Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2017ko otsailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
903

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 8koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeei laguntzak emateko deialdia, 2017ko ekitaldirako. Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduak arautzen ditu (2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatua).

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez (2015eko apirilaren 1eko Aginduak aldatua) arautzen da beka-programa hau martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako «Global Training» laguntza-programa, goi-mailako lanbide-prestakuntza edo unibertsitate-titulazioa duten gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egin ditzaten.

Aipatu aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2017ko ekitaldirako deialdia egiten da, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematen dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako ahalmena dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa. – Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Aginduan (2014ko martxoaren 26ko Agindua aldatu zuena) aurreikusitako laguntzen 2017rako deialdia egitea. Agindu horren bidez arautzen da «Global Training» beka-programa martxan jartzeko gaitasuna duten erakundeentzako laguntza-programa.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Iragarritako laguntza horiek finantzatzeko, guztira, 4.120.000 euro erabiliko dira, ekitaldi honetarako luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren kargura,; luzapen hori abenduaren 23ko 9/2015 Legearen bidez onartu zen.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabideak behar bezala beteta aurkeztuko dira, eskatutako dokumentazio osagarriarekin batera. Horretarako, programa honetako parte-hartzaileek izapidetze elektronikoa erabiliko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatuarekin bat etorriz. Eskabide-eredua www.industria.ejgv.euskadi.eus web-orriaren bidez eskuratuko da, baita Administrazioan aurkeztu ere.

Eskabide-ereduak ebazpen honen III. eranskin gisa argitaratzen dira.

2.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 9:00etan hasiko da, eta 2017ko martxoaren 31ko 12:00etan amaituko.

Laugarrena.– Aginduan jasotako baldintzen arabera, erakunde laguntzaile bakoitzeko deitu beharreko «Global Training» beken kopurua ez da izan behar 40 baino txikiagoa, ez eta 60 baino handiagoa ere.

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 10. artikuluan (2015eko apirilaren 1eko Aginduaren bidez aldatua) aipatzen diren balorazio-irizpideak.

Onuradun izaera lortzeko, gutxienez 75 puntu eskuratu beharko dira.

2. balorazio-irizpideak –Bekaz baliatzeko aldiak luzatzea– erakundearen hautuz aurkeztutako proposamenen % 90 biltzen du. Azken deialdietako esperientziak erakutsi du zenbait diziplina akademikori ezin zaizkiola bekaz baliatzeko epeak luzatu, eta programa honetan diziplina guztiek lekua izan dezaten eskaintza egoki eta interesgarriekin, zehazten da aurkeztu diren eskaintzen % 10 ez dagoela balorazio-irizpide honi atxikia.

Aurkezten den proiektu-kopuruak % 10 hori gaindituz gero, zenbateko horretatik gorakoak ez dira baloratuko.

Hauek dira salbueste horretan aurreikusitako diziplinak: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artea, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultura Kudeaketa, Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Psikologia.

V. eta VI. eranskinetan, proiektuen argitasuna zehazteko erakundeek bete behar dituzten taulak eta bekez baliatzeko aldiaren luzapen-aurreakordioaren ereduak ageri dira.

Ebaluazio-organoaren osaera VII. eranskinean jasota dago.

Seigarrena.– Iragartzen diren laguntzak arautzeko aginduaren 4. artikuluan xedatua betetzearren –diruz lagungarri diren gastuak zehazteari buruzkoa–, ebazpen honen I. eranskinean ezartzen da zein den eman beharreko prestakuntza espezifikorako ikastaroen Oinarrizko Programa, eta, II. eranskinean, aldiz, zenbat beka emango den eta zenbateko dotazioa emango zaien bekadunei hilean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 8a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

I. ERANSKINA

Aurretiko prestakuntza-ikastaroaren gutxieneko edukiak:

– Iraupena: 40 ordutik 60 ordura bitartekoa.

– Prestakuntza horrek honako gai hauek izango ditu, bestek beste:

1.– Zelan jorratu praktika atzerrian.

2.– Kultura arteko negoziazioa.

3.– Komunikazio teknikak.

4.– Taldean lan egitea.

5.– Adimen emozionala.

6.– Berrikuntza.

7.– Beste batzuk, praktika motaren arabera.

II. ERASKINA

Dotazioa, hileko balio unitarioan, beka guztientzat dagoen aurrekontua kontuan izanik kalkulatutakoa.

Beka-kopurua: 410. Beken iraupena: 6 hilabete.

Hileko dotazioa : 1.358,00 euro.

Agindu arautzailearekin bat etorriz, dotazio ekonomiko horren bitartez, honako gastu hauei egingo zaie aurre: EAEtik destinoko herrialderako joan-etorriak; mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzarako kotizazioak, eta, halaber, beharrezko bada, bisatuak eta txertoak lortzea ere.

III. ERANSKINA
GLOBAL TRAINING BEKAK - 2017
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTATZEKO FAKTOREAK
(Ikus .PDF)
V.a) ERANSKINA
ERAKUNDE ESKATZAILEAK ESKAINITAKO PRAKTIKEN LABURPEN-TAULA
(Ikus .PDF)
V.b) ERANSKINA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: GLOBAL TRAINING PROGRAMA – PRAKTIKAREN INFORMAZIOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
BEKAREN LUZAPEN GEHIGARRIARI BURUZKO AURREAKORDIOA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
EBALUAZIO-ORGANOAREN OSAERA

Nazioartekotzeko zuzendariak eta Zuzendaritzako hiru teknikarik osatuko dute ebaluazio-organoa:

Ainhoa Ondarzabal Izaguirre, Nazioartekotzeko zuzendaria.

Iñaki Ezkurra Yurrebaso, Nazioartekotze Programen arduraduna.

Mara Estibalez Presa, Nazioartekotzeko teknikaria, idazkaria.

Maite Urrutia Oscoz, Nazioartekotzeko teknikaria.


Azterketa dokumentala