Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2017ko apirilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1945

AGINDUA, 2017ko apirilaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Auzibide Zuzendaritzako lanpostu bat (goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 4 dotazioa) izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Sail honetan, Auzibide Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu hori hutsik dago (520010 kodea, 4. dotazioa). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean dago adierazita) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.3 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza beretan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta, lanpostuen zerrendetan, deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitaea aurkeztuko dute eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta, halakorik bada, enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Dena den, horiek Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epe barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 7a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria

– Kodea: 520010

– Dotazioa: 4.

– Kidegoak: C1/D1

– Lanpostu-mailako osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: -

– Tokia: Auzibide Zuzendaritza

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

– Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo D1 kidegoetakoa izatea.

– Administrarien kidegoan edo administrari laguntzaileen kidegoan urtebeteko edo urte biko esperientzia izatea, lanpostua kidego horiei atxikita baitago.


Azterketa dokumentala