Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2017ko urtarrilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
77

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 9koa, Euskal Estatistika-Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinarekin deialdia egiten baita bi beka emateko, produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean prestakuntza eta ikerketarako direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikarako apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29. artikuluak Euskal Estatistika Erakundeari (Eustat) ematen dio estatistikarako langileen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko alorreko eskumena.

Produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean prestakuntza eta ikerketari buruzko gaiei dagokienez, profesionalen espezializazioa sustatzen jarraitu nahi du Euskal Estatistika Erakundea; eta hartarako, prestakuntza-beketarako deialdia egitea xedatu, betiere arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; azaroaren 17ko 38/2003 Legean finkatutako oinarrizko arautegia; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretua.

Guzti hori dela-eta, eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa onesten duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuaren 4. Artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, halaber, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek), honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Prestakuntza eta ikerketarako bi beketarako deialdia egitea, produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean, ebazpen honen eranskinetan ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da Eustateko zuzendari nagusiaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren gaineko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10 eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Administrazioarekiko Auzietarako Gasteizko Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 9a.

Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

ERANSKINA
OINARRIAK

I.– Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean prestakuntza eta ikerketako bi beka ematea.

II.– Beken edukia.

1) Bekei esker, estatistika eta matematika aplikatuko metodologiaren alorrean eta Eustatek erabiltzen duen estatistikako softwarean hezteko aukera izango dute esleipendunek.

2) Prestakuntza beken helburuak bi dira:

a) Espezializazio osagarria lortzea estatistika eta matematika aplikatuaren alorrean.

b) Espezializazio osagarria lortzea estatistikarako softwarearen alorrean.

III.– Prozedura izapidetzea.

1) Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, bide presentziala edo baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte interesdunek.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaz erregulatzen da izapideketa elektronikoa. Ebazpen horren bitartez, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen da.

Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak, eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/becas_eustat/y22-izapide/es

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektroniko bidez egin nahi badira, https://euskadi.eus/nirekudeaketak atalaren bidez egingo dira.

2) Bide presentzialaren aukera egiten bada, eskabide inprimatua –datarekin eta sinatua– eta eskatutako dokumentazioa zuzenduko zaizkio Eustaten Zuzendaritza Nagusiri: Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz; eta egoitzan bertan aurkeztu ahal izango dira, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan aurreikusi erregistro edo bulegoetarik edozeinetan.

Eustat-en egoitzako erregistroan barik (Donostia kale, Gasteiz), beste baten aurkezten bada dokumentazioa, eskatzaileak Eustaten Zuzendaritza Nagusiri jakinarazi beharko dio faxez (945 01 75 01) edo posta elektronikoz (eustat@eustat.eus), betiere data eta eskabidea aurkezteko era adieraziz.

IV.– Eskatzaileak.

Prestakuntzarako eta ikerketarako bekak, estatistika-ekoizpen ofizialerako metodologia estatistiko-matematikoen eremukoak, pertsona fisikoentzat dira.

V.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

Baldintza hauek ere bete behar dira bekok eskuratu ahal izateko:

a) Ikasgaietako bat estatistika duen graduko unibertsitate-titulazio bat (lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza) edo estatistikako diplomatura izatea, eta unibertsitate-titulua eskuratu zenetik bost urte baino gehiago ez igaro izana.

Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluak baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dira eskabidea aurkezten denean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-auzotartasuna izatea, beka-deialdia egin baino lehenagotik.

c) Eduki bereko edo antzekoko beste bekarik eduki ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik ordainduta.

d) Diru-laguntza eta laguntza publikoak galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

f) Beken onuradun izateko, arau hauetan ezarritako betekizunak konplitzea: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 13. artikulua; eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 18., 19. eta 22. artikuluak.

Beste baldintza bat ere badago, beka hauek emateko edo ordaintzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak berak edo beraren erakunde autonomoek emandako antzeko beste laguntza-prozesu batzuetan itzulketa- edo zehapen-prozedurarik oraindik zabalik edukiz gero, lehenago, hura amaitu beharko da.

VI.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1) Beken eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze, kontrolatze eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

2) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

– Jakinarazi behar izatea eduki bereko edo antzekoko beste beka bat eskatu den eta, hala badagokio, baliatu den, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik ordainduta.

– Eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Diru-laguntzaren onuradunek, diru-laguntza ematea ebatzi aurretik, aurreko betekizunak egiaztatuko dituzte, eta, horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatu ditzan.

VII.– Programaren edo diruz lagundutako jardueraren betekizunak.

Ebazpen honetan aipatu bekaren onuradun izan nahi duten eskatzaileek, eskatzen diren betekizunak egiaztatze aldera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaerarekin batera:

– Ziurtagiri akademiko pertsonala, ikasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak zehaztuta.

– Currículum vitae, egoitza elektronikoan argitaratutako ereduaren arabera, hauek adierazita:

Estatistika eta matematika alorrean jasotako edo emandako ikastaroak.

Estatistika eta matematika alorreko argitalpenak.

Laneko esperientzia edo profesionala.

Hizkuntzak (lortutako egiaztagiriak edo tituluak zehaztu).

Ezagutzen diren estatistikari buruzko softwareen azalpena.

Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako edozein merezimendu.

– Curriculum vitaen aipatutako merezimenduen egiaztagiriak.

Horretarako, beka-eskatzaileek, besteak beste, ikasgai bakoitzeko ordu-kopurua edo kreditu-kopurua eta landutako gaiak konkretuak beharko dituzte.

VIII.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

1) Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa (1) izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2) III. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira eskabideak.

3) Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

IX.– Beken ezaugarriak.

1) Beka bakoitzaren iraupena bi urtekoa izango da, jasotzen den egunetik zenbatzen hasita.

2) Beka bakoitzeko urtean hamabost mila eta seiehun euro (15.600,00) emango dira, Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak barne. Hilero mila berrehun eta berrogeita hamar euro (1.250,00) gordin ordainduko dira, XI.3 puntuan aipatutako txostena aurkeztu eta gero Indarreko zerga arauek finkatzen dituzten atxikipenen mende egongo dira ordainketak.

3) Diru zuzkidura horrez gain, Eustatek bekadun bakoitzak bere proiektuaren gaiarekin zerikusia dutelako egiten dituen ikastaroak eta joaten den kongresuetako prestakuntza, dieta eta bidaien gastuak ere ordainduko ditu; gehienez 2.000,00 euro bekadun bakoitzeko, bekaldi osoan, eta, betiere, Eustateko Zuzendaritzak gastu horiek onetsi baditu eta bekadunak egin direlako frogagiriak aurkezten baditu.

4) Beka hau jasotzen bada ezin izango da beste erakunderen baten laguntzarik jaso; soilik jaso ahal izango dira, salbuespen moduan, kontu pertsonalei lotutakoak eta onuradunak bere edo besteren baten kontura egindako ordaindutako lanak.

5) Beka eman eta gozatzeak, prestakuntzako helburuaz egiten denez, ez du inolako kontratu edo estatupeko harremanik sortzen Eustatekin, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin ere.

6) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat harpidetuko du, bekadunen alde.

7) Eustatek bekari etekin egokia atera diotela frogatzen duten bekadunei hala dioen ziurtagiria luzatuko die.

X.– Hautagaien hautaketa.

1) Hautapen Epaimahaian honako kideak egongo dira:

Mahaiburua:

Eustateko zuzendari nagusia, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Kideak:

Eustateko Koordinazio Teknikoko eta Zabalkundeko zuzendariordea.

Estatistika Produkzioko eta Analisiko zuzendariordea.

Eustateko Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloko arduraduna.

Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

Idazkaria:

Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

2) Hautapen Epaimahaiak erabaki guztiak gehiengoz hartu beharko ditu.

3) Bekadunen hautapena bi fasetan egingo da, ondoren zehaztuko ditugun irizpideak kontuan hartuta:

Lehenengo fasea:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa; garrantzi berezia emango zaie, estatistika eta matematika alorrei. Gehienez 15 puntu.

b) Graduondoko ikastaroak, ikerketako merezimenduak eta metodologia estatistiko-matematikoaren garapena. Baita beste merezimendu akademiko batzuk ere. Gehienez 5 puntu.

c) Estatistikari buruzko softwarea erabiltzeko ezagutzak. Gehienez 3 puntu.

d) Euskara jakitea. Gehienez 3 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C1 ALTE = EGA; 3.HE- IVAP; Hirugarren Maila HABE = 3 puntu

B2 ALTE= 2.HE- IVAP; Bigarren Maila HABE = 1,5 puntu

B1 ALTE= 1. HE- IVAP; Lehenengo Maila HABE = 1 puntu

e) Ingelesa jakitea. Gehienez 3 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C1 ALTE = Advanced; BEC3; BULATS3 ;ESOL10-11; TRINITY 10-11 = 3 puntu

B2 ALTE= FIRST; BEC2; BULATS3 ;ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9 = 1,5 puntu

B1 ALTE= PET; BEC1; BULATS2 ;ESOL 5-6; TRINITY 5,6 = 1 puntu

f) Frantsesa edota alemana jakitea. Gehienez 1 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C1 ALTE = 1 puntu

Hautapenaren bigarren fasean sartuko dira lehenengo fasean gutxienez hamar puntu lortu dutenen artean puntu gehien lortu dituzten lehenengo hamar pertsonak. Hautagai batzuen artean berdinketa gertatzen bada eta horrela aurreko muga gainditzen bada, berdinduta dauden pertsona guztiak sartuko dira bigarren fasean, aipatutako muga gainditu arren.

Bigarren fasea:

g) Zuzeneko elkarrizketa, gai honi buruzko ezagutzak egiaztatzeko. Elkarrizketagatik gehienez 10 puntu emango dira.

Fase honetan gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak beken adjudikazio prozesutik kanpo geratuko dira.

4) Hautapen Epaimahaiak beken adjudikaziorako proposamen bat egingo du, eta ordezkoak ere izendatuko ditu, hurrenkeraren arabera deituak izateko, egoki baderitzo Eustateko Zuzendaritza Nagusiak, uko egiteak edo bestelako gorabeherak direla-eta bekak esleitu ahal izateko. Ordeztu beharrik izatekotan, ordezpena gertatzen denean bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion tartean egingo da.

5) Deialdia hutsik utz liteke, inor aurkeztu ez delako edo hautagai bat bere ere ez delako eskatutako mailara iritsi.

6) Eustat-eko zuzendari nagusiak, Hautapen Epaimahaiaren proposamena ikusita, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epean erabakiko du bekak nori eman, ebazpen bidez, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da. Administrazioaren bidea agortuko duen ebazpen horren aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da Eustateko zuzendariaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren gaineko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10 eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Administrazioarekiko Auzietarako Gasteizko Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bekak emateko epea inolako ebazpen eta jakinarazpenik gabe amaitzen bada, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusten den ezespena izan dela ulertuko da.

7) Beka eman dela jakinarazi eta, beranduen, egutegiko hurrengo zazpi egunetan hasiko da.

8) Epaimahaiaren bileretara joateagatik kalte-ordainak ordaindu ahal izango dira, Zerbitzua tarteko eman daitezkeen kalte-ordainen gaineko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren arabera.

XI.– Onuradunaren betebeharrak.

1) Emandako diru-laguntza onartu behar du. Onuradunak idazki baten bidez onartu beharko du beka; izan ere, idazkia Eustateko Zuzendaritza Nagusira bidali beharko du beka adjudikatu zaiola jakinarazten zaionetik egutegiko zazpi egunetan. Horrez gain, beka emateak dakartzan betebeharrak betetzeko konpromisoa hartuko du. Beka onartzeak badakar deialdi honetan finkatutako arauak ere onartu beharra.

Era berean, beste erakunde batek beka honekin bateraezina den laguntzarik eman ez diolako adierazpena, eta bere edo besteren baten kontura ordaindutako lanik egin ez duelako adierazpena, horrela ezarri baita IX. oinarriko 4. paragrafoan.

2) Prestakuntza eta ikerketa proiektuaren etapa desberdinak ondo aprobetxatuta beteko ditu, Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloak emandako jarraibideak betez, arlo hori izendatu baita beken jagole.

3) Hilabete bakoitza amaitzean, eta proiektua amaitzean, hurrengo hamar egunen barruan, bekadunek egindako lanaren eta lortutako emaitzen txostena bidaliko diote Eustateko zuzendari nagusiari; emaitzok Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloaren adostasuna edo oniritzia izan beharko dute.

4) Bekadunak behartuta egongo dira sekretu estatistikoa gordetzera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikako apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako moduan. Horri dagokionez, bekadunek hitz emango dute sekretu horren pean dagoen eta bekaren ondorioz atera duten material guztia entregatuko dutela, eta, halaber, jakitun dauden eta sekretu estatistiko pean dagoen inolako daturik zein bestelako materialik kopiatu eta zabalduko ez dutela.

5) Erabiliko diren datuak isilekoak izan eta sekretu estatistikopean egongo direnez, bekadunek ikasketak eta ikerketa lanak Eustateko egoitzan egingo dituzte.

6) Lehenago hitzartutako betebeharrak bete ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako diru-laguntzen berme eta itzuleren araubidea arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintza, araubide eta betebeharrak finkatzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioena egingo da.

7) Bekei uko egiten bazaio, aprobetxatu ez den bekaren zatiari dagokionez, IX. oinarrian aurreikusten diren eskubide ekonomikoak galduko dira.

8) Beken onuradunak behartuta egongo dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio guztia ematera, diru-laguntzen xedea fiskalizatzeko beren zereginetan ari direnean.


Azterketa dokumentala