Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2017ko martxoaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1185

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 20koa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozedurarako deialdia egiteko dena (martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak ezarri zuen prozedura hori).

2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuak osasun-zientzietako espezialitateak finkatzen eta sailkatzen ditu, eta osasun prestakuntza espezializatuko alderdi konkretu batzuk garatzen ditu. Bada, errege-dekretu horrek 12.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, autonomia erkidegoek, tutoreen gaitasunak egokiak direla eta mantendu egingo direla bermatzeko, tutoreak akreditatzeko eta akreditazio horiek aldian-aldian berritzeko ebaluazio-prozedura batzuk arautuko dituzte, hala baitago ezarrita 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10.1 eta 3. artikuluetan. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, espezialista moduan esperientzia jarraitua izatea, irakaskuntzan esperientzia izatea, etengabeko prestakuntzako jarduerak, ikerkuntzako eta kalitatearen hobekuntzako jarduerak, eta irakaskuntza metodologietan prestakuntza espezifikoa izatea. Kontuan izango dira, halaber, kalitateari buruzko ebaluazioen emaitzak, eta lortutako gogobetetzea neurtzeko inkesten emaitzak.

Halaber, lege horren lehen xedapen gehigarriaren lehen idatzi-zatian ezartzen denaren arabera, osasun-zientzien espezialitate sortu berrietan eta legea indarrean jartzean garatu gabe edo ezarpen aldian dauden espezialitateetan, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, nahikoa izango da dagokion espezialitatearen lanbide eremuan esperientzia dagoela egiaztatzea, betiere, Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak espezialitate bakoitza egiaztatzeko betekizun nagusiak onartzean zehaztutako moduan. Familia eta komunitate erizaintzaren espezialitateari dagokionez, maiatzaren 9ko PRE/861/2013 Aginduaren bidez, hots, familia eta komunitate erizaintzan eta familia eta komunitate medikuntzan espezialistak prestatzeko irakaskuntza unitate multiprofesionalen akreditazio baldintzak ezartzen dituen Aginduaren bidez, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, agindu horren I. eranskinaren bigarren puntuan ezarritako irizpideak ezartzen dira, behin-behinean, eta, gehienez ere, 2 urterako, erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako gaitasunaren ebaluazio-proba amaitzen denetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzen du, eta kide bakarreko irakaskuntza organoak ezartzen ditu. Bada, dekretu horren 21. eta 25. artikuluetan zehazten da zer akreditatze edo berrakreditatze prozedura bete behar den, tutoretza eginkizunak burutzeko. Prozedura hori hasiko da, hain zuzen ere, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eskabideak aurkezteko epea irekitzen duenean.

Aurreko arauetan xedatzen dena betetzeko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzekoa eta berrakreditatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 20a.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

I. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK AKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIA

Lehenengo oinarria.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzea.

Prozedura honetarako, zein eskabideak izapidetze eta ebazpenerako, eskuduntza izango du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaritzak.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak akreditatzeko deialdi honetan, egoiliarren tutoretza eginkizunak landu nahi dituztenek parte hartu ahal izango dute, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren ezaugarriekin, baldin eta betekizun hauek batzen badituzte:

a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulua eduki behar dute, tutore izan asmo duten espezialitatean.

b) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuaren edozein egituratan.

c) Gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuan bertan.

2.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baita ere Familia eta Komunitate Erizaintzako egoiliarren tutore gisa akreditatuak izan nahi dutenek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuaren edozein egituratan.

b) Esperientzia egiaztatua eta jarraitua izatea Familia eta Komunitate Erizaintzaren lanbide-eremuan, azken bost urteetan.

c) Familia eta Komunitate Erizaintzaren ikerketa eta/edo komunikazio zientifiko espezifikoko proiektu batean parte hartu izana azken bost urteetan.

3.– Deialdi honetan parte hartu beharko dute martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa) indarrean sartu ondorengo behin behineko izendapena duten tutoreek.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko bide eta epea.

1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita bat egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Aurkezteko bidea.

2.1.– Eskabide-eredua.

Ebazpen honen III. eranskinean dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutore gisa akreditatzeko eskabidea. Eskabidea aurkeztu nahi dutenek Osasun saileko web-orrialdean, osasun-prestakuntza espezializatuko atalean eskuratu ahal izango da.

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio; v-eguren@euskadi.eus helbide elektronikora bidaliko dira ahal izanez gero, edo bere garaian zehaztuko diren bide telematikoak erabiliz.

Halaber, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara bidali ahal dira eskabideak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako moduetan ere aurkez daitezke.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide-dokumentu normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Curriculuma.

b) Eskakizunak betetzen direla adierazten duen dokumentazioa («osasun zientzietan espezialista» tituluaren kopia eta emandako zerbitzuen egiaztagiria).

c) Tutoretza-helburuei buruzko proiektua, atal hauek izango dituena:

– Espezialitatearen prestakuntza-ibilbidea.

– Prestakuntzako bakarkako programa mamitzeko kontuan hartzeko alderdiak.

– Prestakuntza-ebaluazioa.

– Urteko eta amaierako ebaluazioa.

d) Azken 5 urteetan familia eta komunitate erizaintzaren arloko ikerketa eta/edo komunikazio zientifikoko proiektu espezifiko batean parte hartu izana egiaztatzen duen dokumentazioa (proiektuaren ikertzaile nagusiak egindako egiaztagiria edota komunikazio zientifikoaren kopia), espezialitate honetarako akreditazioa nahi bada.

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio.

Laugarren oinarria.– Eskabideak balioestea.

Eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa Balioespen Batzorde batek aztertuko du, zeinaren kideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izendatuko baititu. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak, eta Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Guztira, gehienez ere, 7 kide izango dira.

Balioespen batzordeak, behin dokumentazioa aztertuta, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren funtzioak kontuan hartuz, merezimenduen baremo bat ezarriko du, eta ebazpen-proposamena egingo dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari. Balioesteko prozesuan, eskatzaileek tutore izateko duten berariazko interesa balioetsiko duen elkarrizketa burutu daiteke.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu eta esanbidezkoa emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran.

Ematen den ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren berri emango zaie dagokion irakaskuntza-zentro edo unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 121 artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Seigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Irakaskuntza eta lanbide-garapena izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, Datuak Babesteko Agentziari emango zaio horren berri, hark baitauzka datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik. Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

II. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK BERRAKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIA

Lehenengo oinarria.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan Osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreen akreditazioaren berriztapena.

Prozedura honetarako, zein eskabideak izapidetze eta ebazpenerako, eskuduntza izango du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaritza.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak berrakreditatzeko deialdi honetan parte ahal izango dute, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa) zehazten duen arabera egoiliarren tutoretza nagusiaren eginkizunak lantzeko akreditaturik izanik, akreditazioaren indarraldia amaitu baina eskatutako betekizun guztiak batzen dituztenek.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko bide eta epea.

1.– Epea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak jakinaraziko die akreditatutako tutoreei, akreditazioaren indarraldiaren azkeneko 6 hilabeteen barruan, akreditazioa berriztatzeko eskatu dezaten epe horren barruan. Alde batetik martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorraren bidez 5 urteko espezialitateetan akreditatutako tutoreen akreditazioaren indarraldia 2017ko martxoaren 15ean bukatuko da. Beste aldetik 2012ko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez 5 urteko espezialitateetan akreditaturiko tutoreen akreditazioaren indarraldia 2017ko maiatzaren 3an amaituko da. Eta amaitzako 2013ko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez 4 urteko espezialitateetan akreditaturiko tutoreen akreditazioaren indarraldia 2017ko maiatzaren 19an amaituko da. Hiru kasu hauetan berrakreditatzeko eskabidea 2017ko irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute.

2.– Aurkezteko bidea.

2.1.– Eskabide-eredua.

Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutore gisa berrakreditatzeko eskabidea. Eskabidea aurkeztu nahi dutenek Osasun saileko web-orrialdean, osasun-prestakuntza espezializatuko atalean eskuratu ahal izango da

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio; v-eguren@euskadi.eus helbide elektronikora bidaliko dira ahal izanez gero, edo bere garaian zehaztuko diren bide telematikoak erabiliz.

Halaber, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara bidali ahal dira eskabideak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako moduetan ere aurkez daitezke.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide-dokumentu normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Lehen akreditazioa lortu zuenetik dagozkion arloetan eskuratu dituen merezimenduen curriculuma edo txostena (horrekin batera egoki irizten dituen agiri eta ziurtagiri guztiak ere aurkeztuko ditu).

b) Egindako tutoretza-jarduerei buruzko txosten (Interesatuek memoria burutzeko eredua izango dute Osasun saileko web-orrialdean, osasun-prestakuntza espezializatuko atalean).

c) Tutoretza-helburuen proiektua (hobekuntza-plana).

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio.

Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.

Eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa balioespen batzorde batek aztertuko du, zeinaren kideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izendatuko baititu. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak, eta Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Guztira, gehienez ere, 7 kide izango dira.

Hasierako akreditazio irizpideak betetzen jarraitzen duten edo irizpide horiek hobetu dituzten ebaluatuko du ebaluazio batzordeak; honako honetan, baina, aldatu egingo da eskakizun maila eta itemen pisua, txostenak curriculumak baino balio handiagoa izan dezan. Kontuan hartuko dira, orobat, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak egoiliarrei urtero egiten dien inkestetako kalitate ebaluazioen emaitzak eta ebaluazioak eta prozedura amaturik, ebazpenerako proposamena egingo du.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu eta esanbidezkoa emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran.

Ematen den ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren berri emango zaie dagokion irakaskuntza-zentro edo unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Aurreko akreditazioaren indarraldia amaitu aurretik berrakreditazioa lortu duten tutoreek ordura arteko izendapenari eutsiko diote.

Seigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Irakaskuntza eta lanbide-garapena izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, Datuak Babesteko Agentziari emango zaio horren berri, hark baitauzka datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak. Datu horiek, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik. Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala