Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2016ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5629

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 16koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, kontsumitzaileen elkarteen funtzionamenduko, laguntza juridikoko eta kontsumo-proiektuak eta berrikuntza teknologikoko proiektuak gauzatzeko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Kontsumitzaileen elkarteak irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileoi informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen inguruko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak; artikulu horretan, ezartzen da, halaber, Euskadiko herri-administrazioek dagokien eremuan kontsumitzaileen aldeko elkarteak sortzea sustatuko dutela.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta helburuak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea dira. Eta zereginen artean hauxe dugu besteak beste: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza, defentsa eta informazio lanetan.

2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen Erakunde Autonomoaren Diru-laguntzen 2016-2018ko Plan Estrategikoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez.

Hori guztia dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen elkarteen funtzionamenduko, laguntza juridikoko eta kontsumo-proiektuak eta berrikuntza teknologikoko proiektuak gauzatzeko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak arautzea da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 456.000 euro izango dira gehienez, eta horietatik 342.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 114.000 euro, aldiz, 2018ko konpromiso-kredituari dagozkio, programan xedatuta baitaude.

Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3. artikuluan.

2.– Aurreko zenbakian ekonomia baliabideen kopuru osoa 4. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptuen artean honelaxe banatzen da:

a) 1. lerroan «Kontsumitzaileekiko arreta» xedatutako laguntzetarako: 246.000 euro. 207.000 euro 2017ko ekitaldiko ordainketa kredituari dagozkio eta 69.000 euro, berriz, 2018ko konpromiso kredituari.

b) 2. lerroan «Aholkularitza juridikoa» xedatutako laguntzetarako: 150.000 euro, 112.500 euro 2017ko ekitaldiko ordainketa kredituari dagozkio eta 37.500 euro, berriz, 2018ko konpromiso kredituari.

c) 3. lerroan «Kontsumo proiektuak» xedatutako laguntzetarako: 24.000 euro, 18.000 euro 2017ko ekitaldiko ordainketa kredituari dagozkio eta 6.000 euro, berriz, 2018ko konpromiso kredituari.

d) 4. lerroan «Berrikuntza teknologikoko proiektuak» xedatutako laguntzetarako: 36.000 euro, 27.000 euro 2017ko ekitaldiko ordainketa kredituari dagozkio eta 9.000 €, berriz, 2018ko konpromiso kredituari.

3.– Diruz laguntzeko moduko lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, lerroren batean kreditua amaitzen ez bada, gerakina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honek araututako diru-laguntzen erakunde onuradun izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen elkarteak:

Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.

Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen elkarteen erroldan, uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan aipatutakoan.

Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

Jendeari erantzuteko bulego bana edukitzea EAEko hiriburu bakoitzean, gutxienez lau ordu egunean astelehenetik ostiralera.

Aholkularitza eta laguntza juridikoko zerbitzua edukitzea, gutxienez 10 ordu astean jendeari erantzuteko bulego bakoitzeko. Zuzenbidean lizentziatutako pertsonak arduratuko dira zerbitzu hori emateaz.

Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zer zerga-betebehar dituen ezagutzea.

Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo adiministratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

Diruz lagundu daitezkeen 4 lerro ezarri dira:

1. lerroa: kontsumitzaileekiko arreta.

2. lerroa: laguntza juridikoa.

3. lerroa: kontsumo proiektuak.

4. lerroa: teknologia berrikuntzako proiektuak.

4.1.– Kontsumitzaileekiko arreta (1. lerroa).

4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen antolakundeen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, ondoko jarduerak gauzatzeko:

– Kontsumitzaileekiko aurrez aurreko arreta.

– Kontsumitzaileekiko arreta beste bide batzuen bitartez (telefonoa, web eta abar).

– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien eztabaidetan bitartekotza-lanak egitea.

– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.

Kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzua modu orokortuan egingo da, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.

4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).

4.2.1.– Diruz lagunduko dira antolakundeek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:

– Elkarteko aholkulari juridikoarekin izandako aurrez aurreko kontsultak.

– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren zenbateko txikiko ahozko epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.

– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.

– Bertan behera uzteko akzioak.

4.3.– Kontsumo-proiektuak (3. lerroa).

Diruz lagunduko dira Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta ondoko jarduera hauetako bat barne hartu ahalko duten proiektuak:

– Kontsumitzaileak sentikortzeko eta informatzeko ekintzak.

– Inkestak, ondasunen eta zerbitzuen kalitateari buruzko alderaketa-analisiak.

– Kontsumoari buruzko azterketak eta ikerketak gauzatzea.

– Enpresek Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearekin bat egin dezaten bultzatzeko jarduerak.

4.4.– Teknologia berrikuntzako proiektuak (4. lerroa).

Webguneak garatu, hobetu eta modernizatzeko proiektuak, on-line erreklamazio eta kontsulta zerbitzuak eta bestelako zerbitzu interesgarri berriak inplementatzeko. Eskatzaile bakoitzeko, proiektu bakarra onartuko da.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. lerroa

Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez eta jendeari erantzuteko bulegoekin bat egin beharko dute.

– Langile-gastuak.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7. artikuluan ezarritakoarekin bat datozen finantza-gastuak.

– Eskaeraren aurrekontuaren atalean behar berzala zehaztutako bestelako gastu orokorrak (argindarra, ura, gasa, komunikazioak...).

2. lerroa

Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Aholkulari juridiko profesionalen fakturak.

– Adituen azterlanak edo txostenak.

– Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak. Erakunde bakoitzeko 3 pertsona gehienez.

– Bertan behera uzteko akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.

3. lerroa

Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen jardueren gauzatze osotik edo partzialetik eratorritako gastuak, onuradunak azpikontratatutako hirugarrenek gauzatutakoak barne.

4. lerroa

Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen berrikuntza proiektutik eratorritako gastuak.

Osoki azpikontratatu ahal izango da 2., 3. eta 4. lerroetako jardueren gauzatzea, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari egokituko dira.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzetan interesa duten erakundeek Kontsumobidera bideratu beharko dute beren eskaera, eta aurrez aurre aurkeztu beharko da haren edozein bulegotan (Santiago kalea 11, Vitoria-Gasteiz; Easo kalea, Donostia; Errekalde Zumarkalea 39A, Bilbao) edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 16.4. artikuluan aipatutako organoen aurrean, agindu horretan I. eranskin gisa azaltzen den eta Kontsumobideren webgunean eskuragarri egongo den eskaera-eredua beteta.

2.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2017ko otsailaren 15ean amaituko da.

7. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (II. eranskina), honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

Helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.

Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

Jendeari erantzuteko bulego bana edukitzea EAEko hiriburu bakoitzean, gutxienez lau ordu egunean astelehenetik ostiralera.

Jendeari erantzuteko bulegoetako bakoitzean aholkularitza eta laguntza juridikoko zerbitzua eskaintzea, gutxienez 10 ordu astean.

Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak diren.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion denboraldian zehar horiek betetzen jarraituko duela.

8. artikulua.– Agiriak.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Orokorki:

Erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiria, 2016ko abenduaren 31n beren kuotak eguneratuta daramatzaten kideen kopurua adieraziz.

2017. urteari dagozkion diru-sarreren eta gastuen guztizkoaren aurrekontua. Egoera ekonomikoaren balantzea 2016ko abenduaren 31n, bai eta emaitzen kontua ere, non sartuko baitira bazkideen kuotengatik sartutako zenbatekoa eta bestelako diru-sarrerak, nahiz eta nazkideen kuotetatik etorri ez.

Erakundeak 2016an egindako jardunaren memoria zehatza. Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:

1.– Jarduera garatzeko gastuen aurrekontu zehatza.

2.– Eskaini nahi den kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena nahitaez eman beharko dituen.

3.– Autonomia erkidegoko ordezkatze eta kontsulta organoen ziurtagiria, zeintzuetan aurreko urtean erakunde eskatzaileak parte hartu baitzuen.

4.– 2016an, Kontsumobiden aurkeztutako salaketen txostena, zehapeneko administrazio prozedurak hasi direnean.

5.– Egiaztatze txostena, hala badagokio, elkarteak sare sozialetan duen presentziaz, Twitter eta Facebook sareetan hain zuzen. Elkarteak berak landutako edukiak argitaratzeari eta ebazpena argitaratzen denean dituen jarraitzaile kopuruari buruzko berariazko aipamena egin beharko da.

Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:

Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena nahitaez eman beharko dituena.

2016an kontsumitzaileek aurkeztutako eskubideen defentsarako eske kopuruari buruzko txostena. Txosten horri auzi eskea aurkeztu izana ziurtatzen duen nahikoa frogagiri erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere.

2016an gauzatu diren eta 2017an gauzatzea espero den bertan behera uzteko akzioei buruzko txostena.

Zerbitzuaren kostuaren aurrekontu zehaztua.

Gainera, 3. lerroko eskabideen kasuan, proiektu bakoitzaren memoria aurkeztu beharko da, honakoak aipatuta:

* Proiektuaren helburuak

* Garatu beharreko metodologia eta jarduerak

* Hartzaileak eta gauzatzeko egutegia

* Hura gauzatzeko ardura duten pertsonak edo erakundeak.

* Gastuen aurrekontu zehatza, finantzabideak adierazita, hala badagokio.

Horrez gain, 4. lerroko eskaerentzat, memoriak honakoa batu behar du:

Proiektuaren helburuak.

Proiektuaren edukiaren garapena.

Gauzatze Aurrekontua.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Hautaketa.

Diru-laguntzen eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira 1. eta 2. lerroetarako. Horretarako, diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskariak erkatu eta, 13. artikuluan ezarritako esleipen irizpideak kontuan hartuz, lehentasunen arabera ordenatuko dira.

3. lerrorako, diruz lagunduko dira 60 puntu edo gehiago duten proiektuak, balorazio irizpideekin bat etorrita, eta 4. lerrorako, 70 puntu edo gehiago duten proiektuak.

11. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

– Presidentea, Kontsumobideko Zuzendaritzaren titularra. Nora Abete García.

– Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Saileko arduraduna. Teresa Simal Clemente.

– Erreklamazio, Bitartekaritza eta Ebazpen Saileko arduraduna. Arrate Martínez de Guereñu Ortuoste.

– Zerbitzu Orokorretako Saileko aholkulari juridikoa. Fernando Valdés Larrañaga.

Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.

2.– Ebaluazio batzordeak eskatzaileen dokumentuak aztertuko ditu. Dokumentuen edukia kontuan hartuko du, bai eta epeak bete diren ere.

3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta Balorazio Batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten kopuruak hauek izango dira:

1. lerroa: aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; 110.000 euro, gehienez.

2. lerroa: aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; 50.000 euro, gehienez.

3. lerroa: aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; 10.000 euro, gehienez.

4. lerroa: aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; 15.000 euro, gehienez.

13. artikulua.– Balorazio irizpideak.

Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– 1. lerroan: kontsumitzaileekiko arreta.

2016an kudeatutako erreklamazio kopurua, gehienez 20 puntu; erreklamazio bakoitzeko 0,05 puntu. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako, bideratutako eta ebatzitako erreklamazioak.

2016an jaso eta artatutako kontsulta kopurua, gehienez 10 puntu; erreklamazio bakoitzeko 0,01 puntu. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak.

Kontsumobiden aurkeztutako salaketa kopurua, zehapeneko administrazio prozedurak sortu direnean, puntu 1 salaketa bakoitzeko, gehienez 5 puntu.

Parte hartzea eta presentzia sare sozialetan, 10 puntu gehienez.

* Twitter (5 puntu gehienez):

– Elkarteak berak landutako txio argitaratuak: 0,05na puntu, eta orotara gehienez ere 3 puntu.

– Jarraitzaileak 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, gehienez ere 2 puntu.

* Facebook (5 puntu gehienez):

– Elkarteak berak landutako post argitaratuak: 0,05 puntu, gehienez ere 3 puntu.

– Jarraitzaileak 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, gehienez ere 2 puntu.

2016an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bertan behera uzteko akzio judizialak gauzatu izana 15 punturekin baloratuko da.

Autonomia erkidegoko ordezkatze eta kontsulta organoen kopurua, zeintzuetan titular gisa parte hartu baitu elkarteak aurreko urtean: 0,50 puntu, organo bakoitzeko, 10 puntu gehienez ere.

Elkarteko kuotaren ordainketa egunean daramaten kideen kopurua. Ordainketak eginda dauzkan bazkidea elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisiko edo juridikoa da.

– 200 bazkidetik 400era: 5 puntu

– 401 bazkidetik 600era: 7 puntu

– 601 bazkidetik 800era: 10 puntu

– 801 bazkide baino gehiago: 15 puntu

Bazkide gehiago lortzeko jarduerak egitea, gehienez 5 puntu, hau da, puntu 1, burututako jarduera bakoitzeko.

Deialdiaren aurreko urtean, erakunde eskatzaileak izan zituen diru-sarrerak, 10 puntu gehienez. Puntu bat 4.000 euroko, sarrerak propioak direnean, hau da, bazkideen kuotetatik ez datozenean.

2.– 2. lerroan: Laguntza juridikoa

2016an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bertan behera uzteko akzio judizialak gauzatu izana 20 punturekin baloratuko da.

2016an kontsumitzaileek aurkeztutako eskubideen defentsarako eske kopurua, 80 puntu gehienez; puntu 1 eske bakoitzeko.

3.– 3. lerroan: Kontsumo proiektuak:

Proiektuak kontsumitzaileen interesak babesteko eta defendatzeko duen eragina.

Proiektua Kontsumobidek aurkeztutako azken urteko memoriaren arabera erreklamazio gehien jaso duten 5 sailetako batean zentratzen bada: 40 puntu

Proiektua beste sail batzuetan zentratzen bada: 20 puntu

Proiektuaren kalitatea eta berrikuntza maila: gehienez ere 60 puntu.

Helburuen formulazioa, horiek azaltzeko argitasuna eta gauzatu nahi diren jarduerekin bat etortzea: 10 puntu, gehienez.

Proiektua gauzatzeko metodologia eta jardueren ebaluazioa: 10 puntu, gehienez.

Proiektuaren garapenaren bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 10 puntu, gehienez.

Proiektuaren orijinaltasuna eta sormena. 10 puntu, gehienez.

Proiektua gauzatzeko teknologia berriak erabiltzea. 20 puntu, gehienez.

Diru-laguntzak 60 puntu edo gehiago lortzen dituztenei baino ez zaizkie emango.

4.– 4. lerroan: Teknologia berrikuntzako proiektuak.

Proiektua onartzeko, gutxieneko puntuazioa 70 puntu da.

Proiektuaren helburua, gehienez ere 10 puntu.

Proiektuaren edukia, gehienez ere 70 puntu.

Gauzatzeko aurrekontua, gehienez ere 20 puntu.

4.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.

Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzeko lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batuketa izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko diru-laguntza deslaituko zaio, 12.1. artikuluan jasotako mugak kontuan izaki. Gainerako eskatzaileei diru-laguntzaren ehunekoa proportzionalki kalkulatuko zaie.

5.– 3. lerroa kalkulatzea.

91 eta 100 puntu bitartean lortu duten proiektuak Onartutako aurrekontuaren % 100

81 eta 90 puntu bitartean lortu duten proiektuak Onartutako aurrekontuaren % 90

71 eta 80 puntu bitartean lortu duten proiektuak Onartutako aurrekontuaren % 80

60 eta 70 puntu bitartean lortu duten proiektuak Onartutako aurrekontuaren % 70

6.– 4. lerroa kalkulatzea.

Onartutako proiektuaren aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100 lagunduko da diruz.

7.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2. artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko diru-laguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen elkarte onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbererako ematen diren beste laguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru-laguntzek ezingo dute jarduera egiteko onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.

15. artikulua.– Ebazpena.

Kontsumobideko zuzendariak, Balorazio batzordeak egindako proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideak ebatziko ditu, gehienez ere sei hileko epean, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori kontsumitzaileen antolakundeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko sailburuari, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako epea eta era beteta.

Ebazpena emateko epea amaitu, eta kontsumitzaileen antolakunde interesatuari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsi egin dela esan nahiko du, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan agindutakoarekin bat etorrita.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1. artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.

– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, behin gastua justifikatuta eta betiere 2018ko otsailaren 20a baino lehen bada, agindu honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa.

17. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.

1.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, onuradunak, 2018ko otsailaren 20a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskuratutako laguntza-lerro bakoitzeko:

a) Burututako ekintzen memoria.

b) Egindako jardueren memoria ekonomikoa, non honakoa agertu behar baita:

* Burututako jardueren gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna identifikatuta, IFKa, zenbatekoa, gastuaren azalpen laburtua eta ordainketaren data adierazita.

* Goragoko lerroaldean aipatutako gastuen zerrendara batutako gastuen justifikazio fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, fotokopia konpultsatuak, 2016ko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta antolakundean buru zen pertsonaren adostasuna eduki beharko dute.

c) Elkarteko lokaletan zuzenean diharduten langileei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari ordaindu izanaren frogagiriekin eta kasuan kasuko tributu ereduarekin batera, langile bakoitzari dagokiona adierazita.

d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagirietan hartzailearen datuak jaso beharko dira, NAN zenbakia, ze kontzepturengatik ordaintzen den eta PFEZi dagokion atxikipena.

2.– Kontsumobidek egokitzat jotzen duen adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.

3.– Gastuak justifikatzerakoan 4. artikuluko idatzi-zatietan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela ikusten bada, dagokiona aldatzeko ebazpenaren bidez gutxituko da emandako diru-laguntza, eta, horrela, benetan gastatutako diru-zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona berbera izango da.

4.– 4. artikuluko idatz-zatietan % 25etik gora desbideratzeak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta diru-laguntza esleitzeko helburuak bete direla zuritzen ez den. Horrela gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.

5.– Diru-laguntza jaso duen kontsumitzaileen antolakundeak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa –halakorik gertatuz gero–; bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaio egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen elkarteek egiteko hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez– eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.

c) Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatu beharko dituzte. Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

d) Kontsumobidek diruz lagundutako jarduerak garatzeko laguntza eman izanaren jakinarazpena bermatzea, horretarako dagokion logotipoa agertuta.

e) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

f) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak diru-laguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.

g) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, Kontsumobideri horren berri eman behar dio onuradunak.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.

2.– Diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak alegia.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu antolakunde onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta: antolakunde onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, Ebazpen honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 16a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

NORA ABETE GARCÍA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala