Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2017ko apirilaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1853

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 29koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Enirio Aralar Mankomunitatean gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako bigarren mailako idazkariaren eta kontu-hartzailearen lanpostuak sailkatzen dituena, eta lanpostu horiek mantentzeko beharretik salbuesten duena.

Enirio Aralar Mankomunitatea Altzagako, Amezketako, Aramako, Ataungo, Baliarraingo, Beasaingo, Gaintzako, Ikaztegietako, Itsasondoko, Lazkaoko, Ordiziako, Orendaingo eta Zaldibiako udalek osatzen dute; Enirio-Aralar Mendiko baliabideak antolatzea eta administratzea du helburu.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 3.2.d) artikuluan aurreikusten denaren arabera, Mankomunitateak Toki-erakundeak dira; hortaz, TAOLaren 92. bis artikuluak –Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran aipatzen du funtzio horiexek gordetzen direla gaikuntza nazionaleko funtzionarioen administrazio-erantzukizunerako; horren ondorioz, Mankomunitatean, mota horretako funtzionarioek egin behar dituzte funtzio publiko horiek.

TAOLaren 92. bis artikuluak, laugarren paragrafoan, ezartzen du Gobernuak, errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak arautuko dituela.

Era berean, TAAILaren zazpigarren xedapen iragankorraren arabera, TAOLren 92.bis artikuluan aurreikusitako araudia indarrean sartu arte, eta lege horretan xedatuari aurkaratzen ez zaion orotarako, indarrean egongo da aipatutako artikuluaren aplikazio-eremuan barnean hartutako funtzionarioei buruzko araudia. Horrenbestez, egun, bizirik diraute gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzeko irailaren 18ko 1174/1987 Dekretuko eta gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuko aurreikuspenek.

Horrela, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz, aurreikusten du eskualdeetan, metropolialdeetan, mankomunitateetan eta landa- eta hiri-komunitateetan gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sailkatzeko eskumena autonomia-erkidegoari dagokiela, beren lurralde-eremuaren barruan, eta erakunde horiek eskatuta; betiere, aipatutako errege-dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Era horretan, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sailkatzeko betearazpen-eskumena autonomia-erkidegoei dagokie.

Era berean, aipatutako Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz ezartzen du autonomia-erkidegoen organo eskudunek Mankomunitateak eta hiribilduen edo lurren komunitateak salbuetsi ditzaketela estatu-mailako gaikuntza duten funtzionarioei gordetako lanpostuak sortzeko duten beharretik, betiere zerbitzuen edo baliabideen bolumena lanpostu horiek mantentzeko nahikoa ez denean.

Aurrekoa esanda, horretarakoxe bideratu da Mankomunitatean lanpostua sortzeko eta salbuesteko eskabideari buruzko prozedura.

Sailkapenari dagokionez, Errege Dekretuaren 2. artikuluak aurreikusten du idazkariaren lanpostua bigarren mailan sailkatzeak dakarrela bigarren mailako kontu-hartzailetza izatea.

Gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak mantentzeko beharretik salbuesteko araudiak ezartzen dituen betekizunak (zerbitzu edo errekurtsoen kopurua nahikoa ez bada) aztertu ondoren, ikusten da Mankomunitateak ez duela behar besteko errekurtso ekonomikorik (Mankomunitatearen diru-sarrerak 300.324,00 eurokoak dira, 2016. urterako); haren lan-bolumenak ez duela eskatzen halako posturik.

Horrela eta uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion aginduzko txostena eman zezala Mankomunitatearen eskaera zela eta; 2013ko abuztuaren 7an Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako salbuespenari buruz aldeko txostena eman du.

Bestalde, 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, salbuespenaren espedientean zehaztu beharko da nola emango diren Estatuko Gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak. Horri buruz salbuetsitako lanpostuaren eginkizunak hiru bidetatik eman ditzakete: aurrena, Erakundea osatzen duten udalerrietako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioez; hurrena, Aldundien laguntza teknikoaz; eta, azkena, eginkizun pilaketaz, hau da, Partzuergoan sartutako udalen batean (edo horien elkarte batean) mota honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostua betetzen ari den Estatuko gaikuntza duen funtzionario bati eginkizunak pilatuz, 1732/1994 Errege Dekretuaren 31.2 artikuluari jarraituz.

Horrela, eta Mankomunitateko Estatutuetan xedatutako jarraituz, Mankomunitateak zehazten du funtzioak betetzeko era: Ordiziako Udaleko idazkari eta kontu-hartzaile karguak betetzen dituzten funtzionarioek.

Mankomunitateak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; TAOLaren 92. bis artikuluari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin bat etorriz; baita Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enirio Aralar Mankomunitatearen idazkariaren eta kontu-hartzailearen lanpostuak, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, bigarren mailakoa bezalakoak sailkatzea.

Bigarrena.– Gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako eginkizunak Mankomunitatean beteko dira, haren Estatutuen arabera, eta egiteko horietan jardungo dutenak izango dira Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako gaikuntza nazionaleko funtzionarioak. Eginkizun horiek bat egingo dute izendaturiko funtzionarioak, elkartutako udalerriaren udalean, betetzen duen lanpostu nagusiak berezko dituenenekin.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

Bigarrena.– Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, ukitutako herri-administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluaren eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu diezaiokete ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 29a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala