Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2017ko martxoaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1295

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 2koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak diruz laguntzeko bideratutako laguntzetarako deialdia, 2017. urterako.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, instantzia unibertsal batek lehen aldikoz aldarrikatu zuen pertsona orori errespetatu behar zaizkiela eskubideak gizakia izate hutsagatik.

Baina eskubideak aldarrikatzeari eta eskubide horiek egiaz ezarri eta bermatzeko borrokari dagokionez, orain dela gutxi arte ez gara jabetu beharrezkoa dela giza eskubideen aldeko hezkuntzari buruzko lan sistematiko, koordinatu eta iraunkorra egitea.

Nazio Batuek bultzatutako eta Vienan 1993an egindako Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia hartu behar da inflexio-puntutzat. Konferentzia horren azken deklarazioan eta ekintza-programan zehatz-mehatz bildu zen giza eskubideei buruzko hezkuntza, gaikuntza eta informazio publikoa ezinbestekoak direla komunitateen artean harreman egonkor eta harmoniatsuak ezarri eta sustatzeko, baita elkar ulertzea, tolerantzia eta bakea bultzatzeko ere.

Vienako Konferentziaren ondorioz, NBEren Batzar Nagusiak, 1994ko abenduaren 23ko 49/184 Ebazpenean, Giza Eskubideen esparruko hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkada izendatu zuen 1995-2004 aldia. Giza eskubideen esparruko hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkadarekin hasitako lan eskerga horrek ez zuen denbora-mugarik ezarri nahi. Aitzitik, nazioarteko komunitatea mugiarazi nahi zuen, oinarri sendoak ezartzeko eta oinarri horien gainean etengabe eta iraunkortasunez aurrera egiteko. Horregatik, hamarkada amaitzean eta programaren emaitzak ebaluatu ondoren, egun indarrean dagoen jardun-programa berria jarri zen abian. 2004ko abenduaren 10eko 59/113 Ebazpenean, NBEren Batzar Nagusiak Giza Eskubideetan oinarritutako Hezkuntzarako Mundu Programa aldarrikatu zuen. Programa hori 2005eko urtarrilaren 1ean hasi zen gauzatzen, eta ondoz ondoko zenbait etapatan egituratu da, giza eskubideen esparruko hezkuntza-programak sektore guztietan gauza daitezela sustatzeko.

Bestalde, bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi handia dauka toki-mailan egindako lanak. Horregatik, gobernu honen lehentasunetariko bat da udal-ekintzak bultzatzea, bakea sendotu eta bizikidetza eraikitzeko.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA) arautzen ditu memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntzok jasotzeko deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez. Horrenbestez, 2017ko laguntzetarako deialdia iragartzen da.

Orobat, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta toki-erakundeek giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak laguntzeko bideratutako diru-laguntzen 2017ko deialdia iragartzea, norgehiagoka-araubidearen arabera.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta abenduaren 31n amaituta egon beharko dute, betiere.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak sustatu, zabaldu eta gaitzeko proiektuak, 1. artikuluan adierazi gisan; honako hauek, besteak beste: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzuneko produktuak, argitalpenak, hezkuntza-proiektuak, ikerketak eta dibulgazio-kanpainak.

4. artikulua.– Eskatzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.

5. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Diru-laguntzen programa honetara hirurehun mila euro bideratu dira (300.000), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Gehienez ere, hogeita bosta mila (25.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

3.– Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa) bete beharko dute laguntzek. Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Toki-erakunde eta udalerri interesdunek bitarteko elektronikoak erabilita egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak:

https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2017/udalei-bake-bizikidetza-giza-eskubideak/y22-izapide/eu

3.– Honako helbide honetan egingo dira eskaeraren ondoko izapideak: http://www.euskadi.eus/misgestiones

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunezko adierazpenak jasotzen dituena, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako agiri hauekin:

a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko, udaleko edo toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria.

b) Proiektuaren edo programaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memoria horretan egiaztatuko da ze esperientzia duen eskatzaileak proiektuari dagokion arloan.

c) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialak eta giza baliabideak zein diren; hau adieraziko du: batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, zenbat pertsonak jarduten duten boluntario gisa. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

d) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, baldin badaude, eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin behar da.

e) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, baita laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Halakorik ez bada, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako beste laguntzarik jaso ez izanari buruzko zinpeko deklarazioa.

f) Diru-laguntzaren eskatzaileak adierazi beharko du ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen, egiaztatzeko minimis laguntza honekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako gehienezko muga.

9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:

– Mónica Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.

– Lucía Torrealday Berrueco andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, epaimahaikidea.

– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, epaimahaikidea.

– Emilio Sola Vallojera jauna, Gizarte Gaietako zuzendaria, epaimahaikidea.

– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, epaimahaikidea.

– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, epaimahaikidea.

– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.

10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. 20 puntu, gehienez.

b) Kudeaketa-gaitasuna, proposatutako proiektuari dagokionez. 10 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren potentzial estrategikoa, haren egokitasuna, interes soziala eta izan ditzakeen hartzaileak. 20 puntu, gehienez.

d) Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.

e) Noraino koordinatu den hezkuntza-arloarekin eta elkarte-sarearekin, edo administrazio publikoren bat noraino sartu den proiektuaren garapenean. 10 puntu, gehienez.

f) Aurrekontu argia eta egokia. 10 puntu, gehienez.

g) Noraino hartu diren kontuan Giza Eskubideen gaineko nazioarteko erakundeen esku-hartze ildo, estrategia eta helburuak eta noraino jokatu den haiekiko koherentziaz; batez ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak hartutakoekin (www.ohchr.org): 10 puntu, gehienez.

h) Genero-ikuspegiaren trataera garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.

2.– Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 45 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.

11. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Honela ordainduko da deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza:

a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2018an egingo da. Bertan, ordainduko da emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa.

2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

12. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko martxoaren 31n amaituko da, eta hauek barne hartu beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagiriak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiriak. Datu hauek adierazi behar dituzte, besteak beste: jasotzaileen datuak, haien Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.

d) Diruz lagundutako proiektuaren memoria xehea, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegia nola txeratu den azalduz.

e) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

f) Lehen adierazitako dokumentazioa eskaneatua eta elektronikoki sinatua aurkeztuko da, zeina Udaleko idazkariak baimendu beharko baitu, fede-emaile publiko den heinean.

g) Dokumentazio originala, beharrezko irizten dionean eskatu ahal izango du administrazioak.

2.– Bide presentzialetik zein elektronikotik justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira helbide elektroniko honetan: euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Bake eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 2a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala