak, eta, bestetik, industriako hondakin-urak jasotzeko sare bat. Euri-uren biltzaileak ezin izango du beste ur motarik jaso, ez eta kutsatzaileak eraman ditzaketen isurketa-urik ere. Horiek industriako hondakin-uren biltzailean isuri beharko dira. Industriako hondakin-uren biltzailea saneamendu-sare orokorrera konektatuko da.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.3.2.– Sobratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

Ebazpen honen bigarren D.11. atalean zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.5.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Eraikitze-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzkoa den uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinen kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hau izango da hondakinak ezabatzeko aukera bakarra: aldez aurretik haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela frogatzea.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, zeinak I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11. atalean aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren hondeaketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), obra horietarako eraikitze-material gisa zuzentzen badira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatu edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.- Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

D.8.2.– Lurrak mugitu bitartean, landare-lurra bereiz kenduko eta pilatuko da, lanek eragina duten eremuak errazago lehengoratzeko eta landareztatzeko.

D.8.3.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

C.8.4.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, orokorrean, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta ebazpen honen D.6. atalean xedatuari jarraikiz kudeatuko dira.

D.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Lanak amaitu bitartean eta berme-aldian, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan adituak diren aholkulariak izango ditu Lanen Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatu programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatua, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatua.

E.– Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da, Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa hartuko.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10. atalean aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Leheneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

F.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Aipatuko diren agiriak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazten denetik, leheneratzeko plana.

G.2.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnetik hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen bigarrena D.6 atalean adierazitakoaren arabera.

G.4.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnetik hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1. atalean aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatuaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Seigarrena.– Elgoibarko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala