Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2017ko otsailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
619

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Bizkaiko campuseko Batzarraren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duena.

AURREKARIAK

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzearen ondorioz (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 3ko Agindu bidez argitaratua), Bizkaiko campuseko ikastegien izena, osaera eta kopurua nabarmen aldatu dira. Hori dela eta, Bizkaiko campuseko Batzarraren arautegia aldatu eta egoera berrira egokitu beharra izan da.

Eraldaketa honen helburua da Campuseko Batzarraren arautegia ikastegiak berrantolatzeak sortutako errealitate berrira egokitzea. Bizkaiko campuseko batzarraren arautegiak, oraindik ere indarrean denak, aurreikusten du 13 ikastegi eta lurralde atal bat izango dituela. Hala ere, ikastegien berrantolamenduaren egoera berriaren ondorioz, 8 ikastegi daude, egoitza beste campus batean daukaten ikastegiko atal bat eta Bizkaian kokatutako ikastegiko atal bat dago. Honako hauek dira: Bilboko Ingeniaritza Eskola (atalik gabe), Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola (atalik gabe), Arte Ederren Fakultatea (atalik gabe), Zientzia eta Teknologia Fakultatea (atalik gabe), Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea (atalik gabe), Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (egoitza Sarrikon eta atala Elkanon), Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea (atalik gabe Bizkaian), Lan Harremanen eta Gizarte Langintzaren Fakultatea (atalik gabe Bizkaian), Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko atala.

UPV/EHUren estatutuak otsailaren 15eko 17/2011 dekretuak onetsi zituen (2011ko otsailaren 24ko 38. EHAA) eta bere 10. artikuluan jasota dago UPV/EHUren egituraren osagai direla, besteak beste, unibertsitateko campusak. Bestalde, 11. artikuluaren arabera, campuseko batzarrak UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritzarako organoak dira. 194. artikuluaren arabera, campuseko batzarra campus bakoitzaren gobernu eta ordezkaritza organoa da, kide anitzekoa.

UPV/EHUren estatutuetako 194.2.c) artikuluarekin bat etorrita, campuseko batzarraren eskumena da bere arautegiaren behin betikoz onestea, legetasun-txostena aurretik dela. Emaniko legetasun-txostenarekin bat etorrita, Bizkaiko campuseko batzarrak 2016.eko azaroaren 10ean egindako bilerak Bizkaiko campuseko batzarraren arautegia onartu zuen behin betikoz.

Azkenik, UPV/EHUren estatutuetako 187.1 artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratuko direla; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal unibertsitate sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Horregatik guztiagatik, hau

Ebazten DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Bizkaiko campuseko batzarraren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.– Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2017ko urtarrilaren 18a.

Idazkari nagusia,

MIKEL GARMENDIA MUJIKA.

ERANSKINA
BIZKAIKO CAMPUSEKO BATZARRAREN ARAUTEGIA
LEHENENGO TITULUA
BIZKAIKO UNIBERTSITATE CAMPUSA

1. artikulua.– Unibertsitatearen egitura eta campus anitzeko antolaketa.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatea hainbat campusetan dago antolatuta. UPV/EHU modu deszentralizatuan dago antolatuta eta eginkizunak ere banatuta dauzka. Bestalde, aurrera eramango dituen zereginetara egokituko du bere egitura eta etengabe eguneratuko da.

2.– Unibertsitateak campusak biltzen ditu bere egituran.

2. artikulua.– Bizkaiko campusa eta bere xedea.

1.– Bizkaiko campuseko kideak dira Bizkaiko campusari lotutako ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

2.– Bizkaiko unibertsitate campusa arautegi honen I. eranskinean jasotzen diren egiturek osatzen dute.

3.– Honako hauek dira Bizkaiko unibertsitate campusaren xedeak:

a) Ikastegien, sailen, unibertsitateko ikerketa institutuen eta campusa osatzen duten gainerako unitateen arteko harremanak bultzatuko ditu, guztien interesekoak diren esparruetan.

b) UPV/EHUren eta inguruko erakunde publiko eta pribatuen arteko ohiko harremanak bultzatu eta gauzatuko ditu.

3. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Bizkaiko campusak, zereginak aurrera eramatean, honako printzipio hauek hartuko ditu aintzat: legezkotasuna, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna, kalitatea eta ahalik eta zerbitzurik onena ematea gizarteari eta campusa osatzen duten kideei.

2.– UPV/EHUren politika eta plangintza estrategiko orokorraren barruan eramango ditu aurrera bere eginkizunak. Unibertsitateko organo orokorrekin koordinatuta egingo du lan, eta bat etorrita gobernu kontseiluak onartutako jarraibide orokorrekin, unibertsitate osoari eragiten dioten arautegiekin, programa orokorrekin eta zeharkako sistemekin.

3.– Unibertsitateko kide guztien parte hartzea bermatu eta bultzatuko du.

4.– Bizkaiko campusak emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, Bizkaiko campusak aintzat eta printzipio gisa hartuko ditu aukera berdintasuna, aniztasun eta diferentziekiko errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

5.– Bizkaiko campusak bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta campuseko gainerako kideei. Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio-mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean. Ahaleginak egingo ditu, irisgarritasunari dagokionean, campuseko unibertsitate ingurunea behar bezala egokitzeko, legeriak xedatutakoari jarraikiz.

4. artikulua.– Bizkaiko unibertsitate campusaren eskumenak.

1.– UPV/EHUren Estatutuen arabera, hauek dira Bizkaiko unibertsitate campusaren eskumenak:

a) Bere baliabideen kargurako programa eta neurriak hartzea, arloan eragina duten printzipio orokorrekin kontraesanean baldin ez badaude.

b) Programa eta neurri orokorrak egokitu, garatu eta gauzatzea.

c) Campuseko giza baliabideak kudeatzea, unibertsitateko beste organoen lankidetzan.

d) Bere eremuan campuseko kide guztiek erabiltzeko diren baliabide eta azpiegiturak eta irakaskuntzan eta ikerketan erabiltzekoak direnak kudeatzea.

e) Erakundeen arteko harremanak bultzatu eta garatzea, bai eta unibertsitate eta kultura hedakuntza ere.

f) Bere eremuaren barruan, unibertsitateko irakats eskaintza koordinatzea eta ikerkuntza sustatzea.

g) Bere eremuaren barruan, ondarearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzen laguntzea eta ikerkuntza sustatzea.

h) Bere eremuaren barruan, UPV/EHUren plangintza estrategikoa eta hizkuntza plangintza garatu eta urtero gauzatzea.

i) Campusaren urteroko memoria egitea.

j) Izaera zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoa duten jardueren sustatzea.

k) Bestalde, unibertsitateko egituretan eragina izan dezaketen ekimenak zehaztu eta bultzatu ahal izango ditu, betiere, beren eskumenen eta beste instantzia batzuen eskumenen babesean.

2.– Bere eskumenen babesean, Bizkaiko unibertsitate campusak bere eginkizunak beteko ditu, besteak beste, arlo hauetan:

a) Ikasleentzako arreta.

b) Euskara eta eleaniztasuna.

c) Langileak eta zerbitzuak.

d) Unibertsitate hedakuntza eta beste erakunde batzuekiko harremanak.

e) Gizarte erantzukizuna.

f) Irakaskuntza jarduera.

g) Ikerkuntza, jakintzaren transferentzia eta zientziaren eta teknologiaren garapena.

3.– Gobernu kontseiluak zehaztuko du artikulu honetako lehenengo atalean adierazitako jarduera arlo bakoitzerako Gipuzkoako campusak izango duen ahalmena, campus anitzeko eredua garatzeko ezar daitezkeen beste arau, antolaketa neurri eta aurrekontuei kalterik egiteke.

4.– Aipatutakoez gain, beste eskumen hauek ere baditu, unibertsitateko beste organo batzuekin partekatuta:

a) Unibertsitate campusen barruan osasuna zaintzeko eta arriskuei aurrea hartzeko babesa eskaintzea ikasleei.

b) Unibertsitatearen berezko tituluak edo diplomak eskuratzera zuzenduko ez diren espezializazio programak eta etengabeko prestakuntza edo bizitza osokoak antolatzea.

5.– Halaber, gobernu kontseiluak eskuordetuko lizkiokeen eskumen guztiak ere gauzatuko ditu. Bizkaiko campuseko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoek konpromisoa dute klaustroari eta gobernu kontseiluari eskumenak eurei transferitzea eta eskuordetzea eskatzeko, eta horren alde lan egiteko. Eskumenok bertako giza baliabideen eta ondarearen bitartez gauzatuko dituzte, goian aipatutako printzipio, helburu eta eskumenak betetzeko.

5. artikulua.– Campuseko aurrekontu zuzkiduraz.

UPV/EHUren estatutuetako 125. artikuluarekin bat, Bizkaiko campusak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean aurrekontu-partida berezituak izango ditu, autonomiaz gestionatuko dituenak.

UPV/EHUk esleituko dizkion diru sarrerez gain, Bizkaiko campuseko aurrekontua honako hauek osatuko dute:

a) Burutzen dituen zereginei legozkiekeen etekin garbiak.

b) Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Modu agerian eta beren beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, emandako baldintza berberetan.

d) Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

6. artikulua.– Gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoez.

1.– Campuseko Batzarra, campuseko errektoreordea, campuseko idazkaria, campuseko gerenteordea eta campuseko zuzendariak dira Bizkaiko campuseko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak, bai eta, kasuan kasu, UPV/EHUren gobernu kontseiluak sortu eta Bizkaiko campusari atxiki litzaizkiokeen gainerakoak ere.

2.– Gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen eskudunak eta eginkizunak UPV/EHUren estatutuetan, honako arautegi honetan eta, hala balegokio, kasuan kasuko sortze erabaki edo arauan xedaturikoei lotuko zaizkio.

BIGARREN TITULUA
BIZKAIKO CAMPUSEKO BATZARRA

7. artikulua.– Izaera.

Bizkaiko campuseko batzarra kide anitzeko organoa da, Bizkaiko campusaren gobernu eta ordezkaritzarako.

8. artikulua.– Osaera.

1.– Campuseko batzarra berezko kideek eta kide hautatuek osatzen dute.

2.– Hauek dira batzarreko berezko kideak:

a) Campuseko errektoreordea, batzarreko buru izango dena.

b) Campuseko gerenteordea.

c) Campuseko idazkaria.

d) Campuseko errektoreordetzaren zuzendaritza taldeko zuzendari bat, campuseko errektoreordeak izendatuta.

e) Bizkaiko campusean kokatutako ikastegietako dekano eta zuzendariak.

f) Egoitza beste campusetan duten ikastegien ataletako koordinatzaileak.

3.– Hauek dira batzarreko kide hautatuak:

a) Pertsonal irakasle eta ikertzailearen zortzi ordezkari.

b) Campuseko ikastegietako eta egoitza beste campusetan duten ikastegien ataletako ikasleen bana ordezkari.

c) Campusari dagokion administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren hiru ordezkari.

d) Campuseko sail eta sail ataletako zuzendarien lau ordezkari.

e) Campusean eratu diren eta egoitza bertan duten ikerketa-institutuetako ordezkari bat.

4.– Campuseko batzarra osatzean ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen. Arautegi honetako 9. artikuluan araututako prozedurei jarraikiz, Bizkaiko campuseko batzarra osatuko duten kideen hautaketara aurkeztuko diren talde zerrendek emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko dute txandakako ordenaz, salbu eta honelakorik ezinezko denean, beti ere, zio funtsezko eta objektiboez behar bezala arrazoituta.

5.– Arautegi honen ondorioetarako, honako hauek dira campuseko batzarraren barruan kidegotzat hartzen direnak: ikastegietako dekano eta zuzendariak eta ikastegi ataletako koordinatzaileak, campuseko sailetako eta sail ataletako zuzendariak (bertan ikerketa institutuetako ordezkariak ere sartuko dira), irakasleak, ikasleak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

9. artikulua.– Campuseko batzarreko kideen hautaketa.

1.– Campuseko batzarreko kideak hautatzeko erregimena arautegi honetan ezarritakoari lotuko zaio, hauteskunde hauei dagozkien eta campuseko batzarraren barne antolakuntzari aplikatu beharreko berezko ezaugarriak nola hauteskundeei buruzko arautegi orokorraren xedapenei egindako aipuak bertan baitaude, edozelan ere, osagarria izango delarik.

2.– Berezkoak ez diren campuseko batzarreko kideak hautatzeko prozedura honako hau izango da:

a) Irakasleen ordezkarien hautatzea Bizkaiko campusean egoitza duten ikastegietako batzarrei eta, egoitza beste campusetan duten ikastegien ataleko batzarrei dagokie eta bertako kideen artean izendatuko dituzte, ikastegi edo ataleko batzarrak berritu ondoren. Campuseko batzarrean bermatu beharko da, campuseko ikastegi eta, egoitza beste campusetan duten ikastegi ataletako IRIren ordezkarien parte hartzea. Adskribaturiko IRIen kopuru txikiena duten bi ikastegiek, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak eta Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko atalak, ordezkaritza partekatuko dute, bi urtetako agintaldien elkarren segidako aldietan txandakatuta. Bi ikastegi hauetako IRIren ordezkariei dei egingo zaie batzarretara joateko, bertan parte hartuko ahal dutelarik ahoz; nahiz eta boto eskubidea ordezkaritza txanda indarrean lukeen ordezkariak beste inork izango ez duen.

b) Ikasleen ordezkarien hautatzea Bizkaiko campusean egoitza duten ikastegietako ikasleen kontseiluei eta, egoitza beste campusetan duten ikastegien ataletako ikasleen kontseiluei dagokie eta bertako kideen artean izendatuko.

Ikastegi bateko ikasleen kontseiluren batek edo egoitza beste campus batean daukan ikastegiko ataletako ikasleen kontseiluren batak campuseko batzarrerako ordezkaririk izendatu ez badu, campuseko idazkaritzak campuseko ikasleen kontseiluari galdegingo dio ordezkari hori izendatzeko. Honela gertatuta, campuseko ikasleen kontseiluak ordezkaritza horri dagokion ikastegi edo irakasguneko ikasleen kontseiluko kide direnen artean izendatu ahal izango du hautatu beharreko ordezkaria. Ikasleen kontseilurik ez balego, hautaketa ikastaroko ordezkarien artean egin liteke.

Ikasleen ordezkariek campuseko batzarrean izango duten agintaldia bi urtetakoa izango da eta ordezkotzeak Hauteskundeei buruzko arautegi orokorrean eta ikasleen arautegian xedaturikoari jarraikiz egingo dira.

c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak talde horrek aukeratuko ditu eta, oro har, klaustrorako ordezkariak hautatzen direnean aukeratuko dira. Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkariek lau urtetako agintaldia izango dute.

d) Campusekoak diren sail eta sail ataleko zuzendarien ordezkariak kidego horren barruan egindako hautaketaren bidez aukeratuko dira. Campuseko batzarrak sail eta sail ataletako zuzendarien ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak deitu ondoren, hautagaitza kolektiboak, itxiak eta ordenatuak aurkezteko epea irekiko da, zerrenda hauen barruan, gutxien dela, lau ordezkari izanik. Hautesle eta hautagarri izango dira, campusari dagozkion sail edo sail ataletako zuzendariak. Botoen konputua hondar handienaren sistema proportzionalaren bidez egingo da, UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko arautegi orokorrarekin bat etorrita.

e) Campusean egoitza duten zuzendarien ordezkariak kidego honen barruan egindako hautaketaren bidez aukeratuko dira. Campuseko batzarrak campusean egoitza duten unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendarien ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak deitu ondoren, hautagaitza kolektiboak, itxiak eta ordenatuak aurkezteko epea irekiko da, zerrenda hauen barruan, gutxien dela, bi ordezkari izanik. Hautesle eta hautagarri izanen dira campusean eratu eta egoitza duten ikerkuntzarako unibertsitate institutuetako zuzendariak. Botoen konputua hondar handienaren sistema proportzionalaren bidez egingo da, UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko arautegi orokorrarekin bat etorrita.

10. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Batzarreko berezko kideak ordezkatu ahal dira bai legez horiek ordezkatu behar dituztenengatik bai eskumena eskuordetuta dutenengatik. Azken kasu horretan, eskumena campuseko zuzendaritza taldeko kide bati eskuordetu behar zaio, edota ikastegi zein ataleko zuzendaritza taldeko bati, saio guztietarako.

2.– Kide hautetsien kasuan, ordezkoak ere aldarrikatuko dira kidego bakoitzerako, jasotako boto kopuruen araberako ordenan. Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua.

3.– Taldeko ordezkari izatea norberaren ezaugarria da eta honako hauek dira galtzeko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskunde prozesua baliogabetzea.

c) Agintaldia iraungitzea.

d) Dimisioa ematea.

e) UPV/EHUko kide izateari uztea edo ordezkari izateko aukeratu zuen ikastegi, sail, institutu, batzar, egitura edo taldeko kide izateari uztea.

f) Elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako sei bileratara justifikazio gabe huts egitea, salbu eta ikasleen kasuan, beroriei UPV/EHUko ikasleen arautegiak kasu honetarako xedaturikoa aplikatuko zaielarik. Bilerara joatea ezinezko duenak saioa hasi baino lehenago jarri beharko du jakinaren gainean campuseko idazkaria, edozein bide erabilita horretarako. Bilerako aktan jasoko da bilerara joan ezin izan dutenen zerrenda.

4.– Hutsik geratzen diren lekuak eta uko egindakoak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Postu bat hutsik edo ukaturik geratuz gero, campuseko idazkariak, postua hutsik geratu dela egiaztatu ondoren, ordezkapena gauzatuko du, data hartatik aurrera eraginez. Ordezkorik ez badago, hauteskunde partzialak egingo dira postu hutsak betetzeko. Modu honetara hautatuak ordezko izango dira ordeztu behar dutenen agintaldia amaitu arte.

11. artikulua.– Eskumenak.

1.– Honako hauek dira campuseko batzarraren eskumenak eta eginkizunak, programatikoak, erabakiak hartzekoak eta, halakoetan, txostenak egitekoak direla:

a) Campuseko errektoreordeari bere zereginetan laguntzea.

b) Campusaren jardunaren ildo nagusiak, urteko memoria eta urteko eginkizunen plana onartzea; eta gobernu kontseiluari premien memoriaren, urte anitzerako programazioaren eta hizkuntza normalizaziorako eta eleaniztasunerako politikaren berri ematea.

c) Bere arautegia behin betiko onartzea, legezkotasun txostena egin ondoren.

d) Campuseko ikastegiekin, institutu edo unibertsitatearen egiturekin, titulazioekin eta zerbitzuekin zerikusi zuzena duten proposamenak eta txostenak bidaltzea unibertsitateko gobernu organo orokorretara, eta ikastetxe nagusiak eta unibertsitate egoitzak onetsi, campusari atxiki eta bertan txertatzeaz iritzia ematea.

e) Ikasketak koordinatzea, irakaskuntza eta ikerkuntza behar bezala buru daitezen zaintzea, eta campuseko kideen lan-baldintzak eta elkarbizitza hobetzen laguntzea, horretarako behar diren neurriak hartuz.

f) Campusari bakarrik eragiten dioten hitzarmenak sinatzeko baimena ematea, gobernu kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

g) UPV/EHUk campusean dauzkan ondasun eta higiezinak erabiltzeko moduari buruzko iritzia ematea.

h) Guztientzako eremuak erabiltzeko arauak ezartzea eta ikasgelak nahiz jardun akademikorako beste espazioak behar bezala aprobetxa daitezen bermatzea.

i) Bere zereginak hobeto betetzeko egoki deritzon batzordeak eratzea.

j) UPV/EHUren estatutuek edo hauek garatzeko arautegiek eman liezazkioketen gainerako eskumenak, edo unibertsitateko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

2.– Aipatutakoez gain, Bizkaiko campuseko batzarrak beste eskumen hauek ere baditu:

a) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, unibertsitate jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, bai eta gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, estatuko eta Euskal autonomia erkidegoko programen baitan.

b) Ikasketa-planak egin edo aztertzeko ikastegi eta sailekin elkarlanean aritzea, eta ikasketa berriak sortzearen edo ikasketa arautuak kentzearen berri ematea gobernu-kontseiluari.

c) Unibertsitatearen ikastetxe nagusiak eratzeko tramiteak egiten diren bitartean jakinaren gainean jartzea gobernu-kontseilua.

d) Unibertsitatera atxiki nahi duten ikastetxe nagusiak bultzatzen dituzten erakunde publiko edo pribatuekin egin beharreko hitzarmenak adostea, ikusita unibertsitateko kasuan kasuko zerbitzuen txostenak eta kontuan hartuta gobernu-kontseiluak onartutako oinarrizko arautegia.

e) Campuseko ikastegietako sarrera plazen kopurua mugatzeko urtero egiten den proposamenaren berri ematea gobernu kontseiluari.

f) Campuseko ikastegietako batzarrek onartutako memoriak eta eginkizunen planak izatea.

g) Ordezkariak hautatzeko arauak ematea.

h) Edozein gai bidaltzea gobernu kontseilura, eztabaidatu edo iritzia eman dezan.

HIRUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN FUNTZIONAMENDUA

12. artikulua.– Deialdi motak eta saioen maiztasuna.

1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Campuseko batzarrak urtean bi bilera ohiko egin beharko ditu eskola aldian zehar.

3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla eta hala egin behar denean, bai eta aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere.

4.– Presako bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 48 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da, bertaratuen gehiengo osoaz, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

13. artikulua.– Bilerarako deialdia.

1.– Campuseko batzarreko buruak egin behar ditu bileretarako deiak, berak hala erabakitzen duenean edo kideen % 25ek eskatzen duenean. Azken kasu horretan ezohiko bilera egingo da, eskaera aurkeztu eta gehienez ere hamar egun naturaleko epean.

2.– Deialdia idatzita egingo du batzarreko idazkariak eta saio ohiko edo ezohikoetarako izan daitezke.

a) Saio ohiko baterako deialdia, bilera egin baino 72 ordu lehenago egin beharko da gutxienez.

b) Ezohiko bilerak, gutxien dela, 48 ordutako aurrekotasunaz deitu beharko dira.

3.– Campuseko batzarraren deialdiak berori osatzen duten kideei igorriko zaie, bertan eguneko aztergaien zerrenda eta bilera egiteko toki eta data adierazita. Eguneko aztergai ezberdinei buruzko dokumentazio nagusia eta, kasu guztietan oro, bileran botazioan jarriko diren proposamen guztien testu osoak batzarkideen eskura jarriko dira, gutxienera, euskarri elektronikoan, deialdia egingo deneko egunean bertan hasita. Hala ere, paper inprimatuan igorriko zaio edozein batzarkideri, aldez aurretik hala eskatu badu. Gaien inguruko dokumentazio osoa Bizkaiko campuseko errektoreordetzan geratuko da gordailuan eta batzarra osatzen duten kide guztien eskura, deialdia egingo deneko egunean bertan hasita.

4.– Informazio ondorioetarako, eta, hala badagokio, bileretan entzuna izateko aukera erraztu ahal izateko, bileretako deiak honako hauei ere bidaliko zaizkie:

a) Errektoreordeei.

b) Biblioteka nagusiko zuzendariari.

c) Enpresa batzordeko, administrazio eta zerbitzuetako langileen batzarreko eta irakasle eta ikertzaileen batzarreko buruei, bai eta unibertsitateko ikasleen kontseiluko buruari ere.

d) Atal sindikalei.

e) Bizkaiko campuseko errektoreordetza taldeko kideei.

f) Sailetako zuzendaritzei, sail ataletako koordinatzaileei eta ikerkuntzarako institutuetako zuzendaritzei.

g) Campuseko zerbitzuetako administratzaile, buru edo koordinatzaileei, eta arautegiei jarraikiz campusean eratzen diren batzordeetako buru eta koordinatzaileei.

h) Aldezlearen Bizkaiko campuseko laguntzaileari.

i) Bizkaiko ikasleen kontseiluko presidenteari.

j) Doktorego eskolako zuzendariari.

5.– Bizkaiko campuseko gainerako kideei ere deialdiaren berri emango zaie, campus horren web orri ofizialaren bitartez.

14. artikulua.– Aztergaien zerrenda.

1.– Errektoreordeak prestatuko du aztergaien zerrenda, eta deialdiarekin batera bidaliko da.

2.– Eguneko aztergaietan zehaztuko dira lehenengo eta bigarren deialdirako ordua eta tokia, bai eta aztertuko beharreko gaien zerrenda ere; hauetariko lehenengoa, halakorik balego, aurreko akten onartzea izanik eta azkena, galdera erreguen puntuarekin amaituko. Bertan agertu beharko dira gutxienez batzarreko sei kideren babesa daukaten eskaerak. Eskaerok batzarreko buruari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztu beharko dira, bileraren eguna baino gutxienez hamar egun natural lehenago.

3.– Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira aurreko akten onarpenik eta galde-eskeei buruzko punturik agertu.

15. artikulua.– Campuseko batzarraren eratzea.

1.– Campuseko batzarra balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdia egotea bertan lehen deialdian, edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian, ordu erdi beranduago. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon beharko dute edo, bestela, euren ordezko legalek.

2.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketan zehar ere izango da beharrezkoa.

3.– Campuseko idazkaria ez badago, batzarreko buruak batzarreko kideetako bat izendatuko du idazkari, zeregin horiek bete ditzan deitutako bileran.

16. artikulua.– Bileraren nondik norakoak.

1.– Batzarreko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

2.– Organoko buruak arautegi hau beteko eta betearaziko du bileran zehar, zalantzarik dagoenean interpretatu eta arautegian hutsunerik dagoenean horiek bete.

3.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraikiz egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, campuseko batzarrak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake batzarreko buruak hala proposatuta.

4.– Ezin da hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; bileran batzarreko kide guztiak badaude, ordea, eta bozkatu eta gehiengoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

5.– Batzarreko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute beren botoa eta horren azalpena. Boto partikularrak idatziz helaraziko zaizkio batzordeko buruari bilera amaitzean, edo gehienez 48 ordu igaro baino lehen, eta aktari gehitu beharko zaizkio.

6.– Campuseko batzarreko buruaren iritziz egokia bada, batzarreko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, aztergaien punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran izandako gonbidatuen zerrenda jaso behar da aktetan. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango.

7.– Batzarrak egokitzat jotzen dituen pertsonak edo erakundeak bilerara joan daitezela eskatu ahal izango du.

8.– Unibertsitateko kideak campuseko batzarraren bileretara joan ahalko dira, betiere aretoan leku nahikoa badago. Edonola ere, batzarreko buruak bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.

17. artikulua.– Saioan egindako esku hartzeak.

1.– Batzarreko kideek hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean. Dena dela, arautegi honetan jasotakoa eta organoko buruak agindutakoa bete beharko dute.

2.– Inork ezingo du hartu parte eztabaidan aurretik hitza eskatu barik. Norbait berbetan dagoenean ezin izango zaio eten. Horretarako eskubidea izango duen bakarra batzordeko burua izango da eta hori egingo du portaera zuzentzea eskatzeko, hizpidearen harira ekartzeko, edo hitza kentzeko, betiere justifikazioarekin.

3.– Campuseko batzarreko buruak, beharrezkotzat jotzen badu, erantzuteko txanda emango dio hizpidera ekarria izan den pertsonari.

4.– Batzarreko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako:

a) Aztergaien zerrenda betetzen dela bermatzeko.

b) Arautegi hau egokiro aplikatzen dela bermatzeko.

c) Eztabaidari amaiera ematea eskatzeko.

d) Bilera amaitzea edo behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko.

e) Eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.

5.– Bilerako buruak eztabaidan parte hartzeko aukera emango die campuseko gainerako kideei ere, batzarreko kide ez izan arren, baldin eta zerikusi zuzena badute erabaki proposamenarekin. Unibertsitateko kide horiek behin baino ezingo dute hartu parte.

18. artikulua.– Interpelazioak eta galderak.

1.– Campuseko batzarreko kideek interpelazioak eta galderak egin ahal izango dituzte, campuseko zuzendaritza taldeko kideren batek edo batzordeetako buruek erantzun ditzaten.

2.– Interpelazioak eta galderak ahoz egin ahal izango dira galde-eskeak puntuan. Ahoz erantzun ahal izango dira, edo erantzuna idatziz eman interesatuari bileran bertan, baina, edonola ere, batzarraren hurrengo ohiko bilera amaitu baino lehen.

3.– Interpelazioak eta galderak idatziz aurkezten badira batzarraren ohiko bilera baino 48 ordu lehenago campuseko errektoreordetzan, erantzuna bileran bertan eman beharko da.

19. artikulua.– Botazioak.

1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da, estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

2.– Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa. Hala ere berdinketa izanez gero, bilerako buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

3.– Botazioak isilpekoa izan behar du, batzarreko kideren batek hala eskatzen badu.

4.– Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakien ondorioz. Botazioa isilpekoa bada, botoa emateko unean eman beharko dio interesatuak boto txartela batzarreko idazkariari, eta orduantxe eman ahal izango dio aurkako botoa emateko arrazoia azaltzen duen testua edo, bestela, bilera amaitu baino lehen. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Era berean, botazioetan abstenitzen direnek ere ez dute izango aipatutako erabakien erantzukizunik.

20. artikulua.– Bilerako akta.

1.– Batzarreko idazkariak bilerako akta egingo du, eta akta hori bilera horretan edo hurrengoan onartuko da. Bigarren kasuan aktaren zirriborroa hurrengo bilerarako dokumentazioarekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzordeko buruak ontzat eman behar du.

2.– Aktak ele bietan onetsiko dira. Presazko arrazoiak direla medio, aktak hizkuntza bakarrean onetsiko balitz, onespena behin-behinekoa izango da eta berrespena lortu beharko da batzarraren hurrengo bileran. Bilera bateko akta hurrengo bileran onartzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan egongo da idatzita.

3.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez:

a) Bilera non eta zein ordutan egin den.

b) Aztergaien zerrenda.

c) Bertaratutakoak, bertaratu ez direnak eta, bidezko arrazoiak medio, ezin etorria adierazi dutenak.

d) Bileran aztertutako puntuak, botazioak nola egin diren eta emaitzak, hartutako erabakien edukia, eta egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

4.– Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, batzarreko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Era berean, edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena aktan jaso dadila. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta berehala edo, bestela, batzarburuak esango duen moduan. Idazkariak eman zaion testua irakurriko du, batzarreko gainerako kideek horren berri izan dezaten.

5.– Batzarreko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira. Aldaketa onartzen ez bada, proposatutako testua aktaren eranskin moduan agertuko da.

6.– Campuseko batzarra aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie batzordeko kide zirenei, eta hamar eguneko epea emango zaie edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, batzorde berrituak egin beharreko lehen bileran onartu beharko dira.

7.– Hartutako erabakien zerrenda Bizkaiko campuseko web gunean argitaratuko da, datu pertsonalak babesteko arauak errespetatuz, erabakitakoen testu osoa, unibertsitateko kideak jakinaren gainean egon daitezen. Halaber, UPV/EHUko idazkaritza nagusira, campuseko ikastegietara eta ikastegi ataletara bidaliko dira, estatutuetan jasotakoa betetzeko. Pertsona zehatzak ukitzen dituzten erabakiak interesatuei jakinaraziko zaizkie.

21. artikulua.– Exekutagarritasuna eta errekurtsoak.

1.– Kide anitzeko organoen erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie dagokien organoei.

2.– Campuseko batzarraren erabakiek ez dute administrazio bidea agortzen. Haien kontra gorako errekurtsoa jar dakioke errektoreari hilabeteko epean.

LAUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN BATZORDE IRAUNKORRA

22. artikulua.– Campuseko batzarraren batzorde iraunkorra.

1.– Campuseko batzarrak batzorde iraunkorra sortuko du. Campuseko batzarraren eskumenekoak diren lankidetza hitzarmenak egitea onartzea izango du helburu. Halaber, Campusaren txostena eskatzen duten gaiak informatuko ditu unibertsitateko gobernu organo orokorren aurrean, bai eta campusari eragiten diotenak ere. Campuseko batzarraren hurrengo bileran emango da txosten hauen berri.

2.– Campuseko errektoreordea, campuseko gerenteordea, campuseko idazkaria eta campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendaria eta ondoko kolektibo hauen bana ordezkari izango ditu kide: campuseko sail eta sail ataletako zuzendarien kidegoa (ikerkuntzarako institutuetako ordezkariak ere bertan sartuta), irakasleak, ikasleak, eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonala.

3.– Bizkaiko campuseko batzarraren batzorde iraunkorra osatuko duten kideen hautaketa honetara egingo da:

a) Campuseko errektoreordetzaren zuzendaritza taldeko zuzendari bat, campuseko errektoreordeak izendatuta.

b) Ikastegietako dekano eta zuzendarien kidegoak taldekako hautagaitzen bidez aukeratuko dituzten beren ordezkariak.

c) Gainontzeko kidegoek arautegi honetako 24. artikuluak xedaturikoari jarraikiz hautatuko dituzten beren ordezkariak.

BOSGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN BATZORDE ESKUORDETUAK

23. artikulua.– Campuseko batzarraren gainerako batzorde eskuordetuez.

1.– Batzorde iraunkorraz gain, campuseko batzarrak batzorde eskuordetuak eratu ahal izango ditu, gaiak lantzeko, kasuan kasuko interes eta izaera kontuan izanda, hala egitea komenigarria dela iruditzen bazaio.

2.– Batzordeak eratzeko erabakian horien eginkizunak zehaztuko dira. Batzorde horiei eskuordetu ahal izango zaie hainbat gai aztertzeko lana, informazioa jasotzekoa, kontsultak egitekoa edo proposamenak aurkeztekoa baina ondoren batzarraren osoko bilkurak aztertuko ditu.

3.– Era berean, erabakian zehaztuko da batzordea nortzuk osatuko duten. Edonola ere, talde bakoitzeko ordezkari bana egongo da gutxienez eta ez da izango beharrezko ordezkari hori batzarreko kide izatea. Beste talde batzuetako kideak ere izendatu ahal izango dira, batzordeak egin beharreko lanak hala eskatzen badu.

4.– Batzorde horiek ikasturte bakoitzeko lehenengo ohiko bileran berretsi edo aldatuko dira.

5.– Bestelakorik adierazi ezean, batzordeak desegin egingo dira eskuordetu zaien gaiari buruzko erabakia hartu denean edo gaiari buruzko informazioa eman ondoren.

6.– Batzorde guztietako burua campuseko errektoreordea izango da, edo hark bere ordez izendatzen duena. Campuseko lan taldeko zuzendarietako bat ere izan daiteke batzordeko burua, batzordearen arloan edo batzordeak egin beharreko lanetan zuzendari eta koordinatzaile lanak betetzen baditu.

7.– Batzordeek aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko diote batzarrari organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran, eta batzorde horiek berretsi edo aldatu baino lehenago.

24. artikulua.– Hautaketa eta funtzionamenduaz.

1.– Campuseko batzarrak batzorde eskuordetuen osaera zehaztu ondoren, batzorde horietako kideak honela hautatuko dira:

a) Hautagai zerrendak pertsona bakarrekoak izango dira.

b) Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu, beharrezkoa bada botazioaren bidez. Kasu honetan botoa ematean idatziko diren izenen kopurua ez da izango taldeari dagokion ordezkari kopurua baino handiagoa.

c) Berdinketa gertatuz gero, beste botazio bat egingo da; orduan ere berdinketa izanez gero, zozketa egingo da.

d) Talderen batean ez bada aurkezten behar beste hautagai, kasuan kasuko taldeko kideak izendatuta beteko ditu batzarrak leku hutsak.

e) Batzordeko kideren batek lekua utziko balu, boto gehien eskuratu zituen bere taldeko hurrengo hautagaiak beteko luke haren lekua. Inor ez balego, taldekoen artetik aukeratuko litzateke.

2.– Aurreko atalean aipatzen diren batzarraren batzorde eskuordetuen funtzionamendu arauak honako hauek izango dira:

a) Bilerak batzordeko buruak deituta egingo dira, edo kideen gehiengoak eskatzen duenean. Bilerarako deia idatziz egingo da, bilera egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.

b) Batzordeko kide ez diren pertsonak ere joan ahal izango dira bileretara aholkulari moduan, batzordeko buruak horixe eskatzen badie beren jakintza edo prestakuntzagatik.

c) Batzorde bakoitzak idazkari bat izendatuko du bertako kideen artean, bileretako aktak egingo dituenak, emaitzak adierazita, eta bileretarako deia ere egingo duena, batzordeko buruaren aginduz. Beharrezkoa izanez gero, campuseko errektoreordetzako zerbitzu administratiboen laguntza izango du.

d) Batzordea balioz eratzeko kideen erdiak egon beharko du bertan. Quorum hori bilera osoan izango da beharrezkoa. Edonola ere, batzordeko buruak eta idazkariak beti egon beharko dute bertan edo, bestela, beren ordezko legalek.

e) Erabakiak hartzeko gehiengo soila beharko da. Batzordeko kideek beren botoa jasoarazi ahal izango dute bilerako aktan.

SEIGARREN TITULUA
CAMPUSEKO EUSKARA BATZORDEA

25. artikulua.– Euskara batzordea.

1.– Bizkaiko campusak euskara batzordea izango du iraunkortasunez, estatutuetan jasotakoa betetzeko.

2.– Campuseko euskara batzordeko burua campuseko zuzendaritza taldeko kide bat izango da. Gainerako kideak, berriz, ikastegietako zuzendaritza taldeetako ordezkari bana, edo beraiek izendatutako pertsonak; ikasleen ordezkari bat, campuseko ikasleen kontseiluak izendatua; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, campuseko batzarreko kide izango diren administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek izendatua, izango dira; gizon eta emakumeen arteko presentzia orekatua lortzen ahaleginduz. Campuseko euskara batzordeko kideek UPV/EHUko euskararako batzordeko kideak aukeratzeko arautegian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Campuseko euskara batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, kontuan hartuta campusaren egoera eta UPV/EHUren plangintza orokorra.

4.– Euskara batzordeak aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko dio campuseko batzarrari, organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.

ZAZPIGARREN TITULUA
ERREKTOREORDEAREN KONTRAKO ZENTSURA MOZIOA

26. artikulua.– Prozedura.

1.– UPV/EHUko estatutuetako 195. artikuluari jarraikiz, campuseko batzarrak, errektoreordearen kontrako zentsura mozioa onartuz gero, errektoreordea kargutik kentzeko proposamena egingo dio errektoreari.

2.– Zentsura mozioa campuseko errektoreordetzako erregistroan aurkeztuko da, batzarreko kideen heren batek, gutxienez, eskatuta.

3.– Zentsura mozioa aurkeztu eta 72 orduren buruan batzarrak ezohiko bilera egingo du, mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko.

4.– Mozioak aurrera egingo du kideen bi herenek, gutxienez, aldeko botoa ematen badute.

27. artikulua.– Zentsura mozioa atzera botatzea.

Zentsura mozioa atzera botako balitz, mozioa aurkeztu duten kideek ezingo lukete besterik aurkeztu urtebete pasatu arte, botazioa egin denetik kontatzen hasita.

28. artikulua.– Ekimenaren onespena.

Zentsura mozioa onartuko balitz, errektoreari bidaliko zaio campuseko errektoreordea kargutik kentzeko proposamena.

ZORTZIGARREN TITULUA
ARAUTEGIAREN ERAGINKORTASUNA

29. artikulua.– Arautegiaren aplikazioa eta interpretazioa.

Campuseko errektoreordeak campuseko batzarraren arautegia bete eta betearaziko du eta interpretatu egingo du zalantzarik dagoenean.

30. artikulua.– Arautegi subsidiarioa.

1.– Arautegi honetan espresuki jasota ez dagoen guztirako UPV/EHUko gobernu kontseiluaren arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Campuseko errektoreordeari dagokio campuseko batzarrearen arautegian eta, ordezko aplikatzean, gobernu kontseiluaren arautegian suma litezkeen hutsuneak betetzea, UPV/EHUko zerbitzu juridikoei txostenik eskatuko ahal dielarik.

BEDERATZIGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

31. artikulua.– Ekimena.

1.– Arautegi hau aldatzeko ekimena errektoreordeari dagokio edo, gutxien dela, batzarreko kideen laurden bati.

2.– Aldaketaren bat proposatu nahi dutenek idatzi bat aurkeztuko dute errektoreordetzako erregistroan, Bizkaiko campuseko errektoreordeari zuzendua. Idatzi horretan aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua agertuko dira.

3.– Ordezko testua campuseko errektoreordeak bidaliko die batzarreko kide guztiei. Testu hori bidali ondoren hamabost egunetako epea egongo da zuzenketa partzialak aurkezteko. Zuzenketok Bizkaiko campuseko errektoreordetzako erregistroan aurkeztuko dira, idazkariari zuzenduak. Zuzenketa partzialek lotura zuzena izango dute arautegia aldatzeko proposamenarekin, eta testua gehitu, aldatu edo kentzeko izango dira.

32. artikulua.– Eztabaida.

1.– Proposamena aurkeztu eta, gehienera ere, hilabete biren epean, campuseko errektoreordeak biltzeko deia egingo dio campuseko batzarrari, proposatzen den aldaketaz erabakia hartzeko.

2.– Errektoreordeak edo zuzenketa proposatu duten kideetako batek arautegiaren aldatzeko ordezko testua aurkeztu eta defendatuko du eta, ondoren, bozkatu egingo du campuseko batzarrak.

3.– Arautegia aldatzeko proiektuak aurrera egingo du baldin eta aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu campuseko batzarrean.

4.– Onartu ondoren, ordezko testuari egindako zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira eta bozketa egingo da, ordezko testuko artikuluen ordenari jarraikiz.

5.– Hurbiltze testuak eta aldaketa teknikoak edo estilokoak proposatu ahal izango dira eztabaidan zehar, eta zuzenketak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.

33. artikulua.– Aldaketaren ukoa.

Arautegia aldatzeko proiektu batek aurrera egin ezean, proposamena egin dutenek ezin izango dute inongo artikulurik aldatzea proposatu urte baten epean.

34. artikulua.– Aldaketaren onespena.

Gehiengo osoz onartutako aldaketen kasuan legezkotasun txostena eskatuko da, aldaketok campuseko batzarrari aurkeztu baino lehen behin betiko onespena emateko. Aldatu behar diren artikuluek indarrean jarraituko dute, harik eta testu berriak behin betiko onespena izan arte.´

I. ERANSKINA

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatu eta gero (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2015eko uztailaren 3ko aginduaren bidez, 2015eko uztailaren 9ko EHAAn argitaratua), Bizkaiko campusa honako ikastegi hauek osatzen dute:

a) Fakultateak eta unibertsitate eskolak:

– Bilboko Ingeniaritza Eskola.

– Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola.

– Arte Ederren Fakultatea.

– Zientzia eta Teknologia Fakultatea.

– Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatea.

– Ekonomia eta Enpresa Fakultatea.

– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea.

– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea.

– Zuzenbide Fakultatea (Bizkaiko atala).

b) Campusari atxikita sor litezkeen ikastegiak.

c) Egoitza campusean daukaten sailak eta sail atalak.

d) Egoitza campusean daukaten unibertsitateko ikerketa institutuak.

e) Campusean egoitza duen katedrak.

f) Campusean kokatutako master eta doktorego eskolak.

g) Campusean kokatu edo bertan egoitza izanik, sor litezkeen bestelako unibertsitate egiturak.

h) Bai eta, campuseko unibertsitarioen arreta eta laguntzarako zerbitzu orokor eta espezifikoak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko gobernu kontseiluaren funtzionamendurako arautegia erabiliko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Hautetsiei dagokienez, campuseko batzarrak eta bere batzordeek egungo osaera mantenduko dute kasuan kasuko organoko kideak berritzea egokitu arte eta, osakideak berritzean, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz berrituko diren arte. Hala ere, campusari dagozkion sail eta sail ataletako zuzendarien ordezkarien kopuruak izan duen aldaketa aintzat hartuta, hauen ordezkaritza sei hilabeteren epean berritu beharko da arautegi berriarekin bat etorrita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen da 2012ko abenduaren 11ko EHAAn argitaratutako Bizkaiko campuseko batzarraren arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala