Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2017ko otsailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
655

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Basque Team Fundazioari baimena ematen diona 2017an diru-laguntzak eman ditzan, eta goi-mailako euskal kirolari diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak 2017rako onartzen dituena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen zazpigarren azken xedapenak, 2. zenbakiak, berridatzi egin du Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1. zenbakia, eta horren ondorioz, xedatzen du sektore publikoko fundazioek bakar-bakarrik eman ahal izango dituztela diru-laguntzak, atxikitako ministerioak edo fundazioa atxikita dagoen Administrazioko organo baliokideak dagokion fundazioari berariazko baimena emanez gero.

Arauan izandako aldaketa hori 2015eko urriaren 3an sartu zen indarrean, aipatu 40/2015 Legearen hamazortzigarren azken xedapenarekin bat, beraz, data horretatik aurrera, diru-laguntzak emateko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren berariazko baimena behar du Fundación Basque Team Fundazioak.

Halaber, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriak ezarri bezala, urriaren 1eko 40/2015 Legearen zazpigarren azken xedapenean, dagokion diru-laguntzan proportzio handienean finantzatzen duten Administrazioko organoek onartuko dituzte oinarri arautzaileak.

Basque Team Fundazioak goi-mailako euskal kirolari laguntzak ematen jarrai dezan, horixe baita entitateak duen xedeetariko bat, honako erabaki hau hartu da,

ERABAKIA

Lehenengoa.– Basque Team Fundazioari baimena ematea goi-mailako euskal kirolari diru-laguntzak edo laguntzak eman ahal izateko.

Bigarrena.– Goi-mailako euskal kirolari laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzea 2017rako, erabaki honen eranskinaren arabera.

Hirugarrena.– Agindu hau eta eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA

Bekak emateko oinarriak. Basque Team Fundazioak 2017. urterako eman dituen bekak.

Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren bidez, goi-mailako kirola arautu du Euskadin; dekretu horren 12. artikuluaren arabera, aurreikusita dago bekak, sariak eta laguntza ekonomikoak ematea goi-mailako kirola sustatze aldera, Basque Team Fundazioaren bitartez.

Basque Team Fundazioa euskal sektore publikoko fundazioa da. Erakunde horren helburua goi-mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi-mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi-mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi-mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Erakundeak xede duen goi-mailako kirolean aritze aldera, Basque Team Fundazioaren Patronatuak Euskadi Kirola Bekak ematea onartu du 2017. urterako. Hona hemen,

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea Basque Team Fundazioak goi-mailako kirolerako ematen dituen bekak arautzea da, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitarteko aldirako.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– «Basque Team Bekak 2017» izenaren barruan goi-mailako kirolerako hainbat laguntza daude, eta oinarri hauen 4. artikuluan zehazten dira.

2.– Oinarri hauen ondoreetarako, «goi-mailako euskal kirola» Euskal Autonomia Erkidegoaren intereserako den kirola praktikatzea da. Erkidegoko kirola garatzeko funtsezko faktorea da; izan ere, oinarri-kirola sustatzeko pizgarria da eta goi-mailako kirol lehiaketetan ordezkatzeko aukera ederra ematen du.

3.– Oinarri hauetan «kirolari» buruz egiten diren erreferentzia guztiak goi-mailako kirolari buruzkoak dira, Euskadin goi-mailako kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoekin bat.

3. artikulua.– Pertsona onuradunak.

Beka hauen onuradun kirolariak eta horien teknikariak izan ahal dira. Horiek guztiek kirol-irizpide teknikoak eta administratiboak bete behar dituzte, jarraian adierazten direnak:

1.– Kirolariak. «Basque Team 2017» Bekak jaso ahal izateko, honako betekizun hauek bete beharko dituzte kirolariek:

a) 16 urte izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean jaiotzea edo administrazio mailan, euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin bat, betiere beka eskatu den urtean eta aurreko bi ekitaldi osoetan.

c) Dagokion kirol-modalitatean, EAEko euskal edo lurralde federazioak emandako edo izapidetutako lizentzia indarrean izatea.

d) Goi-mailako kirolari izendapena indarrean izatea, Euskadin Goi-mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. Kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat. Betekizun honetatik kanpo daude Euskadiko udalerriren batean jaio eta bizi izan badira ere, gaur egun administrazio-mailan euskal nortasunik ez dutenak, ez baitira orain bizi EAEko lurraldean.

e) 2017an goi-mailako kirol hori entrenatzen eta praktikatzen jarraitzea. Kirol- jardunean daudela ulertuko da lan ezgaitasunean edo kirol bajan daudenak, behar bezala egiaztatuta. Goi-mailako lehiaketetara berriz itzuliko direla aurreikusita dago, dagokion senda-agiria jaso eta gero.

f) Diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.

g) Diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.

h) Zigor Kodearen 286 bis 4. eta 362 artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzipetuta edo zigortuta ez egotea.

i) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

j) Izaten diren kirol-emaitzak oinarri hauen I. eranskinean adierazitako kirol irizpide teknikoak betetzea.

2.– Teknikariak: «Basque Team 2017» bekak jaso ahal izateko, honako betekizun hauek beteko dituzte teknikariek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Kirol esparruan honako titulazioak egiaztatzea:

i.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatura edo Gradua;

ii.– Unibertsitateko masterra goi-mailako kirol-errendimenduan, unibertsitate publikoetakoa edo pribatuetakoa, indarrean dauden legeek edo batzorde olinpiar batek onartuak;

iii.– Goi-mailako kirol-teknikari titulua, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuarekin bat; edo goi-mailako kirol prestakuntzak, Errege Dekretu horretan ezarritakoekin bat eta horren ondoriozko araudiekin bat gero onar daitezkeenak.

iii. puntuan prestakuntza berariazkoa izango da, eskabidearen xede den kirol modalitate edo diziplinari buruzkoa, hain zuzen ere.

Baldintza hau ez dute beteko, iii. puntua dela-eta, lehen aipatutako titulazioak egiaztatu ezin dituztenek, izan ere, eskabidea egin denetik aurreko hiru urteetan estatu mailan goi-mailako ikastaro ofizialik –Goi kirol teknikaria edo III. maila- izan ez duten kirol modalitateak dira. Horrelakoetan, eskatzaileak kirol teknikariaren titulua edo II. mailakoa (edo gero onar daitezkeen eta baliokide diren kirol prestakuntzak) izan behar du.

c) Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun den kirolari baten kirol-prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona izatea eta kirolariak berak onartua izatea. Kirolari bakoitzak, gehienez, pertsona bakarra onartuko du prestatzaile gisa. Prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona aldatuz gero, kirolariak berak jakinaraziko dio Basque Team Fundazioari, idatziz. Jakinarazpena egiten denetik hasita izango ditu ondoreak.

d) Goi-mailako teknikari izendapena indarrean izatea, Euskadin Goi-mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat. Betekizun honetatik kanpo daude bakar-bakarrik artikulu honen 3. ataleko b) epigrafean aurreikusitako salbuespenezko puntuan daudenak.

e) 2017an kirolariaren arduradun tekniko nagusia izaten jarraitzea.

f) Diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.

g) Diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.

h) Zigor Kodearen 286.bis 4. eta 361 5. artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzipetuta edo zigortuta ez egotea.

i) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.– Muga dago oinarri hauetan aurreikusitako bekak emateko. Kirolari beka jasotzen duten pertsonek ezingo dute teknikari beka jaso, eta alderantziz.

4.– Beka hauetatik kanpo dago inoren konturako kirolari profesionalen kirol-jarduera, betiere liga profesionaletan bakarrik parte hartzen badute.

4. artikulua.– Basque Team 2017 beka-motak.

Honelakoak dira «Basque Team Bekak»:

a) Basque Team Kirolariak Bekak.

Kirolarientzako laguntzak, helburuak lortze aldera entrenamenduan eta lehiaketan jarduteko ematen direnak. Kirol meritua egiaztatzen den proba zein den, Basque Team Kirolariak Bekak hiru motakoak dira:

● Basque Team Olinpiarra Beka.

● Basque Team Ez-olinpiarra Beka.

● Basque Team Egokitua Beka.

b) Basque Team Teknikariak Bekak.

Kirolariaren prestakuntzaren arduradun nagusiarentzako laguntzak, kirol helburuak lortzeko ematen direnak.

c) Basque Team «Support» Bekak.

2016an Basque Team Fundazioaren beka bat jaso duten kirolariei salbuespenez ematen zaizkien laguntzak, betiere betetzen ez badute 2017ko beken I. eranskinean eskatutako kirol emaitza.

5. artikulua.– 2017ko Basque Team Beken edukia.

Fundación Basque Team Fundazioak 2017an emandako «Basque Team Bekak 2017»k hainbat laguntza mota izango ditu:

1.– Basque Team Kirolariak Bekak:

1.1.– Laguntza ekonomikoak, honako eduki berezitu hauekin:

1.1.1.– Oinarrizko beka:

Entrenamenduan eta lehiaketan buru belarri jarduten dutela bermatzeko laguntza ekonomikoa. Desberdina izango da ekarpen ekonomikoaren zenbatekoa Basque Team Olinpiarra, Ez-olinpiarra eta Egokitua Beketan.

1.1.2.– Helburukako sariak:

Adostutako eta betetako kirol helburuen araberako sari ekonomikoak. Kirolari bakoitzarentzat ezarritako kirol helburu horiek oinarri hauetan dagoen konpromiso agirian jasota daude.

1.1.3.– Laguntza osagarriak:

Oinarrizko beka jasotzen duen edozein kirolarik eska dezakeen ekarpen ekonomikoa, kirol jarduerak dakartzan ez ohiko gastuak ordaintzeko (lehiaketara joan beharra, kontzentrazioa egin beharra, kirolariak behar dituen berariazko zerbitzuak, e.a.). Laguntza osagarriak emateko Basque Team Fundazioak kontuan izango du errendimendua hobetzeko helburua dutela.

Horretarako, eskatzaileek Basque Team Fundazioak ezarritako laguntza osagarria eskatzeko protokoloa eta prozedura beteko dute (fundazioaren web orrian argitaratuko dena). Kirolariak laguntza osagarria eskatu eta Basque Team Fundazioak laguntza hori ematea onartuko du finantzatuko den jarduera edo zerbitzuari ekin aurretik.

Laguntza osagarriak emateko, eta horretarako dirua izan behar da, Basque Team Fundazioak ulertu behar du justifikatuta dagoela laguntza ematea, inguruabar edo egoera jakin batzuk direla eta.

1.2.– Laguntzeko zerbitzuak:

Hauek dira goi-mailako kirolariei laguntzeko zerbitzuak:

1.2.1.– Kirol prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, hala nola:

1.2.1.1.– Laguntza tekniko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

Laguntza tekniko hori izango da, oinarri hauetan aurreikusitako kontrol teknikoen pean egoteko kirolariek duten beharrari utzi gabe.

1.2.1.2.– Laguntza biomediko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

Laguntza biomediko hori izango da, oinarri hauetan aurreikusitako kontrol biomedikoen pean egoteko kirolariek duten beharrari utzi gabe.

1.2.2.– Kirolariaren gizarte onurarako eta bere onurarako zerbitzuak, honako programa hauei dagozkienak:

1.2.2.1.– Aholkularitza eta orientabide pertsonaleko zerbitzua, kirolarien prestakuntza akademiko eta profesionalerako.

1.2.2.2.– Kirol coaching zerbitzua.

Beken onuradunei eskainiko zaizkie 1.2 atalean deskribatutako zerbitzuak, eta pertsona horiek zerbitzuak erabiltzeari uko egiteko eskubidea izango dute. Edonola ere, kirolari batek laguntza teknikoko (1.2.1.1.) eta/edo biomedikoko (1.2.1.2.) zerbitzuei uko egiten badie ere, behartuta dago oinarri hauetan derrigorrezkoak diren kontrol teknikoak nahiz biomedikoak egitera.

2.– Basque Team Teknikariak Beka.

Oinarri hauen 5. artikuluaren 1. atalean jasotako laguntzen kirolari onuradun bakoitzeko, kirolari horren ardura daraman teknikariak beka bat jasoko du, kirolariari ordaindutako oinarrizko bekaren % 25ekoa eta helburukako sarien % 25ekoa den zenbatekoarekin, alegia. Teknikari berak, gehienez, bere ardurapeko hiru kirolariri dagokion kopurua jaso ahal izango du.

3.– Basque Team «Support» Beka.

2016an Fundación Basque Team Fundazioaren beka baten kirolari onuradunek artikulu honen 1.2 atalean ezarritako Fundación Basque Team Fundazioaren laguntza zerbitzuak izaten jarraituko dute, baita 1.1.3 artikuluan jasotako laguntza osagarriak ere, betiere I. eranskinean eskatzen den kirol meritua edo emaitza urte horretan lortu ez badute.

Horrelakoetan, kirolariaren eta Basque Team Fundazioaren artean sinatutako konpromiso agirian jaso ahal izango da 2017ko denboraldian kirol meritu edo emaitza jakin bat lortuz gero –Basque Team Fundazioak aldez aurretik zehaztua- ordaindu egingo dela artikulu honen 1.1 atalean adierazitako laguntza ekonomikoa.

6. artikulua.– Eskabideak tramitatzea.

1.– Interesaturik dauden pertsonek dagokion idazki eredua bete (oinarri hauen II. eta III. eranskinak) eta eskabideak bidaliko dituzte. Eskabidea artikulu honetan adierazten den agiriekin batera Basque Team Fundaziora bidaliko dute, honako hauek erabiliz:

a) Postaz, honako helbide honetara: Makaleta etorbidea z/g 48992 Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa).

b) Telematikoki, www.basqueteam.eus webgunearen bidez, Bekak eta Laguntzak atalean.

2.– Eskabidearekin batera kirolariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren kopia, eta atzerritarra bada, bizileku-txartela.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, administrazio-egoitza 2017an, 2016an eta 2015ean duela egiaztatzen duena, edo, Euskadiko udalerriren batean erroldatuta ez badago, jaiotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana, Euskadin jaio dela egiaztatzen duena.

c) Indarrean dagoen euskal federazio lizentziaren fotokopia.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

f) Dagokion Euskal Federazioak emandako ziurtagiria, 2016an lortutako kirol emaitzak beka eskuratzeko eskubidea ematen diola eskatzaileari egiaztatzen duena.

g) Kirol-kurrikulua. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatuko dira (Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak).

h) 2017rako kirol-planifikazioa, kirolariak eta teknikari arduradunak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, lehiaketak non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da, baita aurreikusita dauden kontrolak ere.

i) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko erantzukizuneko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak (Medikuntza Lizentziatura eta elkargokide zenbakia) barne daudela.

j) Kirola egiteko gai dela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiri ofiziala (Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak emanda), beka eskatzen denetik lau urtetik gorako ziurtagiria ez bada.

k) Era gehigarrian, kirol egokituko kirolariek desgaitasun maila egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute.

l) Kirolaria adin txikikoa bada, dagokion baimena, aitak, amak edo tutoreak sinatua.

m) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirolaria dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia. Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirolaria izateko administrazio-prozeduran izanez gero, Basque Team Fundazioak berak eskuratuko du, hala badagokio, dagokion egiaztapena.

3.– Eskabidearekin batera teknikariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren kopia, eta atzerritarra bada, bizileku-txartela.

b) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

c) Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

d) Ikasketa-tituluen kopia, oinarri hauen 3. artikuluko 2.b) paragrafoan adierazi bezala.

e) Oinarrizko bekaren kirol onuradunak sinatutako zinpeko aitorpena. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako teknikaria dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia. Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako teknikaria izateko administrazio-prozeduran izanez gero, Basque Team Fundazioak berak eskuratuko du, hala badagokio, dagokion egiaztapena.

4.– Era gehigarrian, Basque Team Fundazioak behar beste agiri eta argibide eskatu ahal izango ditu bekak emateko.

5.– Beka eskabidearekin batera erantsiko diren agirien ereduak Basque Team Fundazioaren web orrian daude interesatuen eskuragarri: www.basqueteam.eus

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnean zabalduko da eskabideak aurkezteko epea, eta argitaratzen direnetik hasita hilabeteko (1) epean itxiko da.

2.– Basque Team Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko, eta oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera aztertuko da.

3.– Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.

8. artikulua.– Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.

Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauetako beken esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak entitateko idazkariaren esku utziko du eskumen hau. Idazkari horrek lehen auzialdian ebatziko ditu beka-eskaera guztiak.

Bekak ebazteko, Basque Team Fundazioaren Patronatuko idazkariak, ondorio hauetarako ebazpen-organoa dena, Batzorde edo Batzorde Tekniko baten laguntza izango du. Honako hauek osatzen dute: fundazioko koordinatzailea, fundazioko aholkulari juridikoa, beken arloaz arduratzen den kirol teknikaria eta biomedikuntza zerbitzuko mediku bat.

9. artikulua.– Bekak emateko prozedura: kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa.

1.– Eskatzaileak eskabidea zuzen aurkeztu duela egiaztatuta, honako hauek egin dira:

a) kirol-auditoretza. Ez dute kirol-auditoretza hau egingo aurreko ekitaldian Basque Team Fundazioaren beka bat jaso badute.

b) egokitasuneko mediku-azterketa.

2.– Beka eskatzaileek kirol-auditoretza eta mediku-azterketa egin beharko dute. Eskatzaileak auditoretza eta azterketa egiteari ezetz esaten badio, ukatu egingo zaio eskabidea, besterik gabe. Kirol-auditoretza eta egokitasuneko mediku-azterketa Basque Team Fundazioak adierazitako teknikari eta mediku adituek egingo dituzte.

10. artikulua.– Bekak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Ebazpen-organoak bekak emateko ebazpena egingo du eskatzaileen kirol merituen arabera. Halaber, oinarri hauetan eskatutakoak betetzen direla bermatuko du.

2.– Meritu eta baldintza horiek balioesteko ebazpen-organoak oinarri hauen I. eranskinean adierazten diren balioesteko irizpideak aplikatuko ditu nahitaez.

3.– Beka, sari eta laguntza osagarrien zenbatekoa zehazteko, aurkeztu eta onartu diren eskabideak eta Basque Team Fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan. Oinarri hauen bidez onuradunek ez dituzte bermatuta dagozkien beka, sari edo laguntzen zenbatekoak; adierazitako inguruabarrek baldintzatuta jasoko dituzte, edonola ere.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpen-organoak gehienez ere hiru (3) hilabeteko epean ebatzi edo ukatuko du bekak ematea, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ebazpena, edonola ere zioduna dena, banaka jakinaraziko zaie beka eskatzen dutenei.

3.– Ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Basque Team Fundazioaren Patronatuko lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.

4.– «Basque Team 2017» Beka emateko onuradunak Konpromiso-agiria sinatu beharko du Basque Team Fundazioarekin, oinarri hauetan adierazitakoarekin bat.

5.– «Basque Team 2017» Beka eman dela jakinarazi ondoren, pertsona onuradunak beren beregi uko egin ahal izango dio onartu aurretik.

12. artikulua.– Laguntzak salbuespenez ematea.

Salbuespenez, beka hauek beste zenbait pertsonari eman ahal izango zaizkie: behar bezala justifikatutako kirol arrazoi, arrazoi teknikoak, biomedikoak, edo antzekoak direla eta, oinarri hauen I. eranskinean eskatutako kirol-merituak egiaztatu ezin badituzte, edo oinarri hauen 6. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako agiririk aurkeztu ezin badute.

13. artikulua.– Onuradunak onartzea.

Beken onuradun diren pertsonek, oinarri hauetan arautuak, Basque Team Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, beka ematea jakinarazten denetik gehienez ere hilabeteko epean, dagokion beka beren beregi onartzeko eta Konpromiso-agiria sinatzeko.

14. artikulua.– Konpromiso-agiria Basque Team Fundazioarekin.

Basque Team Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso-agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsonentzat. Honetara daude behartuta:

a) 2017an zehar, gutxienez, goi-mailako kirol-jardueran aritzea.

b) Fundazioari kirol-jarduerari lotutako funtsezko informazioa ematea.

c) Fundazioak eskatuta, ezarritako kontrol biomedikoak betetzea.

d) Kirol arloari buruzko araudia zorrozki betetzea.

e) Eskatutako dopinaren aurkako kontrolak egitea, lehiaketan edo lehiaketatik kanpo, baita agintari eskudunek dopinaren aurka adostutako bestelako probak egitea ere. Halaber, dopinaren aurkako betebehar guztiak betetzea.

f) Kirol-lehiaketetan eta lehiaketetatik kanpo joko garbia erakustea. Saihestuko dira administrazio eta kirol arloko araudia urratuko duten ekintzak, hala nola, indarkeria, arrazismoa, xenofobia eta intolerantzia kirolean.

g) Kirolari, hedabide, agintari, ikusle, babesle, eta abarrekiko errespetuzko jarrera izatea. Era berean, Fundazioarekiko eta fundazioko kideekiko errespetuzko jarrera izatea uneoro. Horien irudia edo ohorea kaltetu dezakeen adierazpen publikorik edo jarduerarik saihestuko da.

h) Kirolari lotutako guztia Fundazioari jakinaraztea, bereziki kirolariaren arduradun medikoa, plangintza biomedikoa, teknikaria, kirol plangintza eta kirolariak praktikatzeko dituen denbora eta bitarteko materialak. Halaber, Fundazioari jakinarazi beharko dizkio aurreko datuetan izandako aldaketak.

i) Kirol-jarduerari lotutako diru-sarrera guztien berri Fundazioari ematea.

j) Oihartzun sozial edo mediatiko handiko lehiaketa eta ekitaldietan Fundazioak zehaztuko dituen, jantzi, ikur eta markak eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.

k) Fundazioak eta babesle, patrono nahiz laguntzaileek antolatzen dituzten sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.

l) Baimena ematea, Fundazioak eta babesle, patrono nahiz laguntzaileek kirolariaren irudia eta/edo ahotsa erabil dezaten xedeari lotutako ekintzetan.

m) Eta, oro har, Fundazioarekin lankidetzan aritu erakundearen helburuak lortze aldera.

15. artikulua.– Basque Team 2017 Bekak ordaintzea.

1.– Hilero ordainduko dira 5. artikuluaren 1.1.1 atalean aurreikusita dauden oinarrizko bekak, Basque Team Fundazioarekin Konpromiso-agiria sinatzen denetik hasita. Ordainketa egiteko, Konpromiso-agirian jasotako betebeharrak beren beregi bete behar ditu onuradunak.

2.– Era bakarrean egingo da 5. artikuluaren 1.1.2 atalean aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa, Basque Team Fundazioarekin sinatutako Konpromiso-agirian adierazten den kirolari bakoitzarentzako helburua bete dela egiaztatu eta gero.

3.– Beken ebazpen-organoak baimenduko du 5. artikuluaren 1.1.3 atalean aurreikusita dauden laguntza osagarriak ordaintzea, kasuan kasuko eskabideak eta inguruabarrak kontuan hartuta. Aldez aurretik oinarrizko bekaren onuradunak eskatuko du, Basque Team Fundazioaren administrazio sailak adierazitako eskabide-protokoloari jarraituz (laguntza osagarriak eskatzeko ereduak eskuragarri jarriko dira fundazioaren web orrian: www.basqueteam.eus).

4.– Oinarri hauen 5. artikuluko 3. atalean ezarritakoen barruan sartuta daudenei honela ordainduko zaizkie laguntzak. Laguntza eman dela ebatzi eta gero, eta onuradunak onartuta eta konpromiso-agiria sinatuta, Basque Team Fundazioak hari lehen ordainketa egingo dio, hain zuzen ere, beka hauek erabiltzen hasten denetik ordura arteko hileko guztiak. Lehen ordainketa adierazitako terminoetan egin eta gero, gainerako zenbatekoa hilero egingo zaio onuradunari.

16. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

Bateragarri dira batetik oinarri hauetan araututa dauden bekak, sariak eta laguntzak eta, bestetik, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk, helburu berarekin, onuradun berari eman ahal dion edonolako laguntza. Aurrekoaren kalterik gabe, Beka eta Laguntza hauek emateak ez dakar inola ere diruz lagundutako kirol jardueraren gain-finantzaketarik. Horretarako, Basque Team Fundazioak goi-mailako kirolari diru-laguntzak ematen dizkioten beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin jokatuko du lankidetzan, iruzurrik edo neurriz gaineko jardunbiderik egon ez dadin.

17. artikulua.– Beken prestazioak ez betetzea eta etetea.

1.– Oinarri hauetan eskatutako betebeharrak ez betetzeak, edo oinarrietan eskatutako baldintzak gerora sortzeak administrazio-espedientea egitea ekarriko du, betiere bekak eman ondoren gertatuz gero. Beka jaso duen pertsona edo erakundeari entzun ondoren, bekaren prestazioak eten eta ukatu daitezke, ebazpen-organoak erabakiko du norainokoa den.

2.– Halaber, beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota Konpromiso Agirian. Interesdunari entzun ondoren, berehala eten daiteke diru-laguntza, ebazpen-organoak erabakitakoei jarraituz.

3.– Era gehigarrian, eta ez betetzea ekarri duten inguruabarrak kontuan izanda, ebazpen-organoak, dagokion akordio justifikatuaren bidez, eska dezake jasotako zenbateko osoa edo zati bat Basque Team Fundazioari itzultzeko.

4.– Salbuespenez, ebazpen-organoak erabakiko du, kautelazko neurri gisa, behin-behinean eteteko kirolariei emandako laguntzak eta bekak, onuradunei entzun gabe, dopin gorabeheretan edo kirol jarduerari lotutako beste konturen batean nahastuta badaude. Edonola ere, egoera horietara heltzeko bekaren onuradunak inputatuta, auzipetuta, salatuta edo, besterik gabe, erakunde eskudun batek egindako prozedura baten zati izan beharko du kirol jarduerari lotutako dopin edo bestelako iruzurrak direla eta.

18. artikulua.– Oinarri hauek interpretatzea.

«Basque Team 2017» Bekak eskatu eta emateari lotuta dauden eta oinarri hauetan ageri ez diren egoerak edo alderdiak ezagutu eta ebaztea Basque Team Fundazioaren Patronatuko idazkariari dagokio, baita, espedienteetan gerta daitezkeen zalantza edo eztabaidak direla eta, oinarriak interpretatzea ere.

I. ERANSKINA

A.– KIROL MERITUAK BALIOESTEKO IRIZPIDEAK.

«Basque Team bekak 2017» oinarri hauek eskatzen dituzten baldintzak bete eta kirol-merituak egiten dituztenei emango zaizkie. Meritu horiek honako balioesteko irizpide tekniko hauen arabera haztatu eta balioetsiko dira:

1. irizpidea.– Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Nazioarteko Paraolinpiar Batzordeak aitortutako nazioarteko kirol federazioek antolatzen dituzten lehiaketetan kirolariek parte hartzea balioetsi egingo da, bereziki, indarrean dagoen egitarau olinpiar edo paraolinpiarretako probetan. Salbuespenez, beste erakunde edo organismo batzuek antolatutako lehiaketetarako erabili ahalko dira beka hauek, betiere goi-mailako diziplina edo espezialitatea aipatu nazioarteko kirol federazioetatik kanpo objektiboki garatuz gero.

2. irizpidea.– Oro har, oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak emateko «kategoria absolutuan» nahiz «kategoria gorenean» eta nazioartean lortutako kirol-emaitzak bakarrik hartuko dira aintzat, 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak betiere (biak barne).

Oinarri hauen ondoreetarako, «kirol emaitza» nazioartean egiten den lehiaketa ofizialean lortutako postua da, bereziki, Joko Olinpiarretan, Munduko Txapelketetan eta Europako Txapelketetan. Salbuespenez, Azken Munduko Rankinga hartuko da kontuan 2016an Joko Olinpiarrik, Munduko Txapelketarik ezta Europako Txapelketarik izan ez den proba olinpiar eta paraolinpiarretan.

Era berean, eta oinarri hauen ondoreetarako, «kategoria absolutua» honako hau da: kirol-modalitate bakoitzaren maila goreneko kirol lehiaketa egiten den adin kategoria.

Orobat, eta oinarri hauen ondoreetarako, «kategoria gorena» honako hau da: dagokion lehiaketa mailatan antolatuta egonez gero, talde gorena.

3. irizpidea.– Kirol egutegian errotuta dauden lehiaketetan lortutako kirol-emaitzak balioetsiko dira soil-soilik. Kirol egutegian errotuta dauden lehiaketak gutxienez 10 ekitaldi egin dituztenak dira, edo jarraian, ez urtero derrigorrean, azken 10 urteotan egin direnak.

4. irizpidea.– Banakako kirol-modalitateko diziplina olinpiarretan, taldekako lehiaketetan lortutako emaitzak baino ez dira kontuan hartuko, betiere honako probei lotuta egonez gero: (i) indarrean dagoen egitarau olinpiarrekoak izan behar dute; (ii) egitaraukoak ez diren arren, era autonomoan eta taldekako berariazko proba batean egitea, eranskin honen 2. irizpidean adierazitako lehiaketen barruan. Ez dira irizpide honetan sartuko lehiaketetan taldeen sailkapena egiteko kideen puntuak, postuak edo denborak batu behar izanez gero.

5. irizpidea.– Halaber, «Basque Team 2017» Beka emango zaie 2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpiarretan edo Paraolinpiarretan parte hartu dutela egiaztatzen dutenei.

B.– KIROL POTENTZIALA BALIOESTEA.

Oinarri hauetako laguntzetariko bat jasotzeko, eskatzaileak gutxienez 40 puntuko balorazioa eskuratu behar du «kirol potentzialean», 60 puntutik.

Kirol teknikariek balioetsiko dute laguntza eskatzen duen kirolari bakoitzaren «kirol potentziala», jarraian adierazten diren irizpideei jarraituta.

Ondore horietarako, «kirol potentziala» honako hau da: parte hartzen duen proban kirolariak munduko maila gorenarekiko duen aldea («puntakoa»). Beraz, «kirol potentziala» zehazteko, kontuan hartu behar da kirolariak 2016an lortutako kirol emaitzarik onenaren eta munduko elitearekiko duen distantziaren arteko aldea (lehen postua Joko Olinpiarretan, Munduko Txapelketetan, edo Europako Txapelketetan).

«Kirol potentziala» kalkulatzeko, gehienez 60 puntu balio duena, aintzat hartuko dira honako kontzeptu hauek: «lehiaketa balioa» eta «lortutako postuaren balioa».

(Ikus .PDF)

A.– Lehiaketa-balioari dagokionez, honi jarraituko zaio:

Lehiaketa-balioaren gehieneko puntuazioa 50 puntukoa da. Lehiaketa-balioa 30 eta 50 puntu bitartekoa da, nazioarteko lehiaketaren kategoria zein den.

Lehiaketa-balioa zehazteko honako maila hauek ezarri dira:

(Ikus .PDF)

Lehiaketa-balioa 50, 40, 35 edo 30 puntutik abiatzen da eta honako kontzeptu hauek eutsi edo jaitsaraziko diote puntu kopuruari:

– Kirol proba olinpiarra edo ez-olinpiarra:

● Tokio 2020 edo PyeongChang 2018 Egitarau Olinpiarretako probek hasierako puntuazioari eusten diote (3., 4. edo 5. maila).

● Tokio 2020 edo PyeongChang 2018 Egitarau Olinpiarretakoak ez diren probek % 20 murriztuko dute puntuazioa.

– Parte hartzen duten kontinenteak:

4. eta 5. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio balioetsi beharreko proban 4 edo 5 kontinentek parte hartuz gero eta hurrengo portzentajeak murriztuko dira honako kasu hauetan:

▪ % 5, hiru kontinentek parte hartuz gero.

▪ % 10, bi kontinentek parte hartuz gero.

▪ % 15, kontinente batek parte hartuz gero.

– Parte hartzen duen herrialde kopurua:

4. eta 5. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio balioetsi beharreko proban 50 federaziok edo gehiagok parte hartuz gero eta hurrengo portzentajeak murriztuko dira honako kasu hauetan:

○ 50 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 5.

○ 25 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 10.

○ 15 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 15.

3.– mailako probetan, puntuazioari eusten zaio balioetsi beharreko proban 25 federaziok edo gehiagok parte hartuz gero eta hurrengo portzentajeak murriztuko dira honako kasu hauetan:

○ 25 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 5.

○ 10 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 10.

○ 5 federazio nazional baino gutxiagok parte hartuz gero, % 15.

B.– Lortutako postuaren balioari dagokionez, honako honi jarraituko zaio:

Aztertzen den lehiaketaren azken sailkapenean kirolariak lortutako postua haztatzea da. Lortutako postuaren gehieneko puntuazioa 10 puntu dira.

Haztapena horrela egiten da: koefiziente zuzentzailea «lehiaketa-balioan» aplikatu, goranzko edo beheranzko joera duena, betiere kirolariak sailkapenean lortu duen posizio erlatiboaren arabera.

Era positiboan balioetsiko dira txapelketa bakoitzeko lehen 15 postuak. Lehen sailkatuak 10 puntu eskuratuko ditu eta 0 puntu 16. sailkatuak. 16. postutik aurrera balorazioa negatiboa izango da, eta 0,0625 kenduko zaio postu bakoitzeko.

Pertsona eskatzaileen kirol merituak haztatu egingo dira, honako talde hauetako batekoak diren aztertuta:

A Taldea – Indarrean dagoen Egitarau Olinpiarreko probetako kirolariak (Tokyo 2020 eta PyeongChang 2018).

1.– Banakako probetako kirolariak.

Beka hauen onuradun izateko, banakako kirolariek gutxienez 40 puntu atera beharko dituzte, guztizko 60 puntuetatik, kirol-potentziala balioestean.

2.– Talde-kiroletako kirolariak.

Beka hauen onuradun izateko, talde-kiroletako kirolariek, A taldeko diziplina olinpiarretan, dagokion kiroleko Munduko Txapelketako edo Europako Txapelketako azken fasean edo Joko Olinpiarretan 2016ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean zerrenda ofizialean sartuta egon izana egiaztatu beharko dute. Hainbat lekutan egin diren Munduko edo Europako Txapelketetan, kirolariak gutxienez % 75eko partaidetza egiaztatu beharko du.

B Taldea – Indarrean dagoen Egitarau Olinpiarrekoak (Tokyo 2020 eta PyeongChang 2018) ez diren banakako eta taldekako proba nahiz diziplinetako kirolariak.

Beka hauen onuradun izateko, B Taldeko kirolariek gutxienez 40 puntu atera beharko dituzte, 60 puntutik.

C Taldea – Kirolari egokituak.

Beka hauen onuradun izateko, kirol egokituetako kirolariek honako hiru baldintzetako bat behar dute:

a) Dominaren bat lortu behar izan dute 2016. urtean, Europako Txapelketan.

b) Lehen lau postuetarik bat lortu 2016. urtean, Munduko Txapelketan.

c) 2016an Rio de Janeiroko Joko Paraolinpiarretan parte hartu behar izan du.

Indarrean dagoen egitarau olinpiarrekoak ez diren proba eta diziplinetako kirol egokituetako kirolarien kasuan, gutxienez bost herrialdetako ordezkariek parte hartu behar dute beka eskatzen duenak parte hartzen duen proban.

D Taldea – Kirol-teknikariak.

Beka eskuratzeko, kirol-teknikariek A, B, edo C taldeetako kirolariren baten prestakuntzaren arduradun nagusiak direla egiaztatu behar dute. Kirolari horiek, gainera, oinarrizko beka baten onuradun dira, oinarri hauen 5. artikuluko 1.1.1 atalean adierazitakoekin bat.

II. ERANSKINA.
«BASQUE TEAM 2017 BEKA» ESKATZEKO EREDUA.
(KIROLARIAK)

Izen-abizenak:

NAN:

Helbidea:

Telefonoak:

E-maila:

Kirol-modalitatea:

Kirol-diziplina:

Proba:

Kirol-kluba:

Aztertuko den kirol emaitza:

ADIERAZTEN DU:

Basque Team 2017 bekak emateko oinarriek eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituela, Basque Team Fundazioak EHAAn argitaratu dituenak eta beraz,

ESKATZEN DU:

Basque Team Fundazioak goi-mailako euskal kirola sustatzeko «Basque Team 2017» beka ematea. Horretarako, honako agiri hauek aurkezten ditu,

a) NANaren kopia, eta bizileku-txartela, atzerritara izanez gero.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, administrazio-egoitza 2017an, 2016an eta 2015ean duela egiaztatzen duena, edo, Euskadiko udalerriren batean erroldatuta ez badago, jaiotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana, Euskadin jaio dela egiaztatzen duena.

c) Indarrean dagoen euskal federazio lizentziaren fotokopia.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

f) Dagokion Euskal Federazioak emandako ziurtagiria, 2016an lortutako kirol emaitzak beka eskuratzeko eskubidea ematen diola eskatzaileari egiaztatzen duena.

g) Kirol-kurrikulua. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatuko dira (Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak) (VIII. eranskinaren arabera).

h) 2017rako kirol-planifikazioa, kirolariak eta teknikari arduradunak sinatua (VII. eranskinaren arabera).

i) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko erantzukizuneko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak (Medikuntza Lizentziatura eta elkargokide zenbakia) barne daudela (VI. eranskinaren arabera).

j) Kirola egiteko gai dela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiri ofiziala (Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak emanda), beka eskatzen denetik lau urtetik gorako ziurtagiria ez bada.

k) Kirol egokituko kirolariek desgaitasun maila egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute.

l) Kirolaria adin txikikoa bada, dagokion baimena, aitak, amak edo tutoreak sinatua (IV. eranskinaren arabera).

m) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirolaria dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.

_________________-(e)n, 2017ko ___________aren _______(e)(a)n.

Sin.: Kirolaria ______________________________________

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
«BASQUE TEAM 2017 BEKA» ESKATZEKO EREDUA.
(TEKNIKARIAK)

Izen-abizenak:

NAN:

Helbidea:

Telefonoak:

E-maila:

Kirol-modalitatea:

Kirolarien zerrenda:

ADIERAZTEN DU:

Basque Team 2017 bekak emateko oinarriek eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituela, 2017. urterako Basque Team Fundazioak EHAAn argitaratu dituenak eta beraz,

ESKATZEN DU:

Basque Team Fundazioak goi-mailako euskal kirola sustatzeko «Basque Team 2017» Beka ematea. Horretarako, honako agiri hauek aurkezten ditu:

a) NANen edo pasaportearen kopia.

b) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

c) Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

d) Ikasketa-tituluen kopia soila, oinarri hauen 6. artikuluaren 3.b) idatzi-zatian adierazi bezala.

e) Zinpeko deklarazioa, oinarrizko beka jasoko duen kirolariak sinatua. Bertan adierazi behar du teknikari eskatzailea dela kirolariaren kirol-prestakuntzaren arduradun nagusia (V. eranskinaren arabera).

f) Euskal Autonomi Erkidegoan goi-mailako teknikaria dela egiaztatzen duen fotokopia.

_________________-(e)n, 2017ko ___________aren _______(e)(a)n.

Sin.: Teknikaria ______________________________________

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala