Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2017ko otsailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
645

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko uztailaren 7ko bilkuran hartua, Hondarribiko Udalari buruzko 2014ko fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2016ko uztailaren 7an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

Hondarribiko Udalari buruzko 2014ko fiskalizazio txostena behin betiko onestea. Erabaki honen eranskin modura ageri da.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 7a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
HONDARRIBIKO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2014

Laburdurak:

1/2013 FA: 1/2013 Foru Araua, otsailaren 8koa, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.

21/2003 FA: 21/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeen aurrekontuei buruzkoa.

817/2009 ED: 817/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa, 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, garatzen duena, Zerbitzu Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

AO: Administrazio Orokorra.

APEAJL: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Bateratuaren Araubide Orokorrari buruzkoa.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

BGAE: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea.

BPG: Barne Produktu Gordina.

DBLO: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzkoa.

DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.

EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

EIOZ: Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zerga.

EPOE: 7/2007 Legea, apirilaren 12koa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua.

GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia

GL: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.

HEA: Hirigintzako Esku-hartze Area.

HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.

HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

JU: Jardun Unitatea.

KES: Nazio eta Lurraldeko Kontuen Europako Sistema.

LE: 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 24koa, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duena.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

OHZ: Ondasun higiezinen gaineko zerga.

PGN: Publikotasunik gabeko negoziatua.

SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

TE: Toki Erakundeak.

TMIZ: Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga.

UFFF: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

Visesa: Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA.

XG: Xedapen Gehigarria.

I.– Sarrera.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Hondarribiko Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako Hondarribiko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 1994ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren, Hondarribia Lantzen, SA udal sozietatearen eta Arma Plaza fundazioaren egoeraren balantzeak, galera-irabazien kontuak eta memoriak; baita Udalaren aurrekontuaren likidazioa ere. Aipatutako kontabilitate-egoerak kanpoko enpresa batek auditatu ditu; gure lana, berriz, auditoretzako txostenak aztertzea izan da eta horretarako, auditoreen lan paperetan euskarrituak daudela egiaztatu dugu eta beharrezko iritzitako proba osagarriak edo auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Hondarribiko udalerriak 16.894 biztanle ditu 2014ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren arabera; bertako egituran Udalaz gain, Hondarribia Lantzen, SA sozietate publikoa barne hartzen du, udalaren partaidetza % 100ekoa duena, zeinaren helburua etxebizitzetarako, industriarako eta zerbitzu mota orotarako lurzorua sustatu, antolatu, urbanizatu, erosi eta saltzea ez ezik, etxebizitzak, industria eraikinak, zerbitzuak eta elkarteko zuzkidurak sustatu, proiektatu, eraiki, erosi, saldu edo beste molde batzuekin lagatzea den, Hondarribiaren eta bertako biztanleen mesedetan. Gainera, Udala «Hondarribiko kultura ondarea zaintze eta hedatzerako Arma Plazaren» patroia da, Hondarribiko kultura-ondarea zaindu eta hedatzeko, aurrerantzean Arma Plaza Fundazioa, zeinaren helburua Hondarribiko monumentu-, natura-, kultura- eta paisaia-ondarea zaindu, zaharberritu eta hedatzearekin lotua dagoen.

Gainera, ondoko udalaz gaindiko entitate hauen atal da: Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa (turismoa, kultura, gizarte zerbitzuak eta garapen ekonomikoa) eta Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitatea (uraren ziklo osoaren kudeaketa, hiri hondakinen bilketa eta garraioa eta bide garbiketa).

Merkataritza esparruko merkataritza-sozietateei dagokienez, % 20ko partaidetza du Bidasoako Garapenerako Ajentzia, SA sozietate publikoan (tokiko ekonomiaren babesa eta sustapena eta enplegu sorrera), zeinaren akzio-gehiengoduna Irungo Udala den.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Kontratazioa.

1.– Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra mamitzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa 2005ean esleitu zuen 420.000 euroren zenbatekoan. 2008an, kontratua aldatu egin zen eta zenbatekoa 195.000 euroan gehitu zen; 2016an, berriz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin loturiko lanen kontzeptuko gastuak onartu dira, ez jatorrizko kontratuan, ez aldatutakoan jaso gabe zeudenak, 125.000 euroren zenbatekodunak. Honenbestez, hasiera batean esleitutako zenbatekoarekiko % 76 igo da kontratua, bai xedea bai bolumen ekonomikoa desitxuratzen duena.

2.– Udalak 2010. urtean kontratu bat esleitu zuen (4. espedientea) hiru urtetarako, beste hirutara luzatzeko aukera ematen zuena eta gerora, hirugarren urtekorako esleitutakoa baino prezio txikiagoa ezarriko zela adostu zen (urteko 135.000 euroren gainean % 5,2ko murrizketa). Kontratistak aldaketa hori egitea onartu zuen baldin eta zerbitzurako izendatutako langile kopurua lizitazioan buru egin zuten klausula-agirietan agindutako gutxienekoaren azpitik murriztuko bazen. Gerora, aurreikusitako hiru luzapenak baldintza hauetan beretan gauzatu dira, klausula-agirietako aginduak urratzen dituztenak, SPKLren 99. artikuluan agindutakoaren aurka.

3.– Udalak lau zerbitzu luzatu ditu, ekitaldian 1,5 milioi euroren gastua egikaritu dutenak, ezargarria den arautegian aurreikusitako gehienezko iraupen-epeak gaindituz. Zegozkion lizitazioak deitu behar ziratekeen kasu bakoitzean ezargarria den arautegiak aurreikusitako izapidearen arabera.

4.– Kirol instalakuntzak kudeatzeko kontratu batean aurreikusitako luzapenak izapidetzean (10. espedientea) emakidadunari ordaintzeko pleguetan aurreikusi gabeko konpentsazio eta ordainsariak gehitu ziren, zerbitzuaren baldintza ekonomikoak sustraitik aldarazten zituztenak. Baldintza berri hauen arabera, 2014an Hondarribia Lantzen, SAk esleipendunari 139.708 euro ordaindu zizkion 2013ko ekitaldian gauzatutako instalakuntzen kudeaketaren ordainetan.

5.– 2014ko ekitaldian lizitazio berriaren kontratua indarrean sartu zen, aipatutako zerbitzua kudeatzeko deitutakoa (11. espedientea); kontratu honek ez zuen inongo gastu edo konpentsazioren ordainketarik aurreikusten eta kontratua galdu-gordean jarduteko printzipioari meneratzea aurreikusten zuen. Alabaina, sozietatearen administrazio-kontseiluak 2015eko maiatzaren 21ean egindako bilkuran esleipendunari 47.494 euro ordaintzea erabaki zuen, 2014an egindako instalakuntzen kudeaketa zuzenagatik; horrek kontratuaren baldintza ekonomikoak funtsetik aldatzen ditu. Esleipendunak, bestalde, kontratuaren baldintzak urratu zituen, ez baitzituen lizitazioan buru egin zuten klausula-agirietan agindutako hiruhileko ordainketak gauzatu eta urteko kanona osorik, 250.000 eurorena, 2014ko ekitaldi itxieran kobratzeko saldo modura ageri baitzen.

Epaitegi honen iritzira, Hondarribiko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 5era bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Udalak ez du oroitidazkian jasotzen Udalaren Kontuetan eragina izan zezakeen kontingentzia bat, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 2. Epaitegiaren aurrean jarritako erreklamazio batetik eratorritakoa, zeinaren ebazpena, 2015eko azaroaren 10eko epai bidez Udalaren aldeko izan bazen ere, apelazio bidez errekurritu den.

Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena alde batera, Hondarribiko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen Kontuek alderdi esanguratsu guztietan, 2014ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

Jasotako fidantza eta bermeen kontuak saldo oso zaharrak barne hartzen ditu (batzu-batzuk 1959koak dira), eratu zirenetik igarotako aldia aintzat hartuta nekez eskagarri direnak. Itzulketak kontratistak eskatuta soilik egiten dira. 2014ko ekitaldian 71.390 euroan esleitutako kontratu batean (8. espedientea), behin berme-epea iraungia zela, ez zen fidantza itzuli.

Komenigarria litzateke Jasotako fidantza eta gordailuen idazpuruan erregistraturiko saldoen eskagarritasun maila aztertzea eta, kasua denean, horiek itzuli edo zuzentzea emaitzetan jasoaz.

Udalak web orrian argitaratzen ditu udal aurrekontuak. Komenigarria litzateke, gainera, Likidazioa eta Kontu orokorra argitara ematea.

III.2.– Langileria.

– Ez dago jasota Hondarribiko Udalak GAOn osorik argitaratu dituenik dedikazio esklusiboa eta partziala duten kargudunen ordainsariei buruzko udalbatzaren erabakiak, ez eta kalte-ordain eta bilkuretara joan izanari buruzkoak ere, TAOALen 75.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

– 2014ko ekitaldian zehar Udalak langileen aldi baterako 92 kontratazio egin zituen. Orokorrean, izangaiak hautatzeko iraungitako lan-poltsak baliatu ziren, baita, inoiz, bete asmo ziren lanpostuez bestelakoetarako sortutako lan-poltsak ere. Lan-poltsak gaurkotzea komeniko litzateke, igarotako denbora aintzat hartuta.

– Irailaren 18ko 1174/1987 EDren 18.1 artikuluak, nazio mailan jarduteko gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duenak, agintzen du Idazkaritza lehenengo mailan sailkatua duten Udalbatzetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egongo dela. 2014ko ekitaldi itxieran indarrean zegoen Hondarribiko Udalaren LPZak ez zuen lanpostu hori jasotzen.

– Udalaren LPZ ez da plantillaren egiturazko beharrizanetara egokitzen tokian tokiko poliziei, aparkalekuko begiraleei, gizarte-langileei eta udal euskaltegiko langileei dagokienez eta behar horiek aldi baterako kontratazio bidez betetzen dira.

Udalaren plantillako egiturazko beharren azterketa bat egin behar litzateke, legezko mugaketek bide ematen dutenean Lanpostu Zerrenda horietara egokitzearren.

III.3.– Emandako transferentzia eta diru-laguntzak.

– Udalak ez ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu banakako kopurua 3.000 eurotik gorakoa duten diru-laguntzen emakida-ebazpenen laburpena, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 18. artikuluak agintzen duen moduan.

– Garapen bidean dauden herrialdeekiko kooperazio programak finantzatzeko laguntzen deialdiari dagokionez, zeinaren bidez 2014ko ekitaldian 118.481 euroren laguntzak eman ziren, oinarri arauetan jasotako balorazio irizpideek diskrezionalitate marjina uzten zuten emakida egiteko unean. Halaber, ez ziren onuradunei zenbatekoak eta/edo ehunekoak esleitzeko baliabideak finkatzen eta funtsak banatu eta banakako laguntzak emateko moldea emakida unean erabakitzen zen. 11.848 euroren laguntza jaso zuen onuradunetako bat ez zuen nahitaezko egiaztagiria aurkeztu horretarako epea aspaldi igaroa zela; Udalak, baina, ez zuen laguntza itzultzeko prozedurarik abiarazi.

– Gobernuz Kanpoko Erakunde bati eta kirol erakunde bati emandako bi diru-laguntzatan, 6.000 eta 12.000 eurorenak hurrenez hurren, ez dago eskatutako baldintzak betetzen zirelako agiri egiaztagarririk, ez eta diru-laguntza emateko ekintzan aurreikusitako helburuak lortu zituenik (DLOren 30. artikulua).

III.4.– Kontratazioa.

Kontratugilearen profila.

– Ez Hondarribia Lantzen, SAk ez Arma Plaza Fundazioak ere, ez dute Internet bitartez kontratugilearen profila argitara ematen, SPKLTBren 53. artikuluak agintzen duten moduan.

– GHKren kontratugilearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik.

– 2014ko ekitaldian SPKLTBren 334 artikulua urratu zen, zeinak kasu guztietan lehiaketen deialdia eta horren emaitzak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman argitaratzera derrigortzen duen, dela kontratazio atalen bidez, dela administrazio eta erakunde publikoetako informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko konexio bidez.

Kontratazio espedienteak.

Fiskalizazio-gai izan dugun ekitaldian indarrean zeuden 13 kontratu aztertzean, horietako 9 Udalak berak esleitutakoak, bi Hondarribia Lantzenek eta bi Arma Plaza Fundazioak, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Guztira 4,4 milioi euroan esleitutako bi obra kontratutan (1 eta 3 espedienteak), eskaintzak balioztatzeko irizpide modura langabetuak kontratatzea barne hartu zen, kontratuaren xedearekin zuzenean loturarik ez duen ezaugarria, zeina aldi berean kontratua betetzeko baldintza berezi modura baliatu zen. Beste kontratu batean (5 zk. espedientea), aleko prezioetan esleitutakoan, kontratuaren xedearekin zuzenean zerikusirik ez zuten irizpideak baliatu ziren eskaintzak balioztatzeko (SPKLTBren 150.1 artikulua).

– 4,9 milioi euroan esleitutako 4 kontraturen pleguek eta aleko prezioetan esleitutako beste batenek (1, 2, 3, 5 eta 7 espedienteak) kontratua aldatzeko aukera aurreikusten zuten, hori zein baldintzatan egin zitekeen argi, zehatz eta zalantzarik gabe zehazten ez zutela; ez eta, adostu zitezkeen aldaketen zabala eta mugak, ezta horretarako baliatu beharko zatekeen prozedura ere (SPKLTBren 106. artikulua).

– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua berekin ondorioz zekarten hiru kontraturen kasuan (5, 7 eta 8 espedienteak), SPKLTBren hogeita seigarren XGn erabakitakoa hartu behar zatekeen aintzat, DBLOren 12.2 artikuluaren aurreikuspenei buruzkoa.

– 3,3 milioi euroan esleitutako kontratu batean (1. espedientea), Kontratazio mahaiaren osaera ez zitzaion SPKLTBren 2.10 artikuluan jasotakoari egokitzen, udal artekaria ez baitzen bertaratu.

– 1,1 milioi euroan esleitutako obra kontratu batean (3. espedientea) balio judizio baten baitako zen haztapenaren irizpideei zegokien dokumentazioa besarkatzen zuten gutun-azalen irekiera lau hilabetez baino gehiago atzeratu zen 817/2009 EDren 27. artikuluak agintzen duen 7 eguneko epearekiko. Horren ondorioz esleipena ere atzerapenez egin zen SPKLTBren 161.2 artikuluan aurreikusitako gehienezko epearekiko.

– Bi kontratutan (2 eta 6 espedienteak), guztira 826.404 euroan esleitutakoetan, berandutzak izan dira kontratua betetzean eta ez da epe luzaketarik batere bideratu.

Administrazio kontrataziorik gabeko gastua.

– Udalak 3 zerbitzu eta hornidura kontratu batean, guztira 154.383 eurorenak, ez ditu gastuak exekutatzean prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko derrigorrezko espedienteak izapidetu.

– Gainera, 2014ko ekitaldian hainbat zerbitzu kontratatu dira 144.850 euroren zenbatekoan, elkarren artean nahikoa homogeneotasun dutenak kontratazio ondorioetarako kontratu txikiaren prozeduraz besteko aukerak baliatzeko.

III.5.– Beste batzuk.

Hondarribia Blues Festival.

– Hondarribia Blues Festivalaren zuzendaritza teknikorako pertsona fisiko batekin egindako kontratuaren xedeak administrazioko zuzenbideari meneraturik gauzatu behar diren jarduerak barne hartzen zituen, hala nola, hornitzaile eta langileen kontratazioa edota kontzertuak eman ahal izateko beharrezko ziren gailuen alokairua. Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Bateratuaren Araubide Orokorrari buruzko Legearen 15.5 artikuluaren arabera, egiteko horiek ezin zaizkie zuzenbide pribatuari meneratutako pertsonei agindu.

– Jaialdiaren kudeaketa ekonomikoaren gainean Udalak duen kontrol ezak, udal Artekaritzak jaulkitako txostenetan agerikoa denak, jaialdiaren antolaketarekin lotutako sarrera eta gastu guztiak udal kontabilitatean modu egokian erregistratu direlako ziurtasunik ez izatea eragiten du.

Arma Plaza Fundazioa.

– Arma Plaza Fundazioak 79.128 euroan esleitutako bi zerbitzu-kontraturi dagozkien espedienteak egiturazko beharrizanen ondorio dira. Komenigarria litzateke horiek zuzenean kudeatzeko aukera aztertzea.

IV.– Finantza analisia.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: % 6 egin dute gora aztertutako aldian. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:

– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: Diru-sarrera hauek 2013an eta 2014an, hurrenez hurren, % 3 eta % 5 egin gora aurreko ekitaldiekiko. EIOZ kontzeptuan aitortutako sarreren fluktuazioaren eragina kentzen badugu, aztertutako aldian igoera % 9ko baino handiagoa izan da. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:

* Zerga zuzenak: aztertutako aldian, aitortutako diru-sarrerek % 7 egin dute gora, nahiz zerga ezberdinetan oso bilakaera ezberdina izan duten. JEZ eta HILBIZ kontzeptuko sarrerek % 25 baino gehiago egin dute behera, OHZk izan duen igoerarekin berdindu direnak (% 15, aztergai-aldian). Aipatutako zergari dagokionez, aipatzekoa da 2013 eta 2014ko ekitaldietan, hurrenez hurren, % 2,5 eta % 1,9ko igoerak izan zirela karga-tipoan; gainera, horiei gehitu behar zaie 2013ko ekitaldian hutsik dagoen etxebizitzagatiko gainkargu bat ezarri izana.

* Tasak eta bestelako sarrerak diru-sarrerek % 16 egin dute gora aztertutako aldian; azpimarratzekoa da ibilgailuen aparkamenduagatiko sarrerek izan duten igoera, 2013ko ekitaldian % 100 handiagoa izan dena; honi gehitzen badiogu 2014ko ekitaldian izandako igoera apalxeagoa, sarrera hauen bariazioa guztira % 142ra ekarri du. Honi dagokionez, aipatzekoa da Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2013ko maiatzaren 28ko Ebazpen bitartez Eusko Jaurlaritzak Udalari baimena eman ziola Hondarribiko portuan jabetza publikoa okupatzeko, aparkalekua kudeatu eta ustia zezan.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak Diru-sarrera hauek % 7ko igoera izan dute aztertutako aldian. UFFFetik eratorritako zerga itunduen kontzeptuan aitortutako sarrerek ehuneko handixeagoan egin dute gora (% 8); ordea, igoera hori GFAren gainerako diru-laguntzek izan duten beherakadak berdindu du.

Funtzionamendu gastuak: Aztertutako aldian diru-sarrera arruntek baino gehiago egin dute gora (% 9). Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:

– Langile gastuak: Aztertutako aldian % 2,6 inguruko urteko igoerak izan dira. 2014ko ekitaldian izandako igoerari dagokionez, gogoan izan behar da aurreko ekitaldian ez zela erretiroko kontingentzien estaldurarako Elkarkidetzara ekarpenik egiten.

– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: Aurrekontuko kapitulu honetan gastua % 17 hazi da aztertutako aldian eta igoera esanguratsuena 2013ko ekitaldian gertatu da, Udalak urte horretatik aurrera blues jaialdiaren antolakuntzari lotutako gastuak bere gain hartu izanaren ondorioz. 2014ko ekitaldian berriz igo zen gastua, apalago oraingoan, zeinetan aparteko eragina duten eskailera mekaniko batzuen aparteko mantentze-lanek eragindako gastuek (6. espedientea).

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak 2013ko ekitaldian gastua nabarmen murriztuko da eta hurrengo ekitaldian berriz etorriko da bere onera, 2012ko maila bertsuetara.

Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: Aurrezki garbia eta aurrezki gordina ia bat datoz guztiz, ez baitago zorpetzerik. Bi magnitudeek saldo positiboa dute aztertutako aldiko hiru ekitaldietan, 2014ko ekitaldian sarrera arrunten gainean % 28 eginez.

Kapital eragiketen emaitza: Nahiz magnitude honek saldo negatiboa erakusten duen aztertutako aldi osoan zehar, nabarmen hobetuko da inbertsio errealen gastuak behera egin izanaren ondorioz. Horregatik, 2013ko ekitalditik aurrera aurrezki garbi positiboak berdindu egingo du aipatutako defizita.

Eragiketa ez finantzarioen emaitza: Negatiboa da aztertutako lehenengo ekitaldian, baina aurrez aipatu bezala inbertsio errealek behera egiteak nabarmen hobetuko du hurrengo ekitaldietan.

Diruzaintza geldikina: 2014ko ekitaldian % 7,4ko igoera izan du, inbertsio errealek behera egin izanaren ondorioz.

Zorpetzea: Udalak ez du inongo zorpetze eragiketarik abian.

Ondorioa: Udalaren kontuek azken ekitaldietan eta nagusiki 2014an erakutsi duten aurrezki garbi positiboak urteko inbertsio kopuru handiagoa izateko bide emango lioke. Horrek guztiak Udala kaudimen ekonomikoko egoeran jartzen du, ohiko funtzionamendurako behar hainbateko baliabideekin eta zorpetu beharrik izan gabe, etorkizuneko inbertsioei berezko baliabideekin aurre egiteko.

Aurrekontuaren egonkortasuna: 1/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraiki, Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena egin du aurrekontuaren egonkortasun printzipioa eta gastuaren araua betetzen dela adieraziaz. Ez dagokio, kasu honetan, zor publikoaren helburua betetzeari buruzko informaziorik ematea, Udalak ez baitu zorrik. 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Likidazioari buruzko txostenean KESeko arauen arabera, honakoa egiaztatu dugu:

– Aurrekontuaren egonkortasun helburua bete dela, ekitaldian 7,1 milioi euroren superabit doitua eskuratu baita.

– Gastuaren araua bete dela, izan ere, gastu zenbagarriaren bariazioak 2013ko ekitaldiarekiko ez zuen espainiar ekonomiaren batez besteko epeko BPGren hazkuntzaren erreferentziazko tasa gainditu (% 1,5).

Hondarribia Lantzen, SAri dagokionez, 2014ko ekitaldian finantza-desoreka egoeran zegoen, azaroaren 2ko 1463/2007 EDren 24. artikuluan jasotakoaren arabera, abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapen araudia onesten duena, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzkoa, toki erakundeei dagokienez. TAOALen 9. xedapen gehigarriaren arabera, desegitea legokioke. Alabaina, 2015eko urriaren 29an Udalbatzak egindako bilkuran eta aldez aurretik GFAren adostasunez, neurri hori geroratzeko erabakia hartu zuen, 1/2013 FAren 9.5 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

V.– Urteko Kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

V.2.– Hondarribia Lantzen, S.A. Sozietate Publikoa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

V.3.– Arma Plaza Fundazioa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala