Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2017ko martxoaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1547

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 26koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimendu egiten baita eta onura publikoko deklaratzen baita gas natural kanalizatua banatzeko sarearen instalazio hau egiteko baimena: «Arzabaletako HHSen plantarako, Espetxerako eta Eskuzaitzeta Industrialderako hartunea», Usurbil eta Donostia udalerrietan.

Erreferentzia: RI 20/24173 – CGG-2016-8.

Javier Bermejillo Eguia jaunak, Naturgas Energía Distribución, SAUren izenean eta haren ordez (helbidea: Concha jenerala kalea 20, Bilbo), 2016ko uztailaren 13an Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan administrazio-baimena eskatu zuen Arzabaletako HHSen plantarako, Espetxerako eta Eskuzaitzeta Industrialderako hartunea egiteko (Usurbil eta Donostia udalerrietan, Gipuzkoa) eta proiektu hori onura publikokoa zela aitortzeko eskatu zuen.

Espedientea ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

1.– 2016ko uztailaren 13an, Naturgas Energía Distribución SAUk onura publikoko aitorpenerako eta baimena emateko baterako eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2016ko irailaren 6koan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2016ko abuztuaren 9koan, eta Diario Vasco egunkarian, 2016ko abuztuaren 2ko alean. Era berean, iragarkia Usurbilgo Udalaren legezko abisuen taulan jarri zen 2016ko uztailaren 29tik abuztuaren 22ra arte eta Donostiako Udalarenean 2016ko uztailaren 29tik abuztuaren 23 arte.

3.– 2016ko uztailaren 22an proiektuaren separatak igorri zitzaizkien Usurbilgo eta Donostiako Udalei eta proiektuaren eraginpean dauden honako erakunde hauei: Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eskariarekin ados ala haren aurka zeuden esan zezaten, eta, behar izanez gero, egokitzat jotzen zituzten baldintza teknikoak ezar zitzaten. 2016ko irailaren 8an berriro eskatu zitzaien Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskariaren alde ala aurka zeuden adierazteko.

4.– -Donostiako Udalak aldeko iritzia eman zuen, eta Ura-Uraren Euskal Agentziak, berriz, jabari publiko hidraulikoko eremuan eta zaintza eremuan obrak egin ahal izateko eskatzaileak baimena eskatu behar zuela erantzun zuen.

5.– Usurbilgo Udalak txosten bat aurkeztu zuen eta, bertan, harrituta azaldu zen hargunea mendebaldetik proiektatu zelako, eta ez ekialdetik, hirigintza planifikatzeko tresnek ezartzen duten modura. Hargune hori eremuan aurreikusita dauden beste azpiegiturekin batera egiteko eta gasaren hargunearen ibilbidea aldatzeko eskatu zuen, labore-lurretatik eta basotik igaro ordez lehendik dauden baserri-bideetatik igaro dadin.

6.– Usurbilgo Udalaren idatzia Naturgas Energía Distribución SAUri helarazi ondoren, honek, laburbilduz, honako hau argumentatu zuen:

● Donostialdearen hirigintza-planifikazioak ez du honako honen moduko bigarren mailako sareen antolamendu xehatua eskaintzen.

● Ibilbidea diseinatzeko honako alderdi hauek hartu dira kontuan: lotura-puntua zehazteko lehendik dauden sareen ustiaketa hartzen da kontuan, hodien presio- eta emari-baldintzak aztertzen dira, eta ibilbiderik egokiena dutenak, sailaren luzera eta ezaugarriak haztatu ondoren, eta teknikoki zentzuzkoa den inpakturik txikiena eragingo duten sekzioak eta eraikuntza-ezaugarriak dituztenak aukeratzen dira.

● Sedigasek adostutako irizpide komunak hartu dira kontuan; honako hauek dira: ibilbideak ahalik eta zuzenenak izango dira eta material bakoitzak ahalik eta kurbatura-erradio txikiena izango du; arrisku-naturalen pean dauden eremuak saihestuko dira, eta ibilbidea aldapa handieneko eremutik proiektatuko da, hoditeriaren gaineko karga handiegia izan ez dadin; basoek jasaten duten eragin elektrikoa saihestuko da; noraezeko korronteen eta korronte induzituen eragin elektrikoa saihestuko da sarearen gaineko efektu korrosiboa ekiditeko; eta autopistetako, errepideetako eta trenbideetako bidegurutzeetan hoditeriaren ibilbidea zeharkatu beharreko bidegurutzearen ardatzarekiko perpendikularra izango da.

● Azpiegitura guztiak aldi berean egiteko proposamena ezin da gauzatu, azpiegitura horiek ez baitira erakunde bakar baten eskumenekoak, eta Naturgasek ezin baitu erabaki obra bakoitza noiz egingo den.

● Bestalde, baserri-bideak kanalizazioa haien azpitik egiteko aprobetxatzeko proposamen hori ez da egingarria, hala eginez gero, ezingo bailirateke bete diseinuaren eskakizun teknikoak.

7.– Proiektuaren jendaurreko informazioaldian bi alegazio-idazki aurkeztu ziren, bata María Concepción Lasa Astiazarany andreak, Ana María Iraola Zelaia andreak eta Juliana Astiazaran Etxabe andrearen beste oinordeko batzuek aurkeztu zuten eta bestea, berriz, María Pilar Urroz Etxabe andreak.

8.– María Concepción Lasa Astiazaran andreak eta besteek alegazio-idazki bat egin zuten, eta, bertan, laburbilduz, honako hau adierazi zuten: lan horien eraginpean zegoen lurzatia zurgintzara bideratutako baso-eremu bat zela eta han iturburu bat zutela, onibarra bitan banatuta geldituko zela, eta lanek sailaren zati handi bat suntsituko luketela. Bestalde, landa-eraikin bat eraikitzeko egokia den onibar hori bitan banatuta, eta ondorioz, erabilerarik gabe geldituko litzatekeela adierazi zuten. Alternatiba gisa hoditeria egungo bide publikotik eramatea proposatu zuten, Artzabaletako ubidetik Letabideraino, edo bestela, Bugatitik igaroaraztea, urbanizazioa aprobetxatuz.

9.– María Concepción Lasa Astiazaran andreak eta besteek egindako alegazioa enpresa eskatzaileari igorri zitzaion, eta enpresak, laburbilduz, honako hau erantzun zuen: sarearen trazatua egungo basotik gertuen dagoen bazterretik proiektatu dela, eta hoditeria egiteko beharrezkoa den lan-pistarako gutxieneko distantzia mugatik aldendu dela. Trazatua proiektatzean kontuan hartu da kanalizazioa ez dela instalatu behar hegalaren erdialdeko lur-sail agerikoetan, hor arrisku naturalak daudelako; hori dela eta, trazatua aldapa handieneko eremuetan proiektatu da.

10.– María Pilar Urroz Etxabe andreak egindako alegazio-idazkian, laburbilduz, honako hau adierazi zuen: hoditeria galtzadatik edo galtzadaren beste ertzetik eraman ahal izango litzatekeela, eta landa-eraikin bat eraikitzeko egokia den onibar hori bitan banatuta, eta ondorioz, erabilerarik gabe geldituko litzatekeela. Alternatiba gisa hoditeria lehendik dagoen bide publikotik eramatea proposatu zuen, edo Bugatitik eramatea, urbanizazioa aprobetxatuz.

11.– María Pilar Urroz Etxaberen alegazioa enpresa eskatzaileari igorri zitzaion, eta enpresak honako hau erantzun zuen: GI-US-05 onibarretik, sarea Learritza pasealekutik proiektatzen dela, eta Amidierreka zeharkatzeko soilik desbideratzen zela, bidearen ezkerreko ertzetik. Zeharkatze hori ibilguarekiko ahalik eta perpendikularren egingo da, URA agentziaren jarraibideen arabera, eta GI-SS-03 onibarretik sarea lurzatiaren mugatik proiektatu dela, eragina minimizatuz eta hoditeria egiteko beharrezkoa den lan-pistarako gutxieneko distantzia mugatik aldenduz.

12.– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako teknikoek espedientea aztertu ondoren txosten bat egin zuten, eta bertan adierazi zuten enpresa eskatzaileak behar bezala erantzun ziela Usurbilgo Udalak egindako galderei, eta María Concepción Lasa Astiazaran andreak, Ana María Iraola Zelaia andreak, Juliana Astiazaran Etxaberen beste oinordekoek eta María Pilar Urroz Etxabe andreak egindako alegazioei, eta haiek guztiak ezetsi egin behar direla ulertuz, proposatutako proiektua justifikatutzat jotzen du.

Hona hemen ebazpen honen:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaritza da espediente hau ebazteko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuari jarraikiz (2013ko apirilaren 24ko EHAA) –dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat etorriz–.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-8ko BOEa) eta gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, eta onura publikokotzat deklaratzen ditu lege horren IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, gas-erregaiak kanalizazio bidez hornitzekoak.

3.– Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (01-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-4ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.

4.– Kanalizatutako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena eman eta horiek jardunean jartzeari buruzkoa ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuak, zehazki 2. artikuluan A taldeko instalazioak egiteari buruz ezarritakoa, eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaritzaren 2014ko maiatzaren 5eko Instrukzioa, gas kanalizatua banatzeko instalazioen Administrazio Baimena bideratzeari buruzkoa.

5.– Egindako alegazioak aztertu ondoren, eta zerbitzu teknikoek igorritako txostenari jarraikiz, alegazioak ezetsi egin behar dira onura eta interes publikoak interesdunen komenentzien aurretik jarri behar baitira eta instalazioak bete behar dituen segurtasun-baldintza optimoei eta ibilbidearen arrazionaltasun orokorrari lehentasunezko balioa eman behar baitzaie. Proposatutako aldaketak ez dira bidezkoak; izan ere, gas-sareen diseinua ezaugarri jakin batzuei lotzen zaie; hala, presio- eta emari-baldintza batzuk bete behar dira; ibilbideek zuzenak izan behar dute eta ahalik eta kurbatura txikiena izan behar dute; irristatze-eremuak saihestu egin behar dira; hodiek aldapa handieneko eremuetatik joan behar dute, bidegurutzeekiko perpendikularrak izan behar dute, eta banaketan araudiaren araberako babes-distantziak izan behar dituzte. Era berean, ezin dira beste azpiegiturekin batera gauzatu.

6.– Espedientearen izapideetan eta edukian egiaztaturik dago bete egiten direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainontzeko legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita eta oro har zein haiekin bat etorrita aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Baimena ematea Naturgas Energía Distribución, SAUri Arzabaletako HHSen plantarako, Espetxerako eta Eskuzaitzeta Industrialderako hartunea eraikitzeko, Usurbil eta Donostia udalerrietan. Hartuneak ezaugarri hauek izango ditu:

Presio altuko sarea (MOP 16 bar).

● Presio ertainean presio erlatibo maximoko operazia: 5 < MOP = 16 bar.

● Gutxieneko presioa kontsumo-puntuan: 6 barekoa.

● Trazatua: Luzera: 2.777 metro.

● Hodiak: API 5L Gr B 8« altzairua, API 5L Gr B 4» altzairua eta API 5L Gr B 2" altzairua.

Erregulazio eta neurketarako estazioa:

● Linea kopurua: 2.

● Lineako kapazitate nominala: 2.500 m3 (N) orduko.

● Sarrerako presioa: = 16 barekoa.

● Sarrerako hodia: API 5L Gr B 3" altzairua.

● Irteerako presioa: = 5 barekoa.

● Irteerako hodia: API 5L Gr B 4" altzairua.

Banaketa-sarea (MOP 5 bar).

● Presio ertainean presio erlatibo maximoko operazia: MOP = 5 bar.

● Gutxieneko presioa kontsumo-puntuan: 0,6 barekoa.

● Trazatua: Luzera: 2.966 metro.

● Hodiak: PE-100 SDR 17,6 DN 200, PE-100 SDR 17,6 DN 160 eta PE-100 SDR 17,6 DN110.

Bigarrena - Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, bereziki; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra; eta, halaber, premiazko okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra dakar, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Instalazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Baimentzen diren instalazioak martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, eraginpeko finkak benetan okupatzen direnetik, eta gehienez hiru urtekoa, okupatu aurreko aktak sinatzen direnetik.

2.– Instalazioak Carlos Valiño Colás industria-ingeniari teknikoak aurkeztutako eta sinatutako proiektuari jarraikiz egingo dira. Onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuei eragiten dieten aldakuntzak sartzeko dagokion baimena lortu beharko da.

3.– Naturgas Energía Distribución, SAUk lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri. Baimen honen xede diren instalazioak martxan jartzeko akta eskuratzeko, Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: obra zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, baimen grafikoak eta tarteko diren erakundeen baimenak dituztela; eta As-Built planoak, gas-sarea non dagoen eta sarea beste zerbitzuekin non gurutzatzen den zehazten dutenak.

4.– Baimen hau lortu arren, udal- eta probintzia-erakundeen lizentzia eta baimenak eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoak lortu beharko ditu eskatzaileak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 26a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala