Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2017ko martxoaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1534

AGINDUA, 2017ko martxoaren 16koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez uztailaren 29ko 159/2014 Dekretua garatzen baita, ibilgailuak erregaiz hornitzeko jendaurreko salmenta-instalazioetan segurtasun-neurri osagarriak ezartzeari buruzkoa.

Ibilgailuak erregaiz hornitzeko jendaurreko salmenta-instalazioetan segurtasun-neurri osagarriak ezartzeari buruzko uztailaren 29ko 159/2014 Dekretuak xedatzen du lurpeko horma bakuneko tangak kendu edo aldatu behar direla eta haien ordez horma bikoitzekoak jarri, bi hormen arteko gune interstizialean ihesak detektatzeko sistema batekin, eta hori Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailuak erregaiz hornitzeko dauden jendaurreko salmenta-instalazio guztietan egin behar dela.

Aipatu dekretu horrek zentzuzko denbora-horizonte bat ezartzen du instalazioaren arabera betebehar hori betetzeko, baina, zuzen aplikatuko bada, beharrezkoa da beste alderdi batzuk arautzea, hala nola, besteak beste, eragindako instalazioak inskribatzeko prozedura eta baldintzak, eta nola egiaztatu ezarritako sistema ondo funtzionatzen ari dela.

Horretarako, uztailaren 29ko 159/2014 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenak eskumena ematen dio Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuari dekretu hori garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Horrenbestez, uztailaren 29ko 159/2014 Dekretuak xedatuaren arabera, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak esleitutako eskumena baliatuta, indarrean baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen eta Lehendakariarena den azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak lehen xedapen iragankorrean xedatuaren arabera.

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau garatzea da: uztailaren 29ko 159/2014 Dekretua, ibilgailuak erregaiz hornitzeko jendaurreko salmenta-instalazioetan segurtasun-neurri osagarriak ezartzeari buruzkoa; zehazki, honako hauek arautzea:

1.– Ibilgailuetarako erregaiak biltegiratzeko instalazioei aplikatu beharreko baldintza tekniko-administratiboak, uztailaren 29ko 159/2014 Dekretuan, berori garatzeko, xedatutakoaren arabera.

2.– Zer maiztasunekin egiaztatu behar duen ihesak detektatzeko sistemak funtzionamendu ona duela eta bi hormen arteko gune interstiziala osorik dagoela ISO 17025 arauari jarraikiz horretarako akreditatutako erakundeak, 2200/1995 Errege Dekretuaren arabera.

3.– Tangak euste-horma bakuna izan beharrean bikoitza izateko tanga aldatu edo kendu zaien instalazioen jabeek zer prozedura erabili behar duten eta dokumentuzko zer baldintza bete behar dituzten instalazioak erregistratzeko kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzan.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu honen aplikazio-eremuaren barruan daude horma bakuneko edo bikoitzeko lurpeko tangak eta erantsitako ekipoak eta hoditeriak dituzten EAEko instalazioak, jendaurreko salmenta-instalazioetan ibilgailuak erregaiz hornitzeko xedea badute, bai eta kooperatibak ere, erregaia kooperatibisten ibilgailuetarako ematen bada.

3. artikulua.– Tangak aldatzea edo ordeztea.

1.– Lurpeko tangak ordeztuz gero, altzairuzko edo material plastikozko beste batzuk jarriko dira, horma bikoitzekoak eta aplikagarria zaien UNE arauaren araberakoak.

2.– Honako arau hauen arabera eraikiko dira horma bikoitzeko tangak horma bakuneko lurpeko tangak in situ aldatuta:

– Altzairuzko tangei dagokienez, UNE 62422 arauari jarraituz: «Horma bikoitzeko tangak eraikitzea, horma bakuneko altzairuzko tangak in situ aldatuta».

– Beirazko zuntzez indartutako plastikozko tangei dagokienez, UNE 53935 arauaren arabera: «Horma bikoitzeko tangak eraikitzea, beirazko zuntzezko tangak in situ aldatuta».

3.– Aldatutako horma bikoitzeko tangak edo ordeztutako tangak inskribatzeko erabili beharreko prozedura tekniko-administratiboa agindu honen I. eranskinean adierazitakoaren araberakoa izango da, zer dagokion.

4. artikulua.– Aldizkako probak.

1.– Aldizka egiten diren proba guztiak ISO 17025 arauaren arabera akreditutako erakunde batek egingo ditu, 2200/1995 Errege Dekretuari jarraituz.

2.– Kasu bakoitzean egindako hasierako berrikuspenen eta egiaztapenen ondoren, eta bost urteko aldizkakotasunarekin, bi hormen arteko ihes jarraikiak detektatzeko sistema iraunkorretan I. eranskineko 4. puntuan adierazitako probak egin beharko dira. Proba horien gainditzea denboran eta forman akreditatuko da aldian behingo ikuskapen egokian, Petrolio Instalazioei buruzko Erregelamenduaren MI-IP04 Osagarrizko Jarraibide Teknikoaren arabera.

3.– Urtero, instalazioaren titularrak ihesak detektatzeko sistemako alarma aktibatuko du, eta seinale optiko eta akustikoak ondo funtzionatzen duela egiaztatuko du. Alarma ihesak detektatzeko gailua desgaitu gabe aktibatu beharko da. Proba horren emaitza berrikuspen, proba eta ikuskapenen liburuan jaso beharko da, haren formatua edozein izanda ere, jarraipena egiteko ondorengo aldizkako ikuskapenetan, edo administrazioaren kontrolerako.

4.– Horma bikoitz partzialekoak diren 20 urtetik gorako tangei, haietan ganbera interstizialak ez badu osorik estaltzen tangaren inguruko eremua, barrualdearen produkturik gabeko estankotasun-proba egin beharko zaie bost urterik behin, euste bikoitzik gabeko tangaren goialdeko sorgailuaren sektorea egiaztatzen dela bermatzeko. Proba ihesak detektatzeko sistema mugikorrekin egin beharko da, eta sistema horiek ISO 17025 arauari jarraikiz akreditatutako erakunde batek ebaluatu beharko ditu UNE 53968 IN txostena kontuan hartuta, 2200/1995 Errege Dekretuaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ezarritako horma bikoitzeko tangek ihes jarraikiak automatikoki detektatzeko sistema finko bat izan beharko dute, gune interstizialaren estankotasuna bermatzeko.

Gune interstizialean ihesak detektatzeko sistema automatikoak hidraulikoak edo pneumatikoak izan ahal izango dira, eta fabrikatzailearen ziurtagiri bat izan beharko dute, egiaztatzeko UNE-EN 13160-1 eta UNE-EN 13160-2 arauen araberakoak direla, edo UNE-EN 13160-3 arauaren araberakoak, zer dagokien: likidoa edo presioa eta hutsa, hurrenez hurren.

Lehendikako instalazioaren titularrak, agindu hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, eta kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzan, eta beti ere aurretik egin izan ez badu, egiaztatu beharko du ihesak detektatzeko sistema UNE-EN-13160 arauaren araberakoa dela, edo Europako Erkidegoan indarrean dagoen beste edozein arau baliokideren araberakoa, edo, bestela, ordeztu eta eguneratu beharko du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Aldatuta dauden instalazioetan, baita lantegian egindako horma bikoitzeko tangak eta ihesak detektatzeko sistema jarrita aldatu diren instalazioetan ere, I. eranskineko 4 puntuan adierazitako aldizkako probak egin beharko dira. Proba horiek ISO 17025 arauaren arabera akreditatutako erakunde batek egingo ditu, 2200/1995 Errege Dekretuarekin bat etorrita.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aldatu diren lurpeko tangak zerbitzuan jarri direla kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzari jakinarazi ez bazaio, I. eranskinaren 2. puntuan adierazitakoa akreditatu beharko dute ordezkaritza horretan, agindu hau indarrean jarri eta urtebeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio energia arloan eskuduna den zuzendaritzari agindu honen eranskinak aldatzeko, eta agindua bete eta garatzeko behar diren neurriak hartzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 16a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala