Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2017ko otsailaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
834

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen faseari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dena. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatu du proiektua.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2004ko otsailaren 20ko Ebazpenaren bitartez, Gasteizko tranbia egiteko proiektuaren lehen fasearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.

2016Ko apirilaren 5ean, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bat eman zen, zeinaren bitartez egin baitzen, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustaturik, Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen fasearen ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko martxoaren 31ko Ebazpenak jendaurrera ekarri zituen, hogeita hamar egun baliodunez, Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen faseari buruzko informazio-azterlana eta horrek izango duen ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa betetzeko; besteak beste, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 64. zenbakian argitaratu zen, 2016ko apirilaren 6an. Organo substantiboak adierazi du jendaurreko informazioaren izapidea egin eta gero hainbat alegazio jaso direla, eduki desberdinekoak; jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzak ez du aldaketarik eragin egindako ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Aldi berean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2016ko apirilaren 5ean, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitza ez dela izan garrantzitsua prestatutako ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzeari dagokionez.

2017ko urtarrilaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen fasearen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eskaerak dokumentazio hau hartzen du barne:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2015eko azaroko data duena.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ebazpen honen xede den jarduera arau horren I.B) eranskinaren 1.2 epigrafean dago sartuta. Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua.

Xedapen hauek ikusi dira: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, eta, beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen faseari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, zeina proiektuaren aldekoa baita. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatu du.

Tranbiak egun duen ibilbidea luzatzeko proiektua da, egun dagoen linearen amaieratik –Angulema kalean– unibertsitateraino.

Tranbiarako burdinbide bikoitzeko plataforma berri bat –1.340 metro luzekoa– eta horri lotutako gainegitura –elektrizitatez elikatzekoa– eraiki nahi dira.

4 geltoki berri ezartzea aurreikusten da: Florida, Hegoalde, Intermodo eta Unibertsitatea.

Hedatze-proiektuak emango duen zerbitzuan erabiliko diren unitateen oinarri izango diren kotxetegiak eta tailerrak gaur egun tranbiak funtzionamenduan dituen bi lineatan erabiltzen diren berberak izango dira. Ez dira instalazioak handitu edo aldatu behar.

Lur-mugimenduak tranbiaren plataforma jartzeko hondeaketa-lanekin lotuta daude. Uste da hondeaketa-eremuetatik etor daitekeen material-bolumena gutxi gorabehera 6.000 m3-ko izan daitekeela, 60 cm-ko gainazal batean.

Uste da obrak burutzeko epea 15 hilabetekoa izango dela, gutxi gorabehera.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (Vitoria-Gasteizko tranbia hegoaldera hedatzeko proiektuaren lehen fasea; Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatutako proiektua). Baldintzok lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, 47.2. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

A.– Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile-kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obra-lanetan.

C.1.- Ondare naturala babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa ezartzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

C.1.1.– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

C.1.2.– Obra-eremuaren mugaketa zehatza, eremu horretako sarbideak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako baldintzak aintzat hartuta, eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

C.1.3.– Kontratistak berak egokitu beharko ditu obrako instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko.

Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako C.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Obra-eremuetan sor daitezkeen efluenteen isurtzeak, kontratistaren instalazio-eremuetan bereziki, organo eskudunaren baimena izan beharko du.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

C.2.1.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemak dituztenak, betiere.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetako C.11 atalean aipatzen diren lan-programetan.

Aurreko lerrokadetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

Dekantatutako jalkinak aldian-aldian jaso eta kudeatuko dira, ebazpen honen C.5 atalean xedatutakoaren arabera.

C.2.2.– Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

C.2.3.– Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.

Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta/edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

C.2.4.– Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

C.2.5.– Obra- zein ustiapen-garaian sortzen diren efluente-isuriek (tailerretan, kotxetegietan) isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

C.3.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.

C.3.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan, Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material zatikatua isur daitezkeenetarako.

C.3.2.– Obra-eremuetako irteeretan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti.

Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako C.11 atalean zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira.

C.3.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

C.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

C.4.1.– Eraikitze-fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako babes-neurriak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzeari, zarata egunez bakarrik egin ahal izateari, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzeari, eta abar.

C.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

C.4.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

C.4.4.– Trenbide-azpiegiturak neurriak hartu beharko ditu kasuan kasuko eremu akustikoen kanpo- eta barne-ingurumenera igaro ez dadin urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako immisioko muga-balioak gainditzen dituen zaratarik.

Era berean, neurriak hartuko dira tranbiaren jardunak zuzenean nahiz zeharka zor dezakeen zaratak ez ditzan gainditu urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak. Neurri horiek kalitate akustikoaren helburuak mantentzeko behar diren arintze-mailak bermatu beharko dituzte. Horien diseinuak ezingo du paisaia-inpaktu gehigarria eragin ingurumenean. Esaterako, koloretako pantailak eta inguruarekiko material egokiak erabiltzea, horiek hartzen duten azalera minimizatzea, eta abar.

C.4.5.– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

C.4.6.– Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 B) zatian. Beste neurri batzuen artean, makinek moteltze-sistema zehatzak izan beharko dituzte, eragina minimizatzeko.

C.4.7.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

C.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

C.5.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu behar dira, hau da: aurrea hartu, berrerabiltzeko prestatu, birziklatu eta balioztatu beste modu batzuetan, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela.

C.5.2.– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko, honakoak aplikatuko dira: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Aipatu ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako C.11 atalean aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

C.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

Jarduerako soberako materialak betelanerako erabiltzeko badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

C.5.4.– Hondeaketetan soberaniak sortzen badira, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak erabiltzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, eta atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Kudeaketarako araubide hori ez da ezarriko, baldin eta induskatutako materialak uztailaren 21eko 22/1973 Legeak xedatutakoaren aplikazio-eremuan badaude.

Edozein inguruabar dela medio hondeaketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

Bestalde, obrak amaitzean proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera-baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.

C.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko puntuan aipatutako ontzi edo ontzikiak modu argian etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ez ezabatzeko moduan, eta indarreko araudiaren arabera.

C.5.6.– Olio erabiliak Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

C.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.

C.5.8.– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak, eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazioak eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan zehar, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak, eta abar.), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

C.5.9.– Obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako dokumentuak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

C.6.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua aldatzen bada, eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruetan eraginen bat badu, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

C.7.- Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko 3ko 7/1990 Legeak xedatutakoari eta foru-organo eskudunak zehazten duenari kalterik egin gabe, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira.

Gainera, obrek dirauten bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu behar diren.

C.8.– Lehengoratzeko eta obrak integratzeko neurri zuzentzaileak.

C.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan lorategi-elementuak berriro jarriko dira.

C.8.2.– Lur mugimenduen garaian, lur begetala bereizirik kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eraginpeko espazioak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak errazteko. Landaraberritze-lanetan erabiliko den landare-lurra erretiratu eta modu egokian biltegiratuko da, ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

C.8.3.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

C.8.4.– Ekintzak burutuko dira robinia pseudoacacia, fallopia japonica, cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez daitezen zabaldu. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

C.8.5.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz egingo da lehengoratzea.

C.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako C.5 atalean xedatzen dena aplikatuko da.

C.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu bitartean eta berme-aldiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Aipatutako gaiei buruzko baldintza-pleguak esleitzen dizkion funtzioei dagokienez obren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko da aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

C.11.– Lanen programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiataletan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte kontratistek. Proposamen horiek lanak burutzeko programetan jasoko dira, eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako C.10 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere. Honako hauek dira dokumentuak:

– Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen C.1 atalean aurreikusitakoari jarraikiz.

– Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.2 atalean aurreikusitakoaren arabera.

– Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.3. atalean aurreikusitakoaren arabera.

D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaz gain, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek egin beharko dira ingurumena zaintzeko programa osatzeko.

Obrak kontratatzeko baldintzen pleguetan sartuta egon behar du programak, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izan.

D.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko du erregistro horrek, eta, obrak amaitzen direnean, sailburuordetza horretara igorri beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatuko da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena eta makinen egoera, instalazio osagarrien eremua, soberakinen biltegiak; gainera, horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak eta abar).

D.3.– Lurzoruen eta uren kalitate-kontrola.

Egiaztatzea substantzia toxikoak ustekabean isurtzearen ondorioz lurzorua kutsatu den (olioak eta hidrokarburoak bereziki).

Lurzoruaren suntsipen zuzena eta trinkotzea egiaztatzea, eraikitze-obrak, aldi baterako metatzeak edo obratako instalazio osagarriak direla-eta.

Kotxetegi eta tailerretatik datozen hondakin-urak kontrolatzea.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeen lekuetan, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da, astean behin.

Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo dira ebazpen honen C.2 atalean aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hilero aztertuko dira honako parametro hauek gutxienez: emaria, pH.a, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

D.4.– Zarata eta dardara kontrolatzea.

Zarata eta bibrazioak kontrolatzea obrak egiteko faseetan eta funtzionamenduan. Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozedurak erabiliz diseinatu eta gauzatuko dira kontrol horiek.

D.5.– Airearen kalitate-kontrola.

Obrak egiteko fasean, lur-mugimenduak, materialen zamalanak eta makina astunak erabiltzearen ondorioz sortzen den hauts esekia dela-eta airearen kalitatea egiaztatzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

D.6.– Kultura-ondarea kontrolatzea.

Egiaztatzea izan dezakeen eragina aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoetan edo kultura-intereseko ondasunetan.

D.7.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

D.8.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentu bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Ingurumena zaintzeko programaren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.

Kalitate-helburuak, hala behar denean, oro har onartutako legeetatik edo azterketa teknikoetatik hartutako mugako balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Alabaina, proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri eta berezitasun zehatzek hala aholkatuko balute, balio are murriztaileagoak aplikatu beharko dira behar duten parametroetan.

Obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartu beharko da programa.

D.9.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.– Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

F.– Ebazpen honen aurreko ataletan xedatutakoari kalterik egin gabe, ebazpen honen D.8 atalean ezarritakoari jarraituz, ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina bidali beharko dio sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari, hark espedientean sar dezan, betiere eraikitze-proiektua onetsi baino lehen.

G.– Ebazpen honetako aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako dokumentu hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sartzeko:

G.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzentze-neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko dituena, ebazpen honen D.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

G.2.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena egin behar dira, bai eta honako hauek argi eta garbi azaldu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku eta obra batzuetan eraikuntzarako erabilitako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Gainera, materialok erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak, bai meategiei buruzko araudiaren esparrukoak, hori guztia ebazpen honen C.5. atalean xedatutakoari jarraikiz.

G.3.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, obren fasean sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako C.5 atalean adierazitakoa.

G.4.– Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako D.8 atalean aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8. artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasi sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala