Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2017ko urtarrilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
375

AGINDUA, 2016ko abenduaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduan dago araututa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura (2006ko ekainaren 30eko EHAA), eta haren 3.1 artikuluan dago aipatuta zer kasu salbuetsi daitezkeen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen prozeduraren bidez hornitzeko betebeharretik.

Gobernu Kontseiluaren 2015eko urriaren 13ko Erabakiaren bidez onartu zen funtzionarioen sektoreko mahaiaren aurreakordioa, eta horren arabera Ogasun eta Herri Administraziokoko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduaren 3. 1 artikulua aldatu behar da –bertan dago araututa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura–, eta e) letra gehitu behar da, akordioan jasotakoa batzeko.

Halaber, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 38. 3 artikuluan xedatu legez: akordio horiek berresten direnean eta gobernu-organoek behin betiko erabaki ditzaketen gaiei lotuta daudenean, horien edukia aplikazio-eremuko langileei aplikatu ahal izango zaie zuzenean, ondorio formaletarako eragotzi gabe, hala behar denean, araudiaren aldaketa edo baliogabetzea.

Horrez gain, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Aginduaren 13. artikuluaren h) eta i) letretan xedatu bezala, euskara eta beste hizkuntza batzuk (ingelesa, frantsesa eta alemana) jakitea eta jakite-maila egiaztatzeko tituluak eta ziurtagiriak merezimenduak izango dira. Esangura horretan, euskara eta bestelako hizkuntzak jakitearen araudi desberdina onartzearen ondorioz, beharrezkoa da artikulu biok aldatzea eta aplikatu beharreko araudiaren gaineko aipuak gehitzea.

Horiek horrela, euskara jakiteari dagokionez, hauexek dira aplikatzekoak: Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko den azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzeko urriaren 16ko 222/2012 Dekretua.

Bestelako hizkuntzak jakiteari dagokionez, honako hauek dira aplikatzekoak: araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako oinarrizko, tarteko, aurreratu eta gaitasun-mailaren curriculuma ezartzeko eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzeko otsailaren 24ko 46/2009 Dekretua eta ekainaren 30eko 117/2015 Dekretua, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– eta apirilaren 9ko 88/2013 Dekretuko 3 artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, hauxe

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.– Aldatzea Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko maiatzaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena, honelaxe geratzen da:

Bat.– 3.1 artikuluari e) letra gehitzen zaio:

«e) Langileen ordezkaritzarekin adostu denean eta salbuespenezko neurri hori Gobernu Kontseiluak onartuko duen enplegu-planera batu denean.»

Bi.– 13.3 artikuluaren h) eta i) letrak aurrerantzean honela egongo dira idatzita:

«h) Administrazioak bere kabuz aintzat hartuko ditu Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasotako tituluak eta ziurtagiriak.

Erregistro horretan agertzen ez direnean, hauetan jasotako tituluak eta ziurtagiriak dituztela egiaztatu eta alegatu beharko da: azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena; eta aplikatu beharreko gainerako araudia, euskararen tituluen eta ziurtagirien baliokidetza adierazten duena. Tituluen jatorrizko dokumentuaren edo kopia konpultsatuaren bidez ziurtatuko da.»

«i) Ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1, B2 , C1 eta C2 mailak alegatuko dira. Ondorio horietarako, maila horien baliokideak dira hauetan jasotako tituluak eta ziurtagiriak: ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren –hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako– eranskina eta otsailaren 24ko 46/2009 Dekretua, honen bidez, araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako oinarrizko, tarteko, aurreratu eta gaitasun-mailaren curriculuma ezartzen da eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen dira.

Tituluen jatorrizko dokumentuaren edo kopia konpultsatuaren bidez ziurtatuko da, salbu eta langileen erregistroan agertzen direnean. »

AZKEN XEDAPENA.– Indarra hartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 7a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala