Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2017ko urtarrilaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
508

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 19koa, Segurtasuneko sailburuordearena eta Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, baterakoa, zeinaren bidez deialdia egiten den Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Egiterapen Eskalako komisario eta komisariondoko kategorietako (C130) zenbait lanpostu izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetzeko prozedurarako eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozedurarako (C131).

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko azaroaren 6ko Aginduaren bidez Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda onartu ondoren, Egiterapen Eskala mailako aginte-eginkizunak dituzten eta aldi berean betetzeko sistema izendapen askea duten lanpostuei dagokienez, beharrezkoa da behin betiko hornitzea hutsik daudenak edota okupatu gabeak, laster izango diren bertako langileen jubilazioengatik, gainera kontuan harturik burutza lanpostuak betetzeko azken aldian deitu den hautaketa-prozeduren kopurua eta komeni dela burutza lanpostuen ezegonkortasuna saihestea, zerbitzuaren kalterako baino ez baita.

Kontuan hartu behar da gainera une honetan Ertzaintzaren egitura oraindik ez dagoela erabat garatuta eta; horrenbestez, ez dago lanpostu-zerrendak eskatutako kategoriaren baldintza betetzen duen ertzain nahikorik. Segurtasun publikoko zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko eraginkortasuna eskatzen du; horregatik, beharrezkoa izango da, kategoriaren baldintza bete ez arren, eskatutako eskala berean edo beheragoko hurreneko kategorian dauden ertzainei goragoko kategoriako eginkizunak ematea (Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. atalak), berdintasun-, meritu- eta gaitasun-irizpideei jarraiki, eta prozedura publiko baten bidez egitea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. ataletik 5. atalera bitartean aurreikusitakoaren arabera eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zerbitzu publikoa zaintze aldera, lanpostuak legez aurreikusitako sistemaren bidez lehenbailehen betetzeko dagoen beharra ikusita eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan- eta eraginkortasun-printzipioak aintzat hartuz, gomendagarria da behin betiko hornitzeko eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko hautaketa-prozeduretako deialdia aldi berean egitea; hain zuzen, erakundearen barruan eskatutako kategoria duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez edota okupatu gabe dauden lanpostuei dagokienez, laster, eta zalantzarik gabe prozedura hauek ebatzi aurretik, izango diren langileen jubilazioengatik

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2017ko urtarrilaren 18ko Ebazpen bidez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluaren babesean, erabaki da Ertzaintzako Egiterapen Eskalako komisario eta komisariondoko kategorietako lanpostuetarako zerbitzu-eginkizunak esleitzeko eskumena goragokoak bereganatzea, lanpostu horiek gaur deitzen den prozeduraren xede dira eta, halaber, prozedura hori ohiko izaeraz Giza Baliabideen Zuzendaritzak du esleituta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 12.2.a).7 artikuluan oinarriturik. Izan ere, lanpostu horiek Ertzaintzan erantzukizunik handia dutenak dira eta beren hornikuntza-sistema izendapen askea da eta; horrez gain, beroriek behin betiko betetzeko eskumena Segurtasuneko sailburuordeari dagokio. Beraz, egin beharreko esleipenen garrantziak eragin du.

Deialdi honetako lanpostuetarako egun indarrean dagoen lanpostu-zerrendak, bete beharreko lanpostuok zuzendaritza mailakoak edota erantzukizun berezikoak izateagatik, finkatzen duen betetzeko era izendapen askea da, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita; horrez gain, lanpostu horien araubide juridikoa jasota dago Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 17. artikulutik 22. artikulura bitartean. Hortaz, lanpostuak aldi baterako esleitu aurretik beharrezkoa da aldez aurretik egokitasun-txostena ematea, proposamena arrazoitzeko balio izango duena, meritu- eta gaitasun-printzipioek eskatzen dutelako, baita Espainiako Konstituzioaren 9.3, 23. eta 103.3 artikuluetako aginduek ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren 535/2014 Epaiaren arabera, besteak beste.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 13.2.d) eta 9. artikuluek Segurtasuneko sailburuordeari eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hurrenez hurren, emandako eskumenen babesean, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak goragokoak eskumenak bereganatzeari buruz emandako 2017ko urtarrilaren 18ko Ebazpena betearaziz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, izendapen askearen sistemaren bidez, behin betiko betetzeko deialdia, baita ondoren zerbitzu-eginkizunetan esleitzekoa ere, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.

Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak 2. eranskinean jasota daude, bertan adierazita dauden zehaztapenei eta horniketa-araubideari jarraiki.

2.– Hornituko diren zuzkiduren kopurua ebazpen honen 2. eranskinean jarritakoa da.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen baterako ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da, behin betiko atxikipenak eta zerbitzu-eginkizunak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

Laugarrena.– 1.– Prozedura kudeatzerakoan, hautapen-prozedura honetako izangaiak lan-zenbakiaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua egingo da Segurtasun Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategiaren bidez. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari, zeinaren egoitza nagusia Erandion (Bizkaia) baitago (Larrauri Mendotxe bidea, 18, 48950).

2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautapen-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Ebazpen honetan araututa ez dagoen orori Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2016 Legea aplikagarri izango zaio.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, horren aurka eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 19a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

1. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Behin betiko hornikuntzaren prozeduran parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta 2. eranskinean eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte ahal izango dute lege horren 89.2 artikuluan aurreikusitako eran jarduneko zerbitzu egoerara itzultzen diren funtzionarioek.

2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez jarduneko zerbitzura itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenak edo beste herri-administrazio batzuetan jardunean ari direnak, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoak, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenak eta gainerako borondatezko eszedentziadunak, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.

3.– Ebazpen hau ematen den egunean inongo lanposturi behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek eta deialdiaren xede diren lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute eta; halaber, hornitzeko era izendapen askea duten lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte, betiere lanpostu horiek gordeta dauden kategoriaren arabera bete ahal izanez gero. Horrela egin ezik, nahitaez horietako edozeini atxikiko zaizkio.

4.– Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:

a) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenak, betiere egoera horretan iraun bitartean.

b) Lekualdatzeko zehapena izan dutenak, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplina Erregimenaren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.

c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenak, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.

Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute jarduneko zerbitzuko administrazio-egoeran dauden eta Ertzaintzako Egiterapen Eskalako komisario edo komisariondoko kategorikoak edo Ikuskapen Eskalako ofizial edo ofizialondoko kategoriakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek; baldin eta, eskatzen diren gainerako baldintza orokorrak eta, eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen badituzte.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Prozedura hauetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost (15) lanegunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Egunak zenbatzerakoan ez dira kontuan hartuko larunbatak, igandeak eta jaiegunak.

2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskatze aldera 3. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan behin betiko izaeraz eta/edo zerbitzu-eginkizunetan hornitzekoak diren lanpostuak zehaztuko dira eta; bi kasuetarako, lanpostu bat baino gehiago izanez gero, baita lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igaro ondoren, aurkeztutako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Administrazioak parte hartzeko eskakizunak betetzen diren egiaztatuko du ofizioz, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuak baliatuta, baita deialdian azaltzen diren bestelako zehaztapenak ere baloratzeko erabiliko da, hala badagokio. Erreferentziatzat hartuko den data eskaerak aurkezteko azken eguna izango da.

Laugarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedura,

1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, norbait izendatzeko, aurretik hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularrak txostena eman beharko du. Txostenean, prozeduran onartuetatik bere ustez egokiena dena proposatuko du, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko du.

2.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, lortu nahi den lanpostuko betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

3.– Egokitasun-txostena hamabost egun naturalen buruan emango da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

Bosgarrena.– Behin betiko hornikuntza ebaztea.

1.– Behin betiko atxikipen gisa izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira, eta adjudikaziodunei banaka jakinaraziko zaie. Ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da

2.– Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.

3.– Behin betiko atxikipenek Segurtasuneko sailburuordearen bidez zehaztutako egunetik aurrera ondorioak izango dituzte.

4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira eta ez dute lantokia aldatzearen ondoriozko kalte-ordainik sortuko.

Seigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko hornitutako lanpostua uztea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikipenaz lanpostu baten adjudikaziodun diren funtzionarioak nahi denean lanpostutik kendu ahalko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.6 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izendapen askeko lanpostutik bazter utzitako funtzionarioak behin-behinean atxikiko zaizkio, ondorioak lanpostua utzi zuten hurrengo egunetik izanda, udalerri berean beren eskalako edo kategoriako beste lanpostu huts bati. Holakorik ezean, atxikipena kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batean egingo da, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onartu zuen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe

Zazpigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen esleipena.

1.– Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoarekin bat, zerbitzu-eginkizunak eman ahalko dira norberaren kategoriakoak ez diren lanpostuak edo funtzioak betetzeko, betiere funtzionario interesdunaren eskala berekoak edo goragokoak izanez gero.

2.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko hornikuntza Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez ebatzi ondoren, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira aurkeztutako eskabideak kontuan izanik; baina, horretarako, premiazkoa izango da lanpostu hori atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txosten horretan izangaien artean egokitasun-proposamena landuko da edo, bestela, deialdia bete gabetzat jotzea proposatuko.

3.– Txostena hamabost egun naturaleko epean emango da.

4.– Zerbitzu-eginkizunaren funtzionario esleipendunari behin betiko atxikita dagoen lanpostua gordeko zaio.

5.– Zerbitzu-eginkizunaren esleipendunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.

6.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sortuko, zentroz aldatzeagatik.

7.– Zerbitzu-eginkizun hauek nahierara edozein unetan ezeztatu ahalko ditu eman dituen organoak, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1994 Legearen 72.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

1.– Deialdi hau ebazteko epea hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, baina epe hori luzatu ahal da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Bederatzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez behin betiko eta zerbitzu-eginkizunetan hornituko diren destinoez jabetzea deialdia ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da eta ez du baimenik edo lizentziarik sorraraziko.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala