Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2016ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5583

AGINDUA, 2016ko abenduaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2016-2017 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan ikas-ekinezko erregimenean lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, produkzio-lanarekin lotutako ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez langabezia gutxitzeko neurriak sustatzeko, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakatsi eta ikasteko prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.

Enplegua Suspertzeko 2013-2016 Programak irmo bultzatzen du lanbide heziketako sistema integratu bat egituratzea; horretarako, aurrerapausoak eman behar dira bai hezkuntza-arloan, bai enpleguan. Ildo horretatik, programa horretan, aurreikusten da besteak beste prestakuntza eta enpresetan praktikak egitea uztartu beharra; hartara, beste lanbide-profil bat lortu nahi da, ekoizpen-sisteman emaitza hobeak emango dituena eta langileen enplegatzeko aukerak hobetuko dituena. Gainera, lanbide heziketako sistema integratu horren bidez, lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak estutu nahi dira, helburu hartuta: lehenik, elkarren berri zehatzagoa izatea; bigarrenik, enpresen kualifikazioa-beharrei erantzun egokia ematea, eta, azkenik, ikastetxeen sistema pedagogikoak berriztatzea.

Ildo horretan, Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren bitartez, kontratu horri atxikitako prestakuntza-jardueraren oinarrizko alderdiak xedatu ziren, baita hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa dualaren oinarrizko alderdiak ere.

2014ko azaroaren 25ean onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, prestakuntza integratuaren eremu estrategikoaren barruan eta lanbide-heziketa produkzio-sektoreen oraingo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko lehentasunezko helburuari jarraikiz, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren alde egiten du, argi eta garbi. Horretarako, lanbide-heziketa duala indartzeko jardun-ildo espezifiko bat biltzen du, hori baita bidea, batetik, pertsonen gaitasunak garatzeko prozesua bizkortzeko eta, bestetik, gero eta kualifikazio eta espezializazio handiagoa eskatzen duten lanbide-eremuetara egokitzeko.

Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak ezartzea, enpresako eta lanbide-heziketako ikastetxeko irakasteko eta ikasteko prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduaren bidez, prestakuntza eta lana txandakatzea helburu duen eta gazteei zuzenduta dagoen ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Programa horren helburua, besteak beste, honako hauek arautzea da: garatu beharreko prestakuntza-jarduera; jarduera horren egiaztapena; prestakuntza-zentroen eta enpresen zeregina zehaztea; programaren finantzaketa, eta programa horren babespean eginiko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen ziozko diru-laguntzak.

Ildo horretatik, ikas-ekinezko prestakuntza-programen bitartez, ikastetxean nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea hasierako Lanbide Heziketako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.

Agindu honek ikastetxe pribatu itunduetako pertsona titularrei zuzendutako diru-laguntzak arautzen ditu. Ikastetxe horiek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak izan beharko dituzte 2016-2017 ikasturtean, Lanbide Heziketako sailburuordeak baimenduta.

Horrenbestez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –Eusko Jaurlaritzaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimen orokorra arautzen duena– onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluko xedapenetan ezarritakoaren arabera, herri-administrazioek emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea xede duen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarritzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen helburua da diru-laguntzak ematea Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunpeko erregimenean ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek 2016-2017 ikasturtean garatu ditzaten lanbide-heziketa dualeko programaren proiektuak ikas-ekinezko erregimenean, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpen bidez baimenduta.

Proiektuen iraunaldia ezarrita dago ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren 4. artikuluan. Dekretu horren bidez, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Proiektuak, betiere, azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan ezarritako baldintza eta eskakizunetara egokituko dira, eta, bereziki, 30. artikuluan xedatutakora. Errege-dekretu horrek prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzen du eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen.

2.– Diru-laguntza hauen xedea da konbinatzea ikastetxeen berezko ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak eta enpresen instalazioak, metodologia eta baliabideak, betiere lanbide-heziketako titulu bat lortze aldera.

2. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

1.– Diruz lagunduko dira enpresetan egonaldiak egiten dituzten ikasleentzat irakasleek egindako tutoretza-lanak, zehazki 1529/2012 Errege Dekretuaren 21.1.b eta 30.5 artikuluetan eta 83/2015 Dekretuaren 2.4 artikuluan jasotakoak.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, ikastetxeen berezko ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak eta enpresen instalazioak, metodologia eta baliabideak konbinatzen dituzten prestakuntza-proiektuak garatzeko programek eragindako kostuak, betiere haien helburua lanbide-heziketako titulu bat lortzea bada.

3.– Diru-laguntzen bidez, bitartekaritza-, kudeaketa- eta tutoretza-jarduerek eragindako kostu ekonomikoak lagunduko dira (material suntsikorra, material didaktikoa, ebaluazio-materiala, tutoreen joan-etorrien gastuak).

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun, baldin eta lanbide-heziketako oinarrizko mailako, erdi mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak ematen badituzte itunpeko erregimenean, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2016-2017 ikasturtean lanbide-heziketako oinarrizko mailako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat itunduta izatea.

b) 2016-2017 ikasturterako onartuta eta baimenduta izatea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen artean batera egina.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Legearen 2. eta 3. atalen 13. artikuluan zehaztutako egoeretakoren batean daudenak.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbatekoa, guztira, hirurehun eta hirurogeita sei mila (366.000) eurokoa da.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan.

2.– Izapidetze elektronikoa araututa dago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an eman zuen Ebazpenaren bidez (ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen).

3.– Euskadi.eus-en daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak.

4.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Eskaera egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da (ikus agindu honen I. eranskina), bide telematikoz eskuragarri egongo dena sailaren Egoitza Elektronikoan.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

– Ez egotea diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean.

– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

– Baimendutako eta onartutako proiektuak ikastetxearen zaintzapean gordeko dira, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzaren eskura.

– Enpresekin izenpetutako akordioak Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzaren eskura jarri dira, programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

Eskatzaileak, eskabidea aurkeztuta, baimena ematen dio organo emaileari zuzenean bide telematikoz egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Eskatzaileak, baimen hori eman nahi ez badu, berariaz jakinarazi beharko du eskabidean, eta, ondorioz, beharrezkoak diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharra izango du

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4.– Ikastetxeek egoki iritzitako proiektu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakar bat beteko dute, aurkeztutako proiektu guztiak bilduko dituena.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:

II. eranskina: Lanbide Heziketako sailburuordeak onartutako eta baimendutako programen zerrenda. Han, ikastetxe bakoitzak zehaztu beharko du zenbat programa baimendu zaizkion, programa bakoitzeko datu hauek adierazita: ikaslearen izen-abizenak, ikastetxeko tutorea, heziketa-zikloa eta enpresa.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidean akatsen bat edo okerren bat atzemanez gero, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari, akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak aurkez ditzan. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko da, aurretik 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena emanda (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria izango da diru-laguntzak emateko prozedura honetako organo kudeatzailea.

9. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Diru-laguntza emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikastetxeei: ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak aurkeztea, horretarako baimena izatea eta laguntza hau eskatzea.

2.– 2016-2017 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 4.1 artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, diru-laguntzek ezingo dute inola ere gainditu 941 euroko kopurua ikasle bakoitzeko.

3.– Ikastetxe bateko hainbat ikaslek enpresa berean egiten badute lanbide-heziketa dualeko proiektua, eta enpresa horretan antolamendu eta edukiak bat badatoz, ikasle bakar bat balitz bezala joko da, aurreko atalean ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ikasle langileak baja hartu edo parte hartzeari uko egiten badio, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kontratuaren iraupenaren proportzioan.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, ikastetxe onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpenean zehaztuko dira, halaber, onartu ez diren eta ukatu diren eskabideak, ez onartzeko edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Ebazpena argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11. artikulua.– Justifikazioa.

III. eranskina: Azken txostena. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programak amaitzean, lanbide-heziketako ikastetxeak azken txostena egingo du, eta, han, jasoko dira egin diren jarduerak eta ikas-ekinezko prestakuntza programan parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzko datu estatistikoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, laneratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran. Interesgarritzat jotzen diren bestelako alderdiak ere jasoko dira.

Eskabide horiek aurkezteko epea 2017ko uztailaren 17an amaituko da.

Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunean

12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketako programa horiei dagozkien diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, betiere 17.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduera bukatu ondoren, eta, betiere, aurretik justifikatuta diru-laguntza eman zen xederako erabili dela eta jasotako funtsak behar bezala aplikatu direla; gainera, egindako gastuak ere aurretik justifikatu beharko dira, agindu honetako 11. artikuluan adierazitako eran.

13 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Ikastetxe onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean badaude, hasiera emango zaio diru-laguntza itzultzeko prozedurari.

2.– Dirua-laguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Hauxe izango da itzulketa-prozedura:

a) Prozedura hasteko ardura Lanbide Heziketako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere, itzultze-prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela jakinaraziko du, eta, hala badagokio, adieraziko du diru-zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomiako sailburuari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

14. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada eta, beste diru-laguntzarik jasota, ezarritako gehieneko muga gainditzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

Horretarako, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

15. artikulua.– Kontrola, ikuskapena eta jarraipena.

1.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak, egoki irizten dionean, diruz lagundutako jardueren ikuskapena, kontrola eta jarraipena egingo du, bai eta beharrezko iritzitako ziurtagiriak eskatuko ere. Horretaz gainera, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko administrazioaren kontu-hartzailetzak diru-laguntzen finantza-kontrola egingo du.

2.– Ikastetxeek laguntza emango dute halako ekintzak egin daitezen, batez ere honako ekintza hauek: kontu eta eragiketen gaineko auditorien esparruko ekintzak; egindako jardueren exekuzio fisikoa in situ egiaztatzea, eta beste edozein ebaluazio-ekintza, agintaritza eskudunek egina.

16. artikulua.– Beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

17. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen ikastetxe onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ikastetxe onuradunek diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

6.– Neurriak hartzea, jasotako diru-laguntzen berri emateko. Neurri horiek euskarrietan, informatiko zein bestelakoetan, adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du jarduera hau».

Honako xedapen hauetan ezarritako betebeharrak betetzea: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen duten pertsona edo erakunde titularrek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko baldintza izango da kreditu egokiak eta behar bestekoak egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
Eskabide elektronikoa - Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa duala
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKAS-EKINEZKO ERREGIMENEKO LANBIDE-HEZIKETA DUALEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
IKAS-EKINEZKO ERREGIMENEKO LANBIDE-HEZIKETA DUALEKO PROGRAMAK
AZKEN TXOSTENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala