Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2017ko urtarrilaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
424

9/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin, Emakunderen –Emakumearen Euskal Erakundea– eta Munduko Landa Foroarekin sinatutako lankidetzarako Esparru-akordioa, familia-nekazaritzako esparruan lankidetzan aritzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin, Emakunderekin –Emakumearen Euskal Erakundea– eta Munduko Landa Foroarekin sinatutako lankidetzarako Esparru-akordioa, familia-nekazaritzako esparruan lankidetzan aritzeko; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 12KO 9/2017 EBAZPENARENA.
FAMILIA-NEKAZARITZAREN ARLOKO LANKIDETZARAKO ESPARRU-AKORDIOA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREKIN , EMAKUNDEREKIN –EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEA– ETA MUNDUKO LANDA FOROAREKIN SINATUTAKOA.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 8a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

María Ángeles Elorza Zubiria andrea, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Víctor Oroz Izaguirre jauna, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, eta José Ángel María Muñoz Otaegi jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa.

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren ordezkari gisa.

Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ordezkari gisa.

Jose Mari Zeberio Begiristain jauna, Munduko Landagunea elkarteko presidentea, Munduko Landagunearen ordezkari gisa.

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehengoa.– Aldeek elkarri aitortzen diotela ordezkaritza-ahalmena dutela, baita familia-nekazaritza eta landaguneak garatzera bideratutako ekimenak, ekintzak eta proiektuak bultzatzea helburu duen akordio hau sinatzeko beharrezko gaitasun legala ere.

Bigarrena.– Aldeek garapen endogeno eta ekonomia asoziatibo eta parte-hartzailearen gaineko interes komunak dituztela baieztatu dutela, baita lurraldeari lotutako hurbileko nekazaritza ereduen gainekoak ere, hau da, landaguneetako herritarren eta lurraldearen beraren giza garapen jasangarriaren oinarrian daudenak, ikuspegi oso batetik (ekonomia, ingurumena, gizartea eta kultura).

Hirugarrena.– Ikuspegi horretatik, familia-nekazaritzaren eredua bereziki egokia iruditzen zaigula Euskadirako, lurralde menditsua den aldetik, baita munduko beste edozer lekutan defendatzeko ere, lurraldearen ezaugarri fisiko eta sozialekin oso lotuta baitago.

Laugarrena.– Aldeetako batzuk aurretik ere lankidetzan aritu direla eta esperientzia positiboa izan dela.

Bosgarrena.– Alde guztiek onartzen dutela 2014an Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Urtearen ospakizuna aukera bikaina izan dela herrialdean, eskualdean eta nazioartean nekazaritza-politikak sustatzeko, ekoizpen-eredu horrek gosea, desnutrizioa eta pobrezia jasangarritasunez, lurraldea eta ingurumena errespetatuz, desagerrarazteari egiten dioten ekarpena errekonozitu ahal izateko. Helburu horiek izan ziren, hain zuzen ere, 2014ko uztailaren 4an sinatutako «Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Urterako lankidetzarako esparru-akordioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Munduko Landagunearen Artean» hitzarmenaren oinarria. Akordio horren helburua familia-nekazaritza eta landaguneak bultzatzeko ekimenak, ekintzak eta proiektuak antolatzeko elkarlanerako marko bat ezartzea zen, elkarrizketa eta bultzada politikoa baliatuz, bai eta herritarren sentsibilizazio eta kontzientziazioa ere, Euskadin bertan zein munduan. Erakunde eta elkarte guztiek zegozkien jarduera-arloetako lankidetza-ekintzak gauzatzeko beharrezko ezagutzak, gaitasunak eta baliabideak erabiltzeko konpromisoa hartu zuten.

Seigarrena.– Halaber, 2014an ospatutako Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Urtea aukera paregabea izan zela ekoizpen-eredu horren kudeaketa publiko handiagoa eta hobea sustatzeko, betiere familia-nekazaritza landa-garapenaren ardatz gisa ulertuz.

Zazpigarrena.– Munduko Landagunea irabazi asmorik gabeko garapenerako elkartea dela eta nazioarteko lan-sare batean bildutako pertsona fisikoek eta erakunde juridikoek osatzen dutela. Horien guztien helburu nagusia landa-garapen jasangarria garapen globalaren funtsezko elementu izatea da.

Zortzigarrena.– Erakunde guztiek aitortzen dutela Munduko Landagunea garapenerako elkartea 2014ko Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Urteko Gizarte Zibilaren Programaren sustatzaile eta koordinatzaile gisa, hala agindu baitzuen Nazioarteko Kontsultarako Batzordeak. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak berak ere aitortu zuen, 2011ko urtarrilaren 11n Munduko Landagunea elkarteari bitartekari estatusa emanez. Munduko Landagunea elkarteak nazioarteko beste erakunde batzuen berariazko aitortza ere jaso du, besteak beste Nazio Batuen mendeko IFAD eta ECOSOC.

Bederatzigarrena.– Alde guztiek adostu dutela familia-nekazaritza eta landaguneak bultzatzeko ekimenak, ekintzak eta proiektuak elkarrizketa eta bultzada politikoaren bitartez laguntzen jarraitzea, baita herritarren sentsibilizazio eta kontzientziazioa sustatzea ere, AIAF+10 ekimenaren bidez, hau da, 2014ko Familia-nekazaritzako Nazioarteko Urtean abian jarritako jarduerekin Euskadin eta munduan jarraitzea helburu duenaren bitartez. AIAF+10 ekimenaren helburua familia-nekazaritzaren aldeko politika publikoak hobetzen jarraitzea da, eta, horretarako, zazpi arlo jorratuko ditu: tokiko eta eskualde mailako merkatuetara iristea; kredituak eskuratu ahal izatea; teknologia egokiak eskuratu ahal izatea; klima aldaketari dagokionez, baliabide naturalak erabili ahal izatea; antolakuntza indartzea eta emakumeen eta gazteen rolak sendotzea.

Hain zuzen ere, horregatik sinatzen dute alde guztiek jarraian zehaztutako klausulekin eraentzen den akordio hau.

KLAUSULAK.

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honen xedea 2014ko Familia-nekazaritzako Nazioarteko Urtean abian jarritako jarduerei jarraipena emateko ekimenak, ekintzak eta proiektuak gauzatzeko lankidetza-marko bat formalizatzea da, batetik, Eusko Jaurlaritza, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Munduko Landagunea (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren partaide baitira), eta, bestetik, AIAF+10 ekimenaren Gizarte Zibilaren Programaren sustatzaile eta koordinatzailea, elkarrekin lankidetzan aritu daitezen.

Bigarrena.– Elkarlanerako eremua.

Elkarlana AIAF+10 ekimenaren bidez gauzatuko diren ekimen, ekintza eta proiektuekin lotuta egingo da, bereziki helburu hauetara zuzenduta daudenekin:

● Euskadi munduan proiektatu eta posizionatzea eta Euskadiren sektore askotako interesak atzerrian sustatzea, Euskadiren garapen jasangarri eta iraunkorra ahalbidetzeko AIAF+10 ekimenaren jardueren bidez.

● Familia-nekazaritzaren ekoizpen ereduaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuetan eta politiken definizioan laguntzea, parte hartzea eta eragitea, bereziki ezaugarri fisiko zailak dituzten eskualdeetan, adibidez, ingurune menditsuetan. Izan ere, eskualde horietan pilatzen dira familia-nekazaritzaren ezaugarrietara ondoen egokitzen diren guneak, eta lekurik zaurgarrienak ere izan ohi dira ingurumenari dagokionez (erosioa, uraren kalitatea, ingurumen balio altuko guneak...), sozialki (herritarrek –bereziki emakumeek– alde egitea, zahartzea, bakartzea...) eta ekonomikoki (ekipamendu gabezia, merkatuak urruti izatea...).

● Gazteek akordio honen bidez bultzatutako jarduera eta proposamenetan parte hartzea sustatzea, eta neurri zehatzak proposatzea bai gazteak lehen sektorean lanean hasteko bai bertan jarrai dezaten belaunaldi txandakatzea ahalbidetuz.

● Euskaditik giza garapen jasangarriaren eta mundutik egiturazko pobrezia zein desberdintasunak desagertzearen aldeko apustua egitea, horretarako herrien, pertsonen eta komunitateen gaitasunak indartzen dituzten eta garapen eredu propioak sortzearen alde egiten duten ekimenak lagunduz.

● Akordio honen bidez gauzatutako jarduera eta proposamen guztietan genero ikuspegia kontuan izatea bermatzea, eta familia-nekazaritzaren garapenaren sustapenean gizonezkoen eta emakumezkoen beharrezko berdintasuna kontuan izateko eta ikusgarri egiteko ekintza positiboko jarduera espezifikoak proposatu eta iradokitzea.

Hirugarrena.– Akordioaren garapena.

1.– Lankidetzarako esparru-akordio honen ondoriozko jarduera zehatzak antolatzeari, gauzatzeari eta finantzatzeari buruzko baldintza bereziak kasuan kasu ezarriko dira dagokion hitzarmen edo tresna juridiko espezifikoetan; horietan, halaber, alde bakoitzak jarduerok aurrera eramateko hartutako betebeharrak zehaztuko dira.

2.– Hitzarmen edo tresna juridiko horiek honako esparru-akordio honetan eranskin gisa txertatuko dira formalizatzen joaten diren heinean, eta bertako parte bereizezin bihurtuko dira.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Esparru-akordio honetan aurreikusitako jardueren jarraipena eta gauzatzea zein jardueron garapenaren koordinazioa bermatzeko jarraipen-batzorde bat eratuko da.

2.– Jarraipen-batzordea honako pertsona hauekin osatuta egongo da:

● Pertsona bat Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko ordezkari gisa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak berak izendatutakoa.

● Pertsona bat Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako ordezkari gisa, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak berak izendatutakoa.

● Pertsona bat Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako ordezkari gisa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak berak izendatutakoa.

● Pertsona bat Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkari gisa, Agentziako zuzendariak berak izendatutakoa.

● Pertsona bat Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko ordezkari gisa, Emakundeko zuzendariak berak izendatutakoa.

● Pertsona bat Munduko Landaguneko ordezkari gisa, elkarteko presidenteak berak izendatutakoa.

3.– Honako esparru-akordio hau izenpetu eta dagokion izendapenak egin ondoren, Jarraipen-batzordea bileren maiztasuna eta funtzionamendu araudia ezartzeko elkartuko da.

4.– Jarraipen-batzordeari, besteak beste, honako funtzio hauek egokituko zaizkio:

a) Akordio honen helburuak eta xedea modu egokian betetzen direla bermatzea, eta berau ahalik eta ondoen garatzeko beharrezko neurriak proposatzea.

b) Akordio honen esparruan egin beharreko jarduerak ezarriko dituzten eranskinak txertatzeko aukera aztertzea.

c) Akordio honen baitan egiten diren jardueren koordinazioa bermatzea.

d) Akordio honen baitan egindako jardueren zein akordioaren beraren funtzionamenduaren baterako azken ebaluazio bat egitea.

e) Akordio honen aldaketak onartzea, egongo balira.

f) Aldeen artean izenpetutako hitzarmen edo tresna juridikoen jarraipena eta bateratze-lana egitea.

5.– Aldeek akordio honen esparruan egindako jardueren gaineko informazioa bidaliko diote Jarraipen-batzordeari honek ezarritako maiztasunarekin.

6.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean bildutako kide anitzeko organoei buruzko arauei lotuko zaio.

Bosgarrena.– Ondorio finantzarioak.

Akordio honek ez dakar ondorio finantzariorik. Hala ere, akordioaren bidez gauzatuko diren eta finantzazio beharra izango duten jarduerak dagokion hitzarmen edo tresna juridikoen bitartez antolatuko dira.

Seigarrena.– Akordioaren iraupena eta aldaketa.

1.– Akordio hau izenpetu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean eta 2017ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

2.– Akordio honen aldaketak jarraipen-batzordearen aldez aurreko onarpenarekin eta idatziz jasotako aldeen akordioarekin bakarrik egin ahal izango dira. Aldaketak jasotzen dituzten agiriak eranskin gisa gehituko dira akordio honetara, eta bertako zati izatera pasako dira.

3.– Akordio hau bertan behera utzi ahal izango da aldeek horrela adostuz gero.

4.– Era berean, aldeetako edozeinek eman dezake amaitutzat esparru-akordioa, alde bakarretik. Horretarako, gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi behar du amaiera, idatziz. Amaierak akordioa uztea erabaki duen aldeari bakarrik eragingo dio.

5.– Esparru-akordio hau luzatu ahal izango da aldeek horrela adostuz gero.

Gasteizen sinatuta, 2016ko azaroaren 8ean, gaztelerazko eta euskarazko 6 jatorrizko aletan, ondorio bakar batekin.

EAEko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa:

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea,

VICTOR OROZ IZAGUIRRE.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea:

Zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkari gisa,

Zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

Munduko Landagunea Elkarteko ordezkari gisa:

Presidentea,

JOSE MARI ZEBERIO BEGIRISTAIN.


Azterketa dokumentala