Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2017ko martxoaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1149

53/2017 DEKRETUA, otsailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ikastetxe publiko sortzea, bat egitea, zatitzea eta kentzea xedatzen duena.

Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, azken hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak, eta Konstituzioa betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den goi ikuskaritza.

Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, aldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeko 5. artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokie irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea eta kentzea, hori guztia kalitatezko hezkuntza emango dela bermatzen duen planifikazio demokratikoaren eta parte-hartzailearen markoan.

IES Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIk Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetako irakaskuntzak ematen ditu bi udalerri desberdinetan. Udalerri bakoitzean, berariazko eraikinak, instalazioak, irakasleak eta irakasle ez diren langileak dituzte. Horregatik, komeni da ikastetxe hori bi ikastetxe desberdin eta independentetan zatitzea: ikastetxe bat Azkoitian, eta beste bat Azpeitian.

Beste alde batetik, Lasarte-Orian bigarren hezkuntza publiko osoa behar bezala planifikatzeko, komeni da udalerri horretako Bigarren Hezkuntzako bi institutuek bat egitea.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko otsailaren 28an izandako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 1.– IES Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI (kodea: 20009275; EAEko kodea: 013007) zatitu egiten da, eta, zatiketaren ondorioz, ikastetxe hori kendu egiten da, eta ikastetxe hauek sortzen dira:

– IES Urola Lanbide Eskola BHI (kodea: 20015275; EAEko kodea: 013556), Altamira kalea z.g., Azkoitia (Gipuzkoa).

– IES Urola Ikastola BHI (kodea: 20015263; EAEko kodea: 013555), Perdillegi kalea 3, Azpeitia (Gipuzkoa).

2.– Kendutako ikastetxeko lanpostuei atxikita zeuden irakasleak IES Urola Lanbide Eskola BHI eta IES Urola Ikastola BHI ikastetxeetako lanpostuetan birkokatuko dira. Behin betiko destinoa dutenei apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak aplikatuko zaizkie; dekretu hori urriaren 10eko 198/2006 Dekretuak eta uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak aldatu zuten.

3.– Kendutako ikastetxeko lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak birkokatu egingo dira IES Urola Lanbide Eskola BHI eta IES Urola Ikastola BHI ikastetxeetako lanpostuetan, dekretu hauetan ezarritako irizpideen arabera: urriaren 13ko 190/2004 Dekretua, Euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duena, eta martxoaren 9ko 83/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duena.

2. artikulua.– 1.– Lasarte-Orian (Gipuzkoa) dauden ikastetxe publiko hauek bat egiten dute:

– IES Landaberri BHI (kodea: 20008805; EAEko kodea: 012956).

– IES Lasarte-Usurbil BHI (kodea: 20009123; EAEko kodea: 012983).

Ondorioz, bat egin duten ikastetxeak kendu egiten dira, eta bat-egitearen ondoriozko ikastetxea sortzen da. Sortutako ikastetxearen izena: IES Oriarte BHI (kodea: 20015251; EAEko kodea: 013554); helbidea: Buenos Aires Aldapa 1, Lasarte-Oria (Gipuzkoa).

2.– Kendutako ikastetxeetako lanpostuei atxikitako irakasleak IES Oriarte BHI ikastetxeko lanpostuetan birkokatuko dira; eta behin betiko destinoa dutenei dekretu honetako irizpideak aplikatuko zaizkie: apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, urriaren 10eko 198/2006 Dekretuaz eta uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuaz aldatua.

3.– Kendutako ikastetxeetako lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak IES Oriarte BHI ikastetxeko lanpostuetan birkokatuko dira, dekretu hauetan ezarritako irizpideen arabera: urriaren 13ko 190/2004 Dekretua, Euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duena, eta martxoaren 9ko 83/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2017ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko otsailaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala