Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2016ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5585

AGINDUA, 2016ko abenduaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, Haur Hezkuntzako (2. zikloa), Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak eskolara garraiatzeko banakako esleipenetarako deialdia egiten duena 2016-2017ko ikasturterako.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barnean; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: zenbateko distantzia dagoen ikasleen etxeetatik ikastetxera, eta zenbat ikasle diren.

Hala ere, eskola-garraiorako eskubidea duten hainbat ikasle ezin dira moldatu sail honek antolatutako ibilbideetara, edo egoki iritzi zaio ikasle horiek garraiabide publikoak edo beste erakunde batzuek antolatutakoak erabiltzeari.

Horretarako da, beraz, banakako esleipenetarako deialdia.

Oinarritzat hartuta maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari buruzkoa, hain zuzen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Eskola-garraiorako banakako esleipenetarako deialdia egiten da, 2016-2017ko ikasturtean eta irakaskuntzako ikastetxe publikoetan, Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatutako ikasleentzat, maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa da dekretu hori, hezkuntza arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari buruzkoa, hain zuzen.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Lehen artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako beren-beregi ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Deialdi horretarako, zehazki, 1.000.000 euro erabiliko dira. Emango diren laguntzek, guztira, ezin dute gainditu aipatutako zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du horren berri ebazpen baten bitartez.

2.– Horretarako kontsignatutako kreditua agortuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak ebazpen administratibo bat eman eta kreditu hori zer egunetan agortu den zehaztuko du. EHAAn argitaratuko da ebazpen hori.

4. artikulua.– Betebehar orokorrak.

1.– Betekizun hauek aldi berean betetzen dituzten ikasleek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko baten matrikulaturik egotea, 1. artikuluan aipatutako irakaskuntzetarik edozeinetan; edo, bestela, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean, sare publikoko eskaintza nahikoa ez delako edo –salbuespen gisa– aipatutako administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.

b) Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokienez, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldako bizilekua, eta ikastetxea bizileku horretatik hurbilen dagoena izatea, hain justu ere hura sartzen den eragin-eremukoen artean. Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Lehen Hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen ondoriozko ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilenekoa izatea.

b.1.– Ez da eskatuko betekizun hori betetzeko baldin eta hezkuntza-administrazioak esleitu badu ikastetxea.

b.2.– Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun hori betetzeko baldin eta bizilekuz aldatzen ez badira; ezta, halaber, haiekin bizi eta, gerora, matrikulatzen diren neba-arrebei ere baldin eta Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan euren lehenengo matrikulazioa bada.

c) Distantziari dagozkion betekizunak honakoa hauek izango dira: bizilekutik 2 kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea ikastetxea, betiere Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetako ikasleei dagokienez; eta bizilekutik 4 kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoetako ikasleei dagokienez.

Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako edo geraleku hurbilenerako ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

d) Ikasturtea amaitzen den urtean 18 urte bete gabe izatea.

e) Doako garraiorik edo erakunde publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

2.– Ezin izango dira deialdira aurkeztu diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratu ezin izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

3.– Diru-laguntza honen onuraduna izateko, bete egin behar dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. eta 14. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak, lege horren 13.2.e) artikuluan xedatutakoa izan ezik, ematen den diru-laguntzaren izaeraren ondorioz.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko, garraio-zerbitzu publiko erregularren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko bezainbeste esleituko da.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko, ibilgailu partikularra erabiliz gero, zenbat esleitu kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da, eta, ibilbide hori motozikletaz eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

Zenbat kilometro diren kalkulatzeko, etxetik edo geltokitik ikastetxerako bi joan-etorri hartuko dira kontuan, jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko.

Ikastetxe publikoetan, zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzurik bada, kalkuluan ez dira sartuko: jardunaldiko zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

Distantziak neurtzeko, «OpenStreetMap» erabiliko da.

3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, esleipenaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

4.– Laguntza horiekin batera helburu bereko beste diru-laguntza edo laguntza batzuk ere –publikoak zein pribatuak– eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasotzen badu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo zaio laguntzari.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskariak inprimaki ofizialetan beteko dira; honako webgune honetan eskura ditzakete interesdunek: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus

2.– Ikaslearen legezko ordezkariak behar bezala bete beharko ditu eskabideak, eta I. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dizkio ikaslearen ikastetxeko zuzendariari; edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan adierazitako lekuren batean aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Ikastetxeek esleipen horietaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. Proposamen hori Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetara bidaltzeko epea 10 egun naturalekoa izango da, 6.2 puntuan ezarritako eskari-epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eska ditzakete 6.2 paragrafoan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Ez da inola ere onartuko 2017ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorrita, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduta, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

7. artikulua.– Eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

Administrazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren bidez aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatu beharko dituzte Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek.

8. artikulua.– Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko du, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eraginpekoek, jakinarazpena egin eta 15 egun naturaleko epean, eta 3. eta 4. ataletan aurreikusitako izapideak emango dira jakitera.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aurkezteko epea bukaturik, ebazpen hori behin betikotzat joko da, alegaziorik jaso ez duten eskarietarako. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak bihurtuko ditu behin-behineko ebazpenak behin betiko, eta https://euskadi.eus webguneko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.

Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegaziorik aurkeztu bada, eta behar diren egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, 8.2 artikuluan agertzen diren datuak aipatuta, eta ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.

4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taulan argitaratu edo behin-behineko ebazpena behin betiko bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hileko epean emango da, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, agindu honetako 6.4 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik (kasu horiek 2017ko ekainaren 27a baino lehen ebatziko dira).

7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da lehentasunen hurrenkera.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan justifikatu beharko du zentroak laguntza horiek ordaindu izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Diru-laguntzen kontrola.

1.– Ondorio hauetarako, lurralde-ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betetzeko informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

3.– Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari. Halaber, Diru-laguntzen Legearen 37. artikuluan xedatutako itzulketa-zioak aplikatuko dira.

4.– Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan xedatutakoari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

5.– Halaber, 2017ko ekainaren 27a baino lehen, ikasle onuradunei eskatuko zaie justifikatu dezatela esleipenaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela.

6.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita dituena:

– Zenbateko kostua duen garraioak egunean.

– Zenbat ikaslek erabiltzen duten garraioa.

– Zenbateko kuota ordaindu behar duen ikasle bakoitzak.

7.– Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, kuotak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Hauetan xedatutakoa hartuko du kontuan agindu honek:

69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa.

38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudia onartzen duena.

1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoa aplikatuko da horren osagarri.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala